Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Meret Oppenheim

Petra Joos

Izenburua:
Meret Oppenheim
Egilea:
Petra Joos
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Generoa eta sexualitatea | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Feminismoa | Paris | Subkontzientzia | Ametsak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea | Surrealismoa
Aipatutako artistak:
Oppenheim, Meret | Picasso, Pablo

Berlin, 1913 – Basilea, Suitza, 1985

Askatasuna ez dute oparitzen, hartu egin behar izaten da. Meret Oppenheim

Meret Oppenheim XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetako bat da. 19 urterekin Parisera joan zen pintore izateko eta aztoratu egin zuen gizonezkoen mundua, Parisko giro artistikoa gizonentzat mugatua zegoenez, ez “bakarrik” surrealisten musa gisa, baita ere artista independente eta original gisa. Pertsonaia liluragarria izan zen, atzetik sakontasun handiko obra utzi zuen, eta gaztarotik jadanik mito bihurtu zen. Bere lanetan ageri-agerian jolasten da erotismoarekin eta sexualitatearekin, nahiz bere garaian gai hori salbuespen hutsa zen oraindik, eta aurreratu egin zitzaien, hala, feminismoaren geroztikako ordezkariei, ez bakarrik bere artean, baita bere bizitzan ere: “Ausartu ere egingo nintzateke esaten ezen, emakume gisa, norberak bere bizimoduan frogatu beharra daukala emakumea milurte askotan mendetasun egoeran edukitzeko baliatu izan diren tabuak ez direla jadanik baliagarriak”. Man Ray argazkilariak 1930eko hamarkadan biluzik egin zizkion erretratuek, Erotika lausotua (Érotique voilée), eskandalu handia eragin zuten: itxuraz baizik ez zen hura gizonezko fantasia bat, zeren eta Oppenheim dena izan zitekeen, emakumezkoen mendetasun-sinbolo bat izan ezik.

1936an Gosari ileztatua (Déjeuner en fourrure)1 sortu zuen, ilez estalitako bere katilu ospetsua, alegia, Surrealismoaren ikono bilakatu zena, eta haren atzetik etorri ziren kattagorri-itsasa zuen garagardo-pitxarra, erditik lotutako lokarridun zapata-parea eta azkazala gorriko larruzko eskularruak, piztia baten atzaparren antzekoak direnak eta, aldi berean, efektu guztiz erotikoa eragiten dutenak.

Subkontzientearenganako begiradak garrantzi handiko zeregina izan zuen Meret Oppenheimentzat, bere garaiko askorentzat bezala. Ezkutuan dirauenarentzat forma bisual bat emateko etengabeko bilaketan, artistak, bere buruaz seguru eta inkonformista, metodo artistiko gisa aurkezten du jolasa. Haren obran zirriborratuta daude jadanik gaur egungo artean komun bihurtu diren prozesuak, hala nola lan diziplinartekoa, gai eta forma aniztasuna eta teknika eta material aukera zabal baten erabilera. Haren produkzioa anitza eta guztiz independentea da, eta pintura, eskultura, poesia eta diseinua hartzen ditu barnean, eta uko egiten dio sailkapen estilistiko orori. Oppenheimen interesa sexuen, gizakiaren eta animaliaren, naturaren eta kulturaren, ametsaren eta errealitatearen arteko metamorfosian zentratzen da. Mitoak, jolasak eta ametsak ditu artistak abiapuntutzat C.G. Jung-en eredu literarioak eta idatziak bezainbat2.

1975ean, Meret Oppenheimek Basilea Hiriaren Arte-Saria hartu zuen. Lau urte lehenago sortua zuen Aurpegi bat hodei batean (Gesicht in Wolke) obra. Bere hitzaldian, bere uste tinkoak laburtu zituen: “Uste dut, beldur naiz, Lurreko herri guztiek gu orain gauden fase hau igaro behar dutela, bere materialismo bihozgabearekin, bere basakeriarekin, ondasun absurdoen gosearekin, gu orain esperimentatzen ari garen bezala, natura-zientzien emaitza liluragarrien albo-efektu bat bezala. Adimena, lanabes zehatz hori, garatu ahal izateko, geroratu egin behar izan dira beste nolakotasun batzuk. Baina iruditzen zait iritsi garela puntu batera, non nolakotasun horien falta modu lazgarrian sumatzen baita. Aipatzen ari naizen nolakotasunak sentimendua, sena eta jakinduria deitzen dira”3.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. “Behin, Café de Flore-n, nire adiskide Dora Maar-ekin eta Picasso-rekin topo egin nuen, eta larruzko nire eskumuturrekoa erakutsi nien. Barre egin genuen, eta dena larruz estal daitekeela esan genion elkarri. Nik esan nien: ‘Kikara hori, edo plater hori, adibidez’. Handik gutxira, Breton-ekin topo egin nuen Saint-Germainen eta objektu-erakusketa batez hitz egin zidan; zerbait sortzeko eskatu zidan. Kirara eta plater larruz estaliaren ideiaz oroitu nintzen [...] Dibertitu egiten ninduen portzelanaren eta larruaren arteko kontrasteak, bai eta metalaren eta eskumuturrekoaren larruaren artekoak”. Meret Oppenheim, erak. kat., Musée d’art moderne de la ville de Paris, 1984/10/27/–/12/10, 16. or. [itzuli]
  2. “14 urte nituenez gero, apuntatu egiten nituen nire ametsak. Hala ere, ez nuen askoz beranduago arte ikasi haiek aztertzen. Ametsek pertsona bat zein puntutan dagoen adierazten dute, eta gidaritzat balio zaizkio”. Ibid., 17. or. [itzuli]
  3. Ibid., 33. or. [itzuli]