Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Automobilak maite zituen arkitektoa

Antonio Amado

Izenburua:
Automobilak maite zituen arkitektoa
Egilea:
Antonio Amado
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Arkitektura | Hirigintza | Artea eta ekonomia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sormena | Diseinua | Diseinu industriala | Erakusketak | Automobila | Bigarren Mundu Gerra | Lehen Mundu Gerra | Nazioarteko Erakusketak | Europa | Paris
Aipatutako artistak:
Le Corbusier,

Ez da harritzekoa Le Corbusierrek automobil bat diseinatzea, eta are gutxiago kontuan hartuta zer izan ziren makina haiek arkitektoarentzat: benetako obsesioa XX. mendeko gerrarteko garaian. Aintzat edukiz gero arkitektoa 1887an jaio zela Chaux-de-Fonds-en (Suitza) eta 1886ko Karl Benzen patentea hartzen dela lehenengo automobiltzat, zeina egin baitzen Mannheimen (Alemania), arkitektoaren jaioterritik 400 kilometrora baino gutxiagora, bistan da arkitektoa eta automobila belaunaldi berekoak direla, Europa erdialdean sortu zirela eta aldi berean bizi izan zituztela haurtzaroa eta gaztaroa, nahiz eta helduaroan elkarrengandik urrundu.

Autoaren eta Le Corbusierren lanaren arteko harremana hiru maila edo eskala hauetan ezar daiteke: hirigintza, arkitektura eta diseinua. Lehenengoari dagokionez, gogoan hartu behar da Le Corbusierren hiri idealek eremu espezifikotan banatzen zituztela jarduerak, elkarrengandik urrun. Giza organoek odola behar duten bezalaxe bizitzeko, arkitektoaren etorkizuneko metropolietan ezinbestekoak ziren automobilak, milaka herritar joango baitziren batetik bestera hiri haietako zirkulazio-bideetan. Hirigintzari buruzko bere testuetako aipamenetatik ondorioztatzen denez, fede handia, lilura gaizbera, zien Le Corbusierrek makina haiei: «Abiadurarako egindako hiriak arrakasta izango du»1. 1934. urtean, FIAT etxeak Lingotton (Turin) zuen lantegira eginda zuen bisitak baieztatu egin zion etxebizitza-bloke luzeetako teilatuen gainean autopistak egiteko ideia ez zela, inondik ere, utopia bat.

Beste eskala batean, arkitekturari dagokionean, automobila protagonista izan zen Le Corbusierren lan enblematikoen argazkietan; era horretara, modernitatearen eta sofistikazioaren mezu subliminala ematen zuen, eta zenbaitean, hainbat lanen planteamendua baldintzatu ere egiten zuen, hala nola Villa Savoye (1928–31) lanarena; izan ere, etxe horretako beheko solairuaren parte bat aparkalekua da eta automobil baten biratze-erradioa kontuan hartuz diseinatu zuen. Voisin C7-10 HP Lumineuse automobila (1924–28 urte-bitartean ekoitzia), lau zilindrokoa, automobil bat baino gehiago arkitektura arrazionalistaren ikonoa bihurtu zen. Voisin automobilak oso bereziak ziren: motor gero eta indartsuagoak eta goi mailako ezaugarriak bilatzen zituzten fabrikatzaileek ez bezala, marka frantsesak, Lehen Mundu Gerraren esperientzia aeronautikoan babes hartuta, arintasuna eta aerodinamika baliatzen zituen haiek lortzeko. C7 modeloa estudioaren bitxia zen, gurtza objektu bat, eta harekin gurutzatu zuten Le Corbusierrek eta haren lehengusu Pierre Jeanneretek Europa eta ezagutu zuten abiadurak eragindako zorabioa. 80 urtez baino gehiagoz desagertuta egon ondoren, izotzetik sortutako mamuten antzera agertu zen berriro ere Voisin ospetsua 2015ean, Newcastleko mandio batean abandonatuta, eta xehetasunez zaharberritu zuen Vienako tailer espezializatu batek.

Diseinuaren esparruari dagokionez, 1935eko urrian, Le Corbusierrek automobil funtzional bat sortzeko erabakia hartu zuen. Ez zen agindu baten edo bat-bateko ideia baten ondorioa izan, baizik eta Pierre Jeanneretekin batera behin baino gehiagotan pentsatutako zerbait, hainbat urtez merkatuan zeuden modeloei jarraipen zorrotza egin eta gero. 1935. urtearen amaieran, Le Corbusierrek jakin zuen Société des Ingénieurs de l’Automobile (SIA) elkarteak lehiaketa baterako deialdia egin zuela, martxoan, elkarteko kideen artean, automobil minimalista baten proiektua egiteko, gainbeheran zen industria frantsesa suspertzeko xedez. Eskakizun teknikoak Alemanian Volkswagenentzat proposatukoen oso antzekoak ziren.

Baina hilabete batzuk lehenagotik amaituta zegoen lehiaketa —60 proposamen aurkeztu baziren ere, eman gabe gelditu zen—, eta egina zen, halaber, proiektuen erakusketa jendaurrean. Hala ere, Le Corbusierrek, SIA elkarteko idazkariak bultzatuta, proiektu berri bat bidaltzea erabaki zuen, lehiaketarako oinarriak eta lehiakideen proposamenak biltzen zituen dosierra jaso eta gero. Le Corbusier eta Jeanneretek bi hilabete behar izan zituzten diseinua egiteko, zeina lehiaketaren oinarrietan eta merkatuan zeuden automobiletan oinarritu zen. Arkitekturako proiektuekin egiten zuen bezala, sekzioaren arabera baino gehiago goitiko bistaren arabera egin zuen diseinu-proposamena, eta 1936ko apirilean bidali zuen SIAra diseinua; ziklope mekanikoaren itxura bitxiko automobil hura, harrigarria eta erradikala da gaur egun oraindik ere. Voiture Minimum automobila, era horretara bataiatua gutxieneko bolumen baten barrua ahal beste aprobetxatzen zuelako, merkea izango zen, eta baita funtzionala ere, arrazionalista baten lana izanik. Era berean, erraza izango zen fabrikatzea, kurba gutxiko txapa metalikoz osatutako karrozeria zuelako: «Etxeak modu industrialean, seriean, eraikiko balira, txasisak egiten diren bezala […], zehaztasun harrigarriz adieraziko litzateke estetika…»2. Le Corbusierren arkitekturaren sorkuntza-prozesua ezagututa, automobilaren planoetan igartzen da haren diseinuen genesi bereizgarria, baita azpian dagoen geometria ere, Voiture Minimumaren sekzioa 2 erroaren modulazioari jarraituz antolatzen baita3.

Arkitektoaren lanaren barruan, Voiture Minimum automobila denbora-pasa modukotzat hartu izan da haren ibilbide luzean; edonola ere, Parisko Le Corbusier Fundazioko 170 dokumentuek aditzera ematen dute itxaropen handia zuela lan hartan. Kontuan hartuta lehenengo Volkswagenaren 21 milioi unitate inguru ekoitzi zirela, Le Corbusierrek balioetsi zuen bere ibilgailuaren patenteak, besteak beste, Sèvres kaleko estudioaren egoera ekonomiko zaila konpon zezakeela. 30 gutun inguru trukatu zituen industrialari, politikari, ingeniari eta abarrekin. Nolabaiteko bakuntasunez, Le Corbusierrek Štefan Osuský txekiar ministroarekin eta FIATen mailako markekin trukatu zituen gutunak. Hala ere, ezetza eman zioten dagoeneko produzitzen ari ziren modeloetatik askorik nabarmentzen ez zen proposamen hari.

Hainbat dokumentutan dio Le Corbusierrek aurretik eginiko diseinu bat dela: «Gure kontzeptua, 1928koa, ezin izan zen garai hartan merkatuan aurkeztu. Kontzeptu iraultzaileegia zen»4, SIAren deialdira bitartean tiradera batean egon zela iradokiz. Zortzi urteko tarte horrek hutsala badirudi ere, ez da inondik ere horrela, izan ere, hogeita hamarreko hamarraldiaren hasieran automobilen diseinuek garrantzizko inflexio-puntu bat izan zuten: aerodinamika behin betiko sartu zen karrozerien diseinuan. Horren harira, Gabriel Voisin fabrikatzaileak honela zioen «1930. urtea arte, automobil guztiek zuten, salbuespenik gabe, kabina bat, kapota bat eta bi lohi-babes»5.

Kontua zen, Ivan Margoliusek adierazi bezala, «proposamenaren diseinua aurreratua zen 1928an, baina ez zen hain berritzailea 1935ean»6. Pentsatzekoa da Le Corbusier, bere garaiko automobil modernoei adi, horren jakitun zela, eta horregatik aldarrikatu zuen hainbat urtez bere lanaren originaltasuna eta egokitasuna, behin eta berriro adieraziz 1928. urtea zela jatorrizko data eta ez 1936, eta plagioaren salaketa anbiguoak ere iradoki zituen. Egia da, ordea, artxiboetan ez dagoela baieztapen haiek egiaztatzeko balio duen material erabakigarririk; aitzitik, planoen datak oinarri hartuta, arazorik gabe finka daiteke 1936. urtearen hasieran automobil horren kronologia.

Baina gogoeta horiek kentzen al diote baliorik edo interesik Voiture Minimum automobilaren diseinuari? Inola ere ez, gauza jakina da Le Corbusierrek, haren bestelako proposamen arkitektoniko edo urbanistikotan bezala, era askotako eraginak eta erreferentziak biltzen zituela —ez zen uharte huts batean bizi— eta haiek birformulatu, sintetizatu eta bereak balira bezala proposatzen zituela, izen oso erakargarriekin. Automobil hura aurreproiektu bat baino ez zen izan, eta berrogeita hamar urte igaro behar izan ziren berriro ere kasu egin zitzaion arte. Hala, 1987an, Le Corbusierren jaiotzaren urteurrena zela-eta Parisko Centre Pompidoun antolatutako erakusketa batean, egurrez egin zen lehenengo prototipoa 1:1 eskalan eta, 1989an, beste bat Londresko Design Museumen, barrualdea ere berregiten zuena. Voiture Minimum-en prototipoa, beraz, paperetik eskala errealera eraman zen, tarteko urratsik gabe.

Zalantzarik gabe, Voiture Minimum seriean egin izan balitz, aldatu egingo zen pixka bat haren diseinua, eta, ohikoa denez, azken emaitza ez litzateke hain muturrekoa izango, «zibilizatuagoa» izango litzateke, nahiz eta seguru asko xarma ere galduko lukeen. Kontuan hartu behar da marka handiek aurrekontu izugarriak inbertitzen dituztela modelo bakoitzaren fabrikazioan, jendeak harrera ona egingo dion itxaropenarekin. Harrera txarra duen diseinu batek, esaterako, automobil konpainia garrantzitsu bat desagertzea edo beste batzuek xurgatzea eragin dezake. Gauza da automobilen kontsumitzaileak kontserbadoreak izaten direla nagusiki, modelo berri bat erosteko erabakia hartzen dutenean.

Le Corbusierrek, automobilak hainbeste maitatu zituen arkitektoak, galdu egin zuen, poliki-poliki, haienganako interesa, bere automobil txiki eta onespenik gabeak fabrikatzaileak erakarri ez zituelako etsita beharbada. Gaztetako plano, zirriborro, argazki edo saiakeretan nonahi agertzen baziren ere makina optimizatu haiek, era batera edo bestera bere arkitektura eta hirigintzaren ezaugarri izan ziren haiek, ia guztiz desagertu ziren bere lanetik Bigarren Mundu Gerraren ondoren berriz ere Parisko estudioa zabaldu zuenean, eta horrela eman zion amaiera amodio eta desamodio istorio berezi hari.

Oharrak

  1. Le Corbusier, The Four Routes (Londres: Dobson, 1947), 45. or.
  2. Le Corbusier, Toward an Architecture (Londres: Frances Lincoln, 2008), 179. or.
  3. Manuel Franco, «Modulation in the Voiture Minimum», hemen: Antonio Amado, Voiture Minimum. Le Corbusier and the Automobile (Cambridge: The MIT Press, 2011), 228–5. or.
  4. Le Corbusier, Gutuna «Txekoslovakiako automobilen fabrikatzaileei», abenduak 22, 1936. Fondation Le Corbusier, Paris.
  5. Gabriel Voisin, Mes Mille et une voitures (Paris: La Table Ronde, 1962), 147. or.
  6. Ivan Margolius, Automobiles by Architects (Chichester: Wiley Academy, 2000), 59. or.