Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

katalogoa

Hans Arp

Rainer Lawicki

Izenburua:
Hans Arp
Egilea:
Rainer Lawicki
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2016
Neurriak:
27 x 27 cm
ISBN:
978-84-95216-76-2
Erakusketa:
Hermann eta Margrit Rupf Bilduma
Gaiak:
Bildumagintza | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Forma | Materiala | Der Moderne Bund | Natura | Hermann Rupf | Dualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Dadaismoa | Kubismoa | Surrealismoa
Teknikak:
Collage | Marrazkia
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Arp, Hans

Estrasburgo, Frantzia, 1886 – Basilea, Suitza, 1966

“Lau izate dauzkat"

Lau izate dauzkat. bi gauza dauzkat. bost zentzumen dauzkat. zentzumena absurdo bat da. natura zentzugabekeria da. lekua hor naturarentzat hor. natura arrano txuri bat da. leku dada bat natura dadarentzat. liburu bat moldatzen dut bost botoirekin. artearen liskarra burugabekeriarik beltzena da. dada zurichen jaio zen. zurichi estrasburgo kentzen bazaio, 1916 gelditzen da1.

1915ean sartu ziren Rupf Bilduman Hans Arp-en lehen obrak, zeinak, oso modu esangurantsuan, papier collé [paper itsatsiak] kubistekin kidetutako collageak baitziren. Handik soilik urtebetera, Torse andrea kapelu izurtuarekin (Madame Torse mit Wellenhut, 1916koa) egurrezko erliebea gehitu zitzaien. Planoaren eta espazioaren arteko erdibidean daude obra horiek: hibrido bat dira, ezin baitira ez marrazkitzat eta ez eskulturatzat hartu, formetatik abiatuta eraikitako objektutzat baizik.

1910ean Arpek Moderne Bund (Aliantza Modernoa) sortu zuen Oscar Lüthy-rekin eta Walter Helbig-ekin batera, eta, 1911n, bere lehen erakusketa antolatu zuen. 1914ko abuztuan, Berlinen eta Kolonian egonaldi bana egin ondoren —han ezagutu zuen Max Ernst—, Parisera joan zen, baina 1914eko maiatzean, Lehen Mundu Gerra bitartean, Suitzara ihes egin behar izan zuen. Askonan eta Zurichen bizi izan zen, non, 1916ko otsailean, Hugo Ball-en Cabaret Voltaire zabaltzen parte hartu baitzuen, espazioaren apainketa eginez, eta Dada mugimenduaren kide aktibo suertatu zen, haien bileretan umorez parte hartu baitzuen, zalantzarik gabe, baina modu diskretu samarrean, hala ere. Haren sorkuntza lana Kubismotik Dadaismoraino eta Surrealismoraino hedatu zen. Arp abangoardiaren erdigunean aurkitzen zen, eta ahaleginik egin behar izan gabe mugitzen zen han, eta haren obra abstrakzioaren eta figurazioaren artean zegoen.

Mugimendu dadaistaren lehen urteetan, Arpek berdin erabili zituen hala figura geometrikoa nola forma organiko biomorfikoak. Forma lurtarrak naturatik beretik datoz, eta erliebeek giza formak nabarmentzen dituzte, hala nola burua, bibotea edo zilborra. Zentzu horretan, Arpen pentsamendu artistikoa deskriba liteke aurkakoen arteko oreka gisa, zeina mugitzen baita arrazionalismoaren eta subjektibotasunaren, erregulartasunaren eta bat-batekotasunaren, artifizioaren eta naturaltasunaren kontrako poloen artean. Zentzua du, beraz, Arpek hasieran olio-pinturari uko egitea eta nahiago izatea artistikoak ez diren materialak erabiltzea bere “paper itsatsietan”, eta, azkenik, halabeharrera hautatu izana konposizio-baliabidetzat. Natura jartzen du gauza guztien gainetik, baina irudizko zentzuan: ez du naturaren errepresentazio mimetikoak baldintzatzen haren esplorazio artistikoa, naturak berak bezala sortzen, nolabait, aritzearen konbentzimenduak baizik, prozesu naturalaren antzeko modura. “Arte Zehatza” deitzen zion Arpek lan egiteko era horri, eta erreferentzia hori bera aurkituko dugu, baita ere, haren eskulturen tituluetan. “Konkretionek kondentsazioaren, gogortzearen, koagulazioaren, trinkotzearen, amalgamaren prozesu naturala izendatzen du”2.

Konkor biribileko Zehaztapena (Konkretion, ca. 1947–ca. 1960) eskulturak, 1991 arte Rupf Fundazioan sartu ez zenak, bi bertsio ditu, bata marmolezkoa eta bestea igeltsuzkoa, eta Arpen jardunaren printzipioetako baten eredu da, zeren eta haren eskultura asko material eta tamaina desberdinetan egin baitzituen gerora. Sormen-prozesu luzean zehar, ez bakarrik forma haziz doa bere behin betiko itxura iritsi arte, bere anbiguotasunari eutsiz, areago, pieza bakar gutiziatu horrek efektu berriak eta errealitate berriak har ditzake hainbat materialen presentziaren bitartez.

Arpentzat erabakigarria izaten zen gauzen atzean begiratzea: haren pentsamendu mistikoak mugak kentzea eta desegitea bilatzen du. Berarentzat horregatik ere da garrantzitsua metamorfosia, egoera baten eta bestearen arteko trantsizio-prozesua.

Animalia-lorea (Blume-Tier, 1953) egurrezko erliebea haren forma soilduak irakurketa desberdinak egiteko bidea ematen duten Rupf Bildumako obra bat da. Silueta gris anbiguoaren gainean ageri den kolore beltzeko barne figurazio txikia da animalia gisa —arrain bat, beharbada— hautematetik lore gisa hautematea ahalbidetzen duen pizgarria. Hala ere, etengabeko oszilazio bat dago bi objektu zehatzen artean, esperientzia ia aldi bereko bat errazten duena.

Ironia axolagabez deskribatzen du Arpek zientziak eta teknologiak berezkoa duten jarrera desnaturalizatua: “Gizakiari naturala iruditzen zaio naturala ez den hura gutiziatzea. Hegalik ez duenez, hegalak izan nahi ditu eta hegan egin. Hegalek bereziki liluratu izan dute: Jainkoaren antzera sentitzen da gasolina-ontzi baten gainean zerua zeharkatzen duenean”3.

Zientziarekin kontrastean, mugak hautsi nahi baititu zientziak, Arpek naturari lotuta irauten du; Dadaismoaren garaian jadanik, bere hurkoak esnarazi eta tartean sarrarazi nahi zituen, egurrezko bere erliebeak beraren atzetik eramanez, jostailuzko ahatetxoak balira bezala, eta artelana erakusketaren espaziotik axolagabeki atereaz. Egintza edo ekintza arteari eta gizarteari buruzko elkarrizketa naturala bihurtzen dira horrela. Arp beti izan zen aldi berean poeta eta pintore-eskultorea, komunikazio metaforiko eta poetiko bat ezartzeko baliabide gisa hitzera eta objektura jo zuen artista.

[Itzultzailea: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Arp, Hans, “Strassburgkon guration”, Vertigral, 1932, hemen: Arp, Hans, Gesammelte Gedichte, Gedichte 1903–1939, 1. liburukia, Zurich, 1963, 204. or. [itzuli]
  2. Arp, Hans, Unsern täglichen Traum [...], Erinnerungen, Dichtungen und Betrachtungen aus den Jahren 19141954, Zurich, 1955, 83. or. [itzuli]
  3. Ibid., 93. or. [itzuli]