Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

August Macke

Karoline Hille

Izenburua:
August Macke
Egilea:
Karoline Hille
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
Orrialdeak:
142
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Bildumagintza | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Erakusketak | Der Blaue Reiter | Renaniako espresionistak | Lehen Mundu Gerra | Nazismoa | Paris | Hermann Rupf | Herwarth Walden
Mugimendu artistikoak:
Degenerate art | Espresionismoa | Fauvismoa | Futurismoa | Inpresionismoa | Kubismoa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Macke, August

Meschede, Alemania, 1887 – Perthes-lès-Hurlus, Frantzia, 1914

1913. urtearen amaieran eta 1914.aren hasieran, August Macke-k Udako terraza (Gartenrestaurant) obra oparitu zion Herwarth Walden berlindar editoreari eta galeristari; koadro hura 1912an pintatu zituenetako bat zen, bere artearen goren unean, alegia. Artista gazteak esker oneko zor bat zuen Waldenekin, zeren eta 1912ko martxoan Der Blaue Reiter (Zaldizko urdina) taldea —Macke kide zuen taldea— sartu baitzuen Der Sturm, haren galeria sortu berriaren lehen programan, eta 1913an Udazkeneko Lehen Saloi Alemana antolatu baitzuen, eta erakusketa hartan Mackek ere ordezkaritza izan zuen zortzi pinturekin. 1914ko urtarrilerako, Waldenek bakarkako erakusketa bat aurreikusita zeukan, non ikusgai egongo zen orobat Mackek oparitu zion koadroa1; 1913ko udako hilabeteetan, Bonneko Friedrich Cohen galerian egin zen Renaniako Espresionisten taldearen erakusketagatik zen batez ere ezaguna Macke —hark berak sustatu zuen neurri handi batean—2.

Ohi ez bezala pertsonaiez bete-betea dagoen pintura honen ideia eta konposizioa 1907ko ekainekoa da; garai hartan naturaren estudioak aire zabalean egitera bultzatuta sentitu zuen artistak bere burua, Parisa egin zuen lehen bidaiaren ondoren frantses inpresionisten obrarekin eta Édouard Manet-en Musika Tullerietan (1862, The National Gallery, Londres)3 margolanarekin liluratuta geratu ondoren. Bisita hark gogoberotuta, oliozko estudio bat egin zuen (gaur egun, jabetza partikularrekoa dena), pintura inpresionista zinez gogorarazten duena, hala zirriborro hutsezko haren itxuran, nola haren eraikuntzan. Konposizio-estudio horretan, Mackek bi figura mota sartzen ditu lehentxeago, 1907ko udan, bere zirriborro-koadernoan (LWL-Museum für Kunst und Kultur, Münster) hainbatetan marraztua zuen Bonneko jatetxe bateko terrazan: bikote bat lehen planoan berriketan, ezkerrean, eta kapeladun emakume-multzo bat erdiko planoan4. Kokapen hura argi eta garbi zen talde kutsukoa eta espazialki mailakatua, eta hura osatzeko, eskuinean, hankak gurutzatuta dituen bezero baten figura nabarmena ageri da, eta atzealdean, berriz, apenas zirriborratua dagoen pertsona-multzo bat, jendez bete-betetako udako terraza bat delako zirrara eragiten duena. Lehen planoan, koadroaren ertzean, ageri den lorategi-aulki hutsak, zuhaitzen adaburu itzaltsuek eta konposizioa bertikalki zatitzen duen enbor lerdenak eredu inpresionistara garamatzate. Bost urte geroago egindako koadro horretan, non Mackek murriztu egin baitu, hura kondentsatuz, Manetek irudikatutako jendetza, artistak erakusten du zer-nolako koherentziaz landuz joan den bere artea, estilo hain autonomo nola ezin nahasizko eran adierazgarriz, inpresionistengandik kolore-plano aldiberekoetara eraman zuen bidea, fauvistak, kubistak, futuristak eta espresionistak tartean utzirik5. Mackek estimulu horiek guztiak amalgamatu zituen bere hizkuntza piktoriko propioa sortzeko, eta estilo hori bikain adierazten da Udako terrazan: haren egitura formal murriztuetan eta kolore argien area definituetan, gainalde mailakatuetan —baita figura taldeetan ere— edo atzealdearen tonalitate marroi berdexkan, areagotu egiten baitu argien eta itzalen arteko jokoa. Hala ere, hauteman egiten da 1907ko estudio inpresionistaren eredu aire zabalean eginaren eredua. Berak aurkezten dituen figurak handik hartu zituen artistak, baina osatu egin zituen. Bikoteari hirugarren figura bat erantsi zaio, halako moduan, non emakume batek gizon bana baitu alboan eta hirurek eszenaren erdialdea eratzen baitute. Eskuineko ertza zutik dagoen gizon batek mugatzen du eta ezkerrean agertzen den zerbitzariak egiten dio kontrazatia. Lehen planoan kokatutako aulki hutsean egunkaria irakurtzen ari den jaun bat dago; figura behealdean moztua agertzen duen arren, koadroan sarrarazten du behatzailea eta, aldi berean, kanpoan uzten du. Gizon horren kontrapisua koadroko beheko eta ezkerreko izkinako zakur handia da. Aurpegien eskematizazioa gorabehera, formen eta banakako figuren arteko erlazio-sare bat sumatzen da, erreferentzien ugaritasunak konposizioaren ikuspegitik sortua6. Hasieran, Mackek uste zuen “forma ukigarri” gisa agertzen ziren “ideia uki[ezinak]” zirela. Izan ere, hau esango zuen gerora: “Benetako arte-forma oro gizakiak forma naturalen [eta] forma artistikoen errealitatearekin duen elkarrekikotasunezko erlaziotik sortzen da”7.

Macke Lehen Mundu Gerrako guduzelaietan hil izanak eta haren Udako terraza margolanak izan zuen patuak XX. mendearen historia tragikoa islatzen dute. 1926an Waldenek obra saldu behar izan zuen, eta Akisgranen amaitu zuen, Städtisches Suermondt-Museum-en. Han konfiskatu egin zuten 1937an, arte “degeneratua” zelakoan, eta 1939an erregimen nazionalsozialistak Luzernako Fisher galerian antolatutako enkante batean salgai jarri eta Bernako Hermann Rupf bildumagileak erosi zuen8. 1962an, hura hil ondoren, Bilduma, fundazio bihurtua, Kunstmuseum Bern-en ezarri zuten.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Waldeni eta bere jarduerei buruz, ikus Alms, Barbara eta Steinmetz, Wiebke (ed.), Der Sturm. Chagall, Feininger, Jawlensky, Kandinsky, Klee, Kokoschka, Macke, Marc, Schwitters und viele andere im Berlin der zehner Jahre, erak. kat., Städtische Galerie Delmenhorst, 2000. [itzuli]
  2. Pintura 1913ko urtarrilean erakutsi zen lehen aldiz, Cölner Secession-en. Uste izatekoa da lehentxeago sortuko zela, 1912ko amaieran, zeren eta, bestela, Mackek aldez aurretik erakutsiko baitzuen, adibidez, Mendebaldeko Alemaniako Artezaleen eta Artisten Liga Berezian, 1912ko maiatzetik irailera Kolonian egin zena. Arrazoi estilistikoak ere badaude teoria hori bermatzeko. Renaniar espresionistei buruz, ikus. “Zur kunsthistorischen Einordnung des Rheinischen Expressionismus” (egilea nor den adierazi gabe, Joachim Heusinger von Waldegg-en Aurkibidearen arabera), hemen: erak. kat., Bonn, Krefeld eta Wuppertal, Bonn/Krefeld/ Wuppertal-en arabera, 1979, 5–31. or. [itzuli]
  3. Julius Meier-Graefe-ren liburu honetan aurkitu zuen: Impressionisten. Guys – Manet – van Gogh – Pissarro – Cézanne, Munich eta Leipzig, 11907 edo 21907, 61. or., ilustrazioa. Inpresionismoaren deskribapenaren lehen edizioa, ordu arte argitaratuen artean osatuena, alegia, 1907ko udaberrian agertu zen merkatu alemanean. Baliteke Mackek liburua erostea baita Parisera bidaiatu aurretik ere. [itzuli]
  4. Ikus, olioz eginiko estudioaz eta bere zirroborro-koadernoan marraztutako prestalaneko zirriborroez: 10. zb. 39r–40r saila, Heiderich, Ursula, Heiderich-en arabera, 2008, 60. zb. ilustrazioarekin eta laminarekin (146. eta 308. or. eta hur.), hemen: 419. zb., 438. or., bai eta 23. or. eta hur., 23 ilustrazioarekin, eta 73. or. eta hur., 114–16 ilustrazioekin. [itzuli]
  5. 1910eko urtarriletik aurrera, garrantzi berezia izan zuen Mackeren eboluzio artistikoan Franz Marc-en adiskide egin izanak, bai eta Robert Delaunay-ren pintura ezagutu izanak, zeinaren ezaugarri nagusia kolore-gune definituak izatea baitzen, Der Blaue Reiter taldeak 1912ko martxoan egin zuen erakusketa arestian aipatuan parte hartu zuenean ezagutu baitzuen Mackek Delaunayren lana. Eragingarriak areagotu egin ziren 1912ko urriaren 2an Mackek Parisen artistari bisita egin zionean. [itzuli]
  6. Ikus Stemmler, Dierk, hemen: Bonn/Krefeld/Wuppertal 1979, 262–64. or. [itzuli]
  7. Macke, August, “Die Masken”, hemen: Kandinsky, Vasily eta Marc, Franz (ed.), Der Blaue Reiter, Munich, 1912, 21. or. eta hur. Tesi horrek modu eredugarrian erakusten du zer-nolako alde ikaragarria dagoen Mackeren ideien eta Kandinskyren ideien artean, azken horrentzat forma beste errealitate baten adierazpidea baitzen, argi eta garbi. [itzuli]
  8. Ikus Lucerna 1939. Rupfek han erosi zuen koadroa (ikus Imhof, Dominik eta Friedli, Susanne, hemen: Berna 2005, 301. or.), eskaintza idatzi baten bitartez, 900 libera suitzarretan (ikus Barron 1992; urrunetik egindako enkante-agiria, 1939ko ekainak 30, Kunstmuseum Bern-eko Artxiboa, lan-dossierra; ikus, aitzitik, obra enkantean benetan erosi izana ukatuz, Hermann Rupfek Felix Kurtgens-i, 1947/3/2, gutunaren kopia baten edo zirriborro baten arabera aipatua, Hermann eta Margrit Rupfen Fundazioaren Artxiboa, hemen: Bühlmann 1998, 362. or. eta hurrengoak). Enkantearen aurrekariez, garapenaz eta ondorioez, ikus Barron, Stephanie, aurreko aipamenaren arabera, 135–69. or. 1939 arteko jatorriaz, ikus Berna 1969; ikus, aitzitik, jatorriari buruzko datu sinesgarritasun gutxikoak, zeinen arabera ez zen posible izango obra “Arte Degeneratuko” enkantean sartzea, hemen: Imhof, Dominik eta Friedli, Susanne, aurreko aipamenaren arabera. [itzuli]