Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Enrico Castellani

Petra Joos

Izenburua:
Enrico Castellani
Egilea:
Petra Joos
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Argia | Erritmoa | Gainazala | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Proportzioa | Erakusketak | Arte-galeriak | Espiritualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Minimalismoa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Castellani, Enrico | Fontana, Lucio | Manzoni, Piero

Castelmassa, Italia, 1930

Gainazala topaketa amaigabeen, itxaropen desesperatuen, neurketa tautologikoen, estualdi existentzialen eta zehaztapen utopikoen lekua da. Enrico Castellani

1959an Enrico Castellani-k, Piero Manzoni-rekin batera, Azimut galeria eta izen bereko Azimuth aldizkaria sortu zuen. Zero eta Joera Berriak nazioarteko mugimenduetan koka zitezkeen artista italiar, aleman eta frantsesen hamabi erakusketako ziklo bat antolatu zuten Castellanik eta Manzonik, Lucio Fontana1 haien spiritus rector-ekin eta Dadamaino artista gaztearekin elkarlan adiskidetsuan, harik eta 1960ko uztailean galeria itxi zuten arte. Gertaera horrek eta Azimuth aldizkaria bi ediziotan argitaratu izanak 1960 inguruan italiar eta europar artean eredua ezarriko zuten abangoardiako joeren gune nagusi bihurtu zuten Milan. Sortzez espirituala eta analitikoa zen “artelan ireki” (Umberto Eco) baterantzako bide berriak zabaldu zituen arte baten sorburua izan ziren galeria eta aldizkaria.

Germano Celant-ek Minimalismoaren aitzindaritzat definitu zuen Castellani, eta gerraondoko garaiko pertsonaia artistikorik berritzaileenetakotzat jotzen da, hizkuntza formal bakar, logiko eta ezagut daitekeen baten sortzailea denez. 1959an egin zuen bere lehen bakarkako erakusketa Lausanako Galerie Kasper-en, 1964an Veneziako Bienalean parte hartzera gonbidatu zuten, eta, 1968an, berriz, Documenta IVn. Lucio Fontanaren eta arte objektualaren gainerako ordezkarien antzera, pintura eta haren irudi tradizionalki iruzurtiak gainditzeko borrokatzen da Castellani: objektu “autoerreferentzialak”, bere horretan “esanahi”2 bat dutenak, sortzera bideratuta daude haren ahaleginak. Arteak imitatu behar ez duelako ideia dago erdian. Argia, itzala eta egitura koadroaren barnean daude. Horretarako, iltze-pistola baten bitartez tratatzen ditu Castellanik oihalak —txuriak dira gehienak, monokromoak— eta haren gainazal “osoan zehar” uniformeki hedatzen ditu. Zenbakizko proportzio soil batzuek gidatzen dute gainaldean zeharreko erliebeen eta sakonuneen banaketa; bi iltze-ilarek sortzen dute banaketa hori, batek aurretik ekiten dio eta besteak, berriz, atzetik, indar berarekin3. Artistak eginahalez ekin zion bere ikerketa propioari eta iraultzaileari, keinu bera behin eta berriz, pazientzia handiz, etengabe errepikatzean oinarriturik, beti berdin irauten duen arren guztiz ere berria suertatzen den keinuan, alegia. 1959tik aurrera, Castellanik uko egin zien bere ikerketa informalei eta oihalaren oinarria deformatzen hasi zen hura espazioarekin erlazioan jartzeko eta extroflexioaren teknikaren bidez hura hautemangarri bihurtzeko, eta, izan ere, inolako aldaketarik gabe erabiliko zuen aurrerantzean teknika hori.

Barne-erritmoa aldatu egiten da iltzeen eraginez, leku hutsen eta beteen, argiaren eta itzalaren, txandakatze bat sortzen baitute, indar kontrajarrien oreka perfektu batez. Obra honek, bere tipologiatik berezia eta bitxia denez, aditzera ematen du Castellanik pinturak berezkoak dituen bitarteko tradizionalak —hau da, konposizioa eta kolorea— erabiltzeari uko egiteko duen asmoa. Mintzaira formal minimalista eta emozioz betearekin, artistak ezabatu egiten du erreferentzia deskriptibo eta sentimental oro, eta, era horretara, objektuaren erabateko despertsonalizazioa iristen du, non ez baita beste ezer geratzen interpretatzeko, edo, bestela esanda, ikusteko, benetan den hura ez bada.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Adierazgarria suertatzen da ezen lehen aleko editoriala “Beyond painting” (Pinturatik harago) Fontanari eskainia egotea: “Berritzailea zen, hori denok ulertu genuen, eta ez bakarrik Milanen”. [itzuli]
  2. “Konposizio-irizpide posible bakarra oinarrizko entitate bat edukitzearena da, hau da, lerro bat, mugagabeki errepika daitekeen erritmo bat, gainalde monokromatiko bat, zeina beharrezkoa suertatzen baita obrari berari infinituaren zehaztasuna emateko, denboraren jokabidearen mendean jar baitaiteke, hura denez imajina daitekeen dimentsio bakarra [...] Ni perimetrotik hasten naiz beti, eta han sortzen ditut abiapuntua osatzen duten zatiketa aritmetikoak [...], gainaldearen barruan gertatzen dena aleatorioa da [...] eta perimetroan nik aldez aurretik prestatu dudanak kontrolatzen du aleatoriotasuna [...], kausalitatea progresio aritmetikoz sortzen da”. [itzuli]
  3. Kontrako poloetan lan eginez, infinitu bide erritmiko posibleei esker, gainaldea nekaezinik aldakor bihurtzen da. “Azken batean, norberak koadro bera margotzen du beti”, aitortuko zion, harro, artistak Carla Lonzi-ri 1969an. [itzuli]