Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

James Lee Byars

Susanne Friedli

Izenburua:
James Lee Byars
Egilea:
Susanne Friedli
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta filosofia | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Materiala | Oreka | Erakusketak | Dualtasuna
Artelan motak:
Eskultura | Performance
Aipatutako artistak:
Byars, James Lee

Harri filosofalak (The Philosophical Stones, 1975) eskulturak egurrezko bi idulki estu ditu, eta haietariko bakoitzak hareharrizko esfera banari eusten dio. Bi esferak kolore desberdineko harriz eginda daude, eta erdialdean badute zulo bat zeharkatu egiten dituena, urrez estalia.

Zutoinarri eta idulki soilak ez dira bakanak Byarsen obran. Hareharrizko bi esferak oreka ezegonkorrez pausatuta daude idulki estuen gainean. Behatzaileak ia begien mailan aurkitzen ditu idulkiok, eta, neurri batean, urrez estalitako bi zuloek ere begiak balira bezala begiratzen diote behatzaileari. Badirudi Harri filosofalak eskulturak ihes egiten diola irakurketa formalki minimalista bati eta are “erretratu”aren generokoa balitz bezala aurkezten du ikuslearen aurrean bere burua, nahiz obraren tituluak baldintzatzen duen, neurri handi batean, haren interpretazioa, ingelesez filosofo gailenen goraipamenezko monumentuekiko loturak gogoraraz baititzake.

Esferaren (edo zirkuluaren) forma geometriko elementala eta urrea eta hareharria bezalako materialen erabilera dira Byarsen obraren ezaugarriak, bere lana beti definitzen duen perfekzio formala iristeko lehiatzen den artista izanik. Zirkulua eta esfera harmoniaren eta perfekzioaren bere ideiaren adierazpena dira, eta Byarsek behatzailearekin partekatu nahi ditu kontzeptuok.

Material baliotsuek ere izugarri erakartzen dute artista: bere produkzio artistikoaren hasieran, adibidez, japoniar tina-paperak, zeta-paperak edo ehun bereziek seduzituta zegoen Byar, eta 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera zabaldu egin zuen bere langaien aukera, eta beiran eta harri berezietan interesatzen hasi zen, hala nola Tasosko marmolean edo Bernako hareharrian, Byarsek Bernan egin zituen bere egonaldi ugarietako batean ezagutua izango baitzuen, ziurrenik. 1969an bisitatu zuen artistak lehen aldiz hiri federala, Kunsthalle-n egin zen Harald Szeemann-en When Attitudes Become Form erakusketa gogoangarriaren karietara. Garai hartan ekintza iragankorrekin eta performancearekin oso konprometituta bazegoen ere oraindik, hurrengo urteetan haren hiztegi artistikoa materialagoa egiten da, fisikotasun handiagoa hartzen du. 1978an Kunsthalle Bern-en bertan bakarkako erakusketa bat antolatzera gonbidatu zuten, eta han erakutsiko zituen, beste obra batzuen artean, Bernako hareharriz eginiko tamaina handiko lau pieza.

Ondo gauza jakina da Byars asiar dotrinen eta alkimiaren jarraitzailea zela. Testuinguru horretan, ez da harritzekoa ezaugarri nagusitzat hain zuzen ere gogortasuna baina baita ere hauskortasuna duen material batean interesatua egotea, hareharria harea-ale txiki-txikitan desegin daitekeenez. Harri filosofalak obran agerian jartzen da, berriz ere, Byarsen bilaketa, betierekoa dena eta iragankorra dena, ikusgai dagoena eta ikusezina dena errepresentatu ahal izateko eran.