Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Lucio Fontana

Corina Meyer

Izenburua:
Lucio Fontana
Egilea:
Corina Meyer
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta zientzia | Artea. Teoria | Eragin artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Argia
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Fontana, Lucio

Rosario, Argentina, 1899 – Varese, Italia, 1968

Tenpera txuria oihal gainean eta formatu bertikala: zentzu horretan, hemen aztertutako obra pintura bat da. Hala ere, gero Lucio Fontana-k berrogeita hamabi zulo egin zizkion. Obra piktoriko bati kolorea aplikatzen zaion bitartean, alegia, erantsi egiten zaio materiala, pieza honi, aitzitik, artistak substantzia kentzen dio1. Erabilitako tresnaren2 aipua egiten dute zuloek, eta tresnak, bere aldetik, Fontanaren jatorri artistikoak nabarmentzen ditu: hasieran, eskultore gisako prestakuntza jaso zuen aitaren estudioan. Tratamendu horren bitartez, absurdora murrizten du artistak irudi piktorikoa. Bi dimentsioko plano piktorikoa hiru dimentsioko irudiaren sakonera egokitzea gertatzen da ez bakarrik zuloen gunean oihala goratuz edo hondoratuz, areago, Fontanak, oihalaren atzean dagoen espazioa ere askatzean, “irudian sakonera jakin bat” sartzen du, beraz, pinturaren “perspektibaren3 ilusioaren ordez. Orduan, pintura gisa edo eskultura gisa interpretatu beharra dago objektua?

Neurri bateraino erregularrak diren tarteetan kokatuta ageri dira zuloak, eta eratzen dute, hala, forma eliptiko itxi bat, oihalaren gainaldean oso-osorik datzana. Giro espazialak (Ambienti spaziali) eratzen duten lan-sortaren atzealdean, non Fontanak argiarekin eta espazioarekin jokatzen baitu argi-gorputz eskegien laguntzaz, agerian gelditzen da Bernako Bildumako pieza honek duen izarren4 hurbiltasun ideala. Ez litzateke zaila oihalaren atzean argi-iturri bat imajinatzea, artistaren beste obra batzuetan ageri direnak bezalakoa5, eta horrekin zeruko gorputzen antzeko efektu bat lortuko litzateke.

Fisikaren eta Teknologiaren arotzat6 zeukan Fontanak bere garaia —izan ere, pieza hau sortu baino urte gutxi batzuk lehenago espazioko abenturak bere goren unea izan zuen, gizakia ilargira iritsi zenean—. Fontanari ez zitzaion bere obran figuratiboa zena interesatzen; haren ustez, esan zitekeen guztia esanda zegoen artean, eta, gerraondoaren garaian, “espiritu berri baten premiei”7 [erantzun] behar zien arte-forma berri bat sustatzeari eman zitzaion. 1946tik aurrera, beste artista batzuekin batera, hainbat manifestutan8 erreibindikatu zuen ezen arte berri horrek “naturatik [hartu behar] zituela bere elementuak. Existentziak, naturak eta materiak denboran eta espazioan hedatzen den batasun perfektu bat eratzen dute”9. Artista horien asmo gorena zen “gauzen funtsa inolako gehigarri motarik gabe errepresentatzea”10. “Manifesto tecnico dello spazialismo” haren 1951ko manifestuan, Fontanak zehazten zuen arteak hiru kategoria hartu behar zituela bere baitan: “Margoa, elementu espazial gisa, hotsa, denborazko elementu gisa, eta mugimendua, denboran eta espazioan garatzen dena: hiru horiek dira izatearen lau dimentsioak bere baitan hartzen dituen arte berriaren oinarrizko formak”11.

Manifestu horiek12 irakurtzean, halakoxe dogmatismo bat geratzen da begien bistan, era horretako testuek ezaugarri hori izaten dutenez. Egileek sutsu egin ohi diote aurre dotrina artistiko tradizionalari eta geldiari: artearen teoriako kontzeptuak erabiltzen dituzte, Leon Battista Alberti-rengandik hasi, tartean Giorgio Vasari, eta André Félibien-enganaino doazen artearen historiako idatzietatik hartuak. Marrazkia eta konposizioa egiten dituzte arte zurrun baten nagusitasunaren erantzule, eta argudiatzen dute ezen, historian zehar, kolorean kontzentratzeak dinamikoagoa bihurtu duela artea13. Hala eta guztiz ere, adierazgarria suertatzen da Fontanaren Bernako obrako zulo horiek marrazkiaren legeen araberakoak izatea gehienbat14. Horrek gogorarazten digu Roger de Piles-ek eta bere kideek 1700 inguruan Parisko Académie Royale de Peinture et de Sculpture-rekin izan zuten eztabaida, haiek ere kolorearen nagusitasunaren alde baitzeuden Akademiak ezarritako dotrina artistiko zurrunaren aurrean15.

Manifestu zuriaren egileentzat, pintura eta eskultura bezalako diziplina artistikoak bereizteak ere zama astuna suposatzen zuen: sintesi bat erdiestea zen haien helburu nagusia. Nahiz obra horretan Fontanak kolorea oso era murritzean erabili duen eta hotsik ere sortu ez duen, sinestesian aditua ez den behatzaile batentzat, Manifestuak eskatzen duen moduan, bateratu egin ditu, ordea, pinturaren eta eskulturaren genero klasikoak “keinu iraultzaile batekin”16. Horren ondorioz, Kontzeptu espaziala (Concetto spaziale) deitzen dio obrari— 1949tik aurrerako ia bere obra guztiei bezala—17.

Lucio Fontanak ez zuen oihalaren bere tratamendua eraso batekin identifikatu nahi —hala Taglietan, obra zartatuetan, nola Buchietan, zuloz zulatutako objektuetan, aipatzen ari garen hori bezalakoetan—18. Eta, hala ere, ebakidura horiek ez dirudite soilik “sorkuntza artistikoaren ekintzaren aztarnak”19, areago dira, aitzitik, dotrina zurrun baten aurkako borrokaren erretratu bat: obra horietan, Fontanak modu eredugarrian suntsitzen du pinturaren generoa eta artearen kontzeptu berri bat sartzen du haren ordez20.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Ikus horri buruz Krähenbühl 2011–12. [itzuli]
  2. Ikus Gottschaller, Pia, Lucio Fontana: The Artist’s Materials, Los Angeles, 2012, 21–33. or. [itzuli]
  3. Krähenbühl 2011–12. [itzuli]
  4. Adibidez, 51–52 A 1 zb. eta 56 A 2 obrak, hemen: Enrico Crispolti, Crispolti 2015en arabera. Ikus, baita ere, Pfeiffer, Anna, “Fontana 1946: Die wahre Eroberung des Raums”, hemen: Renn, Wendelin (ed.), Der unbekannte Fontana, erak. kat., Städtische Galerie Villingen-Schwenningen, 2003, 17. or. eta hurrengoak. [itzuli]
  5. Adibidez, 64 A 2, 67 A 2 eta 67 A 3 zb. obrak, hemen: Enrico Crispolti, Crispolti 2015en arabera. Ikus White, Anthony, Lucio Fontana: Between Utopia and Kitsch, Cambridge, 2011, 177–86. or.; eta, baita ere, Meneguzzo, Marco, “Sky in a Room”, hemen: Meneguzzo, Marco, Di Marino, Bruno eta La Porta, Andrea (ed.), Artisti nello spazio. Da Lucio Fontana a oggi: gli ambienti nell’arte italiana/Artists in Space. From Lucio Fontana to the Present: Environments in Italian Art, italierazko/ingelesezko testua, erak. kat., Complesso Monumentale del San Giovanni, Catanzaro, 2013, 25–31. or. [itzuli]
  6. Fontana, Lucio, Manifiesto Blanco, Buenos Aires, 1946, ed. alemanez: Weißes Manifest, hemen: Ballo, Guido, Lucio Fontana, Arianna Giachi-ren itzulpena, Kolonia, 1970, 185. or. [itzuli]
  7. Ibid., 186. or. [itzuli]
  8. Berak Buenos Airesen sortutako Accademia di Altamira-ko artista gazte batzuekin batera garatu zituen Lucio Fontanak Manifiesto blancorako ideiak. Gerora, Bernardo Arias-ek, Horacio Cazeneuve-k eta Marcos Fridman-ek idatzitako Manifiesto blancon gauzatu ziren ideia horiek. Pablo Arias, Rodolfo Burgos, Enrique Benito, César Bernal, Luis Coll, Alfredo Hausen eta Jorge Rocamonte izan ziren beste sinatzaileetako batzuk. Fontanak berak ez zuen sekula Manifestua sinatu; ikus, Messer, Thomas M., Lucio Fontana. Retrospektive, erak. kat., Schirn Kunsthalle, Frankfurt; Museum moderner Kunst Stiftung Ludwig, Viena, 1996, 19. or. [itzuli]
  9. Lucio Fontana, Guido Ballo-ren arabera aipatua, 7. oharraren arabera, 188. or. [itzuli]
  10. Ibid. [itzuli]
  11. Fontana, Lucio, Manifesto tecnico dello spazialismo, Milán, 1951, alemanezko ed.: Technisches Manifest des Spazialismo, hemen: Ibid., 230. or. Horri buruz, baita ere, Anna Pfeiffer, 5. oharraren arabera, 17–24. or. [itzuli]
  12. Fontanak sustatu eta haren obra markatu zuten manifestuetako batzuk 1935 eta 1952 bitartean sortu ziren, eta guztiak hemen berrinprimatuta daude: Fontana, Lucio, Manifesti scritti interviste, Angela Sanna (ed.), Milan, 2015, 9–34. or. [itzuli]
  13. Lucio Fontana, Guido Ballo-ren arabera aipatua, 7. oharraren arabera, 186. or. eta hur. [itzuli]
  14. Ikus Lüthy, Michael, “Subjekt und Medium in der Kunst der Moderne. Delacroix – Fontana – Nauman”, hemen: Zeitschrift für Ästhetik und Allgemeine Kunstwissenschaft 46/2, 2002, 239. or. [itzuli]
  15. Piles, Roger de, Cours de peinture par principes, Paris, 1708. [itzuli]
  16. Hirner, René, “Aktzeichnung oder Concetto spaziale? Über das Verhältnis von mimetischer und nicht-mimetischer Kunst in Fontanas Werk”, hemen: erak. kat., Villingen-Schwenningen, 5. oharraren arabera, 27. or. Fontanaren kontzeptu espazialaz eta haren Concetti Spazialiak haren obraren osotasunean egokitzeko duten eraz ere hitz egiten da hor. [itzuli]
  17. Bernako obraren jatorriaz, ikus Crispolti 2015, II. liburukia, 65 B 2 zb., bai eta Kunstmuseum Bern-en eta honako galeria hauen arteko gutun-trukea ere (ikus Kunstmuseum Bern-en Artxiboa, lan-dossierra): Marlborough Galleria d’Arte, Erroma (hark hartu zuen artistaren obra); Galleria Notizie, Turin; Acquavella Galleries, New York; bai eta Galerie Marika Malacorda, Geneva, zeinari obra erosi baitzitzaion. [itzuli]
  18. Krähenbühl 2011–12. [itzuli]
  19. Pfeiffer, Anna, “Fontana, Lucio”, entziklopediako artikulua, hemen: Allgemeines Künstlerlexikon, XLII. liburukia, 2004, 168. or. [itzuli]
  20. Ikus Lüthy, Michael, 15. oharraren arabera, 238–40. or.; Anthony White 2011, 6. oharraren arabera, 195–206. or.; eta, baita ere, Oettl, Barbara, Weiss in der Kunst des 20. Jahrhunderts. Studien zur Kulturgeschichte einer Farbe, Ratisbona, 2008, 199. or. eta hur. eta 207. [itzuli]