Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Fernand Léger

Daniel Spanke

Izenburua:
Fernand Léger
Egilea:
Daniel Spanke
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta industria | Bildumagintza | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Perspektiba | Daniel-Henry Kahnweiler | Hermann Rupf | Margrit Rupf
Mugimendu artistikoak:
Inpresionismoa | Kubismoa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Braque, Georges | Gris, Juan | Léger, Fernand | Picasso, Pablo

Argentan, Frantzia, 1881 – Gif-sur-Yvette, Frantzia, 1955

Modernitatearen artista

Eztabaida liteke ea Fernand Léger-en obra goiztiarra, 1917/18 arte egindakoa, hain zuzen, berez kubistatzat sailka ote daitekeen. Pablo Picasso-k bestelako iritzia zuen, inondik ere: François Gilot-ek kontatzen duenez, hiru mosketariak, haren iritzian, Georges Braque, Juan Gris eta bera ziren; Léger, besterik gabe, Léger zen1. Hala ere, Légerrek nabarmenkiro parte hartu zuen pinturaren kontzeptu zeharo berri bat formulatzen, Kubismoak 1906/07tik aurrera zabaldu egingo zuena perspektiba bakarra desegin zuenean. Légerrek “aurreko bere obra” osoa suntsitu zuen —1909 arte egindakoa—, Inpresionismoaren eragina zuena; eta berak bere garaiaren mailakoak iritzi zien koadro moderno batzuek besterik ez zuten iraun. 1913an Légerrek esklusibotasun-kontratu bat sinatu zuen hiru urterako Daniel-Henry Kahnweiler-ekin, eta, urte horretan bertan, Hermann eta Margrit Rupf-ek Formen kontrasteak (Contrastes de formes) haren pintura erosten dute, guztiz ere garaikidea den oihala.

1913–14an Légerrek Formen kontrasteak deitutako sail bat sortu zuen. Georges Bauquier-en katalogo arrazoituak berrogeita hamar margolan gutxienez aipatzen ditu, sail horri egotz lekizkiokeenak2. Guztiek badute lotura komun bat: gainalde itxiko eta errealistako mundu errealik aurkezten ez duten obra kubistak dira, aitzitik, elkarri lotuta diruditen gorputz anamorfiko zilindriko eta kono-enborreko gorputzen segida ia zabal-zabal bat aurkezten dute, nahiz ikuspegi funtzional batetik ez den garbi geratzen zer erlazio duten. Anamorfikoak dira gorputzak, zeren eta haien konkorrak dagozkien ingeraden eta zerrendetan oinarrituriko koloreen bitartez eratzen baitira, eta delako zerrenda horiek argi distiratsu batek argitutako espazioko objektu baten ikuspena oroitarazten dute. Hala eta guztiz ere, zerrenda horiek elkarrengandik hain hurbil daude, non berdin hauteman litezkeen txuriarekin txandakatzen diren koloretako motibo kromatiko baten gisara, eta kolorea aplikatzeko moduak, berriz, uko egiten dio ilusionismo espazial orori. Haien ikusgaitasuna, haien gainaldea baizik ez zaio axola behatzaileari. “Ez figuratibo”tzat kalifikatu izan dira obra horiek, nahiz bizartegietako zilindro publizitario gorri, txuri eta urdinak edo zirkuetako danborrak dakartzaten gogora, non garrantzia efektu iradokor bat eragitea baita, arreta deituko duena, berez estimuluz jadanik zamatutako giro batean. Bere kolore-paleta aberatsean desberdintzen da Léger Picassoren eta Braqueren “armiarma-sareekiko pinturez”, hori baita Légerrek Robert Delaunay-ren aurrean behin erabili zuen esapide zirikatzailea3.

Beraz, Légerren obrek eragiten duten zirrara ez da hainbeste gorputzen eta espazioaren analisi edo sintesi piktoriko batena, indar menderaezin baten eta orainaldi oldartsu baten zirrara baizik4. Légerrek tituluan jadanik programatikoki iradokitzen duenetik hartzen du koadroak bere indarra: zakar eta bat-batean gertatzen diren kontrasteetatik, haiek erakartzen baitute ikuslearen arreta. “Kolpetik” esapideak ezin hobeki deskribatzen du Légerren koadroen efektua. Eragiten duten kolpea, inpaktua, gogorra eta bat-batekoa da.

Beraz, Rupftarrek erosi zuten sail horretako koadroa ez da garaikidea egina izan den datagatik bakarrik, orainaldiaren sentipena sortzen duelako, batez ere. Ezin da imajinatu elementuak eboluzionatu edo bata bestearen gainean mugi zitezkeenik: eraikuntzak ez du mugimendu baten noranzkoan “funtzionatzen”, ezta estatika egingarri baten noranzkoan ere. Baldin eta unibertso piktoriko funtzionala mota horretakoa balitz, kolapsatu egin behar luke denak berehala, eta pintorearen indar hutsak aurkezten digu behatze- eta miresmen-une luze gisara berez estatikoa den eraikuntza piktoriko bat. Hain zuzen ere, horixe esan nahi zuen Picassok hau esan zuenean, ez bere ofiziokidearenganako erabateko erresuminik gabe: “Baliteke koadro horietan ezer faltsurik ez egotea, baina ordubete egon zaitezke haien aurrean eta ez da ezer gertatzen lehenengo bi minutuetan sentitu duzun shockaren ondoren”5.

Hurrengo urteetan, Lehenengo Mundu Gerraren ondoren, Légerrek arindu egiten du bere unibertso estetikoa, baina eraikuntza ez oso egingarriak konstrukto piktoriko batean sartzea lortzen duen indar geldiezinaren sentipenak iraun egiten du unibertso horretan. Makinaren estetikaz baliatzen da Léger, eraikia denaz, gizakiak trebetasunez fabrikatutakoaz, halako moduan, non behatzailea ez zaion bere buruari galdezka ere ari kaosaz edo mundu guztiz moderno honen unibertsoaz. Légerren obretan, harrigarria bada ere egingarria denaren ospakizun gisa hautematen da modernotasuna. Harrigarria da, zeren eta Légerrek erakusten digu bere koadroetan bakarrik posible den eta, bestela, sekula ikusiko ez genukeen zerbait; eta egingarria da, zeren eta Léger artistak erakusten baitu bideragarria dela eta lortzen baitu gizaki modernoak bere ahalmenaren gailurra iristea artista gisa. Egingarria denaren ahalmenean eta kalitatean sineste horrek bultzatzen du hala ere modernitatea aro gisa, XX. mendearen amaieran higatua ikusten baldin badu ere bere burua, beti lagun izan duen ezkortasun kulturalaren aurrez aurre mundua hobetu nahi duen proiektu idealista den neurrian.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Gilot, François, Vivre avec Picasso, Paris, 1965, 266. or. [itzuli]
  2. Bauquier, Georges eta Maillard, Nelly, Fernand Léger. Catalogue raisonné de l’œuvres peint établi, 1. liburukia. Paris, 1990, 78–119, eta 124–74. or. [itzuli]
  3. Kahnweiler, Daniel-Henry, Meine Maler – Meine Galerien. Gespräche mit Francis Crémieux. Colonia, 1968, 88. or. [itzuli]
  4. Ikus Boehm, Gottfried, “Der Künstler als Homo faber. Anmerkungen zu Légers ‘Modernität’”, hemen: Fernand Léger. 1911–1924. Der Rhythmus des modernen Lebens, erak. kat., Kunstmuseum Wolfsburg, Wolfsburgo; Kunstmuseum Basel, Basilea, 1994; Munich, 1994, 29–35. or. [itzuli]
  5. Gilot 1965 (1 oharraren arabera), 266. or. [itzuli]