Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Christian Megert

Susanne Friedli

Izenburua:
Christian Megert
Egilea:
Susanne Friedli
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Zero taldea | Espiritualtasuna | Dualtasuna
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Castellani, Enrico | Fontana, Lucio | Manzoni, Piero | Megert, Christian

Berna, 1936

Espazio berri bat sortu nahi dut, hasierarik eta amaierarik gabeko espazio bat, non dena bizirik egongo den eta bizitzera bultzatua izango den; espazio bat, aldi berean izango dena lasaia eta zaratatsua, finkoa eta mugikorra. Christian Megert1

Christian Megert-en Manifestuan agertzen dira hitz horiek; manifestu hori 1961ean idatzia da, eta agerian uzten du Zero mugimenduarekiko eta haren protagonistekiko hurbiltasuna —Otto Piene, Heinz Mack eta Günther Uecker—, haien giroan mugitzen baitzen Megert 1950eko hamarkadaren amaieran. Frantziako Errealista berriak, Nul-eko neerlandar bikotea edo Azimut galeriaren inguruko eszena italiarra, Piero Manzoni, Lucio Fontana eta Enrico Castellani partaide dituena, bat datoz honetan: bete-betean parte hartzen dute erakusketetan eta manifestuetan, eta, beste sortzaile batzuekin bat eginik, arte-modu berriak bilatzen zituzten, eta arte-modu berri horiek, iraganaren zamatik libre, hasiera berri bat eratu beharko zuten. Zero mugimenduak lurralde berri bat konkistatu nahi zuen, han libre eta interdependente mugitu ahal izateko: “Gelditasuna da Zero, hasiera da Zero”2.

Berrogeita hamarreko urteen erdialdeko Megerten pinturan berehala nabarmendu zen boladan zeuden joeren esplorazioa: Tachismoari kontrajarrita, pintura monokromo eta informal bat hasi zen gai figuratiboak ordezkatzen. Egitura erretikularrak dituzte ezaugarritzat haren koadroek, eta “espazio” berri immaterialen bilaketa sumatzen da haietan. Haren lehen oihaletan —hala nola Pintura txuria 3. zb. (Weisses Bild Nr. 3, 1956)— badago jadanik behin eta berriz agertuko den motibo bat, ispiluak erabiliz haren obran geroztik azalduko dena: “Baldin eta jartzen baduzu ispilu bat beste baten aurrean, bukaerarik eta ingururik gabeko espazio bat aurkitzen duzu, aukera mugagabeak dituen espazio bat, espazio metafisiko berri bat”3. Pintura honetan oraindik ez da ispilurik ageri, puska bat baizik, ustez zorira aukeratua, kolore griseko lerro horizontalen eta bertikalen egitura baten artetik, zeina, irudimenean, aise heda baitaiteke koadroaren mugetatik harago. Pavatex xafla baten (zuntz begetaleko ohol mota bat) gainean ezarritako jute zakarrak badirudi gehiago egituratzen duela oraindik koadroaren gainaldea. Haren espazio immaterialen izate fisikoa eta haptikoa, geroago haren ispilu-objektuetan islatuko dena, agerian dago jadanik pinturan: geruza lodi baten bitartez, aldez modu ia keinuzkoan aplikatuan, erliebe bat tankeratzen du, esperientzia espazial metafisiko berrien bilaketa areago nabarmentzen duena.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Hemendik aterea: “Ein neuer Raum”, Christian Megert-en Manifestua, 1961, hemen: Kuhn, Anette, Christian Megert. Eine Monographie, Berna, 1997, 6. or. [itzuli]
  2. Horri dagokionez, ikus baita ere: “Zero – Internationale Künstler-Avantgarde der 50er/60er Jahre”, erak. kat., Museum Kunst Palast Düsseldorf, Düsseldorf, 2006, 279. or.; bai eta Stachelhaus, Heiner, Zero: Heinz Mack, Otto Piene, Günther Uecker. Düsseldorf, 1993, 49. or. [itzuli]
  3. 1. oharraren arabera. [itzuli]