Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Automobil-eskulturaren artea

Helen Evenden

Izenburua:
Automobil-eskulturaren artea
Egilea:
Helen Evenden
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Artea | Artea eta historia | Eragin artistikoa | Lan-prozesua | Diseinua | Diseinu industriala | Eskulturagintza | Marrazkigintza | Automobila | Industria | AEB | Europa | Teknika eta materialak
Aipatutako artistak:
Bertoni, Flaminio | Buehrig, Gordon | Earl, Harley J. | Jaray, Paul | Lefèbvre, André

Autogintza artea egiteko era bat da. Eskalan eta benetako tamainan egindako ibilgailuen buztinezko hiru dimentsioko eskulturagintza arte-ariketa bat da. Erakusketa honetan buztinezko eskultura-zirriborro bat sartu izana garrantzitsua da, automobilgintzaren arloko diseinuak atzean dituen artea, abilezia eta gaitasunak aitortzera baitator. Autoen diseinua historian zehar gorazarre handiagoa jaso duten beste diziplina batzuen pare jartzen du gainera; izan ere, auto-diseinatzaileak izan dira, ziur asko, XX. mendeko makinarik garrantzitsuenak sortu dituztenak. XXI. mendean gailenduko den mugitzeko era zein izango den ikusteke dago oraindik.

Funtsezko hiru ezberdintasun daude automobil-eskulturaren eta arte-eskulturaren artean. Hasteko, autoak mugitu egiten dira eta eskultura gehienak estatikoak dira, eskultura zinetikoak salbu. Bigarrenez, automobil-eskulturak fabrikazio-prototipoak dira, eta diseinu akastunak sortzeko arriskua eta horrek dakarren kostua saihesten dituzte. Eta, hirugarrenez, ekoizpen-bolumenari loturiko ezberdintasuna dago: arte-eskulturak pieza bakar bat, segida bat edo edizio bat sor dezake; automobil-eskulturak, aldiz, milioika auto ekoiztuko dituzten piezak sortzeko balio du.

Erakusketa honetan ikusgai dagoen General Motors (GM) etxearen modelaketa-instalazioak agerian jartzen ditu munduko industriarik handienetako baten diseinu-estudioetan ezkutuan egin ohi diren prozesuetako zenbait. Diseinatzaileen metodoek eskatzen dituzten talentua eta asmamena bistaratzen ditu buztinezko modelaketa-estudio baten giroa Museora ekarrita. Zuzeneko instalazio horretan jatorri ezberdineko eskultoreak (artistak, buztingileak, zeramistak zein txapa eta pintura-tailerretako ikastunak) biltzen dituen talde bat ikusiko dugu autoen barruko eta kanpoko osagai ezberdinen buztinezko maketak egiten eskuko erremintak erabiliz, beren aurrekoek belaunaldiz belaunaldi egin izan duten bezalaxe. Automobil-eskultoreek plastilina antzeko buztin beroa lantzen dute euskarrien gainean, eta trebeki ahalegintzen dira lerro zehatzak, azalera lauak eta karrozeria handiak sortzen. Prozesuak errenazimenduko arte-estudio bat dakar gogora: ezagutza espezializatua duten langile ugari maisu baten gidaritzapean lanean. Estudioetan, izan artistenak nahiz automobilgintzakoak, zirriborroak eta marrazkiak aurki daitezke hormetan zintzilik, neurrira egindako erremintak lanerako mahaietan eta buztin zatiak lurrean, eta taldekide guztiekiko errespetuzko giroa egon ohi da. Berdin dio emaitza erakusketa pribatuetarako eta erakusketa-aretoetarako eginiko lanak diren, edo ehunka mila pertsonak errepideetan ikusiko dituzten autoak («mugitzen diren eskulturak», Museum of Modern Art (MoMA) museoko zuzendari ohi Arthur Drexler-en hitzetan): emaitza horiek artelantzat jo beharko lirateke beti1.

Automobilgintza industriarik garrantzitsuena dela esan genezake. Diseinu-instalazio izugarri sofistikatuak eraiki ditu desira-objektu bilakatuko diren ibilgailuak sortzeko, baina beste arte-diziplina batzuen teknika eta abilezia berdinak erabiltzen jarraitzen du. Erreprodukzio digitalak eta prototipoak azkar sortzeko erremintak asko hobetu badira ere, buztin tonak eta tonak erabilita tamaina errealeko autoak eskuz moldatzeak ezinbestekoa izaten jarraitzen du autoen diseinurako. Lehenengo autoak txasisaren gainean muntatzen ziren eta, ondorioz, dirudun bezeroek pertsonalizatutako diseinuak enkargatzeko aukera izaten zuten. Zalgurdietatik ateratako irakatsietatik abiatuta, ibilgailugileek karrozeriak eraiki zituzten eskuz egindako lizar egurrezko euskarrien gainean, alboko sekzioetako marrazkietan oinarrituta. Sistema horrek arrakasta lortu zuen baina ekoizpen-bolumenak oso mugatuak ziren 1910eko hamarkadara arte. Orduan, Henry Forden ekoizpen-teknika masiboek sektorea goitik behera aldatu zuten, eta autoen erosketa demokratizatu egin zen.

1926. urtean, GMko presidente Alfred Sloan-ek Harley Earl errekrutatu zuen masa-merkatua xede izango zuten autoak diseina zitzan. Hala, modeloak urtero aldatzen hasi ziren eta fenomeno horrek produktuen zaharkitzea ekarri zuen. Earl diseinu-arloko buru zuela, GM munduko enpresarik handiena eta boteretsuena izan zen XX. mendearen zati handi batean.

Earli egozten zaio buztinezko maketak automobilgintzan lehen aldiz erabili izana, haren biloba eta autoen munduko esatari Richard Earlek azaltzen duen bezalaxe:

Aitonak 16 urte zituenean, anaiak eta biek buztina aurkitu zuten ibaiaren ohean. Harleyk maketa piloa egin zituen. Hogei edo hogeita hamarren bat egin zituen. Bere aitak, hori ikusita, zera esan zion: «Jainko maitea, Harley! Garrantzitsua den zerbait deskubritu duzulakoan nago»2.

Earlek modelaketa erabili zuen Hollywoodeko Don Lee Coach & Body Works enpresan, non auto bitxiak egiten baitzituen zine izarrentzat. Eta GM etxean ondoren. Hispano-Suizan inspiratuta sortu zuen Cadillac LaSalle autoa —1927ko martxoan aurkeztua— inflexio-puntu bat izan zen «Estatu Batuetako automobilgintzaren historia» osoan, «eskala handiko ekoizpenean arrakasta izan zuen diseinuko lehen autoa» izan baitzen3. Ford Model T auto xumearekiko bereizte garrantzitsu horrek GM etxearen etorkizuna markatu zuen, bai eta automobilgintzaren diseinuaren etorkizuna ere. LaSalle autoa egiteko agindua eman zuena Lawrence P. Fisher izan zen, GM taldeko Cadillac Motor Car Companyko presidentea eta Fisher Body Corporation sortu zuten zazpi anaietako bat. Fischer Body Corporation munduko karrozeria fabrikatzailerik handiena zen, eta GM etxeak erosi zuen gerora.

Sloanek Earl izendatu zuen 1927an Detroiten sortutako Arte eta Kolore Sail berriko zuzendari. Urtebete igarota, alor hark berrogeita hamar diseinatzaile eta marrazkilari baino gehiago zituen. 1937rako, Earlek GMko auto-diseinu guztiak kontrolatzen zituen eta Arte eta Kolore Saila Diseinu Saila bilakatu zen. Enpresak hankaz gora jarria zuen autoen diseinuaren mundua. Marrazkiak erabiltzen zituzten karrozerien itxura-aldaketen berri emateko; maketak, aldiz, arriskuak hartu zaleak ez ziren zuzendaritza-taldeko kideak konbentzitzeko izaten ziren. Maketak bi dimentsioko marrazkiak baino askoz ere tresna limurtzaileagoa dira, eta askoz aurkezpen-metodo hobea ekoizpenarekin hasi baino lehen erabiltzeko. Egun GMko Eskultura Saileko zuzendari den Sam Vitalek aitortu egiten du Earlen ondare iraunkorra:

Harley Earli otu zitzaion autoen diseinuan buztinezko maketak erabiltzea, eta hemen gaude, laurogeita bost urte luze igaro ondoren, oraindik buztinezko maketak egiten […] Izan ere, behin irakurri nuen estatistika baten arabera, azken laurogeita bost urteotan mundu osoan fabrikatu diren auto eta furgoneta guztien ehuneko 95 buztinezko maketa batekin hasi omen dira […] Kontuan hartuta egin diren modelo guztiak-guztiak zenbat diren eta Earlek, ideiak azkar irudikatzeko metodo gisara buztina erabiltze hastean, automobilgintzaren sektorea eraldatu zuela —ahaztu gabe 2021. urtean metodo berbera aplikatzen jarraitzen dugula—, argi dago pertsona bakar batek diseinuaren munduan izan duen eragina sakona izan dela zeharo.4

GM etxeak automobilgintza goitik behera aldatu bazuen ere, egiazki, aurreko artisautza-sektorearen eboluzio bat besterik ez zen izan. Europako automobilgintzaren tradizioen garrantzia eta buztinezko maketetarako trantsizioa presente daude Gordon Buehrig diseinatzaile estatubatuarraren lanean5. Buehrig, Estatu Batuetako zine izarren kuttuna izandako Cord 810 autoaren sortzailea, 1928n hasi zen GM etxean lanean, Earlek kontratatuta. GMko Arte eta Kolore Saileko lan-metodoek autogintzan orokortu ziren zenbait prozesu eta teknologia ekarri zituzten, sektore osora ere hedatu zirenak. Badaude Cord autoaren 1:4 eskalako buztinezko maketa bat sortzeko prozesua erakusten duten filmak. Prozesu horretan, Auburngo zubia izenez ezagutzen den diseinu-erreminta berritzailea erabili zuten. Aurreko trakziodun lehen autoa izan zen Estatu Batuetan, Flaminio Bertoni diseinatzaile italiarraren eta André Lefèbvre ingeniari frantziarraren Citroën Traction Avant entzutetsuaren pausoak jarraituz egina. Aditu askoren ustez, Traction Avant modeloa izan zen marrazkietatik abiatuta beharrean eskalan egindako maketa batean oinarrituta Europan diseinatu zuten lehen autoa. Maketa horrek argi uzten du Bertoniren gaitasun artistikoa, gau bakarrean egin omen baitzuen 1933an6.

Europarrek interes handia agertu zuten motordun auto modernoak diseinatzeko sistema berrietan. Aerodinamika-frogen eskutik, eskultura-izaerako ibilgailuak etorri ziren; aeronautika inspirazio-iturri zuten Gabriel Voisinen auto ospetsuak, edo Franco Scaglionek Bertone etxean egin zituen prototipoak, adibidez. Azken horien artean Alfa BAT auto trilogia bikaina zegoen: lehen autoak BAT 5 izena jaso zuen, aurreko jatorrizko lau prototipoak metalez inoiz egin ez ziren buztinezko maketak baino ez baitziren izan. Auto-maketen aitzindarietako bat Paul Jaray izan zen. Bere karrozeria aerodinamikoak oso ezagunak izan ziren Estatu Batuetan. Hain ospetsua izan ez zen Richardo Burzi argentinarrak Turingo Lancia etxean garatu zituen bere modelatze-gaitasunak eta, ondoren, Erresuma Batura eraman zituen Austin etxeko diseinu zuzendari gisara. Ingalaterran erabili ohi zuten teknika metala gurpil baten gainean eskuz makurtzea zen; Italiako tradizioan, ordea, zizelkatzea baliatzen zuten. Royal College of Art ikastegiko Dale Harrow irakaslearen ustez, azken tradizio horren oinarria armadurak egiten emandako mende luzeak dira7.

Autoaren errendimendua eta estetika hobetzeko xedearekin aplikatutako aerodinamikaren gaineko interesa izan zen motordun ibilgailuen ekoizpen masiboaren arloan maketek lortu zuten lekuaren zio nagusietako bat. Aerodinamika-diseinu hobea bermatzeko helburuarekin haize-tuneletan egin zituzten frogek gero eta garrantzia handiagoa izan zutenez, buztinezko maketen erabilera funtsezkoa bilakatu zen aerodinamikaren modarako; mende erdiko Estatu Batuetako Bel Geddes, Henry Dreyfuss eta Raymond Loewy industria-diseinatzaileak izan ziren joera haren buru. Vitalek berak azaltzen duen bezalaxe, buztinari esker eskulturek mugimendua irudikatu dezakete: Irudikapen batek hamaika ñabardura ditu, eta buztinezko eskulturak egiten dituen taldea oso trebea da ñabardura horiek antzematen: argiek ateko metalean sortzen duten isla, argiaren ebakidura edo kopurua, edo gainazalen lodiera, esaterako. Ñabardura horiek antzemateko gaitasun artistikoa dute. Xehetasun txiki horiek dira, ate baten lodiera moztea, adibidez, diseinu bat hezurmamitzen dutenak.

Vitaleren ustez, buztinezko eskulturak etorkizun baikorra du aurrean eta, haren esanetan, sektoreko teknologia-garapenen alderdi garrantzitsua izaten jarraituko du «iterazioari» esker; hau da, diseinu batean «zenbait aldaketa egiteko», «lerroa egokitzeko, […] sekzioren bat gehitzeko, […] karga gehiegi ei daraman beste sekzio bat kentzeko» duen gaitasunari esker.

«Buztin pixka bat berotu, aplikatu eta berriz lantzearekin nahikoa dugu; eta, gainera, eragiketa hori ehunka aldiz errepika dezakegu egunean […] ia-ia artista batek koadro batekin egingo lukeen bezalaxe»9.

Oharrak

  1. Arthur Drexler, 8 Automobiles (New York: Museum of Modern Art, 1951), 2, https://assets.moma.org/documents/moma_catalogue_2928_300074368.pdf, 2021eko uztailaren 14an kontsultatua.
  2. Richard Earlekin solasaldia; Harley Earlen ibilbide profesionalean sakontzeko, ikus http://www.harleyjearl.com; 2021eko uztailaren 25ean kontsultatua.
  3. C. Edson Armi, The Art of American Car Design: The Profession and Personalities (Filadelfia: Penn State University Press, 1988), 5. or.
  4. General Motors etxeko Eskultura Saileko zuzendari Sam Vitaleri eginiko elkarrizketa, 2021eko apirilaren 26a.
  5. «Gordon Buehrig», Coachbuilt, http://www.coachbuilt.com/des/b/buehrig/ buehrig.htm; 2021eko uztailaren 25ean kontsultatua.
  6. Ray Hutton, «Flaminio Finds Fame», Sunday Times, 2003ko abuztuaren 3a, https://www.thetimes.co.uk/article/flaminio-finds-fame-chsbfwvql89, 2021eko uztailaren 25ean kontsultatua.
  7. Dale Harrow irakaslea, Londresko Royal College of Art erakundeko Mugikortasun Adimendunerako Diseinu Zentroko zuzendaria; egilearekin solasaldia, 2020ko abendua.
  8. Vitaleri eginiko elkarrizketa, 2021.
  9. Vitaleri eginiko elkarrizketa, 2021.