Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Florian Slowata

Susanne Friedli

Izenburua:
Florian Slowata
Egilea:
Susanne Friedli
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Bildumagintza | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Hermann Rupf | Margrit Rupf
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Arp, Hans | Fueter, Max | Laurens, Henri | Mataré, Ewald | Slotawa, Florian

Rosenheim, Alemania, 1972

Florian Slotawa-k zehatz-mehatz aztertu zuen Hermann eta Margrit Rupfen Bilduma, bai eta haren historia, Bernako idulkiak (Berner Sockel) egiteko. Bilduma haziz joan da gaur egun mila obratik gora edukitzeraino, eta artistak lau eskultura hautatu zituen handik: Soina-hostoa (Blatt-Torso, 1963), Hans Arp-ena1; Margrit Rupf-Wirz (1922), Max Fueter-ena2; Biluzia belauniko (Nu agenouillé, 1929), Henri Laurens-ena3; eta Behi etzana (Liegende Kuh, 1925), Ewald Mataré-rena4. Rupf Bildumaren adierazgarriak diren lau pieza horietako bakoitzarentzat, Slotawak plataforma edo idulki bat asmatu zuen, jatorrian bikote bildumagilearen etxean zeuden altzariekin egina. Idulkiak eratzen dituzten objektuak zehatzago aztertuz, apain-mahai bat ikusten dugu, eta haren gainean Margrit Rupf bildumagilearen zeramikazko bustoa dago; edari-gurditxo bat, zeina, egurrezko idulki baten bitartez, Hans Harpen Soina-hostoari lotua baitago; edo mahaitxo laranja, Mataréren Behi etzana datzaneko komoda baten tiraderei mihiztatua, eta egur berezi batekin egina. Henri Laurensen marmolezko biluzia eserita dago, keinu harroz, mahaitxo osagarriekin eta Rupftarren bainugelan aurkitutako kolore argiko armairutxo batekin eginiko eraikuntza baten gainean.

Modu guztiz bizkorrean ahultzen du horrela Slotawak artelan autonomoaren eta haren autoretzaren auzia, bai eta idulkiarena eta hari dagokion eskulturarena ere. Bere eskultura “berriekin”, artistak lortzen du elkarrizketa bat egitea historian zehar haziz joan den Bilduma batekin, zeinari eransten baitio, baita ere, altzarien laguntzaz, Rupftarren ingurune pribatua eta mugikorra. Halaber, pribatutasun apur bat itzultzen die —aldi baterako, behinik behin, erakusketak irauten duen artean— museo-esparru batean erakutsiak izateko sortutako obra batzuei. Slotawari ez zaio voyeurismoa interesatzen, une batez dimentsio publiko bat hartzen duten altzari pribatuei darien halakoxe intimotasun hori baizik. Konfrontazio zuzen horri esker, ikuspegi orain artean ezezagun batetik eta baldintza zeharo berri batzuetan esperimenta daiteke Bildumaren zati txiki bat.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Inb. zb. PL 92.003 [itzuli]
  2. Inb. zb. P 002 [itzuli]
  3. Inb. zb. P 009 [itzuli]
  4. Inb. zb. P 018 [itzuli]