Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Olivier Mosset

Kristine Schmidt

Izenburua:
Olivier Mosset
Egilea:
Kristine Schmidt
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Mosset, Olivier

Berna, 1944

Gurutze berdea erreferentzia-ahalmen handiko sinbolo bat da: farmaziak identifikatzeko balio du fatxadatan edo erakusleihotan jartzen denean, kartel argidun baten itxuran edo errotulu soil gisa, hala Suitzan nola Europako beste herrialde batzuetan. Ikuspegi formal batetik, gurutzea sinplifikatuta dago eta haren tonalitate berdea ez dago normalizatuta. Aldaera batzuetan, gorriz azpimarratua agertzen da, Olivier Mosset-en Farmazia (Pharmacy) pinturan bezala. Irudia ez da berde monokromo batena. Goialdean, eskuinean eta behealdean kolore gorriko marra estu bat sumatzen da, ertzeetan zehar; ezkerrean bakarrik iristen da berdea ertzeraino.

Laurogeiko urteen erdialdea arte, Mossetek koadro monokromoak pintatu zituen, pintura lauko geruza batekin, ukitu pertsonal oro arbuiaturik. Monokromiaren potentziala, haren neutraltasuna eta erradikaltasuna, agortu egin ziren berarentzat1. Nola jarrai zezakeen lanean pinturatik aldendu gabe edo jadanik lortutakoaren arrastoan ibili gabe? Pinturari uko egitea bera atzerapen bat izango zen, nahiz eta aspalditik egiaztatu eta aldarrikatu zen, behin eta berriz, haren dekadentzia, desintegrazioa eta heriotza. Arazo piktoriko jadanik ebatziak edo pinturaren degradazioa, bazterrean kokatutako edukien igorle eta eramaile huts bihurtua zen neurrian, ez ziren, ezta ere, aukera egokia Mossetentzat. Horren ordez, lanean hasten da, Dieter Schwarz-en arabera, entitate propioa duen pintura-klase berri batean: “Haren interesa auzi honetan datza orain: nola lan daiteke pintura-mota bat monokromiatik harago, ez keinu polemikora ez balio konbentzionalen goraipamenera mugatuko ez den pintura mota bat, alegia?”2. Edmond Charrière-k ere Mosseten lanaren esperimentu- eta esplorazio-sena nabarmentzen ditu: “[...] une hartatik aurrera [marren edo zerrenden haren pinturak Daniel Templon-en Galerian erakutsi izana, Paris, 1974] hau da Mossetek bere buruari behin eta berriz planteatzen dion benetako galdera bakarra: Zer da pintura eta nola pintatu behar du norberak pinturak pintura gisa bakarrik funtziona dezan?3.

Margoa da pinturaren oinarrizko baldintza, margoa oihal gainean antolatzea. Gainalde zeharo margotu batetik eta margo-geruza homogeneo batetik abiatuta, bi tonu behar dira gutxienez antolamendu-printzipio batzuk aplikatu ahal izateko. Baldin eta, aldi berean, ez bada ezein esanahirik sortu behar, neutraltasuna bermatu beharra dago margoen arteko erlazioan. Horretarako, existitzen diren zeinuez baliatzen da Mosset, eta haiek bakartu, zatikatu eta eraldatu egiten ditu. Beraz, Farmaziak ez du farmazia baten errotulua edo haren zati bat erakusten, gainalde berde ia erabat karratu bat baizik, bere ertzetatik hiruretan zerrenda estu gorri osagarri bat daukana. Hala ere, erreferentziak begien bistakoa dirudi, obraren titulua kontuan harturik.

Mosseten aurreko lanek, zirkulu eta zerrenden koadroek, alegia, ez zuten titulurik, eta haren pintura monokromoek ere titulu deskribatzaileak zituzten, gehienez, hala, adibidez, Pintura gorria (Red Painting), 1981ekoa, Kunstmuseum Bern-eko Bilduman dagoena (inb. zb. G 03.030). Hortaz, hemen erakusten den obraren tituluak koadrotik kanpo dagoen zerbaitera igortzen du? Eduki osagarriak ditu, beharbada? Ez tituluak, Farmazia, ez margoek oihal gainean duten antolamenduak dakartzate ezein esanahi osagarririk; gurutze berdearen sinboloaren aipamena egiten dute, besterik gabe, zeinua den neurrian, ez haren funtzio sinbolikoari ez farmaziaren instituzioari heldu gabe4. Era horretara, koadroak halakoxe autonomia bat du, nortasun propioa du, nahiz eta, Mossetek azpimarratzen duen bezala, ez den existitzen dagoen mundutik eta sortu den mundutik bereiz: “Autonomia, horixe da pinturek iritsi nahi dutena, eta hori da haren eraginkortasuna baldintzatzen duena. Oso autonomia mugatua da, ordea. Badakigu, noski, ez direla zerutik erortzen, aitzitik, haiek sorrarazi eta ikusarazi zituzten baldintzak erabat mugatuak daude”5. Bere ikuspegiaren anbibalentziaz kontziente da Mosset. Farmazia zeinu-sistema unibertsal baten parte da, eta, irudi oro legez, arteari immanentea zaion sistema semantikoarena ere bada. Garai bereko Mosseten beste lan batzuek espresuki aipatzen dituzte, modu formal batez edo tituluaren bitartez, artista edo obra jakin batzuk. Hala bada, erreferentzia-sistema handiago batekoak dira une oro obra horiek, artea kokatzen denekoa, hain zuzen. Autonomia piktorikoak, artearen munduak eta artearenak ez diren erreferentziek eratzen duten triangeluan egon litezkeen posizioak etengabe esploratzen ditu Mossetek6.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. “Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, zantzu jakin batzuk metatu izanak garbi adierazten du ezen joera artistiko horren erradikaltasuna eta, harekin batera, probokaziorako ahalmena ahuldu egin direla, onarpen orokorraren mesedetan. Mosset-entzat, badirudi monokromiaren neutraltasuna ez dagoela jadanik bermatua eta iritsi dela hura bertan behera uzteko eta abstrakzio geometrikoan oinarrituriko hiztegi piktoriko baten arrisku berriei aurre egiteko unea, abstrakzio geometrikoak ezin susmatuzko muturretaraino zabaltzen baitu erabaki subjektiboaren tartea”. (Bürgi, Bernhard M., “Die monochrome Malerei von Olivier Mosset”, hemen: Ott, Sophie [ed.], Olivier Mosset, Baden, 1990, 40. or.). [itzuli]
  2. Schwarz, Dieter, hemen: “John M Armleder, Christian Floquet, Jean-Luc Manz, Christian Marclay, Olivier Mosset”, erakusketako liburuxka, Kunstverein Freiburg, Friburgo, 1988, or. gabe. [itzuli]
  3. Charrière, Edmond, “Niemals wird ein Pinselstrich die Malerei abschaffen”, hemen: Ott, Sophie, 1 aipamenaren arabera, 17. or. [itzuli]
  4. 1985etik aurrerako Mosseten tituluez, ikus Nickas, Robert, “Mit Olivier Mosset im Kreise herum”, hemen: Ott, Sophie, 1 aipamenaren arabera, 79. eta 83. or. eta hur. [itzuli]
  5. Mosset, Olivier, hemen: “Gespräch zwischen Olivier Mosset und John Armleder, Genf, August 1986”, hemen: John M Armleder – Olivier Mosset, erak. kat., Städtische Galerie Regensburg, Ratisbona, Maison de la Culture et de la Communication de Saint-Etienne, eta Centre d’Art contemporain, Nevers, 1986–87, 40. or. [itzuli]
  6. “Duchamp-en kasuan bezala, Mosseten jarduera ere, paradoxaz, aldi berean da intelektuala nahiz materiala. Duchamptar testuinguru batean ikusiak, haren obrak mintzo dira pintura aratzak artearen munduan duen ezintasunaz, formalismoaren historia helburuz eta bitarteko espiritual zein material kontraesankorrez gainkargatua baitago artearen mundu horretan”. (Ivey, Paul Eli, “A Rendez-Vous with Painting after Duchamp: The Conceptual Monochromes of Oliver Mosset”, hemen: Olivier Mosset. Arbeiten/Works, 1966–2003, erak. kat., Musée cantonal des Beaux-Arts de Lausanne, Lausana, Kunstverein St. Gallen, San Galo, eta Site Santa Fe, 2003, bertsio alemana: “Ein Rendez-vous mit der Malerei nach Duchamp. Die konzeptuellen Monochrome von Olivier Mosset”, Timothy Kyle Boyd-en itzulpena, hemen: Ibid., 21. or.). [itzuli]

Bibliografia

—Schweizer Kunst 1900–1990. Aus Schweizer Museen und öffentlichen Sammlungen, erak. kat., Kunsthaus Zug, 1990, 86. eta 136. or.

Rupf Collection, serie 2: Rectangle and Square, alemanezko eta ingelesezko testuak, erak. kat., Kunstmuseum Bern, Berna, eta Museum im Kulturspeicher Würzburg, Wurzburgo, 2011–12, 64. eta 177. or.

—Friedli, Susanne, “Vom Wohnzimmer ins Museum. Ein Rückblick”, hemen: Ibid., 2011–12, 18. or.

—Schneider, Carola, “Farbe im Raum – Raum in der Farbe. Abstraktion im Spannungsfeld von Konstruktion und Intuition”, hemen: Ibid., 2011–12, 54. or.