Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Piero Manzoni

Corina Meyer

Izenburua:
Piero Manzoni
Egilea:
Corina Meyer
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Materiala | Dualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala
Aipatutako artistak:
Manzoni, Piero

Soncino, Italia, 1933 – Milan, Italia, 1963

Zer sonoritate du Ácromo (Achrome, 1962) Bernako obrak? Edo, bestela esanda, zein da haren intentsitatea? Piero Manzoni artista kanporakoia izan zen, eta hark sortutako obrek ez zuten hots entzungarririk egiten eta ez ziren, ezta ere, irudizko zentzuan hostunak edo zaratatsuak suertatzen (airezko gorputzak edo ehunekiko lanak), baina haien oinarrizko ideiak eta aurkezpen-erak arreta jakin bat eskatzen zuen.

Hemen aztertzen den obrak bi zati ditu: egur kontratxapatuzko plano piktoriko batek —behatzailearentzat hauteman ezina den zerbait—, kolore beixez estalitako belusez estaliak, benetako objektuaren euskarri eta atzealde funtzioa betetzen du, zeina nylon gordinezko zuntzez sortua baitago. Zuntz hauen sei azao, luzera desberdinekoak, hirurogeita hamar zentimetrotaraino iristen direnak gutxi gorabehera, gainaldearen gainean ezarrita ageri dira, oso elkartuta. Pieza ainguratuta dagoen lekuan, euskarriaren goialdean, xerlo trinkoak eratzen dituzte delako azao horiek; beherantz, berriz, sakabanatuxeago zintzilikaturik daude. Zuntz horiek ez dira oholaren ezkerreko eta eskuineko kanpoko ertzetatik zeharo irteten. Aise jar izan zitezkeen euskarriaren laukian erabat sartuta geratzeko moduan. Horren ordez, muturrak, urriak, koadroaren behealdeko ertzetik irteten dira, eta adatsen edo bizar luze baten antza dute.

Ácromok, zeina baita obra hau dagokion sailaren titulua, kolore zuriko edo “akromo”, alegia, “kolorerik gabeko” objektu mural multzo oso bat hartzen du bere baitan1. Igeltsuz edo kaolinez tratatutako oihalak dira gehienbat; geroago, kotoia, alfonbra motako material sintetikoak, edo larruak hartuko dituzte barnean2. Manzonik Ácromo horietako ehunka pieza egin zituen, eta, kasu bakoitzean, egitura desberdinak erabili zituen, zirkuluak, lerroak edo karratuak bezalako forma geometrikoetan oinarrituak, sarritan. Horietako batzuetan nylon gordina erabili zuen, euskarriaren gainean jartzen zuena, halako moduan, non bai baitzirudien erdialdetik abiaturik lehertzen ari zela edo sakabanatzen; beste batzuetan, materiala modu laukizuzenean antolatuta aurkezten da eta azala balitz bezala ebakia3: hemen aztertzen den obrak, forma laukizuzenekoak, nylongo xerloen bitartez azpimarratzen du bertikaltasuna.

Artistak uko egiten zion figurazioari eta esanahi-zama gehiegizkoari: haren obrek izan egin behar zuten, besterik gabe4. “Manzoniren arabera, obrak ez dauka han dagoen objektua, ikusgarria, besterik, eta ez dagokio bere buruari baizik”. Keinu piktoriko batek eta kaligrafia artistiko batek ez zuten jadanik sekula obra definituko, aitzitik, ideia kontzeptualizatuak definitu beharra zeukan obra, tonalitate batek edo hizkuntza formal batek faltsutu gabeak”5. Germano Celant honela mintzo da horretaz: “materialak berez duen nagusitasuna, bere lege propioak erakusten dituena, adierazpen-aratz baten forma gisa”6. Ácromoek “ez dute helbururik”7, eta horrek eutsitasun handia iradokitzen du. Barbara Oettl-en arabera, berriz, Manzoniren obrei isiltasuna darie, edo, erabateko isiltasuna existitzen ez denez, “zarata zuria” emititzen dute plano bisual batean8.

Hala ere, artistaren obra kontrastez betea dago. Izan iragankorra dena eta betierekoa dena [Artistaren kaka (Merda d’artista, 1961)9, zeinak, pote batean sartuta, museoek gorozkiak kontserbatu edo mantendu egin behar ote dituzten baitio inplizituki]; aske dena eta itxian dagoena (lerro amaigabeki luzeak, poto batean konprimatuak); edo benetakoa dena eta faltsua dena, kasu honetan bezala; Manzoniren obrek, beren kontraesanen bitartez, zerbait eragiten diote behatzaileari (adibidez, nazka edo jakin-mina): pieza honen kasuan, objektuari heldu nahiko dio, beharbada, zeina ezinezkoa baita, alde batetik, teknikoki, zeren eta plexiglaseko kutxa bat bai baitago kontserbazio-arrazoiengatik, eta, bestetik, etikoki, museoaren testuingurua dela eta. Behatzaileak ezin du sorgor gelditu Manzoniren lanen aurrean.

Bere tonalitate “akromoa”k eta berari izendatutako esanahi bat ez egoteak ematen diote soil-soilik edukia obrari. Materiala forma geometriko batean konprimatzeko ekintza, berriz, bai eta erliebearen eta hiru dimentsiotasunaren bitartez hura dinamizatzea energia hutsa dira. Behatzailearen inplikazio aktiboa sorrarazten du horrek —non desirak sortzen baitira, baina ez zaizkio, hala ere, asetzen—, eta erreakzio hori, Manzoniren obra batzuetan, basatia izatera ere iritsi da (arestian aipatutako Artistaren kaka obran bezala, adibidez)10. Artistak manipulatu egiten du; berak du kontrola, eta objektua eta ikuslea menderatzen ditu11, eta hori intentsua eta irudizko zentzuan zaratatsua suertatzen da, eta kokatzen da obrari besterik gabe izaten uzteko artistaren nahiaren kontrako aldean.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Akromoei buruz, ikus Oettl, Barbara, Weiss in der Kunst des 20. Jahrhunderts. Studien zur Kulturgeschichte einer Farbe, Ratisbona, 2008, 209–45. or.; eta, baita ere, Engler, Martin (ed.), Piero Manzoni. Als Körper Kunst wurden, erak. kat., Städel Museum, Frankfurt, 2013. Engler-ek obra piktorikotan zatitzen ditu sail honetako lanak, Akromoak I (Achromes I), eta objektuak, Akromoak II (Achromes II). [itzuli]
  2. Material horien alderdi sentsorialaz eta haptikoaz oro har, ikus Oettl, Barbara, 1. oharraren arabera, 228. or., eta Engler, Martin, 2. oharraren arabera, 104. or. [itzuli]
  3. Ikus horri buruz, Celant, Germano, honen arabera: Celant 2004, II. liburukia, 979, 985, 991 zb. [itzuli]
  4. Spahn, Barbara, Piero Manzoni (1933–1963). Seine Herausforderung der Grenze von Kunst und Leben, Munich, 1999, 22. or. [itzuli]
  5. Krähenbühl, Franz, “Von der Ober äche zur Substanz. Eine auf die Wirkung bedachte Materialisierung”, hemen: Berna/Wurzburgo 2011–12, 29. or. [itzuli]
  6. Celant, Germano, honen arabera: Celant 2004, I. liburukia, XXXI. or. [itzuli]
  7. Oettl, Barbara, 1. oharraren arabera, 217. or. [itzuli]
  8. Ibid., 216. or. [itzuli]
  9. Celant, Germano, honen arabera: Celant 2004, 889. zb. [itzuli]
  10. Celantek defendatzen du, aitzitik, ezen Manzonik objektuaren sortze-prozesutik at uzten duela bere burua eta artistaren mistika pertsonala ezeztatzen duela era horretara. Celant, Germano, hemen: Piero Manzoni 1933–1963, erak. kat., Städtische Galerie im Lenbachhaus, Munich, eta Kunsthalle Tübingen, Tubinga, 1973, orrialderik gabea. [itzuli]
  11. Ikus horri buruz arrautza egosiekiko arte-kontsumoaren performancea, besteren artean hemen aipatua: Oettl, Barbara, 1. oharraren arabera, 211. or. [itzuli]