Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Sarrera

Norman Foster

Izenburua:
Sarrera
Egilea:
Norman Foster
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-84-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Artea | Hirigintza | Espazio publikoa | Artea eta gizarte iraultza | Artea eta historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Materialak | Mugimendua | Diseinua | Diseinu industriala | Erakusketak | Automobila | Industria | Etorkizuna | Ekologia | Hiria | Emozioa | Bizi-kalitatea | Zientzia eta Teknologia
Aipatutako artistak:
Boccioni, Umberto | Brancusi, Constantin | Delaunay-Terk, Sonia | Le Corbusier, | Moore, Henry | Ruscha, Edward

Aspalditik liluratzen nau ibilgailuen edertasunak: liluragarriak iruditzen zaizkit hegazkinak, bizikletak, autoak eta trenak, bai eta itsasontziak, espaziontziak eta zepelinak ere. Berezko edertasun baten jabe dira lokomozio-bitarteko horien artean bikainenak. Nire irudimena suspertzen dute, eraikin arkitektonikoek, eskulturek eta margolan handiek bezalaxe. Nire iritziz, dimentsio artistiko bat dute, ikuslearen emozioak hunkitzeko eta harridura zein plazer bisuala pizteko ahalmena daukate eta.

Autorik onenak, Arthur Drexler arte-arduradunaren izendapen gogoangarria erabiltzearren, «eskultura ibiltariak» dira: hain dute tankera erakargarria, haiek fisikoki ukitzeko gogoa sortzen baitute1. Oroitzen dut, behin batean, 1953ko nire Bentley R Type Continental autoaren atzeko aleroia eskuaz laztandu zuela adiskide artista batek, eta esan zuen Constantin Brancusi edo Henry Moore-ren obra bat laztantzearen parekoa zela. Sortu bezain laster, guztiz zoragarria bihurtzen da lotura bisual hori.

Erakusketa honi esker, antzeko loturak ezarri ditut sorkuntza-mundu desberdinen artean. Adibidez, aretoetako batean, elkarren ondoan erakusten dira Bentley autoa eta Mooreren figura erdi etzana. Erakusketa taxutzeko komisariotza-lan honen bitartez, tankan itxiriko konpartimentuetan lan egitearen pentsamoldearen kontra egiteko aukera izan dut; izan ere, pentsamolde horren eraginez, diziplinen arteko banaketa mantentzen da eta banaketa horren aldezpen akademikoa egiten da oraindik, diziplinen arteko mugak desagerrarazten saiatu beharrean. Komisario izateari esker, gainera, nire pasioetako batzuk partekatzeko modua izan dut.

Tentu handiz hautatu nituen izenburuko hitzak —«autoak», «artea» eta «arkitektura»—, ondotxo bainekien hiru hitzen esanahi desberdinak uztartuz gero galderak sor zitezkeela, eta, are, probokatzailea suerta zitekeela. Esate baterako, gaur egungo testuinguruan, zer lotura du mugimenduaren kontzeptuak artearekin? Eta zer alderdi komun dauzkate, baldin eta halakorik baleukate, mugikortasunera bideraturiko artefaktuek —eskala desberdinetakoak— eta artearen eta arkitekturaren eremu independenteek?

Erakusketaren abiapuntua autoaren jaiotza da —XIX. mendearen amaieran gertatu zen—, eta hainbat aretotan barna hedatzen da gero, autoaren bizitzako kapitulu eta aldaera ugariak omenduz; besteak beste, lehiaketetako autoen rol dramatiko eta borrokalaria. Atalez atal tartekatzen dira artearen eta arkitekturaren gaiak. Bere funtzioaz gabeturik, berariaz zizelkaturiko autoak edertasun klasikoa dauka; are gehiago, bestelako erakarmen estetikoa dario, orobat, ibilgailu utilitarioen —hala nola Jeep militarren— akabera landugabeari.

Autoa inspirazio-iturri handia izan da hainbat artistarentzat, adibidez, Sonia Delaunay-rentzat 1930eko hamarkadan, eta, berrikiago, Edward Hopper-entzat eta Ed Ruschar-entzat; baina, horretaz gainera, autoak funtsezko zeregina izan zuen Italian XX. mendean sortutako mugimendu futuristan. Umberto Boccioni-k figura jariakor bat sortu zuen 1913an, Espazioko jarraitutasunaren forma berdingabeak (Forme uniche della continuità nello spazio): badirudi figura hori haize-tunel batean barna dabilela; haize-tunelaren egitura, bestalde, ezinbesteko tresna bilakatu zen forma aerodinamikoa garatzeko, bi hamarkada geroago.

Aerodinamikaren aitak, Paul Jaray-k, baloi gidatuak diseinatu eta lehen auto aerodinamikoak patentatu zituen. Haize-tunelarekin egindako ikerketei segika eraikitako modelo batek izugarrizko antza du Brancusiren Arraina (Le Poisson) eskulturarekin; hala, agerian geratzen da nola gainjartzen diren arte ederrak eta diseinu industriala. Erakusketako zazpi aretotik seitan agertzen da artearen eta autogintzaren arteko elkarreraginaren auzia.

Autoek leku nabarmena daukaten arren, ibilgailu horren ezaugarri estetikoekiko omenaldi bat baino askoz gehiago da erakusketa hau, nahiz eta horrek ere balioa izango lukeen bere horretan. Arkitektura eta autoak lotu ditut hemen; izan ere, arkitektura ezin baita bereizi mugikortasunaren noziotik, ez bakarrik eraikinei dagokionez, baita espazio publikoetako azpiegiturei, gure hiriak zedarritzen dituzten bideei eta hirien arteko autopistei dagokionez ere. Autoek beste edozein ibilgailuk baino gehiago eraldatu dituzte gure hirietako zein landa-eremuko paisaiak. Autoak, halaber, artearekin lotu ditut —izan pintura, eskultura, argazkilaritza zein irudi mugikorrak—, gure gizartearen ispilua delako artea, eta, aldi berean, aldaketaren aitzindaria ere badelako, bazter utzita nola erabiltzen den terminoa arkitekturaren edo autogintzaren «arteaz» mintzatzeko.

Erraz irudika daiteke autoen erakusketa bat, margolanak eta eskulturak biltzen dituen erakusketa bat edo arkitekto baten lanei dagokien beste bat. Ezohikoagoa da, ordea, horiek guztiak uztartzen dituen erakusketa bat suertatzea. Are, esango nuke halako zerbait antolatzen den lehenengo aldia dela; hori dela-eta, ideia honen sorburua zein den aztertu dut, eta halaber aztertu dut zergatik iruditzen zaidan garrantzitsua arlo independente horien arteko loturak azaltzea —testuinguruari dagozkion loturak zein lotura artistikoak—, bai eta gure etorkizuna nola baldintza dezaketen azaltzea ere.

Atzera jo behar dut denboran, eta ohartarazpen bat egin behar dizuet: komisario gonbidatua naizen aldetik, ez da nire helburua artearen edo autogintzaren historiaren aditu gisa jardutea; margolanen, eskulturen edo auto klasikoen behaketak eragiten duen gozamenera mugatzen naiz. Arkitektoa naiz lanbidez, eraikinen diseinuaren zale porrokatua; denborak aurrera egin ahala, grina hori zabaldu egin da, eta bere baitan bildu ditu hirien eta azpiegituren arloa. Ikaslea nintzelarik ere, eraikinetatik harago iristen zen nire jakin-mina: herri zein hirietako bideak, loturak eta espazioak ere biltzen zituen. Diseinuak dakarren sorkuntza-prozesuan, iruditzen zitzaidan lotura berezi bat zegoela arkitekturaren eta ingeniaritzaren artean, baina lotura hori arriskuan zegoen, bi lanbideen arteko harremana ez delako oso adeitsua izan tradizioan. Horren ondorioz, bestelako gaitasun batzuk lantzeko modu berriak garatu nituen, bereziki ingurumen- eta egitura-ingeniaritzari loturikoak. Hala, gaur egun badakit, ondotxo jakin ere, diziplina osagarrien parte-hartze aktiboari esker hobetu egiten dela diseinuaren kalitatea eta errendimendua, berdin du hiri baten ala eraikin baten diseinua den.

Mugikortasunaren ideia —gure garaiaren ezaugarri bereizgarrietako bat— aldaketen mende dago, klima-larrialdi globalari kontra egiten diogularik eta erregai fosilak energia garbiekin ordezkatzen saiatzen ari garelarik. Horrenbestez, eta ibilgailuen propultsioari dagokionez, atzean utzi dira barne-errekuntzako motorrak, eta motor elektrikoak zein hidrogeno-erregaia darabiltenak lehenesten ari gara. Arrazoiren bat dela medio, ez zaio arreta nahikorik eman egun ezagutzen dugun teknologia-gailuetan erabiltzeko erregai garbiak sortzeko aukerari; nolanahi ere, erakusketan bertan biltzen da errealitate hori. Esate baterako, 1 Formulako autoak ekologikoagoak eta karbonorik gabeak izateko aukera aipatzen dugu. Energia garbia erabiliz, erregai bihurtu daitezke biohondakinak, eta horrek, beste behin ere, ez luke karbono-aztarnarik sortuko; bestalde, gaur egungo teknologiari esker, hegazkinentzako erregaia sor daiteke itsasoko ura erabiliz; modu horretan, gainera, klima lehengoratzen laguntzen da, ozeanoak desazidotzen baitira. Propultsioari dagozkion kontuez gainera, aintzat hartu behar da adimen artifizialaren eta automatizazioaren hazkundea, zeinak baitakar robotikari esker gidarien eta pilotuen premia deuseztatzeko aukeraren ideia. Beste alde batetik, gora egin du aire bidezko mugikortasunak, eta azkar bai azkar garatzen ari dira dronak, zeinak gai baitira hala produktuak nola pertsonak garraiatzeko. Laburbilduz: mugikortasunak atzean utzi du eboluzioa, eta baliteke iraultza-garai batean sartu izana.

Esan izan denez, etorkizunera begiratu nahi bada, iraganari erreparatu behar zaio lehenik. Edo, beste era batera esanda, zer irakatsi digu historiak? Gogoan izan behar genuke ezen, XIX. mendean, autoa jaio zenean, garraio-bide hori biztanle gehien zituzten hiriguneen salbatzailetzat hartu zela; une hartan, Londres eta New York. Garai hartan, zaldien mende zegoen mugikortasuna, eta bi hiri horietan gorotz-kopuru itzelak pilatu ziren. Horren ondorioz, jasanezinak bihurtu ziren euliak, kiratsa eta gaixotasunak. Autoak zabaltzearen poderioz, ordea, hiriek hobera egin zuten denbora-epe laburrean. Beste pilaketa batzuk sortuko ziren beharbada, baina kaleak garbi zeuden berriro ere oinezkoentzat.

Aurrera joz gero mende bat, edo apur bat gehiago, hiriko bilaua bihurtu da autoa. Iraganeko zaldi saldoen baliokidea da: hiriak kutsatzen ditu, airearen kalitatea suntsitzen du, oinezkoen espazioaz jabetzen da eta mehatxu egiten dio ingurumenari. Londresek zergak ere ezarri ditu auto arruntak hiri-erdigunera sartzea ekiditeko. Eta mundu osoko hainbat hiri eta herritan ere ezarri dira bestelako mugak. Baina berehala datorkigun mugikortasunaren iraultzak zirkulua itxi lezake, agian, XX. mendeko une jakin batera itzuliz: barne-errekuntzako motorrak motor elektrikoa ordezkatu aurreko unera, hain justu ere. Datu interesgarria da hauxe: garai goiztiar haietan, New Yorken, taxi gehiago zebiltzan bateriekin gasolinarekin baino, eta horrek garrantzi handia zuen hiria kutsaduratik salbatzeko.

Duela ez asko, autoek bultzatu zuten, literalki, etorkizuneko hiriaren ikuspegia. Le Corbusierrek «Voisin Plana» sortu zuen Pariserako, 1925ean, eta Ville Radieuserako gerora egindako proposamenetan autopisten hedapena aurreikusten zen jadanik: halako errepideek, hiriak lotu ez ezik, hiriaren bihotza osatuko zuten.

Hain zuzen ere, Le Corbusierrek, bere planak gauzatzeko laguntza bila zebilela, Gabriel Voisin adiskidearengana jo zuen, hots, Frantzian abiazioaren eremuan izan den aitzindari nagusi eta garai hartako auto-ekoizle gailenarengana. Le Corbusierren beraren autoa, Voisin C7 modeloa, 1926an ekoitzia, erakusketaren barruan dago: Le Corbusierrek garai hartan egindako eraikinen argazkietako batzuetan ikusten den autoa da, hain zuzen. Lumineuse deritzo (Argitsua), izen egokia inondik ere, eta aparteko ibilgailua da: leiho ohi baino handiagoak ditu, proportzio eder askoak, eta bat dator, modu nabarmenean, Le Corbusierren beira eta argizko arkitektura berriarekin. Teknologiari dagokionez, C7 modeloa hain zen aurreratua, non garai hartako hegazkinen berreraikuntzako aditu batengana jo behar izan baitut hura zaharberritzeko.

Le Corbusierrek hiriaz zituen ikuspegiak gauzaturik ikus ditzakegu Brasilia hirian, zeina Brasilgo hiriburu izendatu baitzuten 1960an. Diseinatzaileen talde ospetsu batek irudikatu zuen Brasilia: arkitekturaren arloaz Oscar Niemeyer eta Lúcio Costa arduratu ziren, eta Roberto Burle Marxek sorturiko paisaia baten barruan kokatu zuten; bizitzeko eta lan egiteko eragozpenak sortzen baditu ere, hiriak badu halako handitasun bat, ezbairik gabe. Ezin dugu gauza bera esan eskala txikian eraikitako haren baliokideei buruz, hala nola AEBko autopisten alboan ad hoc agertu diren merkataritzaguneei buruz.

Espezie estralurtar bat gure planetara gerturatuko balitz kanpoko espaziotik, eta gainazalari erreparatuko balio urrunetik, akaso ondorioztatuko luke metalikoa eta ibilgailuzkoa dela Lurreko bizitza, aintzat hartuz nolako aztarna fisikoa utzi duen automobilak paisaian. Urbanismoa eta mugikortasuna batera jardun dira habitat naturala eraldatzeko lanean.

Bere historiaren puska batean, gutxiengo aberatsaren pribilegioa izan zen automobila; gero, ordea, demokratizazio-olatu batzuk izan ziren, eta nolabaiteko berdintasun soziala ekarri zuen horrek; ondorioz, autoak jende-masaren eskura ere jarri ziren. Hala, aurrerabidearen eta bizitza onaren sinbolo bilakatu zen automobila, konnotazio politiko eta guzti, maiz. Duela mende-erdi luze, autoak bere urrezko aroa izan zuen AEBn, eta, orduan, estatusaren sinbolo argia zen. Garai hartan, baikortasuna zen nagusi etorkizunari begira, eta berrogeita hamarreko hamarkadako auto-prototipoek gidaririk gabeko etorkizuna irudikatzen zuten, zeinetan familiako aisialdi- eta entretenimendu-une bihurtuko baitziren errepideko bidaiak.

Gaur egun, belaunaldirik gazteenen artean, zerbaiten jabe izateak ez dakar halako harrotasunik; aitzitik, ibilgailuak eta zerbitzuak nahieran eskuratzeko desira gailentzen da —horren erakusgarria da Uber—, gailu mugikorren gorakadaren eraginez. Automobil- eta hegazkin-ekoizleek mugikortasunaren negoziora jo dute, bezeroentzako produktuak sortu ordez.

Iragarpen asko egiten dira etorkizunari buruz. Aurrez aipatu ditugun joerez gainera, lantokiari loturiko ereduak ere aldatzen ari dira, hortaz, irudikatu dezakegu garai ez oso urrun batean ibilgailu gutxiago ibiliko direla —lurretikoak zein airetikoak— etengabe aurrera eta atzera, bata bestearen atzetik desfilatzen, modu trinko eta ziurrean garraiatuz hala produktuak nola pertsonak.

Erakusketako azken aretoan, ikasle-belaunaldi berriak etorkizunari buruz irudikatutako ikuspegiak biltzen dira: ikasleek XXI. mendearen amaieran kokatu dute lausoki etorkizuna, lehen automobilaren berrehungarren urteurrenarekin bat eginez. Helburu horri tiraka, mundu osoko hamasei diseinu- eta arkitektura-eskolak geroari buruzko beren ikuspegiak eman dituzte; kasu batzuetan, modu autonomoan aritu dira, eta beste batzuetan, aldiz, industriarekin lankidetzan.

Erakusketa hau Norman Foster Fundazioak garatu du, Guggenheim Bilbao Museoko taldearekin. Fundazioaren xedea da bere hezkuntza- eta ikerketa-programen bidez eta bere artxiboaren bitartez belaunaldi gazteei etorkizuna iragartzen laguntzea, diziplinen arteko mugak eraitsiz. Fundazioa bezala, asmo horrexek bultzatzen erakusketa hau ere; baina erakusketaren helburua da, orobat, publiko zabalaren interesa eta jakin-mina piztea, Guggenheim Bilbao Museoan bilduko baititu automobilekiko, artearekiko eta arkitekturarekiko jaidura sentitzen duten pertsona guztiak.

Oharra

  1. Arthur Drexler, 8 Automobiles (New York: Museum of Modern Art, 1951), 2, https://assets.moma.org/documents/moma_catalogue_2928_300074368.pdf, 2021eko uztailaren 29an kontsultatua.