Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Paul Klee

Rainer Lawicki

Izenburua:
Paul Klee
Egilea:
Rainer Lawicki
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Adiskidetasuna | Bildumagintza | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Perspektiba | Paisaia | Bauhaus Eskola | Der Blaue Reiter | Arte-galeriak | Paris | Berna | Daniel-Henry Kahnweiler | Hermann Rupf | Lily Klee | Margrit Rupf
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Arte Abstraktua | Degenerate art | Kubismoa
Teknikak:
Akuafortea | Akuarela | Marrazkia
Artelan motak:
Grabatua | Pintura
Aipatutako artistak:
Braque, Georges | Klee, Paul | Picasso, Pablo

Münchenbuchsee, Suitza, 1879 – Muralto, Suitza, 1940

1913ko udan Bernan elkar ezagutu zutenean, Kubismoarenganako interesak elkartzen zituen Paul Klee eta Hermann Rupf. Joera horretako artelanen bilduma garrantzitsu bat zeukan Rupfek eta Kleek, berriz, zaletasun berezia erakutsi zuen artista kubistenganako, batez ere, 1912tik aurrera. Kleerentzat garrantzi handiko kontua zen abangoardiako sorkuntzari itxita egongo ez zen bildumagile batekin harremanetan egotea; Bernan, bera hazi zeneko hirian, joera aurrerakoia zuten artezaleak, Rupf bezala, salbuespen bat ziren, gehienbat.

Lily Stumpf-ekin ezkondu ondoren, Bernatik joan, eta Munichen hartu zuen Kleek bizilekua. Municheko Arte Ederren Akademian ikasketak egin ondoren, 1902tik 1906ra bitarteko urteak, artistak gurasoen etxean igaro zituenak, Bernan, oso garrantzitsuak izan ziren haren eboluzio artistikoarentzat. Prestakuntza autodidaktako garai horretan, bere estilo propioa aurkitzeko gai izan zen, eta Opus I sortu zuen, Asmakizunak (Inventionen) hamaika akuaforteko saila. 1911 arte ez zuen Kleek aurkitu Municheko abangoardia artistikoarekiko loturarik: Franz Marcy Vasily Kandinsky ezagutu zuen, eta, 1912an, Der Blaue Reiter (Zaldizko urdina) artista taldeko kide egin zen. Moderne Bund-ek (Aliantza Modernoak) Kunsthaus Zürich-en egin zuen erakusketaz baliatu zen Klee Bernako Die Alpen hilerokoan Kubismoari buruzko gogoeta-sorta bat idazteko. 1912ko apirilaren 11n, Parisera egindako bidaia batean zehar, Kleek bisita egin zion Robert Delaunay-ri bere estudioan eta, 1913an, alemanera itzuli zuen haren “Sur la lumière” (Argiaz) saiakera. Kolorea aztertzeaz gainera, Kleeri proposamen piktoriko kubistak interesatzen zitzaizkion, hala nola perspektibaren desegite espaziala eta elementu piktorikoen gradazioa. 1913ko hainbat marrazkitan konposizio-printzipio kubistak hautematen dira. Hain zuzen ere, urte horretan hasten dira, baita ere, Rupfen eta Kleeren arteko trukatzeak: 1914an, Kleek Rupfi bisita egin ondoren, hark luma-muturraz eginiko 1913ko hiru marrazki erosi zituen, tankera kubistakoak; eta urte bereko abenduan, Asmakizunak saileko lau akuaforteko grabatu erosi zituen. Era horretara, bere lehen erosketekin Kleeren ibilbideko etaparik garrantzitsuenak bereganatu zituen Rupfek bere bilduman eta oinarriak jarri zituen artistaren funtsak eratzeko, zeinak 1921etik 1950eko hamarkada hasiera arte, haziz joan baitziren 190 obra bildu arte.

1921eko udazkenean koloretako lamina bat, L 112 geltokia, 14 km (Station L 112, 14 km, 1921, kat. 54, 104. or.), lehen aldiz sartu zen Hermann eta Margrit Rupfen Bilduman. Kunsthalle Bern-en ikusgai egona zen aldez aurretik eta kritika ezezkor bat izan zuen aipamen batean. Rupfek, berriz, Tagwachten artikulu bat argitaratzeko baliatu zuen hura; artikulu hartan Kleeren artea defendatzen zuen, eta akuarela aipatzen zuen konposizio-printzipio kubistaren aplikazio egoki baten adibide gisa, artelanean dentsitate emozionala lortzen baitu elementu objektiboen bidez. Musikaren eta arte abstraktuaren arteko korrelazioa nabarmentzen da Kleerentzat bultzada handia eta abiapuntu berria izan zen aipamen horretan. Lerro horizontalen eta zesura bertikalen bitartez akuarela zatikatzeak notazio musikala gogorarazten digu eta dimentsio erritmiko eta akonpasatu bat sartzen du paisaia txikian. Bestalde, Rupf ohitua zegoen zenbakien erabilerarekin, koadroaren tituluaren parte baitira, Georges Braque-ren eta Pablo Picasso-ren lehen obra kubistak ezagutzen zituenez.

Rupfen jarrera politiko-sozialak azal dezake zergatik hasi zen 1921ean Kleeren obrak berriz erosten. Urte hartan, Weimarko Bauhausen hasi zuen Kleek bere irakasle jarduna, non arte plastikoak eskulangintzako produkzioan eta arte eszenikoetakoetan integratzen baitziren. Geroztik, nazionalsozialismoaren goraldiak ekarriko zuen Bauhauseko maisurik aipagarrienak Alemania uztera behartuta egotea, artista “degeneratuak” zirelakoan. 1933ko abenduan, Klee Bernara itzuli zen, non Rupf senar-emazteen laguntza berezia izango baitzuen. Harreman pertsonala sekula eten ez bazen ere, hurbiltasun fisikoak areago estutu zuen oraindik haien arteko adiskidetasuna. Hala ere, 1935etik aurrera, Kleeren osasun-egoera ustekabean gaizkitu zen eta gaixotasun sendaezin bat diagnostikatu zioten, eta haren ondorioz hilko zen 1940an. 1935eko abenduan, Arauen arabera landatzea (nach Regeln zu pflanzen, 1935) akuarela oparitu zion Kleek Margrit Rupf-i eskaintza honekin: “Marguerite Rupf andrearentzat, osasunez hobetzea opa diot. 1935eko Eguberria, K”. Margrit Rupf ospitalean zegoen, larri gaixorik. Egoera hura ikusita, 1936ko ekainean Rupf senar-emazteak Tarasp-era joan ziren (Engadina behea) Kleerekin batera tratamentua hartzera.

Bernara itzultzea inflexio-puntu bat izan zen Kleerentzat bere arte-irakasle eta abangoardiako sortzaile karreran, bai eta ziurgabetasun ekonomikoko garai bat ere. Rupfen bitartekaritzaz, Kleek arte-salerosle bat aurkitu zuen Daniel-Henry Kahnweiler-engan: Parisko haren galeria, Galerie Simon, beraren ordezkari izango zen harrezkero eta bere obrak saltzeaz arduratuko zen. Kahnweiler Rupfen aspaldiko adiskidea zen, eta arte-saltzaile hari esker eraikiz joan zen Rupf arte kubistako bere bilduma ikaragarria. 1937an Kahnweilerrek esan zion Rupfi ia ez zela Kleeren obrarik saltzen: Ilargi betea lorategian (Vollmond im Garten, 1934) pintura erostea izan zen Bernako bere adiskidearen berehalako erreakzioa, Kunsthalle Bern-en 1935ean egindako erakusketan hura ikusteko aukera izan baitzuen.

Lily Klee hil baino egun gutxi batzuk lehenago, Hermann Rupfek eta Hans Meyer-Benteli-k artistaren legatu artistikoaren ardura hartu zuten. Rupf, gainera, Klee Elkartearen sortzaileetariko bat zen, eta han erosi zituen 1948an Paisaia eszenikoa (Buehnen-Landschaft, 1937) eta, 1950ean, Mendiak neguan (Gebirge im Winter, 1925). Aldez aurretik, 1944an, erosia zion Lily Kleeri Eolikoa (Aeolisches, 1938).

Rupf sistematikoki osatuz joan zen Kleeren obren bere bilduma eta pertsonalki interesatzen zitzaizkion lanak erosi zituen. Paisaia eszenikoarekin, 1913tik 1937ra bitartean, gaiaren ikuspegitik, arku bat marrazten zuen koadro bat erantsi zien bere funtsei. Estilistikoki, 1913ko Paisaia eszenikoa (Bühnenlandschaft) erosi zituen luma-muturrezko lehenengo marrazkiekin kidetuta zegoen. Weimarreko Bauhausen, titulu bereko beste pintura bat sortu zuen (Bühnenlandschaft, 1922), eta gai horri berriz ekin zion, baita ere, Bernako deserrian, mintzaira sinboliko berri batekin tamaina handiko obrak egiten ari zen garaian. 1937an gai berari heltzean, Klee seinale bat igortzen ari zen: ikuspegi narratibo batetik lehenengo pinturak agertoki teatral bat baldin bazeukan oraindik, 1937koak murriztu egiten du espazioaren sakonera eta bastidore bat du bere baitan, historia zifratu baten proiekzio-plano gisa funtzionatzen duena. Eolikon gertatzen den bezala, zeinaren tituluak Eolo haizeen jainko mitologikoaren aipamena baitakar, formak eta espazioak elkar gurutzatzen dira kolore-guneen eta lerro piktorikoaren bitartez; lausotu egiten dira mugak.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]