Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Gotthard Graubner

Petra Joos

Izenburua:
Gotthard Graubner
Egilea:
Petra Joos
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta pertzepzioa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Espiritualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Graubner, Gotthard

Erlbach, Alemania, 1930 – Neuss, Alemania, 2013

Gotthard Graubner 1930ean jaio zen, Erlbach-en, Vogtland-eko eskualde alemanean, eta XX. mendeko pintorerik garrantzitsuenetako bat izan zen. Berlingo (1947–48), Dresdeko (1948–51) eta Düsseldorfeko (1954–59) Arte Ederren akademietan egin zituen ikasketak, eta 1969tik aurrera katedra bat izan zuen Hanburgoko Arte Plastikoen Goi Mailako Eskolan eta, 1976tik 1996ra, Pintura Libreko katedraduna izan zen Düsseldorfeko Arte Ederren Estatu Akademian. Haren koadroak 1968ko eta 1977ko Kasselgo Dokumentan ikusgai egon ziren, eta, baita ere, 1982ko Veneziako Bienalean. Museum Insel Hombroich inguruan zeukan etxe-estudioan bizi eta lan egin zuen hil arte1. Haren obra zabalak gai bakar bat du ardatz, eta organismo piktoriko beti berrien bitartez heltzen dio: kolorea esploratzen eta erakusten du, argi eta iluntasun unibertso bat, tonua, asetasun-mailak, degradatuak, lainoak, trantsizioak eta zehaztasunak. Haren ibilbidean zehar, hainbat teknika probatzen eta pinturaren sekretuak behin eta berriz berraurkitzen ahalegindu zen.

1962an pintura abstraktuak sortzen hasi zen. Bi dimentsiotako oihala bastidorean jarrita kotoi sintetikozko geruza lodi baten gainean, “kuxin-koadro” (Kissenbilder) bataiatu zituen objektuak sortzea lortu zuen, eta 1968 eta 1972 bitartean “laino-espazioak” (Nebelräume) deriztenak ekoitzi zituen. 1970etik aurrera, “koloretako gorputz-espazioak” (Farbraumkörper) edo baita ere “koloretako gorputzak” (Farbleiber) deitu zien Graubnerrek bere obrei. Graubnerrek kolore edo berniz geruza asko ezartzen ditu, eta, beraz, euskarriaren xurgatze-ahalmena ezinbestekoa da eta bere pintatzeko modua erabakigarria suertatzen da, era askotara, azken efektua lortzeko.

“Berez, nire koadroak arnastu egin behar lirakete, zeren eta espazio bat baita ni sortzen saiatzen ari naizena [...] Baina gehienak ezer ez zeukaten koadroak ziren, lehen existitzen ez zen zerbait [...] Abstrakzioa zerbait miragarria da beti, hitzez adieraz ezin daitekeen nolakotasun espiritual bat baitauka”2.

Graubnerren pinturei bakea eta indarra darie aldi berean, izan “kuxin-koadroak”, “koloretako gorputz espazioak” edo “koloretako gorputzak”: “Nire koadroak ikusteko, arnastu egin behar dira bolada batean, haiek asimilatu ahal izateko. Koadroak paretari eutsi behar dio, eta ez paretak koadroari. Pinturek elkar argitzen dute eta berriketan aritzen dira beren artean, eta horrek darama behatzailea pertzepzio oso sakon batera, miragarri bisualak esperimentatzera”.

Graubner berehala urrundu zen oihal gaineko pintura tradizionaletik eta objektu izaera eman zien bere obra piktorikoei. Hirurogeiko hamarkadan dagoeneko, esango zuen koloretik sortzen zirela ez bakarrik koadroak, sortzen zirela, baita ere, organismo piktoriko argitsuak, pilpiratsuak, biziak beti. “Kolorea= organismoan gauzatzea= pintura”. Ekuazio horretara murriztu zuen pintoreak bere bizitzako gai multzoa 1970ean jadanik, eta bilaketa horretan iraun zuen hain intentsitate eta jarraikitasun handiz nola zehaztasunez. Hori dela eta, hau idatzi zuen 1967an: “Nire koadroak ispilu bat dira argiarentzat, iturri eta iragazi dira, tranpolin bat argiarentzat, argia koadroen azal leun-leunean islatzen baita, haren azpian sartzen, koloreak esnatzen ditu, haiez asetzen da, espazio hutsak betetzen ditu, eta uzten dio koloreen pultsuari azala zeharkatzen eta kanpora ateratzen”.

Esponjen, arrabolen eta kuxinen laguntzaz, tratatzen zuen Graubnerrek kotoi sintetikoaren gainean hedatutako bere euskarri piktorikoen gainaldea. Prozesu bati jarraituz pintatzen zuen, baina aldez aurretik ezarritako norabiderik gabe. Bere obrak sortzeko jarraitzen zuen bide zailaren lekukotasuna ematen dute Graubnerren estudioko argazki batzuek. Geruzaz geruza aplikatzen zuen margoa, batzuetan geruza lodi eta trinkoetan, eta, beste batzuetan, ukitu arin batzuekin besterik ez. “Koloretako gorputz-espazioak”, bere tonalitate gorriaz eta arrosaz distiratsu, behatzailea erakartzen du eta harengana irteten da bere bolumenari esker, espazioan gailentzen baita. Biribilgune leunak, argitara argiagoak eta itzaltsuak, berriz, haren aurkako alboetan, flotatzen daudela dirudi. Gainaldean mugimenduak sumatzen dira, kolore-uholdeak isurtzen dira. Baldin eta behatzailea kokagunez aldatzen bada, aldatu egiten da koadroaren itxura ere.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Karl-Heinrich Müller-ek (1936–2007), etxebizitza-saltzaile eta arte-bildumagile alemanak, Museum Insel Hombroich-en, Misil-Estazioaren eta Kirkeby Eremuaren sortzailea eta, baita ere, erosketen arduraduna denez, sortu zuen, Düsseldorfeko aldirietan, Erwin Heerich eta Gotthard Graubner bere adiskideekin batera, besteak beste, artelan erabateko eta errepikaezin bat, “naturaren paraleloa den artea”ren kontzeptuari jarraitzen diona, laurogeiko hamarkadan izugarri iraultzailea zen zerbait, alegia. Espazioa eman nahi zien hala animaliei nola gizakiei, eta horri buruz hau idatziko zuen:

Uhartea jatorrizko emakume bat da.
Argi egiten du, elkartu, bermatu, zerbitzatu eta askatu.
Ez da Betebeharra, Boterea baizik.
Ez da gauza bat ala bestea, bai gauza bat eta bai bestea baizik.
Adoretu egiten du norbera nork bere buruari egunero aurre egitera.
Ez da antolamenduzko, polemikazko, metatzezko, boterezko eta frogazko lurralde maskulino bat. [itzuli]

  1. 2010ean artistak bere estudiora bisita egiten utzi zion Tilman Urbach filmegileari. Ordurako, pintoreak laurogeitik gora urte zituen, eta filmean bere motibazio artistikoez mintzo da, baina, baita ere, bere bizitza osoan zehar lagun izan zituen zalantzez eta erresistentziez. Gotthard Graubner-Farb-Raum-Körper dokumentala 2015eko irailaren 3an estreinatu zen zine alemanetan. [itzuli]