Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

André Masson

Balagny-sur-Thérain, Frantzia, 1896 – Paris, 1987

Denik eta osoenetzat jo arren inork bere burua, urradura bat egoten da beti. –André Masson

Joan Miró-ren, André Breton-en eta Georges Bataille-ren adiskide min André Masson-en unibertsoak bere denborarekiko konpromisoa du ezaugarri. Artistaren arabera, “berriro jaiotzeak… egiptoar mitoetan bezala” edozein gertaera mito batekin erlazionatzea esan nahi du, eta itxuraldaketa baten zeinua hor ikustea. Etengabeko jario baten gisara ikusten ditu Massonek natura eta giza izatea, itxuraldaketa kateatuen prozesu baten gisara, hainbat ziklotan hiltzea eta berpiztea bezala1. Heraklitori, Nietzsche-rekin batera berak gehien miresten zuen filosofoari, hartu zion Massonek aldaketaren kontzeptu hori, zeinaren arabera ez dago izakirik, zer-nolakoak baizik.

Haren obrek Surrealismoak berezkoak dituen alderdiak laburbiltzen ditu, eta desira, indarkeria, izugarrikeria eta mitoa eransten die, eta unibertso asaldatu eta sorgindu bat sortzen du, figura askorentzat erabakigarria eta inspiratzailea izan zena. André Masson erreferentetzat izan zuten artisten artean Jackson Pollock aipatu beharra dago, frantsesaren espresionismo abstraktu berantiarra XX. mendeko arterik boteretsuenetzat baitzeukan.

1930ean Massonek behin betiko hautsi zuen surrealistekin arrazoi bai pertsonalengatik eta bai artistiko, politiko eta filosofikoengatik. Harrezkero, haren obra ilunagoa, suharragoa eta ikarragarriagoa egin zen, “amesgaizto-gune bihurtzen den amets surrealistako paisaia baten”2 antzera. 1931tik 1934ra doazen urteen artean, sarraskiaren gaia da bere obretan agertzen den ia gai bakarra, eta bereziki azpimarratzen ditu subkontzientearen alderdi dionisiakoak3.

Idi-lepo moztua (Le boeuf égorgé, 1930) 1931. urtean erosi zuen Hermann Rupfek Parisko Galerie Simon-en. 1920ko hamarkadaren amaieran, bere lanetan gizakia izaki biolento gisa irudikatzen hasi zen Masson. Parisko hiltegiak, Elie Lotar argazkilariarekin batera bisitatu zituenak, gai horri buruzko hainbat pinturaren inspirazio-iturri izan ziren. Gizakia ez dago beti presente, baina sumatu egiten da haren eragina. Pintzelkada gutxi batzuekin irudikatzen ditu hilzorian dauden abereak koloretako atzealde baten gainean. Gizartea hiltegiaren metafora gisa ulertu behar da, ez baitu bere izate biolentoa onartu nahi. Haren hizkuntza formala figurazioaren eta abstrakzioaren artean dago, eta Joan Miróren garai surrealistaren kutsua du, garai hartan Massonen estudioko bizilaguna baitzen Miró Parisko Rue Blomet-en.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Familia itxuraldatzen (La famille en metamorphose, 1929 (Museo Reina Sofía, Madrid) pinturan, askotan erabilitako gai batez baliatzen da André Masson surrealista: itxuraldaketaz, alegia, non islatzen baitira motibo bat beste zerbait bihurtzen duten aldaketak; logika konbentzionaletik at elkartutako ideien bitartez egiten dira aldaketa horiek, baina haietatik irudi iradokorrak eta kezkagarriak sortzen dira. [itzuli]
  2. Laurie J. Monahan. [itzuli]
  3. Massonek zioen bezala, inkontzienteak aukera hauek eskaintzen zituen: “norberarengandik irtetea, bakanal batean murgiltzea, arriskua dastatzea, nork bere burua horditasunari ematea eta heriotzaren ateetaraino iristea”. Laurie J. Monahan. [itzuli]