Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Carlos Bunga

Susanne Friedli

Izenburua:
Carlos Bunga
Egilea:
Susanne Friedli
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Gogoeta
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala | Konstruktibismoa
Teknikak:
Collage | Marrazkia
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa | Performance | Pintura
Aipatutako artistak:
Bunga, Carlos | Fontana, Lucio | Graubner, Gotthard | Mosset, Olivier

Oporto, Portugal, 1976

Carlos Bunga-ren obra artistikoaren erdian espazio urbanoaren, arkitekturaren eta gure gizartean etengabe aldatzen ari diren bizi-baldintzen kezka dago. Pinturatik abiaturik, collagearekin, marrazkiarekin eta performancearekin zabaltzen du Bungak bere jarduera artistikoa, harik eta eskulturara eta instalaziora iritsi arte. Bungaren obran, kartoiak funtsezko zeregina du eta bihurtzen da ez bakarrik elementu arkitektoniko espazioan, haren pinturaren euskarri fisiko ere bai. Artistak berak dioenez: “Kartoia objektu industrial bat da, kontsumo-gizarte baten, masa-kulturaren, emigrazio-joeren, hizkuntza eta pertzepzio anitzen produktua”1.

Eraikuntza piktorikoa #11k (2016) sailarekin, Bunga Konstruktibismoaren tradizioan kokatzen da, zentzu honetan, alegia, ikuspegi formal batetik oinarrizko egitura nabarmen geometrikoa erabili izanean. Euskarriek enbalaje-materialak gogorarazten dituzte; adibidez, kartoizko kutxa baten hondoa edo tapa. Askotan, Bungak egitura geometriko gehigarri bat sartzen du “espazioak” kartoizko eskuairekin ordezkatzean, eta horrek areago nabarmentzen du espazio arkitektoniko baten ideiak duen eredutasuna. Maketan edo eredu arkitektonikoan ez bezala, Bunga ez da saiatzen bere sormen-prozesuaren aztarnak ezabatzen: kolaren eta pintura industrialaren aztarnak nahasi egiten dira osotasun bat eratzeko, zeinaren izatea gehienbat keinu nabarmen eta batzuetan ia adierazgarri, horien mende baitago. Eta, azken batean, pintura-aztarnen atzean ageri diren etiketa autoitsaskorrek kartoiaren iraganeko erabilerak dakartzate gogora. Erabilitako materialek eta koloreek, bere gordintasunean eta berehalakotasunean, giro trinko eta sentsual bat ematen badiote ere obrari, forma soilek, motibo geometrikodunek, keinu arkaikoetan pentsarazten digute.

Carlos Bungaren obrarekin, Rupf Fundazioak gaur egungo erosketa batekin zabaltzen ditu pintura kontzeptualeko eta “monokromo”ko bere funtsak. Kontzeptu espaziala (Concetto Spaziale, 1965), Lucio Fontana-rena; Kolore gorriko espazio-gorputza (Farbraumkörper Rot, 1979/83), Gotthard Graubner-ena; eta Farmazia (Pharmacy, 1988), Olivier Mosset-ena, atzealdetzat harturik, Bungaren obra espazio piktoriko hedatu gisa agertzen zaigu, halaber. Haren pintura ez da gainaldera bakarrik mugatzen, aitzitik, kolore-espazio bilakatzen da, kontu sozial eta kolektiboei buruz aldi berean gogoeta egiten duena. “Kartoia erabiltzen dut, baina ez dut kartoiaz hitz egiten. Mintzairei heltzeko eta espazioa/denbora edo erreala/irreala erreferenteak oinarritzat dituzten gogoetak planteatzeko baliabide gisa funtzionatzen du kartoiak”2, dio artistak.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Carlos Bungarekiko elkarrizketa, hemen: Carlos Bunga, A temporalidade do espaço, erak. kat., Espaco Avenida, Lisboa, 2010, 118. or. [itzuli]
  2. Ibid., 118. or. [itzuli]