Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Herritartzea

Matthew Foreman

Automobila demokratizatzeko ahalegin handiak egin ziren 1930, 1940 eta 1950eko hamarkadetan, auto herrikoi moderno, fidagarri eta eskuragarriak ekoitzi nahian, eta ahalegin haiek ekarri zuten autoaren bilakaeraren hurrengo aurrerapausoa. Politikarekin lotura estua izan zuen automobilak garai hartan: hain zuzen ere, harrotasun eta eraberritze nazionalaren ikur bilakatu ziren auto herrikoiak. Automobil haiek muga handiak zituzten, kostu, neurri eta materialei zegokienez, baina horrek ez zuen galarazi diseinatzaileen sormena eta lanaren izaera askotarikoa, eta berebiziko talentua eta erabateko berrikuntza nabarmendu ziren autoen garapen teknologiko, egitura-sistema eta espazioaren planifikazioan. «Gutxiagorekin gehiago egiteko» eta miniaturazko kapsula ibiltariak sortzeko irrika hark antzeko bilakaerak bultzatu zituen artean eta arkitekturan ere.

Auto herrikoia gobernu naziaren proiektu gisa hartu zen, eta horrek ezkutatu egin zuen nozio haren jatorrian Josef Ganz ingeniari germaniar-juduaren lana zegoela. Ganzek alemaniar Volkswagen (auto herrikoia) bat sustatu nahi zuen, atzeko motor txiki bat, ardatz oszilatzaileko suspentsioa eta karrozeria aerodinamikoa garatuz. Erakusketa honetan Rémy Markowitsch artistak haren ekarpena gogorarazten du Barne-edertasuna (The Inner Beauty, 2016) obraren bidez, zeinetan antzeratzen baitu Ganzek hainbat urtez zuzendu eta bere ikuspegia hedatzeko erabili zuen Motor-Kritik aldizkariaren ale baten azala.

Gerraondoan, fenomeno globala eta kontrakulturaren ikurra bihurtu zen Kakalardoa izeneko Volkswagen autoa, automozioaren historiako fenomeno berdingabe bati esker, eta hura izan da historian zehar gehien saldu den auto herrikoia. Lotura estua izan zuen kultura hippyarekin, Volkswagenek 1949an ateratako 2 Motako mikrobusak bezalaxe. Mikrobus hura, autokarabana izenez ezaguna, espazioaren plangintza eraginkorraren eredua izan zen, eta bidea ematen zuen diseinuari buruzko galdera betiereko honi erantzuteko:

«Etxe bat automobil higiezin bat da, edo automobil bat etxe mugikorra?». Mikrobus horrek bi modutara funtzionatzen zuen. Izan ere, azken urteetan gig ekonomiaren edo merkatu informalaren ekonomiaren eskutik zabaldu den Estatu Batuetako bizimodu nomadaren —Nomadland (2020) filmaren bidez, besteak beste, ezagutzera emana— aitzindaritzat har liteke mikrobusa. Kakalardoa inspirazio artistikorako iturri ezaguna izan da argazkilaritzan eta arte fotorrealistan. Christok, esaterako, hasierako bere bilketa-proiektuetako batean erabili zuen; egile hark berak Reichstag estali zuen gerora —nazien garaiko sinbolismo handiko egitura—, zeina berragertu baita, Kakalardoa bezala, demokraziaren ikur bihurturik, Norman Fosterren zaharberritze argitsuari esker.

Kakalardoaren eta Reichstag eraikinaren arteko lotura nagusiki sinbolikoa bada ere, jendearen mugimendu masiboak modu zuzenagoan inspiratu ditu Fosterren arkitektura-proiektuak, eraikiak nahiz eraikigabeak. Bilboko metroak, eta proiektu horretako «fosterito» deritzenek —kale mailako sarrera estaliak— nahiz hark diseinatutako hainbat errepide-zubi, garraio-gune, geltoki eta aireportu-terminal aitzindarik enpatia sakona erakusten dute bidaia herrikoiaren estetikarekin eta atxikirik duen dramarekin.

Fosterrek VW-NSU eta Renault etxeentzat gauzatutako proiektuek zuzeneko lotura dute automobilen fabrikazioarekin, eta sektore horretako material eta teknikak izan ditu beste proiektu askotarako inspirazio-iturri ere, bereziki Norwicheko Sainsbury zentroan, non Citroën 2 CV autoaren panel uzkurtuak funtsezko erreferentzia-puntua izan baitziren eraikinaren estaldura-sistema eraikitzeko.

1939an, Toute petite voiture (Auto txiki-txikia) izenez debuta egin zuen 2 CV autoak prototipo eran, baina ez zitzaien naziei horren berri eman II. Mundu Gerran. 1948an agertu zen, berriro, gerraondoko berreraikuntza frantsesaren ikur gisa. Flaminio Bertonik diseinatu zuen Bauhausen estiloko itxurako soiltasuna duen 2 CV auto hori eta Alberto Giacomettik ere adierazi zuen 2 CVaren formarenganako lilura, bai eta Paris amaigabea (Paris sans fin) serieko marrazki askotan txertatu ere.

Auto herrikoien abialdia bat etorri zen Europan bide-azpiegitura hedatzearekin. Errepide berriak eta auto merkeak elkarrekin sustatzen ziren, jende arrunta bultzatzeko nork bere herriko txoko ezkutuak ezagutzera eta naturara iristeko modu berri batez gozatzera. Litekeena da Britainia Handian errepideen eraikuntzak ez jarraitu izana Italiako autostradae edo Alemaniako Autobahn sareen ikuspegi handinahiari, baina irisgarri egin zituen landa-eremuak, eta XX. mendeko merkataritza-arte onenaren sortzaile izan zen, nahi gabe. Izan ere, 1920ko eta 1950eko hamarkadetan, Shell etxeak automobilismoaren plazeren publizitatea egiteko kamioietarako kartel berritzaileak eskatu zizkien garai hartako britainiar artista handienetako batzuei. Hala, Britainia Handiaren ikuspegi abangoardista eta aldi berean nostalgikoa marraztu zuten, besteak beste, Graham Sutherland, Paul Nash, Vanessa Bell eta Ben Nicholson artistek.

Paisaia fisikoak masen mugikortasunaren funtsezko azpiegituraren eraginez jasaten duen eraldaketa indar handiko gaia da artean, oraindik orain. Artista garaikide askok ikertu dituzte errepideetako paisaiak. David Hockneyk autoan egindako bidaiei buruz landutako sintesi irudimentsua aipa daiteke, batetik, eta, horren aurrez aurre, David Maiselek errepideaz ematen duen ikuspegi artegagarria, bere burua birsortu eta paisaia naturalean txertatzeko gai litzatekeen indar baten modura agertzen baitu. Maider Lópezen esku-hartze ustekabeek, bestalde, hiriko auto-ilarak daramatza landa-eremu zoragarrira. Zeinek bere erara, denek ikertu dute errepideak ihesbide eta tranpa den heinean duen kontraesanezko sinbolismoa.

Fiat 500 bide da eraberritze nazionalarekin estuen loturiko gerraondoko auto herrikoia. Ahalegin berezia egin zen altzairua ahalik eta modu perfektuenean erabiltzeko eta materialetan aurrezteko. Osagai mekaniko nagusiak oso modu burutsuan antolatuta izanik, espazio erabilgarri gehiago eskaintzen zuen; are gehiago, atzeko motorraren gainean espazio bat sortu zen gauzak gordetzeko. 1957an plazaratu zuten 500 eredua, eta berrikuntza teknologikoan oinarrituriko Italia berri baten promesaren ikur bihurtu zen. Turineko Lingotto fabrika iraultzailean egiten zuten ekoizpena; munduko automozio-planta handiena zen 1923an hura eraikitzeko lanak amaitu zirenean. Fordek abian jarritako ekoizpen-fluxua irauliz, beheko solairuan jasotzen ziren Lingotton lehengaiak. Goranzko solairuetan muntatzen zituzten automobilak, eta sabaian kokatutako proba-pista batera irteten zen produktu amaitua. Artisten ohiko gaia bihurtu zen fabrika, eta mundu osoko miresleak erakarri zituen. Le Corbusierrek «hirigintza-plangintzarako gida» zela esanez deskribatu zuen 1925ean lantegira egindako bisitaren ostean.

Autoarekiko zuen lilurak bultzatuta, Le Corbusierrek «funtzionaltasun goreneko ibilgailu minimalista» baterako diseinua aurkeztu zuen 1936an Société des Ingénieurs de l’Automobile (SIA) elkarteak Frantzian antolatutako lehiaketa batera. Automobila, eta mugitzearen artea, oro har, inspirazio-iturri emankorra izan da hainbat arkitekto-belaunaldirentzat. Hain zuzen ere, bi diziplinen arteko elkarreragin betiereko horren erakusgarri dira Richard Buckminster Fuller eta Archigramen plan aitzindariak.

Tamaina txikiagoak eraldatu egiten du espazioaz dugun hautematea eta hartaz egiten dugun erabilera. Miniaturizazioa, aurrezpenak eta formen errepikapena ohikoak izan ziren hirurogeiko hamarkadan, eta eragina izan zuten askotariko diseinuetan, hala nola Mary Quanten minigonan, baita garai hartan hedatzen ari ziren modulukako etxe merkeetan ere. Antzeko eremu batean mugitzen zen Op Art delakoa, halaber. Bridget Rileyk hirurogeiko hamarkadaren hasieran egindako zirriborroak, adibidez, klase magistrala dira lerroak eremu txikien esperientzia eraldatzeko era manipulatzeari dagokionez. Eta britainiarren Mini auto herrikoiaren nolakotasunaren zordun dira adibide horiek guztiak.

Motorraren ohiko kokaera —hau da, aurretik atzeranzko kokaera– aldatu eta ekialde-mendebalde zeharkako kokaera erabiliz, Mini autoaren diseinatzaile Alec Issigonisek erakutsi zuen posible zela lau plazako automobila plataforma txiki batean ezartzea. Miniaren ustezko zabaltasun-sentsazioa areagotu egiten zuten haren gurpil txikiek: garai hartan sektorean ohikoa zen tamainaren bi heren. Espazio gehiago aurrezteko bidea eman zuen, gainera, Alex Moultonek asmatutako gomazko konoekiko suspentsio-sistema erabiltzeak; hark diseinatu zuen, aurrerago, «F» koadrodun minibizikleta. Berrikuntza haiek, elkarturik, aukera eman zuten autoaren barneko espazioaren % 80 bidaiarientzat gordetzeko, harrigarria bada ere.

Auto herrikoien urrezko aroaren azken modeloa Renault 4 izan zen. 1961ean atera zuten, eta hainbat aldaera eta ediziotan egon zen eskuragarri; berehalako arrakasta izan zuen 4ak mundu osoan. Ezin hobeki islatzen zuen Yves Georges diseinatzailearen iritzia, zeinak hauxe esaten baitzuen autoez: «Ez lukete izan behar eserlekuak eta maletategia soilik. Sortu bolumena». Renault 4 hogeita zazpi herrialdetan fabrikatzen zuten —besteak beste, Espainian, non FASA markak bertako osagaiak erabiltzen baitzituen

% 90ean— eta, jatorrizko herrialdea Frantzia bazuen ere, handik kanpo zituen salmenten % 60. Auto herrikoiak globalak ziren guztiz, eta ia erabatekoa izan zen automobilaren demokratizazioa. Renaultek diseinuari buruz zituen helburuak ez ziren automobilera mugatu, nolanahi ere, eta, hala, 1972an logotipo berri bat eskatu zion enpresak Victor Vasarely artistari, zeinak bere seme Yvaralekin landu baitzuen proiektu hura. Logotipo eraldatuak Renaulten jatorrizko diamanteari eutsi zion, baina Vasarelyren artean oro har aurkitzen diren lerro garbi, dinamiko eta angelutsuak atxikita.

Auto herrikoiarekiko lilurak indarrean jarraitzen du, eta auto mota horretan gorpuzten da automobil-industriaren funtsezko ekuazioa: diseinua + materialak + muntaketa = bolumena. William Townsek 1972an diseinatutako Minissima, zeinak baitzuen atzean ate bakarra eta atzeko eserlekuak barrura begira, ez zen ekoizpen-fasera iritsi azkenean; baina bigarren bizitza bat izan zuen ezgaitasunak dituzten gidarientzako auto bihurturik. Marc Newsonen Ford 021C prototipoa, lehen aldiz 1999an aurkeztua, teknologian oinarrituriko xehetasunen bilduma harrigarri bat da: karbono-zuntz konpositez egindako karrozeria kurbatua; maletategi biltzaile eta erretraktila, tiradera baten modura irekitzen baita; ateetako heldulekuak plastiko zeharrargizko eraztunez inguratuak; irekitzean zutoinik gabeko barnealde diafanoa topatzen dugu, led argiz betea; eta auto batean lehen aldiz erabilitako zuntz optikozko kable-instalazioa. Berrikuntza aipagarriak ditu, halaber, aurreko panel higikorra, altuera erregulatzeko aukera ematen duena. 021C autoak Newsonen Kelvin40 hegazkinaren ikuspegi estetiko berari jarraitzen dio, eta nola bata hala bestea dira diseinua eta funtzionaltasuna uztartuz gero irekitzen diren bide ugarien erakusgarri garbiak.