Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Louis Moilliet

Petra Joos

Izenburua:
Louis Moilliet
Egilea:
Petra Joos
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Bildumagintza | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Forma | Kolorea | Tunisia | Hermann Rupf | Margrit Rupf
Mugimendu artistikoak:
Orfismoa
Teknikak:
Akuarela
Artelan motak:
Beiratea | Pintura
Aipatutako artistak:
Klee, Paul | Macke, August | Moilliet, Louis

Berna, 1880 – Vevey, Suitza, 1962

1905eko udan, Grisones kantoian eginiko egonaldi batean, Louis Moilliet-ek hau idazten du bere egunkarian: “Nirekin dena astiro doa: hasia naiz apurka-apurka kolorera ohitzen, baina pintatzeak ahalegin handia eskatzen dit oraindik [...] Azkenaldi honetan, konturatu naiz ezen gehien interesatzen zaidana, alde handiarekin, argia argiztapen gisa dela, alegia, objektuekin duen erlazioaren neurrian. Eta, aurreko nire zirriborroak gogoan hartzen ditudanean, nonahi aurkitzen dut interes bera obretan eta ondorioztatzen dut ezen hasieratik argiak eraman ninduela pintore bihurtzera”.

1918tik aurrera, Moillietek akuarelak besterik ez ditu pintatzen. Koloreak eta gainaldeak konposizio erritmikoak eragiten dituzte, eta Robert Delaunay-ren ideia orfikoak —alegia, kolorearen nozioa argi gisa— beirako pinturan aurkitzen du azkenean bere adierazpidea. 1924an Mutikoak arrantzan (Knaben beim Fischfang) koloretako beiratea sortzen du Hermann eta Margrit Rupfen etxeko komuneko leihorako.

Institutuan zegoela jadanik, Bernan, Louis Moilliet Paul Klee-ren adiskide egin zen. Berehala erakarriko zuten artistek hegoaldera egiten zituzten bidaiek: Erromara, Siziliara, Korsikara, eta, azkenean, Afrikako iparraldera. 1914an Tunisiara bidaiatu zuen August Macke-rekin eta Paul Kleerekin, eta bidaia hartan zehar egingo zituen akuarelak bere bidaideen lanen oso hurbilekoak dira ikuspegi estilistiko batetik. Aldez aurretik, Moilliet hainbat alditan egona zen Tunisian, non adiskide zituen suitzar senar-emazte mediku batzuk aurkitu baitzituen. Hirurogeita hamarretik gora akuarela pintatu izanak garbi erakusten digu zer-nolako gogo beroa zuen Moillietek koloreetarako, zer-nolako lehia zuen piktorikotasuna esploratzeko eta zer-nolako grina bizia sortzen zion exotikoa eta ezezaguna den guztiak.

Moillietentzat, “Tunisiarako bidaia”, artearen historiako une gorentzat kalifikatua izan dena, ez da, ezta hurrik eman ere, haren adiskide pintoreentzat bezain emankorra: talde-bidaian zehar egindako lana ez zen hain nabarmena izan haren kasuan, lehenik ere lan egina baitzen herrialde hartan eta gerora ere maiz lan egingo baitzuen han. Guztiarekin ere, suitzar artistak garai hartan sortu zituen akuareletako batzuk arras adierazgarriak dira. Koloreak apenas iradokitzen dira eta forma kubistak desegiten hasten dira. Afrikako iparraldeko hiriak eta paisaiak dira haren gaiak. Bere koadroetan kolorea, argia eta gardentasuna transmititzen saiatzen da artista.

Haren kide Paul Kleek hau idatzi zuen 1921. urteari zegokion bidaia-koadernoan: “Utzi berria dut lana. Giroarekin hain sakon eta leun bat eginik nago, non, ahaleginik egin gabe, gero eta seguruago sentitzen bainaiz. Koloreak mendean hartua nauka. Ez dut haren bila joan beharrik. Betiko nauka, ondotxo dakit. Eta hona hemen une zoriontsu honen zentzua: kolorea eta biok bat gara. Pintorea naiz”.

Moillietentzat, Tunisiak denbora askoan jarraitu zuen inspirazio-iturri izaten, Etxeen bista Luzernan (Blick auf Häuser von Luzern, 1919) akuarelak lekukotasuna ematen duen bezala. Laster, hura sortu eta handik urtebetera, obra Hermann eta Margrit Rupf1 bildumaren parte izan zen. Hala artearen historiaren ikuspuntutik nola historia garaikidearenetik, Tunisiarako bidaiak eta haren ondorioek akuarela modernoa artean jaio zeneko testuingurua ilustratzen dute.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Moillieten beste hiru akuarela bildumaren barnean daude: Gotorlekua Tunisian (Kastell in Tunis, 1920), Arrantza-portua Tunisian (Fischerhafen in Tunesien, 1929) eta Kostaldeko errepidea Andaluzian (Küstenstrasse in Andalusien, 1933). [itzuli]