Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Henri Laurens

Corina Meyer

Izenburua:
Henri Laurens
Egilea:
Corina Meyer
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Bildumagintza | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Forma | Materiala | Perspektiba | Tamaina | Arte-galeriak | Paris | Daniel-Henry Kahnweiler | Hermann Rupf | Margrit Rupf
Mugimendu artistikoak:
Kubismoa
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Braque, Georges | Gris, Juan | Laurens, Henri | Slotawa, Florian

Paris, 1885 – Paris, 1954

Henri Laurens eskultorearen lau obra hauek hamarkada batean egin ziren: Boxeolari-burua (Tête de boxeur, 1920), Emakumea belarritakoekin (Femme aux boucles d’oreilles, 1921), Emakumea etzanda (Femme couchée, 1921) eta Biluzia belauniko [Nu agenouillé, 1929, Florian Slotawa-ren Bernako idulkiak (Berner Sockel) instalazioaren barne dagoena, 2010]. Lau pieza horien aukeraketak Laurensen obra eskultorikoaren eboluzioaren zati bat erakusten du: bere hasiera kubisten ondoren, artista tamaina handiko formak lantzen hasi zen eta emakumezko figuraren gaia hartu zuen ardatz gisa1.

Hemen aztertzen diren obretatik zaharrenak, Boxeolari-buruak, agerian jartzen du nola ekiten zion Laurensek errepresentazio-forma berri baten eskakizun kubistari: erreprodukzio anatomikotik eta perspektiba zentraletik urrun, Laurensek hainbat forma estereometrikotan deskonposatzen du boxeolari baten burua eta berriz berrosatzen ditu elementuak, espazioa erantsiz2. Bi soslaiak ezin dira desberdinagoak izan: ezkerrekoak, lauak, eskuinekoa du alboan, puztua eta harrian zizelkatua, “kartoi ondulatua” imitatuz; elementu bat estu sartua duen ertz batek bereizten ditu biak, elementu horrek, behartu samar sartuta, sudurra itxuratzen duelarik. Ilearen sorburua, bekainak, ezkerreko begia eta ahoa zizelaz irarrita daude; eskuineko belarria, forma konikoa duena, ilaje ondulatuaren aurreko aldearen gainean dago, eta behatzailearen aldetik, berriz, leunagoa da ilea. Lepoak —kono baten segmentua— eta sorbaldak —poliedro bat— egonkortasuna ematen diote eskulturari. Laurensek maisutasunez jokatzen du bolumenekin; berez, forma bakarra da, baina hainbat elementuz osatua dagoela dirudi, eta elementuok, berriz, hainbat partez eratuta egotearen irudipena sortzen dute.

Buru bat bolumen multzo batera artistikoki aldatzea sinplifikazio bat da, ustez; baina, izan ere, bi dimentsiotako plano sail bat perspektiba zeiharrekin espazioan orekatzeak, alegia, aldi bereko proiekzioak egiteak, gehiegi korapilatzen zuen errepresentazioa3, eta horrek sormen lan bat eskatzen zuen, ez bakarrik artistaren aldetik, baita behatzailearen aldetik ere.

Ez dauden elementuak, “espazio hutsak” deitzen zaienak, irudimenez osatu behar dira, eta gorputz osoa bezain garrantzitsuak ziren Laurensentzat4.

Perspektiba multiplea, Kubismoan funtsezkoa baita, nabarmen agertzen da Emakume bat belarritakoekin obran, zeina baita harriz landutako emakume buru bat. Nahiz lehen begiratuan hiru laurdeneko soslai bat dirudien, boxeolariarekin gertatzen den bezala, buruaren zati desberdinak ikuspegi desberdinetatik irudikatuak daude. Aurpegia hiru laurdeneko soslai batean aurkezten da; sorbalda, bularraldea eta bularra, berriz, kontrako erdisoslaian; belarritakoek, berriz, aurreko perspektiba bat hartzen dute.

Nahiz emakume-burua modu abstraktu batean zizelkatuta dagoen, eta nahiz hala ere “irakurgarria” den, boxeolariarengan begien bistakoagoa suertatzen da artistaren ikuspegi analitikoa. Arte kubistak modu bisual batean esploratzen du mundua, eta ratioak5 baldintzatuta dago. Ez du inolako bat-batekotasunik irudikatzen, aitzitik, haren esplorazioa perspektiba anitzen bitartez egiten da, transposizio plastiko baten bitartez formak itxuratuz, hura deseginez eta gerora berreraikiz; alegia, ikuspegi kontzeptual bat du6. Formen kontrajartze baten gisara ulertzen zuen Laurensek bere figuren egonkortasuna, eta axaleko planoen bitartez kontrolatzen zituen argi-efektuak7. Artistak materialarekin jokatzen du, eta harriaren porositatearekin hausten du emakumearen buruaren gainalde lauen efektua.

Kontrasteak konposizio-elementu bat dira, eta aise sumatzen ditugu berriz urte horretan bertan egindako beste obra batean, Emakume etzana: kasu honetan, artistak brontzearekin lan egin zuen, bere distirari esker leuntasun-sentipena indartzen baitu material horrek. Gainalde sabeldun eta ertz makurren bitartez hausten du eskultoreak efektu hori. Sabel handituari artistak soinaren goialdeko lerro esajeratuegi zuzenak kontrajartzen dizkio.

Boxeolaria Laurensen etapa kubistako bigarren multzokoa baldin bada ere8, laugarren piezan, Biluzia belauniko, gradu bat gehiago sumatzen da Laurensen produkzio artistikoaren eboluzioan. Besoak buru gainean elkarri lotuta dituela eta ezkerreko hanka altxatuta, eskuinean eserita ageri da figura. Hemen, artistak ez du jadanik poliedro mihiztatuekin lan egiten, tamaina handiko forma konikoekin baizik. Xehetasunei uko eginik eta perspektiba bakarrean kontzentratu izanari esker, figura argi eta murriztu bat da hau, Boxeolari-burua egin eta handik bederatzi urtera egina. Elementu formalek topo egiten dutenean bakarrik hartzen dute ertzek forma ahur bat.

1950eko hamarraldian, Rupf senar-emazteeek beren etxean konbinatu zuten eskultura handi-handi hau Georges Braque-ren eta Juan Gris-en aldez aurreko pintura kubistekin9. Hurbiltasun estilistikoa gorabehera, kontrasteak bataren zein bestearen inpaktua indar lezake.

Rupfek Parisen erosi zituen lau eskulturak, Daniel-Henry Kahnweilerren Galerie Simon-en bitartez10. Arte-salerosleak artistak kontratatu zituen, eta haiek, urteko soldata baten truk, berarentzat esklusiboki ekoizten zuten11. Hala, 1920tik 1923ra bitartean, Henri Laurensek obra-sail bat sortu zuen Kahnweilerrentzat12. Aztertu ditugun lehen hiru eskulturak horrela sortu ziren, eta, sortu eta handik gutxira, Rupftarren Bildumara igaro ziren. Balio artistikoa oraindik batere definitua ez zeukaten obratan senar-emazte bildumagileek goiz inbertitu izanak lagundu egin zien Henri Laurens bezalako artistei “ezarritako kanon artistikorantzako bidea” prestatzen13.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Hofmann, Werner, “Einleitung”, hemen: Henri Laurens. Das plastische Werk, Stuttgart, 1970, 7−48. or., hemen: 8. Monod-Fontaine, Isabelle, “Laurens‘ Kubismus”, hemen: Henri Laurens 1885–1954, Sandor Kuthy (ed.), erak. kat., Kunstmuseum Bern, 30/8–27/10/1985, Office du Livre, Friburgo, 1985, 40−53. or., hemen: 52. [itzuli]
  2. Ikus Kunstmuseum Bern (ed.), Hermann und Margrit Rupf-Stiftung, erak. kat., ed.: Eva Stahn, Katalin von Walterskirchen, Sandor Kuthy, Hans Christoph von Tavel, Hugo Wagner, Eicher & Co., Berna, 1969, katalogo zb. 77. Ikus Holsten, Siegmar, “Zerlegende Blicke”, hemen: Holsten, Siegmar, (ed.), Von Rodin bis Giacometti. Plastik der Moderne, erak. kat., Staatliche Kunsthalle Karlsruhe, 2009, 193. or. [itzuli]
  3. Ikus Green, Christopher, “Cubism”, hemen: The Dictionary of Art, Jane Turner (ed.), 34 liburuki, Macmillan [eta beste batzuk], Londres, 1996, hemen: 8. liburukia, 239–47. or., hemen: 241. [itzuli]
  4. “Henri Laurens: eine Erklärung”, Taillandiert, Y.k bildua, hemen: Amis de l’Art, 26/6/1951, 1. zb., orrialderik gabea, hemen: Edizioni Galleria Pieter Coray (ed.), Henri Laurens, 16. zb., Lugano, 1982, orrialderik gabea. Horri dagokionez, baita ere Kahnweiler, Daniel-Henry, “Erinnerungen an Henri Laurens”, hemen: Henri Laurens – Das plastische Werk, Stuttgart, 1970, 49–51. or., hemen: 51. [itzuli]
  5. Green, 1996, 8. liburukia, 239–47. or., hemen: 241. [itzuli]
  6. Green, 1996, 8. liburukia, 239–47. or., hemen: 241. [itzuli]
  7. Laurens, Henri, hemen: Valori Plastici 2/I, 1919ko otsaila/martxoa, 3. or., Trier, Eduard-ek aipatua, “Beobachtungen und Gedanken zu Henri Laurens”, hemen: Henri Laurens (1885–1954). Skulpturen, Collagen, Zeichnungen, Aquarelle, Druckgraphik, kat. funtsak eta erak. Sprengel-Museum Hannover, 1985, 9−13. or., hemen: 11; eta ikus Nobis, Beatrix, “Guitarre”, hemen: Henri Laurens (1885–1954). Skulpturen, Collagen, Zeichnungen, Aquarelle, Druckgraphik, funtsen eta erakusketako katalogoa, Sprengel-Museum Hannover, 1985, 76. or. Argi-efektuei buruz, bereziki argigarriak suertatzen dira 1960ko hamarkadako irudi fotografikoak, hemen ageri direnak: Kunstmuseum Bern (ed.), Hermann und Margrit Rupf-Stiftung, bildumako katalogoa, ed.: Eva Stahn, Katalin von Walterskirchen, Sandor Kuthy, Hans Christoph von Tavel, Hugo Wagner, Eicher & Co., Berna, 1969, katalogo zb. 77, 78, 79, 84. [itzuli]
  8. Hüttinger, Eduard, “Zum Werk von Henri Laurens”, hemen: Henri Laurens. Skulpturen Collagen Zeichnungen, erak. kat., Kunsthaus Zürich, 1961/7/3-8/13, Zurich, 1961, 5−9. or.; hemen: 6. [itzuli]
  9. Zuzenean eskulturaz: Georges Braque, L’Echo d’Athènes, 1913, eta Georges Braque, Casas de L’Estaque, 1908; ondoko horman: Juan Gris, Frutero y jarra, 1922, eta Juan Gris, Libro y pipa, 1925; ikus ilustrazioa hemen: Friedli, Susanne (red.), Rupf Collection, ed.: Hermann eta Margrit Rupf Fundazioa eta Kunstmuseum Bern, Benteli, Wabern, 2005, 234. or. ilustrazioa. [itzuli]
  10. Kunstmuseum Bern (ed.), Hermann und Margrit Rupf-Stiftung, erak. kat., ed.: Eva Stahn, Katalin von Walterskirchen, Sandor Kuthy, Hans Christoph von Tavel, Hugo Wagner, Eicher & Co., Berna, 1969, katalogo zb. 77, 78, 79, 84. [itzuli]
  11. Friedli, Susanne, “Chronologie”, hemen: Tosatto, Guy (ed.), Braque, Klee, Léger... L’art de collectionner. La Collection Rupf du Musée des Beaux-Arts de Berne, erak. kat., Musée de Grenoble, 25/03–05/06/2006, Actes Sud, Arlés, 2006, 247–55. or., hemen: 250. [itzuli]
  12. Monod-Fontaine, Isabelle, “Laurens‘ Kubismus”, hemen: Henri Laurens 1885–1954, Sandor Kuthy (ed.), erak. kat., Kunstmuseum Bern, 30/8–27/10/1985, Office du Livre, Friburgo, 1985, 40–53. or., hemen: 52. [itzuli]
  13. Gee, Malcolm, “Die Sammlung Rupf in ihrer Zeit”, hemen: Friedli, Susanne (red.), Rupf Collection, Fundación Hermann eta Margrit Rupf eta Kunstmuseum Bern (ed.), Benteli, Wabern, 2005, 151–56. or., hemen: 151. [itzuli]