Frank Lloyd Wright
Tenplu Unitarioa
Gordon Strong Begiratokia eta Planetarioa
Iruzkinak
Hotel Inperiala, Japonia
- Izenburua:
- Hotel Inperiala, Japonia
- Erakusketa:
- Frank Lloyd Wright
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Forma | Geometria | Materiala | Sinbologia | Ingurunea eta natura | Japonia
- Artelan motak:
- Arkitektura
- Aipatutako artistak:
- Lloyd Wright, Frank
1916an agindua, Japoniako Hotel Inperialak herrialdearen agerpena nazio moderno bezala sinbolizatu nahi zuen.
Diseinua Wright-en arkitektura-erronka handienetako bat suertatu zen. Japoniako lehen hotel modernoa zen aldetik, Hotel Inperiala nazio-sinboloa bilakatuko zen eta, aldi berean, hiriburuko gizarte-zentroa izango zen. Wrightek zioenez, “herrialdea zuretik harlandura igarotzen ari zen, eta belauniko egotetik zutik egotera”.
Hotel Inperialak arte guztiak bateratzeko aukera eman zion Wrighti. Diseinatu zituen forma geometriko soilak apaingarrietan eta altzarietan erabili ziren: alfonbretan, altzarietan, argiztapenean, beira artistikoan eta mahai gaineko estalduretan. Diseinua goretsia izan zen, bereziki Japonian, baina kritikatu ere egin zuten japoniarra ez izateagatik eta behar bezain “modernoa” ez izateagatik ere; batzuek, gainera, “nolabaiteko maiar” ezaugarriak zituela ere iradoki zuten.
Hotelaren itxura bere ingeniaritza-teknologia iraultzailea bezain ikusgarria zen. “Lurrikaren kontrako” egitura sortzeko ahaleginean (beharrezkoa lurrikarak hain maiz jasaten dituen herrialdean), Wrightek lurzoru bigunean iltzatutako hormigoizko zutabeen gainean ipini zuen eraikina. Zutabeak, era berean, atal malgu batzuen bidez zeuden konektatuak: ideia zen mugituta ere lehengora itzuliko zirela, lurrikararen indarrez hautsi gabe.
Gainera, grabitate-zentroa baxu mantendu zuen. Hormak adreiluzko bi egitura ziren, barruan hormigoia zutenak, eta gorantz egin ahala estutu egiten ziren. Estalkiko ohiko teilak kobreak, material arinagoak, ordezkatu zituen. Urmaelak lorategian barrena kokatu ziren sua gertatuz gero ur-iturri izan zitezen. Sinesgogorrak isildu ziren eraikinak Japonian inoiz ezagututako lurrikara gaiztoenari ia kalterik gabe eutsi zionean: 1923ko Kantoko Lurrikara Handian. Ehunka eraikin behera etorri ziren eta 140.000 pertsona hil, gehienak ondorengo suteen eraginez. Iraun izanari esker, Wrighten Hotel Inperiala sorospen lanetarako egoitza bihurtu zen, baita lan militarrerako eta diplomazia-lanetarako ere, Tokio hondamenditik bere onera etorri bitartean.
Hala ere, Wrighten beste bi eraikin publiko garrantzitsuak bezala —Larkin Company bulego-eraikina eta Midway Lorategiak—, eta nazioarteko arkitekto-komunitateak protesta egin arren, Hotel Inperiala 1968an eraitsi zuten.