katalogoa
Vasily Kandinsky
Petra Joos
- Izenburua:
- Vasily Kandinsky
- Egilea:
- Petra Joos
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
- Neurriak:
- 27 x 27 cm
- Orrialdeak:
- 142
- ISBN:
- 978-84-95216-76-2
- Erakusketa:
- Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
- Gaiak:
- Adiskidetasuna | Artea eta emozioa | Bildumagintza | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Forma | Geometria | Kolorea | Bauhaus Eskola | Der Blaue Reiter | Espiritualtasuna | Errusia | Paris | Hermann Rupf | Lily Klee | Margrit Rupf | Nina Kandinsky
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia | Arte Abstraktua | Surrealismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Arp, Hans | Kandinsky, Vasily | Klee, Paul
Mosku, 1866 – Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1944
Baliabide guztiak sakratuak dira, baldin eta barnetik beharrezkoak badira. Baliabide guztiak sakrilegoak dira, baldin eta barne premiaren iturritik isurtzen ez badira [...] Artistikoki benetakoa dena intuizioz bakarrik lortzen da [...] Kalkulu matematikoak eta espekulazio deduktiboak, neurri seguruetan eta pisu zehatzetan oinarritzen badira ere, ez dute sekula emaitza artistikorik eragingo. Vasily Kandinsky, Espiritualtasuna artean, 19111
Pinturak abstrakzio gero eta handiago baterantz zuen eboluzioan, Vasily Kandinsky-ren figurak eta haren artearen ikuspegi ez-objektiboaren teoriak eraldatze horren ibilbidea baldintzatu zuten. Lehen Mundu Gerra aurreko urteetan, Kandinskyk pintura abstraktu adierazgarri bat garatu zuen, XX. mendeko arteari egin zion ekarpen gogoangarria bilakatuko zena. 1909tik aurrera, bere koadrorik handienak hiru kategoriatan sailkatzen hasi zen artista: zirrarak, inprobisazioak eta konposizioak.
“‘Kanpoko naturako sentipen zuzenak’” zeuzkan hark zirraratzat. Guztira, 1911n, Kandinskyk sei zirrara pintatu zituen, zeinak, naturaren kanpoko sentipen batean inspiratuak izanagatik, gehienbat ez objektiboa den itxura baitute.
1909 eta 1914 artean, hogeita hamabostetik gora inprobisazio ekoitzi zituen, eta, horietatik gehienek asoziazioz betetako azpititulu bat dute, abstrakziorako haren bidaiaren berezitasuna narbarmen erakusten dutenak: ikuspen intimoak, artistaren irudimenak eta fantasiak bere lanen gai bihurtzen dira. Dimentsio eta eduki adierazgarri berriak erantsi zizkien horrekin Kandinskyk arte plastikoei.
Konposizioak, hala ere, zeinetatik hamar sortu baitzituen bere bizitza osoan zehar, haietariko zazpi 1913 aurretik, pinturaren kategoriarik gorenena iruditzen zitzaizkion, ikusmolde arrazionala, irudimena eta sena eskutik helduta doazen kategoria, alegia. Ikuspegi formal batetik, koadro guztietan argi sumatzen da behin betiko askatzen dela kolorea objektuaren deskribapenaren tiraniatik.
Kandinsky Moskun jaio zen 1866an eta 29 urterekin Munichera joan zen, eta han bizi izan zen hurrengo 18 urteetan. 1909an Neue Künstlervereinigung München argitaratu zuen, eta 1911n Espiritualtasunaz artean argitaratu zuen, non proposatzen baitzuen izate etiko bat komunika zitekeela artearen bitartez, eta, zehazki, abstrakzioaren mintzairaren bitartez. Liburu hori argitaratu zen urte berean Kandinskyk eta Franz Marc artistak Der Blaue Reiter Almanac sortu zuten (Zaldizko Urdinaren Almanaka); hura aldizkari iraultzaile bat zen, arteen sintesia izan nahi zuena eta gizartea biziberritzeko helburua zuena. Taldeak eraldatze dinamikoan zuen itxaropena errepresentatzeko ikurra zen neurrian, zaldiaren irudia —zaldizkoarekin edo gabe— talde horren obra askotan agertzen da. 1911. urtearen amaieran egin zen Der Blaue Reiter taldearen bi erakusketetatik lehenengoa.
1914 eta 1921 artean Errusian hartu zuen Kandinskyk bizilekua eta garai hartan lotura estuak izan zituen errusiar abangoardiako lider artistikoekin, El Lissitzky, Kazimir Malevich eta Alexander Rodchenko ziren, besteak beste, lider horiek. 1922an eskolak ematen hasi zen Bauhausek Alemanian zuen egoitzan, Weimarren; arteaz eta arkitekturaz teoria utopikoak proposatzen zituen eskola zen Bauhaus, 1919an sortua. 1920ko hamarkadaren hasieran Kandinsky errepresentaziotik gero eta gehiago urruntzen hasi zen, eta abstrakzio hutserako joera hartu zuen, forma hertsi-hertsian geometrikoak bereganatu zituenean. Josef Albers, Paul Klee eta László Moholy-Nagy ere Bauhauseko irakasleak ziren, eta antzeko geometria zorrotza aplikatzen zuten bakoitzak bere obretan. Kandinsky Bauhausekin batera Dessau-ra joan zen 1925ean eta nazionalitate alemana hartu zuen 1928an. Bauhauseko irakasle izan zen garaian, hau idatzi zuen Puntua eta lerroa planoaren gainean obran, 1925ean: “Puntua lehen elementua da, gainalde hutsaren fruitua. Lerro horizontala euskarri gisako oinarri hotza da, isila eta ‘beltza’. Lerro bertikala aktiboa da, beroa, ‘txuria’. Lerro zuzen libreak mugikorrak dira, ‘urdinak’ eta ‘horiak’. Gainaldea, berez, behetik pisatzen da, arina da goitik, ezkerretik ‘urruntzat’ sumatzen da, eskuinetik, berriz, ‘etxetzat’”.
1933an naziek Bauhaus itxi zuten eta urte hartan bertan Kandinskyk Parisera emigratu zuen. Han, eta 1944an hil zen arte, obra berantiar bat sortu zuen, non Bauhauseko urteetako bere hiztegi formalaren zehaztasun konstruktiboa kolore distiratsuko mikroegitura organikoen unibertso batera aldatu baitzuen.
Surrealisten geometria amorfoak eragina izan zuen, inondik ere, Kandinskyren garai horretako konposizio organikoetan, Jean Arp-en Bost forma txuriko eta bi beltzeko konstelazioa, III. bariazioa (Constellation aux cinq formes blanches et deux noires, variation III), 1932ko obrak erakusten duen bezala.
Kandinskyk Rupf senar-emazteekin izan zuen harremana 1931koa da; urte askoan, Bernako bildumagileak kontu finantzariotan lagundu zion errusiar artistari. Paul eta Lily Klee senar-emazteen bitartez ezagutu zuten elkar, adiskide baitzituzten. Kandinsky hil ondoren, haren alargunak, Nina Kandinsky-k Rupftarrekiko harremanari eutsiko zion. Kandinskyren hamasei obrak ez ziren eragozpenik gabe iritsi Hermann eta Margrit Rupfen Bildumara, zeren eta artista bizi zela senar-emazteek haren koadro bakarra erosi baitzuten, 1935eko udazkenean: Tentsio lasaia (Tentsio arina) [Tension tranquille (Tension légère)], urte hartan bertan sortua.
Erakusketa honetan erakusten diren obrak 1916tik 1940ra bitartekoak dira, eta Kandinsky aldi baterako Errusiara itzuli zenetik Parisen egindako haren obra berantiarrerainoko tartea hartzen du barnean.
[Itzultzailea: Jon Muñoz]
Oharrak
- Kandinsky, Vasily, De lo espiritual en el arte, Genoveva Dietrich-en itzulpena. Paidós, Bartzelona, 1989, 68. or. [itzuli]