Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Juan Gris

Daniel Spanke

Izenburua:
Juan Gris
Egilea:
Daniel Spanke
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta espazioa | Bildumagintza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bidimentsionaltasuna | Forma | Perspektiba | Erretratua eta autorretratua | Natura hila | Paris | Daniel-Henry Kahnweiler | Hermann Rupf | Margrit Rupf
Mugimendu artistikoak:
Kubismo Sintetikoa | Kubismoa
Teknikak:
Akuarela
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Braque, Georges | Derain, André | Gris, Juan | Picasso, Pablo

Madril, 1887 – Boulogne-Billancourt, Frantzia, 1927

Dekonstrukzioaren eraikuntza

Maiz gertatzen da XX. mendeko artearen historia kirol-lehiaketa bat balitz bezala kontatzen jarraitzea: nork lortu du zerbait lehen aldiz eta garaile gisa zeharkatu du, beraz, helmuga? Noiz eta non? Eta hori aplika dakioke ez bakarrik lehen koadro abstraktuaren errekorrari (zeina ez baita hainbeste izango Vasily Kandinsky-rena, 1910 inguruan, Hilma af Klint-ena baizik, 1906an, edo Adolf Hölzel-ena, 1905ean dagoeneko), baita Kubismoaren jaiotzari ere (Picasso edo Braque?). Ezin eztabaidatuzko kontua da, ordea, Pablo Picasso arte modernoaren figura nabarmen bat zela XX. mendearen hasieran, eta berdin-berdin da ezin eztabaidatuzkoa ezen, 1906tik aurrera, Georges Braque-rekin eta André Derain-ekin harreman estuan gauza zeharo berritzat hautemanak izan ziren obrak sortu zituela.

Urte hartan bertan elkartu zen Juan Gris Rue Ravignaneko 13. zenbakian zegoen eraikinean, Parisko Montmartre auzoan, estudio eskuragarrietan lan egiten zuten artista eta bohemioekin; Bateau-Lavoir (“Itsasontzia-garbitegia”) deitu zioten leku hari. 1903az geroztik bizi zen Picasso han. Garai hartan, hainbat egunkarietarako marrazkiak eginez ateratzen zuen Grisek bizimodua. Hala ere, Gris, Madrilen arte-ikasketak egina zena, ez zen pinturara 1910 arte iritsi. Haren katalogo arrazoituak oliozko lehenengo pinturak zerrendatzen ditu, natura hil errealistak zirenak1. 1907an pintatu zuen jadanik Picassok Avignoneko neskatxak (Les demoiselles d’Avignon) bere koadro protokubista hauslea eta izugarria, eta ez da 1911 arte hasiko, herabe, Juan Gris Kubismoa esploratzen. Hala bada, artearen “kirol”-historia baten arauen arabera, Gris —bost urte eta erdi gazteagoa baitzen— beranduago iritsiko zen eta jarraitzaile bat izango zen, eta hori ez da hain polita gelditzen. Merezi du, hala ere, artista horren eboluzio partikularrari begirada bat botatzea. Orain arte, maizegi kalifikatu izan da artistaren hasierako obra grafikoa —modernitateari asko zor diona— aitzinsolas soiltzat. Hala eta guztiz ere, erreparatzen bazaio 1906an José Santos Chocano-ren Alma América antologia poetikorako Grisek egindako bineta bati, begien bistakoa suertatzen da ezen artistak bazuela jadanik hiztegi formal bat Picassok, Braquek eta Derainek transmititutako Kubismoan aurrera egiten jarraitzeko. Sorkuntza horretan, testu lirikoekin bat eginik, gitarra2 agertzen da lehen aldiz motibo gisa Grisen obran, eta gitarra horren perspektiba eskortzoan ikusiari eraginkortasunez aurre egiten dio lautasun sendo batek. Era berean, ingerada bereziki markatuek espazioaren ilusio orotik urruntzen diren bi dimentsioko balioak berresten dituzte. Bernako Museoko Adiskideen Elkarteak Grisen 1911ko akuarela bat dauka, geroztikako eboluzio hori erakusten duena. Hainbat badira ere 1910eko akuarela hau baino lehenagoko natura hil errealistak, obra horretan badirudi mundu objektiboa hauskorragoa bihurtzen dela. Ia era hautemanezinean, ertzak eta ingeradak hasiak dira beren kokaleku erlatiboak mugitzen, eta nekez harmonizatzen dira. Hor ikusten da Picasso ikaragarriaren eragina, zeinaren arteak bere efektua egingo zuen, inondik ere, Grisengan. Hala ere, bere eboluzioan, Grisek bere erritmo propioari jarraitzen dio eta ez da mugatzen Kubismoaren trenera igotzera, hura abiadura betean baitzihoan: Grisek bereganatu egiten du kubismoa eta bere obretan urratsez urrats garatzen du kontzeptu piktoriko kubista. Picassoren eta Braqueren lanak elkarrengandik oso hurbil dauden arren, beren urte kubistetan, 1911ren ondoren, Grisek berezitasun bati eusten dio, eta berezitasun horrek, artearen historiak beti ikertu beharra daukan “eragina”ren kontzeptutik harago, interesgarriago bihurtzen du haren obra, modernitatearen sorkuntza nabarmena den neurrian. 1913an Daniel-Henry Kahnweiler-ek esklusibotasun-kontratu bat sinatu zuen Juan Grisekin, eta, urte hartan bertan, Hermann eta Margrit Rupfek Grisen lehen obra erosten dute, eta geroztik beste hogei erosiko dizkiote.

Maiz esan izan da Grisek Picassok edo Braquek baino askoz modu kontzeptualagoan eta ez hain intuitiboan ekiten ziola Kubismoaz erdituko den pintura berri horri. Haren formak ulergarriagoak dira eta Arte Konkretuarekin dute zerikusia, Kubismoaren garai berekoa den artearekin, alegia. Paul Cézanne-z geroztik, haren legatua gogo beroz bereganatu baitzuten Picassoren eta Grisen belaunaldiko artista guztiek, sortzaileak lanean ari dira “leiho ireki” baten ilusio iruzurtia (Leon Battista Alberti) jadanik hainbeste eskaintzen ez duen pintura batean, nahiz europar ikusmolde piktorikoan hura izan zen ohikoa italiar Errenazimenduaz gero. Baina hori bai, errealitate behatua koadroaren errealitatera lekualdatzea zaila da, koadroak bere lege propioak baititu. Zin-zinez piktorikoak diren lege horien artean badago egitate bat, alegia, koadroa gainalde bat besterik ez dela, plano lau bat. Beraz, sorkuntza piktoriko kubistak mundu objektiboaren hiru dimentsiotasuna eta plastizitatea suntsitzen ditu eta geratzen diren puskak koadroaren gainaldean berrosatzen ditu eta eratzen du haiekin batasun berri bat, bere oreka propioa duena. Prozesu piktoriko horretan, objektuen suntsipenaren, deformazioaren eta desintegrazioaren alderdi negatiboari alderdi positibo erabakigarri bat jar dakioke aurrez aurre: pintura kubista gai da objektu baten itxura ikuspegi askotatik aldi berean eta ikustaldi bakarraz transmititzeko eta, era horretara, perspektiba bakarreko koadro errealista batean ez bezala hautematen da behatzaileak munduko objektuak inguratu egin behar dituelako egitatea, hala, aurpegi desberdin bat eskain diezaioten, aldiko, behatzaileari. Beraz, errealitatea esperimentatzeko forma berri, zabalagoa eta originalagoa, bihurtzen da pintura kubista. Aurkitzeke dauden arlo horiek prozesu piktoriko kubistarekin esploratzerakoan, Juan Grisek modu bereziki kalkulatzailez eta, nolabait esateko, eraikitzailez jokatu zuen. “Dekonstrukzioaren eraikuntza” gisa kalifika daiteke haren prozesua. Josette Gris-en erretratua, 1916; Botila eta fruitaontzia, 1922; Liburu gorria (Le livre rouge, 1925); edo Liburu irekia (Le livre ouvert, 1925) bezalako obrek erakusten dute zenbateraino hurbiltzen den Grisen Kubismoa —Kubismo Sintetikoa ere esan zitzaiona— Arte Konkretura, erreferentzialtasun figuratiboari uko egin gabe. Artearen historiaren kontakizun tradizionalarekin kontraesanean, hark arte abstraktua esaten zaionaren irakurketa aurrerakoi bat egingo bailuke eta irakurketa atzerakoia, berriz, arte figuratiboarena, Grisen koadroetan objektu zehatzei egiten zaien aipamenak funtsezko zerbait ekartzen du: objektuen forma osoa espazioan ebokatzerakoan garbi geratzen da zer-nolako ahalmena duen pinturak perspektiba bakarra eta “errealista”ren oso bestelakoa den errealitatearen zati bat bere bi dimentsiotako ordenean irudikatzeko. Hala, Grisen pintura kubista, pintura ez-figuratiboa esaten zaionarekin batera, esperientziazko eta kultura-ezagutzazko alternatiba autonomo gisa agertzen da.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Cooper, Douglas eta Potter, Margaret, Juan Gris. Catalogue raisonné de l’œuvre peint établi, 2 liburuki. Paris, 1977. [itzuli]
  2. Musikala denaren garrantziaz, ikus Maur, Karin v., “Musik und Theater im Werk von Juan Gris”, hemen: Juan Gris, erak. kat., Staatsgalerie Stuttgart, Stuttgart, 1992, 267–81. or. [itzuli]