Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Donald Judd

Petra Joos

Izenburua:
Donald Judd
Egilea:
Petra Joos
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta industria | Artea eta espazioa | Ibilbide artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Materiala | AEB
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Minimalismoa
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Judd, Donald

Excelsior Springs, Misuri, Estatu Batuak, 1928 – New York, Estatu Batuak, 1994

Don Judd koloristarentzat1

Donald Judd estatubatuar artista Sol LeWitt-ekin, Dan Flavin-ekin, Robert Morris-ekin eta Carl Andre-rekin batera, estatubatuar Minimalismoarekin ordezkaririk aipagarrienetakotzat jotzen da. Produkzio industrialeko materialen erabilera, oinarrizko formetara murriztutako hiztegi formal bat eta banakako elementuen banaketa sekuentzial bat dira haren proposamen artistikoaren funtsezko ezaugarriak. Haren jardun artistiko-arkitektonikoaz gainera, idatzi teoriko eta kritiko asko argitaratu zituen. Artearen teoriari buruzko haren artikuluek, hala nola “Specific Objects” (1965), izugarrizko garrantzia izan zuten.

Artearen munduan, pinturan egin zituen Juddek hastapenak; hala ere, Judden iritzian, baliabide horrek agortuak zituen, azken batean, bere posibilitateak Mark Rothko-ren, Barnett Newman-en eta Jackson Pollock-en koadroekin. Uste osoa zuen ezen espazioan gerta zitekeela kolorearen eboluzio bat, halako moduan non, 1960ko hamarkadan, pintura ilusionista utzi, eta eskultura autonomoak garatzera eman baitzitzaion.

Kolorea zen bere artearen osagai nagusietako bat, materialen eta espazioaren maila berean. 1962tik 1993ra bitartean egindako obra-multzo batzuek garbi uzten dute Judd buru-belarri aritu zela kolorea esploratzen. Haren eskulturetan, garrantzi handi-handikoa iruditzen zitzaion koloreak zehaztasun geometrikoa nabarmentzeko balio izatea eta materialari zuzenean atxikitako ezaugarritzat agertzea. Une hartatik aurrera, aluminioz, kobrez, corten altzairuz edo plexiglasez sortzen ditu bere eskulturak, eta termolakatua, galbanizatua, esmaltatua edo anodizatua bezalako prozesuen bitartez ematen dio kolorea euskarriari.

1980ko hamarkadan Kutxak (Boxes) saila ekoitzi zuen, elkarri torloju bidez lotutako kolore anitzeko aluminiozko elementuekin eta zuzenean paretean edo zoru gainean, idulkirik gabe, ezarritako elementuekin.

Gainjartzeez, justaposizioaz eta tarte erregularretako segidez baliatuz kokatzen zituen bere erakusketetan Juddek elementuak. Ikuspegi artistikotik, Judd espazioak definitzeari eman zitzaion, eta formatu handian, txikian eta kutxa modukoan tankeratu zituen espazioak. Horretarako, printzipio arkitektoniko baten arabera aritzen zen, alegia, aurrenik zirriborro eskematiko bat prestatuz eta, gero, eraikuntzaren plano bat eta lantegiko marrazki bat eginez.

Titulurik gabea, 85–065. zb. (Untitled, Nr. 85–065, 1985) aluminiozko eskultura abstraktu bat da, paretean montatua. Kolore biziko moduluz osatutako obra sail baten barne dago, Juddek 1983tik 1990rako tartean egindakoa. Modulu guztiek altuera, sakonera eta zabalera bera dute, eta haietan kolore-konbinazio “harmoniatsu” edo “disonanteak” bereziki saihesten saiatu zen Judd. Artistak hau esan zuen horretaz: “Kolore guztiek aldi berean presente egotea nahi nuen. Ez nituen haiek konbinatu nahi. Sekula lehenago ikusi ez nuen aldibereko ugaritasun bat nahi nuen”2.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. 1987an, Dan Flavinek Titulurik gabea (Don Judd, koloristarentzat) 1–5 [Untitled (to Don Judd, colorist) 1–5] obra eskaini zion bere adiskide artistari. Hodi fluoreszenteak eta metala, 1.220 x 1.220 mm. Bilduma: ARTIST ROOMS. Tate eta National Galleries of Scotland. Artist Rooms Fundazioaren mailegua, 2013. Epe luzerako mailegua. [itzuli]
  2. “I wanted all of the colours to be present at once. I didn’t want them to combine. I wanted multiplicity all at once that I had not known before”. Horrela adierazi zuen Juddek “Margoaren esanahia”ri buruzko bere saiakeran, erak. kat., Sprengel Museum Hannover, Kunsthaus Bregenz, 2000, 114. or. [itzuli]