Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Eskulturak

Matthew Foreman

Izenburua:
Eskulturak
Egilea:
Matthew Foreman
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Artea | Artea eta gizartea | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Diseinua | Diseinu industriala | Eskulturagintza | Automobila | Industria | AEB | Europa | Zientzia eta Teknologia | Teknika eta materialak
Aipatutako artistak:
Bugatti, Jean | Bugatti, Rembrandt | Calder, Alexander | Lalique, René | Moore, Henry

Paul Jarayk haize-tuneletan egindako esperimentuetatik abiatuta sortu ziren automobil-diseinu aerodinamikoek xaflakortasuna baliatzen zuten karrozeriek eskulturarako zuten potentziala aztertzeko; altzairu prentsatuzko txasis xaflatuak fabrikatzeko 1920ko hamarkadan erabiltzen zen eskala handiko manufaktura-prozesuak ahalbidetu zuen, hain zuzen, xaflakortasun hura. Posible zen erresistentzia aerodinamikoa modu naturalean murrizten laguntzen zuten lerro eta kurba jariakorrak goitik behera esploratzea, modu artistikoan esploratu ere, ekoizpen-eskala txikiagoan. Prozesu industrialak eta artisau-teknikak uztartuz, luxuzko hainbat markak parerik gabeko diseinu aerodinamikoak sortu zituzten oso kopuru murritzetan; sarritan ale bakarra egiten zuten. Diseinu horiek lantzeko, eredu bat sortzen zuten lehenbizi —dela buztinez, dela metala ijeztu, kolpatu eta urtuta— eta, ondoren, ale bakar bat edo sorta txikiak ekoizten zituzten. Ekoizpen-metodo horrek elkarrengandik ia bereizezin bihurtu zituen automobil-diseinatzailearen lana eta eskultorearena.

Jean Bugattiren Type 57 Atlantic modeloa, 1938ko ibilgailu gogoangarria, autogintzara aplikatutako eskulturaren adibiderik bikainena da. Haren kapot kurbatu luzarana eta aurrealdeko lohi-babes luzangak primeran ezkontzen dira autoaren atzealde obalatu bitxiarekin. Ate dotoreak sabairaino iristen zaizkio, bidaiaria erosoago sartu ahal izateko. Autoa aurretik atzeraino zeharkatzen duen errematxedun aluminiozko hegats ikusgarria Bugatti modelo zaharrago baterako —soldagaitzak diren duraluminio eta Elektron aleazioz eraikia— sortu zuten berez, eta apaingarri soila bada ere, autoa jauzi egiteko prest dagoen felido handi baten modukoa dela iradokitzeko balio du. Irudipen hori areagotu egiten da autoaren alboa Jeanen anaia gazte Rembrandt Bugatti-ren Pantera zelatan (Panthère à l'affût, 1913) eskulturarekin ondoz ondo ikusiz gero. Rembrandtek sortutako eskultura ugari eta bikainen artean, azpimarragarria da Elefantea dantzan (1903) ospetsua, gerora Bugatti etxeak kapoterako apaingarri gisa erabili zuena.

Atlanticaren barnealdean nabarmena da abiazio-alorreko diseinuaren eragina, alboetako leiho erdi-eliptikoek aginte-kabina bat ekartzen baitute gogora. Jean Bugattiren adiskide baten omenez jarri zioten izena autoari: Atlantikoa zeharkatzeko hegaldi batean zendutako Jean Mermoz pilotu frantsesa. Atlanticari nabari zaion eragin hori Hispano-Suiza HB6 Xenia Coupé modeloak ere bazuen. Azken hori 1938an sortu zuen Jacques Saoutchik ibilgailu-fabrikatzaileak André Dubonnetentzat. Hispano-Suiza etxea, aldiz, Bartzelonan sortu zen 1904an, eta motor aeronautikoen fabrikatzaile arrakastatsua izan zen. Enpresaren ibilgailu-adarra Espainiako errege-familiaren gogokoenetako bat bilakatu zen, eta Alfontso erregeak hogeita hamar autotik gora erosi zizkion.

Hispano-Suizaren Xenia modeloa Jean Andreau ingeniari aerodinamikoarekin lankidetzan diseinatu zuten; Andreauk, hain zuzen, Peugeot 402 prototipo aerodinamiko bikaina sortu zuen 1936an. Xenia izan zen, beharbada, 1930eko hamarkadan sortutako malko formako autorik abangoardistena. Dubonnetek esekidura-sistema independente landu bat diseinatu zion, airean joatearen sentsazioa eman nahi zuena. Autoaren kristal kurbatu ezin konplexuagoa izan da, hein handi batean, Xenia art déco maisulan gorenetako bat izatera eraman duena.

René Lalique, kristalezko art déco objektuen sortzaile onena, luzaro egon zen autoen sektoreari loturik. Garai hartako autorik bitxienak pertsonalizatzeko erabiltzen ziren haren beira prentsatuzko kapot-apaingarriak. Miniatura-eskultura haiek izan ziren Laliquek korronte haren une erabakigarrian egindako ekarpenaren muina: 1925eko Pariseko Exposition des Arts Décoratifs et Industriels Modernes erakustazokan Citroën bat apaindu zuen Cinq Chevaux figura, alegia. Laliqueren kapot-apaingarriek mugimenduaren askotariko alderdiak irudikatzen zituzten: izar uxoak, arkulariak, ninfak, animaliak eta emakumezko biluzi erdi-etzanak ikus zitezkeen artistak sortutako hogeita hamar diseinuetan.

1952ko Pegaso Z-102 Cúpula modeloaren eskultura-forma egiteko inspirazio-iturria, beste bartzelonarrekin —Hispano-Suiza— gertatu zen bezalaxe, zerutik etorri zen; baina, kasu honetan, gerraosteko herritarrek objektu hegalari ezezagunekiko (OHE) zuten miresmenak eraginda. Etorkizuneko autoek zer-nolako itxura izango ote zuten galdetu zien Pegaso etxeak bertako hainbat ikasleri, eta haiek izan ziren plater hegalariak aipatu zituztenak. Autoaren diseinu futurista ikasle haien ideien sintesia da. Kolpe-leungailurik gabeko karrozeria osatzen duten aluminiozko xaflak eskuz landuak dira, eta badirudi inguratu egiten dituela altzairuzko xafla tolestuz egindako egituraren beheko aldea eta azpiko hoditeria fina. Diseinuak duen elementurik deigarriena atzeko leihoa da, beirazko kupula itxura baitu; hain zuzen ere, hortik datorkio izena modeloari. Erakusketan ikusgai dagoen Z-102 autoa 1953ko otsailean New Yorkeko Madison Square Garden-en antolatutako Nazioarteko Auto Erakustazokan egon zen. Autoaren kolore-sorta txundigarria zeharo goraipatua izan zen, eta kolore-eskema hura izan zen Rafael Trujillo, garaian Dominikar Errepublikako diktadorea, ale hura erostera bultzatu zuena.

1953ko Bentley R Type Continental modeloa ibilgailuen diseinuaren baitan estilo aerodinamiko eta eskulturalari eginiko azken agurra izan zen. 1950ean garatu zuten Rolls-Royceren haize-tunelean, probako hegaldietarako Hucknall zentroan. 1:4 eskalako buztinezko maketa batekin landu zuten lehenbizi, eta, behin formarik egokiena erabakitakoan, H. J. Mulliner & Co. etxeari eman zioten karrozeria fabrikatzeko mandatua, ez Rolls/Bentley etxeak Park Warden zuen lantaldeari. Mullinerrek garatu berria zuen sistema bat aplikatu zuen ekoizpenean: aleazio arinezko txasis gainean hedatutako aluminiozko panelak. Altzairu-eskasia handia zen orduan, baina ez ziren gutxi gerra-garaian industria aeronautikoan erabilitako aluminio-aleazioak. Bentleyari kalitatea eta dotorezia darizkio, ez dekadentzia eta handikeria.

Xehetasunetan, ez du tatxarik: aurreko panela dotorea eta sinplea du, eta adierazleak, aldiz, zertxobait kurbatuta edo ahokatuta ditu islak ekiditeko. Teknikoki bikaina izanagatik ere, Bentleya —Mercedes-Benza, Bugattia eta Hispano-Suiza bezalaxe—, kanpoko forma oparo eta eskulturalengatik da miretsia, baita modelo bakoitzak gorpuzten duen edertasunaren ikuspegi bereziengatik ere. Estetika hori bat dator Henry Mooreren Figura erdi-etzana (Reclined figure, 1956) lanaren lerro dotore eta jariakorrekin; artistaren brontzezko eskulturarik handienetakoa den lan horrek agerian uzten du gainazalaren testurarekiko lilura eta, auto baten karrozeriak bezala, esperimentazioaren aukera ia amaiezinak ematen ditu aditzera gai bakar batez. Hala, bai autoek bai eskulturak goratu egiten dituzte giza eta animalia-formen nolakotasun abstraktuak eta betetzen dituzten paisaien formak.

Eskultura abstraktuak du geldirik dagoen autoaren forma aerodinamikoarekin antzekotasun hurbilena, eta arte zinetikoa da, ostera, mugimenduan den autoaren formak bilatzeko prozesua hobekien erakusten duena. Alexander Calderren Urtarrilak 31 (Le 31 janvier, 1950) lana esekitako pieza metalikoz osatuta dago, eta pieza horiek etengabe mugitzen dira haize-jarioaren eraginez. Ezaugarri horretan oinarrituta, Marcel Duchampek «mobiles» hitza («stabiles» hitzarekin kontrajarria) erabili zuen Calderren arte iraultzailea deskribatzeko. Piezen mugikortasunak berak birdefinitu egiten du betetzen duten espazioa, errepidean edo zirkuituan autoak ikusten dituzten behatzaile estatikoekin autoek egiten bide duten bezala. Dela geldirik, dela mugimenduan, autoen diseinuko aerodinamikaren adibide horiek, zalantzarik gabe, eskulturaren maisulanak dira.