Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Bizitza osoa errepidean

Sir Jackie Stewart

Izenburua:
Bizitza osoa errepidean
Egilea:
Sir Jackie Stewart
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Artea eta gizartea | Diseinua | Diseinu industriala | Gizarte-kronika | Automobila | Kirola | Alemania | Italia | Rudolf Caracciola | Emozioa | Zientzia eta Teknologia | Teknika eta materialak

Abiadurarekiko irrika erromatarren garaian sortu zen, kuadrigekin. Hurrengo sorkuntza erreala XIX. mendearen amaierako ibilgailu motordunena izan zen, eta, orduan ere, lehian aritzen ziren lurjabe aberatsak, ibilgailu haiek —zaldirik gabeko gurdiak— herri batetik bestera ziztu bizian joan eta nor lehenago iritsiko.

Historian jasota gelditu denez, gizakiak eta makinek betidanik ireki izan dituzte bide berriak lehiakideei erronka jo eta motor, transmisio, balazta eta aerodinamikan nor gailenduko. Horri esker, abiadura bizian gertatu dira aldaketa teknikoak, automobilen fabrikatzaileek errendimendu altua eskatzen baitzuten eta mundu osoko zale amorratuen nahiak betetzeko helburua zela-eta. Horrela sortuz joan ziren material berriak errendimendu goreneko autoetarako, berariaz, eta mailak gora egin du iraunkorki, ez soilik lehiarako ibilgailuetan, baita prestazio handiko turismoen merkatuan oro har ere.

1 Formula, ibilgailu motordunen beste kirol-modalitate batzuk bezala —hala nola erresistentzia-lasterketak eta Le Manseko 24 Orduak—, lehiaketa globala bihurtu zen errendimendu altuko autoen fabrikatzaileentzat, eta beste maila batera eraman zuen ibilgailuen diseinua. Ibilgailu motordunen kirolak orokortu egin ziren, eta autoen fabrikatzaile nahiz zale espezializatuek lan egiteko modu berriak aurkitu zituzten abiadura eta garaipena lortzeko. 1920ko eta 1930eko hamarkadetako plaza bakarreko bolidoekin, Mercedes Benz eta Auto Union etxeek bide berriak zabaldu zituzten, ibilgailu motordunen kirolekiko interesa sorrarazi zuten nazioartean eta gailurrera eraman zituzten lasterketetako heroiak, hala nola Rudolf Caracciola eta Tazio Nuvolari.

Garai hartan, Alemaniak aurrea hartu zuen. Denborak aurrera egin ahala, frantsesek eta italiarrek, eta, aurrerago, britainiarrek, osatu zituzten alemanek abiatutako aurrerapenak. Disko-balaztak eta karbono-zuntza agertu izanak asko hobetu zituen prestazioak eta beste maila bateko segurtasuna eskaini zien pilotuei ibilgailu motordunen kiroletan eta errendimendu altuko superautoetan.

Italiar estilistak automozioaren sektorearen parte bihurtu ziren, pribilegiatu gutxi batzuen mesederako: aberatsen eta jende ospetsuen irri kak asetzea bilatzen zuten, «zerbait gehiago» izateko desira asetzea. Xede horretarako, Sir William Lyonsek Jaguar E-Type autoa asmatu zuen, eta, Sir Malcolm Sayerrek auto harentzat diseinatutako karrozeria lerro-makur atseginari esker, munduak sekula ikusitako autorik ederrenetakoa bihurtu zen ekoizpen arrunteko ibilgailu motordunen esparruan; alde batera utzirik txasis bereziak lantzen zituzten sortzaileak, hala nola Pininfarina. Britainia Handian, XX. mendearen hasierako kualifikazio goreneko fabrikatzaileak —esaterako Bentley eta Rolls-Royce— maisuak izan ziren aberatsentzako kalitate eta prezio goreneko autoak garatzen.

Hala ere, ibilgailu motordunen kirolek katalizatu dute teknologiaren azelerazioa, mundu osoko zirkuituetan garaipena lortzeko beharrezko abiadura eta fidagarritasuna lortzeko lehian. Errendimendu altuak eta ingeniaritzak nazioarteko merkatuaren interesa erakarri dute. Ibilgailu motordunen kirolak, eta bereziki, 1 Formula, akuilu pizgarria izan dira errepide-autoen fabrikatzaileentzat, zeinak baliatu baitituzte1 Formula ospetsu egin duten aurrerapauso teknologiko azkarrak, teknologia hori zirkuitutik turismora eramanez publiko orokorraren segurtasunaren eta gozamenaren mesederako.

Hain zuzen ere, segurtasuna izan da zaldirik gabeko gurdien garaitik gaur egunera arteko 1 Formularen esparruko arazo nagusia. Zorionez, gaur egun bikaina da segurtasunaren historiala. Aurreko hamarkadetan, automobilismoak beste edozein kirolek baino biktima gehiago eragin zituen, eta material eta teknologia berriak erabiltzeko premia sortu zuen horrek.

Koloreak, glamourrak, emozioak, eta, neurri batean, balizko arriskuak milaka lagun erakartzen ditu gaur egun ere 1 Formulako lasterketetara. Automobilgintzako teknologia eta material aurreratuenak 1 Formulako autoetatik masan ekoitzitako errepide-ibilgailuetara, adibidez, hedatu dira.

Hamalau urte nituela, berebiziko pribilegioa izan zen niretzat Juan Manuel Fangio handiaren autografoa lortu izana, historiako piloturik handiena baita nire ustean. 1950eko hamarkadan, ia denboraldi oro aldatzen zen taldez, eta ahalik eta autorik onena aukeratzen zuen lehian abantaila gorena lortzeko, hala nola Alfa Romeo, Ferrari, Maserati edo Mercedes Benz auto bat. Maisu handia zen.

Zorionekotzat dut nire burua 1960ko eta 1970eko hamarkadetan egin nituelako lehen urratsak lehiaketa-pilotu gisa. Garai koloretsua izan zen alderdi guztietatik: modan, musikan nahiz kirolean. Gizakia lehen aldiz Ilargian ibili zeneko aroa izan zen. Beatles eta Rolling Stones taldeetako kideak Sari Handietara joan ohi ziren (garai berekoak ziren bi taldeak, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko urte eroetakoak). Londresen, puri-purian zegoen Carnaby Streeten nabarmentasuna; adierazgarria zen modaren jarraitzaileak erruz elkartzea Monakoko Sari Handian eta itzal handiko beste ekitaldi batzuetan, eta horren guztiaren parte izan nintzen ni. Maila handiko profesionalekin nor baino nor jarduteko pribilegioa izan nuen, adibidez Jim Clarkekin, zeina izan baitzen 1 Formulan lehiakide izan nuen piloturik handiena. Hortxe geneuzkan, halaber, Graham Hill, Jack Brabham, Mario Andretti, Jochen Rindt, François Cevert, Chris Amon eta beste hainbat.

Garai hartan, automobil-lasterketak arriskutsuak ziren, eta sexua, berriz, segurua! Hildakoen kopuruak eragin negatiboa izan zuten urte zoragarri haietan, Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez baitzen ia aldaketarik egin zirkuituetan. Aipatzekoak dira, alderdi horretatik, Nürburgring zirkuitua, Alemanian, 187 bihurgunekoa —hiru aldiz irabazia naiz han—, eta Spa Francorchamps, Belgikan. Errepideko lehiaketa zoragarria zen, baina hain arriskutsua, non Grand Prixeko Pilotuen Elkarteak bi zirkuitu haietan ez parte hartzea erabaki baitzuen 1970eko hamarkadan, ni presidente nintzela. Erabaki hark ez zion askorik lagundu nire izen onari, baina bizitzak salbatu zituen. 1 Formulako nire garaian, berrogeita hamazazpi pilotu galdu genituen istripuetan. Absurdoa izan zen.

Gaur egun, 1 Formula da nagusi azelerazioaren munduan, ibilgailu motordunen kiroletarako teknologiari esker. Pilotuen kabinak bizirauteko zeldak dira. Autoek abiadura-aldagailu elektronikoak dituzte. Karbono- zuntzezko balaztei esker, balaztatze-presio dezente handiagoa dute pilotuek, gaur egun, eta aerodinamika gero eta aurreratuagoarekin batera, balaztatze-sistemak berebiziko errendimendu-aldaketa dakar distantziari dagokionez. Adibide modura, nire garaian, abiadura handiko zuzen batetik abiadura ertaineko bihurgune batera sartzeko, 140 metro gelditzen zirela balaztatzen hasi behar zenuen. Gaur, berriz, 1 Formulako pilotu baten balaztatze-distantzia 50 metrokoa litzakete, baldintza beretan! Ibilgailu motordunen kirolen onena errepideko ibilgailuen garapena bultzatzeko erabiltzen da, eta horrek asko hobetu ditu zirkulazio-istripuetatik bizirik irtendako gidarien eta bidaiarien tasak. Gaur egun, bazter-babes deformagarriak erabiltzen dira, zeinak nabarmen apalarazi baitute hildakoen kopurua, bai lehiaketako pilotuen artean bai mundu osoko errepideen erabiltzaileen artean.

Munduko Txapelketa hirutan irabazteko zortea izan nuen, eta hogeita sei garaipen lortu nituen Gran Prixen, BRM, Matra eta Tyrrell taldeetako ingeniari bikainei esker, haientzat korritzen bainuen. Lasterketa-pilotu gisa aritu nintzen garaian, nire emazte Helen izan nuen kronometratzaile eta bira-kontalari. Kirolari gisa egin nuen denbora oso garai zirraragarria izan zen, baina baita izugarri arriskutsua ere, eta bene-benetan beharrezkoak ziren arestian aipatu ditudan hobekuntzak.

1 Formulak hasieratik baliatu du punta-puntako teknologia. Eta orain artekoa adinako emozioak ekarriko dizkigu etorkizunak. Baliteke erregai alternatiboek gaur egun petrolioarekiko dugun mendekotasuna gainditzeko aukera ematea laster. Etorkizuneko energia-soluzioa askotariko iturri berrietatik etor liteke, iturri nuklearra barne. Eta, are garrantzizkoagoa dena, eutsi diezaiogun gaur egun Grand Prixaren ikusle eta zaleek gozatzen duten soinu zoragarri horri, eta eraman dezagun etorkizunera.