katalogoa
Unibertsitate kolaboratzaileak
- Izenburua:
- Unibertsitate kolaboratzaileak
- Argitalpena:
- Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
- ISBN:
- 978-54-122792-7-6
- Lege gordailua:
- M-6776-2022
- Erakusketa:
- Motion. Autos, Art, Architecture
- Gaiak:
- Gizakia | Arkitektura | Hirigintza | Artea eta teknologia | Sormena | Espazioa | Mugimendua | Diseinua | Diseinu industriala | Automobila | Etorkizuna | Hezkuntza | Unibertsitateak | Jasangarritasuna | Klima-aldaketa | AEB | Afrika | Hegoafrika | Asia | Errusia | Europa | Britainia Handia | Espainia | Euskal Herria | Herbehereak | Italia | Suitza | Hego Korea | Japonia | Mexiko | Txina | Zientzia eta Teknologia | 3D Teknologia | Garraiobideak | Teknika eta materialak
ArtCenter College of Design, Pasadena, Kalifornia, AEB
Etorkizunerako ikuspegi bat Pasadenarako
ArtCenter College of Design zentroa lider globala da arte- eta diseinu- hezkuntzaren esparruan. Etorkizuneko Pasadena (Future Pasadena) aurkeztu du, Pasadena (Kalifornia) hiriari buruzko 2040rako ikuspegi bat. Unibertsitate horretako hainbat ikasketa-programetako ikasleen sormenaren emaitza da proiektua: Garraio diseinuko unibertsitate-programa, Garraio-sistema eta -diseinua, Ilustrazioa, Zinema, Ingurumen diseinua eta Ikuskizunen diseinua graduondoko programak.
Pasadena Kaliforniako hegoaldean dago, Los Angelesko aldirietan, eta hantxe kokatuta daude ArtCenter, California Institute of Technology, NASAren Jet propulsion Laboratory (Zurrusta Propultsio Laborategia), Norton Simon museoa, Rose Bowl estadioa eta beste hainbat erakunde kultural, akademiko eta zientifiko. Pasadena hiri aitzindaria da berrikuntzan, eta, kontuan hartuta datozen urteetan garraioaren sektoreetan aldaketa bizkor ugari gertatuko direla, aurreikustekoa da hiri aitzindaria izatea orobat zirkulazioa, garraio-sistemak, zerbitzu-enpresak, kutsadura akustikoa eta zerbitzu komunitarioak kontrolatzeko eta kudeatzeko udal datuak biltzeko teknologia aurreratuak ezartzen. Garraio publikoa, oinezkoen bideak eta gune berdeak aspalditik dira Pasadenako plan orokorraren parte, baina hiria halaber da abangoardia mugikortasun-molde berriak hirigintza-plangintzaren eta ingurumen-erantzukizunaren oinarrizko elementutzat hartzeari dagokionez. Teknologia berriak —hala nola adimen artifiziala eta ibilgailu autonomoak— eta negozio-eredu berriak —adibidez, autoa partekatzeko zerbitzuak eta garraio pribatuko aplikazioak— goitik beherako aldaketa eragiten ari dira mugikortasunaren sektorean. Horren ondorioz, gazteek nahiz helduek aukera berriak eta askotarikoak nahi dituzte, ibilgailu partikularretik haratago, eta hainbat soluzio aprobetxatzen ari dira Mugikortasuna Zerbitzu gisa (MaaS) eta Garraioa Zerbitzu gisa (TaaS) alorretan.
Etorkizuneko Pasadena (Future Pasadena) proiektuan, faktore horiek bat egiten dute ekosistema integratu eta kohesionatu batean, zeinetan ibilgailu pertsonalek eta beste garraiobide batzuek —lurrekoek nahiz airekoek— eraginkortasunez garraiatzen baitituzte pertsonak eta salgaiak hirian zehar, Pasadenako biztanle, bisitari eta enpresei zerbitzua ematea eta haiek aberastea helburu dutela.
Mentoreak
Lorne Buchman, Jay Sanders, Stewart Reed, Geoff Wardle
Taldekideak
David Bang, Gurminder Bhandal, Marek Djordjevic, Jered Gold, Karen Hofmann, John Krsteski, Jordan Meadows, Stephen Nowlin, Yingfei Taylor Chen, Omar Gonzalez, Frank Guan, Jingdian Elijah Li, Alex Lopez, Venus Marenco, Emi Taniguchi, Jackson Zhang, Ao Zhou, Edward Tseng
Kideak
Ford Motor Company, USA Genesis, USA
Honda Motor Company, USA Spinifex Group, USA
Berlage Zentroa, Arkitektura eta Hiri Diseinuko Ikasketa Aurreratuak
Arkitektura eta Ingurune Eraikiaren Fakultatea, Delft-eko Unibertsitate Teknikoa, Herbehereak
Automobilak arkitektura bultzatzen du
Autoak salbatu zituen XIX. mendeko metropoliak zalgurdien ondoriozko higiene-arazoetatik, eta garai hartan gailentzen hasi ziren herritar partikularrei eskaini zizkien eremu berriak eta irisgarritasun-modu berri eta erradikalak. Horrek eraman zuen, hain zuzen ere, XX. mendeko hirigintza lurraldearen hedapen kontrolatutik nahitakoa ez zen sakabanaketara. XXI. mendearen hasieran, bere garaian autoari lotutako optimismoa haren kontrako argudio bihurtu zen. Automobila kutsatzaile akustikoa zela eta eragile toxikoak isurtzen zituela aitortu zen, eta orobat lurzoruaren kontzentrazioa eta haren erabilera eraginkorra indargabetzen zuen elementua zela; era horretara, harekin zerikusia zuten eremuak eta azpiegiturak eguneroko auto-ilaren eta gainerako eragozpenen agertoki beldurgarria bihurtu ziren.
Edonola ere, gaur egungo pandemiak agerian jarri du automobila berpiztu egin dela, eta eremu pribatua nagusi izaten jarraitzen duela. Beste behin ere, irisgarria ez denera iristeko aukera ematen digun emantzipazio-eremu bat adierazten du, eta, aldi berean, eremu publikora eramaten du eremu pribatua. Ingurumenaren ikuspegitik garbia den automobilak XXI. mendearen amaierako arkitektura nola birdefinituko duen aztertzen du gure lanak; eta arreta berezia jarri diogu automobilen garapen teknologikoek gure hiriak, espazioak, azpiegiturak eta lurraldeak irizpide iraunkorrekin diseinatzeko sortaraziko dituzten aukerei.
Nola aldatu behar da XX. mendeko autopistei eta bidegurutzeei lotutako arkitektura, hau da, gasolindegiak, aparkalekuak, garbiketa-tunelak, atsedenlekuak eta errepidetako hotelak? Zer arkitektura-mota berri agertuko dira etorkizuneko autoekin batera XXI. mendearen bigarren erdialdean? Nola jarraituko dute bat egiten automobilaren eremu pribatuak eta eremu publikoak?
Aurkeztutako lan honek ohiko aparkaleku baten planoa eta automobil baten bolumena aurkezten ditu. Automobil baten barrualdea gogorarazten duen ikuspegi batean hainbat film egongo dira erakusgai; horietan aztertuko da iraganeko eta etorkizuneko automobilek nola baldintzatzen duten arkitektura.
Mentorea
Salomon Frausto
Taldekideak
Kees Kaan, Dick van Gameren, Juan Benavides, Berlage Generation 32
Gramazio Kohler Research, ETH Zurich, Suitza
Flight Assembled Architecture, berrebaluatua
Nola bizi dira gizaki birtualak maketa arkitektoniko digital batean? Flight Assembled Architecture (FAA, 2011–12) egitasmoa aitzindaria izan zen arlo horretan: hain zuzen ere, hiri zilindriko bat asmatu zuen, oinezkoentzakoa guztiz, 30.000 biztanlerentzat eraikia eta soil-soilik dronekin altxatua. Hiriak seiehun metroko altuera izango luke, eta bizi-zikloa betetakoan guztiz desmuntagarria izango litzatekeen metaegitura arkitektoniko autonomo modura pentsatu zuten.
Gramazio Kohler Research ikerketa-taldeak aztertu egin zuen nolakoak izango liratekeen bizitza eta mugikortasuna FAA barruan. Garraio publikoa, nasak, eskailerak, igogailuak, bidegurutzeak eta are dron-taxiak ere kontuan hartuta, FAAko biztanleek lantokira joateko, etxera itzultzeko edo lagunak bisitatzeko zer bide erabiliko lituzketen aurreikusi zuen proiektuko lantaldeak. Forma bertikal eta zirkularra izanik, FAAk bereizgarri du zirkulazio-fluxu bereziki eraginkorra izatea, eta, era berean, munduko hirien dentsifikazioa modu esanguratsuan murrizteko premiari erantzuten dio.
Motion. Autos, Art, Architecture erakusketan parte hartzeko, ikuspegi horretatik haratago jo du Gramazio Kohler Researchek, eta gizaki birtual autonomoz jendeztatu du hiria. Eremu erreala eta eremu birtuala alboz albo jarrita, FAAko eguneroko bizitzaren lekuko izan daiteke publikoa: egunerokotasun bat zeina, biziduna izateaz gainera, denbora errealean gertatzen baita ordenagailuz sortutako adimen artifizialari esker. Erakusketan, abatarrak —ETH Zuricheko Siyu Tang irakaslea buru duen Computer Vision and Learning Group taldearekin lankidetzan garatuak— beren oldez dabiltza, eta hartu-emanean dihardute ordenagailuz sortutako barnealdeekin, ingurune arkitektonikoarekin eta gainontzeko abatarrekin. Errealitate hedatuaren (XR) eta 3Dko maketen irudikapenen bidez, bisitariek lehen pertsonaren ikuspegitik behatu, jarraitu nahiz ikus dezakete zehatz-mehatz irudikatutako utopia baten barnealdea.
Flight Assembled Architecture, 2011-12
Gramazio & Kohler eta Raffaello D`Andrea ETH Zurichekin lankidetzan. Bezeroa: FRAC Centre (produkziokidea). Kolaboratzaileak: Andrea Kondziela (proiektu-burua), Sarah Bridges, Tim Burton, Thomas Cadalbert, Ralph Bärtschi dk., Peter Heckeroth, Marion Ott, Tanja Pereira, Dominik Weber, Jan Willmann dk. Adituak: Jan Carmeliet, Eraikuntza-fisikako arlo-burua, ETH Zurich; Empa; Lüchinger dk. + Meyer Bauingenieure AG; Amstein + Walthert AG
Mentoreak
Fabio Gramazio, Matthias Kohler, Siyu Tang
Taldekideak
Alessandra Gabaglio, Maximilian Rietschel, Romana Rust, Sarah Schneider (Gramazio Kohler Research, ETH Zurich), Jonathan Lehner, Siwei Zhang, Yan Zhang (Computer Vision and Learning Group, ETH Zurich)
Kideak
NVIDIA, Alemania Lenovo, Austria
Hongik Unibertsitatea, Seul, Hego Korea
Gure etorkizun jasangarria: birpentsatzea eta birdiseinatzea
«Beti toki berean geratzeko eginak bagina, sustraiak edukiko genituzke oinen ordez» — Rachel Wolchin
Mugikortasuna gizakiaren DNAren parte da. Antzinako herriak esploratzaile peto-petoak ziren; izan ehiza bila, izan elikagai bila, hara-hona ibili beharra zuten bizirauteko. Lurra lantzen hasi zenean finkatu ahal izan zuen gizakiak kokaleku batean; baina, hala ere, ez zion utzi bidaiatzeari gurpila, itsasontzia eta gainerako garraiobideak garatu ahala. Esploratzeko ahaleginak ez du inoiz etenik izan, eta asmamen handiko mugikortasun-diseinuei esker, aukera sortu zen, esaterako, kontinenteen arteko lehen bidaia egiteko, Ipar Poloa esploratzeko eta Ilargiraino iristeko; horrela, gero eta toki liluragarriagoetara hedatuz joan zen gure mundua.
Zerk bultzatzen gaitu garraiobide berriak sortzera? Irudimena eta teknologia dira alderdirik garrantzitsuenak. Beti amestu izan ditugu bidaiatzeko forma ezohikoak, eta horren erakusgarri dira mitoak zein literatura fantastikoko bestelako obrak. Eta horrek inspiratu ditu zientzialari, ingeniari eta diseinatzaileak teknologia berriak garatzera, eguneroko garraioa berritu eta hobetzeko eta aukera berriak bilatzeko asmoz. Irudimenak adimena aberasten du; teknologiak mundua zabaltzen du, eta garraioa oinarri-oinarrizko elementua da historia sortzeko.
Gure gogoaren eta naturaren eraldaketa bete-betean gaude, gure mugak zabaltzen. Teknologia digitalak metabertsoa sortu du, gure unibertso birtual partekatua, eta balioaren iraultza ekarri duten kriptomonetak ere sortu ditu. Mehatxu handiak ditugu, ordea, kutsadura eta berotze globala, eta ezinbestekoa zaigu horiei erantzutea. Gehiegizko populazioa eta hondakinak muga itzela dira mundu ezezagun batean itxaropen berriak jartzeko.
Erakusketa honetan, Hongik Unibertsitateko taldeak mugikortasun-diseinuaren esparruko hiru heroi nabarmendu ditu, XXI. mendearen amaierarako gure mugei erronka joz datozen hiru heroi: Ameslaria, Berritzailea eta Erronkagilea. Ameslariak metabertsoko mugikortasun-diseinua definitzen du —han ez dago ahalmenari edo indibidualtasunari dagokion murrizketarik—; etorkizun diren belaunaldien mito berria eta etorkizuneko adimenen esplorazioa irudikatzen ditu. Berritzailea etorkizunean jasangarritasuna bermatzera bideratutako mugikortasun-diseinuaren soluzioa da; bizitza urbanorako formula praktiko bat iradokitzen du. Eta Erronkagileak, berriz, etorkizunari begirako itxaropen berri bat sortzea proposatzen du.
Mugikortasun-diseinuaren arloko hiru heroi horiekin, hazkundean oinarrituta dagoen gaur egungo mundu lehiakorraren etorkizunetik aldendu, eta bizikidetza eta jasangarritasuna ezaugarri dituen mundu berri bat hartu ahal izango dugu jomuga.
Mentoreak
Jun Hyuck Eoh, Keun Lee
Taldekideak
Dong Hyeok Choi, Je Sub Kim, Se Joon Kim, So Jeong Ko, Seungah Lee, Kyung Taek Lim, Sung Guk Park, Hyewon Seo
Kideak
Hyundai Motors, Hego Korea Kilo Design, Hego Korea MecaLab, Hego Korea
Daejin Tech Industry Co., Hego Korea Keit, Hego Korea
Hongik Smart Mobility Center, Hego Korea
Massachusettseko Teknologia Institutua (MIT), Cambridge, MA, Estatu Batuak
0∞ mugikortasuna, bi etorkizun
Une honetan, kontrako norabidean doazen bi agertoki antzematen ari gara mugikortasunaren etorkizunari erreparatzerakoan. 2020an piztutako pandemiak instant batean geldiarazi zituen jendearen joan-etorriak, baina, aldi berean, etxez etxe banatzen ziren produktuak, elikagaiak, informazioa eta esperientziak. Litekeena da, gainera, lurrean, airean zein espazioan zehar mugitzeko modu berri zoragarriek zailtasunik gabe noranahi bidaiatzeko aukera ematea gizakiei. Etorkizun horien muturreko zenbait bertsiok harremanetan, ondasunetan eta hiri-inguruneetan duten eragina hartu dugu aztergai.
Aretoa
Bisitaria inguratzen duen gune zilindriko batek denboran aurrera egin ahala gerta daitezkeen bi etorkizun posibletara garamatzaten estrapolazio zinematografikoak erakusten ditu. Ezkerrean ikusten dugun munduan, giza esperientzia hiperlokal bihurtzen da poliki-poliki, eta mugimendua zerora hurbiltzen da. Eskuinekoan, berriz, jendeak mugitzeko askatasun ia infinitua lortzen du. Gune horren erdian etorkizuneko hiri baten maketa fisikoa dago, ibilgailuak zatikatzeko tailerretan lortutako ordezko auto-atalez osatua; era horretara, proposatutako etorkizun horiek orainaldi ukigai bati finkatzen zaizkie.
Istorioak
Mugikortasun-eredu aldakorrek eragina dute gure inguruan, gure gizarte-harremanetan eta gure ondasunetan. Ikusgai diren bineta zinematografikoek hiru istorio paralelo kontatzen dizkigute:
Ingurunea (Hiri-eremua): eremu publikoak, egun, ibilgailuentzako bideen bitartez daude elkarri lotuta. Muturreko etorkizun bietan, errepideak eta kaleak, gaur ezagutzen ditugun moduan, hutsalak dira; lekuen diseinua eta esperientziak gailentzen dira.
Harremanak (Maitasuna): gaur egun, leku batetik bestera gabiltzan bitartean maite ditugunengandik bereiz ematen dugun denborak hartzen du gure bizi-esperientzia gehiena. Mugitzeko gaitasuna mugagabea izanik, sor litezkeen harremanak kontaezinak dira, baina baita gero eta iheskorragoak ere. Zerotik hurbileko mugimenduarekin, gure mundua txikitu egiten da, harremanak biziagotu, eta gure nortasunak fusionatzen hasten dira, esperientzia guztiak partekatzen baitira.
Ondasunak (Ekipajea): arian-arian pilatzen ditugun ondasun guztien azpimultzo bat hautatu ohi dugu bidaiatzeko. Etengabe eta eroso mugitzen bagara, gure ekipajean sartzen diren objektuak baino ez ditugu edukiko. Bidaia zerora murrizten denean, ordea, maleta iraganeko objektu bihurtzen da, objektu bitxi eta zaharkitua.
Mentorea
Kent Larson
Taldekideak
Luis Alonso Pastor, Gabriela Bílá, Justin Blinder, Margaret Church, Naroa Coretti, Markus Elkatsha, Maitane Iruretagoyena, Thomas Lengeling, Holger Prang, Yasushi Sakai, Lucas Seixas, Carson Smuts, Pedro Ribeiro. Sean Webley
Scuola del Design, Politecnico di Milano, Italia
Autofficina Futuro
Teknologia berrien garapenarekin sortzen ari den espazio motak gero eta gutxiago erantzuten die euklidear parametroei: ezegonkorra da, eraldaketa etengabean, eta fluxuz, eskalaz gaindiko dinamikaz, maila ugaritako sarez eta lotura korapilatsuz osatua dago. Gure mugitzeko moduak eragina eta ondorioak izango ditu, zalantzarik gabe, bizitzeko, komunikatzeko eta lan egiteko dugun moduan, baita munduari begiratzeko eta bertan bizitzeko dugun moduan ere. Ez da kontu praktiko eta funtzional hutsa, ingurumenarekin eta gizartearekin ere baitu lotura: ia gauza guztien azpian datza, besteak beste gure hirien diseinuan, komunitatearen ideian eta gizartearen funtsezko premietan, premia etikoetan, pertsonen nahietan eta haien gorputzen errendimenduan.
Politecnico di Milanoko ikasle eta ikertzaileak gogo biziz ari dira jorratzen pentsamendu- eta ikuspegi-konplexutasun berri hori. Eta horrek diseinu-lan handia eskatzen du alderdi guztietan: hala produktuetan nola zerbitzuetan, barrualdeetan zein elkartrukeetan. Lan hori guztia zeharo sistemikoa eta diziplina artekoa den proiektu mota batean oinarritzen da, zeina, «Made in Italy» tradizioari jarraituz, iraganeko adibide handiez aberasten baita etorkizun esperimentalak proposatzeko. Urrunean ditu sustraiak lan horrek, baina orainaldiko seinaleei entzuten die adi-adi; erdigunean jartzen du gizakia, eta etorkizuneko aukerak arakatzen ditu. Mundua nola izan zitekeen aztertzen du, eta, Autofficina Futuro instalazio interaktiboaren bitartez, hori bera egiteko gonbita luzatzen die bisitariei.
Autofficina Futurok carrozzeria direlakoen ideia gogorarazten du; Italiako bikaintasun-ikurra ziren tailer haietan autoak egiten, konpontzen, hobetzen eta eraldatzen zituzten XX. mendearen hasieran, bezeroekiko hartu-eman bizi eta emankorrean. Ia neurrira egina zirudien dotorezia sofistikatuko guneak ziren, jakintza eta berrikuntzak trukatzeko guneak, non bezeroen nahien arabera sortzen baitzituzten pieza berdingabeak. Ekoizpen-guneak ere baziren, eta etorkizunarekin sintonian zeuden bertan adierazpiderako askatasuna, ideiak eta esperimentazioa.
Errenazimentuko Leonardo da Vinci artista eta asmatzaileak «bizitzaren kausa mugimendua [dela]» erakutsi zigun bezalaxe, Autofficina Futurok adorea ematen die bisitariei, aurrera egin ahala, mugimendu hori alda dezaten, are gertutik ikusi eta zeharkatu dezaten, benetan nolakoa den ezagutzeko. Instalazioko hormak dardara egiten du multimedia edukiekin, eta bisitarien presentziari eta keinuei erantzuten die. Mugimenduak agerian jartzen ditu mugikortasunaren etorkizunari buruzko istorioak. Mugimenduak ezagutzaren atari bihurtzen ditu txapa-tailerrak; ikusezinarekin lotzen du ikusgaia. Ikasleek sortutako irudiek, zirriborroek eta filmek hainbat agertoki posible taxutzen dituzte etorkizunerako. Mugimenduak ikerketa- eta aurkikuntza-bide bihurtzen du bisitarien joan-etorria.
Mentoreak
Luisa Collina, Roberto Boni, Fausto Brevi, Giulio Ceppi, Nicola Crea, Francesco Zurlo
Taldekideak
Ilaria Bollati, Gabriele Carbone, Flora Gaetani, Umberto Tolino, Daniela Maurer eta CamerAnebbia, Atelier Fyumi, Niccolò Biddau
Kidea
Italiako Kultura Ministerioaren Sorkuntza Garaikiderako Zuzendaritza Nagusiak 2021eko Italian Council programaren baitan emandako laguntzarekin egina
Royal College of Art, Londres, Erresuma Batua
Intelligent Mobility Design Centre
Intelligent Mobility Design Centre (IMDC) edo Mugikortasun Adimendunerako Diseinu Zentroa 2017. urtean sortu zuen Royal College of Artek (RCA). Hiri-inguruneetan eta ingurune global konplexu eta aldakorretan mugikortasunaren, pertsonen eta teknologiaren arteko intersekzioan puntako ikerketak egiteko RCAk sortutako ikerketa-zentro berrien artean lehenengoa da. IMDCk diseinuan oinarritutako ikuspuntu iraultzailea eskaintzen du, mugikortasun-irtenbideen hornitzaileei eta automozioaren industriari zuzendutako berrikuntza-planteamendu berriak garatzean zentratua.
Zentroaren ikerketa guztiz oinarrituta dago gizakian, helburuei eta metodoei dagokienez; izan ere, diseinu inklusiboa eta gizadiaren helburu, kezka eta itxaropenak kokatzen ditu mugikortasunaren alorreko irtenbideen erdigunean. IMDCk gidaririk gabeko mugikortasun-esperientziak eta-zerbitzuak ikertzen ditu, eta orobat ikertzen ditu teknologian txertatutako berrikuntzak, automobil-tipologia berriak, hiri-mugikortasuneko azpiegitura adimendunak eta sektoreko eraldaketei erantzuten dieten diseinuan gertatutako paradigma-aldaketak.
IMDCk diseinu-íkerketari lotutako ikuspegiak erabiltzen ditu produktu-, zerbitzu- eta jabetza-eredu berrietan dauden aukera berriak aztertzeko eta, halaber, eremu ekonomiko eta sozialean eragin eraldatzailea edukitzeko. Planteamendu kritiko batetik abiatuta, gure sektorean funtsezkoak diren arazo global konplexuak ikertu daitezke eta horiei heldu, jasangarritasuna eta etorkizuneko teknologia ere aintzat hartuta.
Erakusketa honetan IMDC zentroaren eragin handiko lanak aurkezten dira, bi proiekturen bitartez. Lehenengo lana eskalan egindako Bentley Aeon proiektuari dagozkion (IMDC eta Bentley arteko lankidetza) hainbat prototipo eta kontzeptu esperimentalek osatzen dute; bertan lantzen da, orobat, ibilgailuek sistema jasangarri berrasmatuetako parte gisa epe luzera izango duten bilakaera. Bigarren lanean, berriz, Lexusekin batera garatutako The Soul of Future Premium proiektuaren hainbat bideo kontzeptual biltzen dira; era horretara, europar hiri-mugikortasunaren paisaia berri bat aztertzen da, identitate kulturalaren eta etorkizuneko teknologiaren arteko elkargunean.
Mentoreak
Dale Harrow, Cyriel Diels, Chris Thorpe
Taldekideak
Jay Asundaria, Corentin Janel, Guillaume Innocenti, Ben Martin, Naomi Saka, Shoichi Sato, August Shiva Reynés, Zixuan Zhao
Kideak
Bentley Motors Limited, UK Lexus Europe
Strelka Institutua, Mosku, Errusia
Autogenesia
Automobilek ibilbide berri xamarra dute diseinu-objektu gisa, eta bide horretan gehiago baldintzatu ditu diseinuaren zeharkako parametroen bilakaerak merkatuko figura kanonikoen keinu estilistikoek baino.
Pneumatikoak… Sentsoreak… Aurreko panelak… Plastikoak… Segurtasun-uhalak… Autopistak… Zeharkako «indar» horiek dira, ziurrenik, ibilgailuen diseinuaren benetako eragileak.
Gaur egun, softwarea da, ezbairik gabe, automobilen diseinuan garrantzirik handiena duen indarra. Ikusirik ibilgailu modernoak ehun milioi kodelerro baino gehiagori esker dabiltzala, softwareak ez du soilik automobila itxuratzen; aitzitik, bere irudira berritxuratzen du gainerako diseinu-indar guztien egitura, baita haien arteko harremanak eta elkarreragingarritasuna ere. Izan ere, automobilak «gurpil gaineko iPhoneak» bihurtzen ari dira: software-plataforma ibiltariak, azpian dituzten bateria elektrikoez elikatuak. Zer dakarkio aldaketa horrek (automobilen) diseinuaren etorkizunari?
Edozer gertatzen dela ere, etorkizunean:
Automobilak mugitu egingo dira…
Automobilek ikusi egingo dute…
Automobilek elkarri eragingo diete…
Automobilak gauzatu egingo dira…
Automobilek huts egingo dute…
Automobilak azpiegiturara zabalduko dira…
Arreta marka, profil edo diseinatzaile zehatzetan jarri gabe, geruzaz geruza banatu ditugu gaur egun automobilen diseinua benetan egituratzen duten zeharkako diseinu-indarrak —izan tradizionalak zein berriak—. Konfigurazio ireki hori bideratzeko moduaz eta horrek guztiak etorkizun hurbilean diseinuaren diziplinari eragin diezaiokeenari buruz hausnartu dugu, eta sei mailako plataforma-egitura generiko batean antolatu ditugu gure aurkikuntzak.
Mentoreak
Varvara Melnikova (Strelka Institutuaren zuzendaria), Nicolay Boyadjiev (proiektu-burua), Olga Tenisheva, Sofia Saveleva (proiektu-arduradunak)
Taldekideak
Joel Fear (proiektuaren diseinu-arduraduna), Philip Maughan (proiektuaren edizio-arduraduna), Yulia Besplemennova, Eduardo Castillo Vinuesa, Iani Zeigerman (ikerketa-laguntzaileak), Tigran Kostandyan, Sofia Pia Belenky, Bryan Wolff Schoemaker (bestelako laguntzaileak)
Kidea
Banana Bread (teknologia-diseinurako kidea) autogenesis.strelka.com
Monterreyko Teknologikoa, Arkitektura, Arte eta Diseinu Eskola
Askotariko helmugak
Askotariko helmugak (Destinos diversos) piezak etorkizuneranzko bidaia kritiko bat proposatzen du. Mugikortasuna guztiontzat bide beretatik ez doala onartuta, hausnarketa alternatibo bat planteatzen du lan honek mugikortasunaren gainean, zentzu zabalean hartuta. Automobilaren Forden para digma, zeina baitago egituratua hiri-tankera jakin batzuekin bat egiten duen arrakasta indibidualari buruzko balio multzo baten inguruan, hirietako ekitaterik eza areagotzen duen faktore bat da, eta jasanezina da, bereziki «periferiatik» pentsatzen dugunean etorkizunean, Octavio Pazen hitzak erabiliz.
«Oso gutxi pentsatu dugu geure kabuz: dena edo ia dena Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan ikusi eta ikasi dugu […]. Errealitateari aurrez aurre begiratzen ikasi behar dugu. Beharrezkoa bada, hitz berriak eta ideia berriak asmatu behar ditugu, bidean agertu zaizkigun errealitate berri eta bitxi hauentzat».1
Monterreyko Teknologikoak aurkezten duen proposamenak hiru maila ditu, eta maila horiek semantikoki egituratzen dituzte hainbat helmugatarako joan-etorriak. Proposamenak, bestetik, abiapuntu ditu egungo errealitatea eta «urrutiko» hiri batzuk —deskonektatuak, bidegabeak—, eta automobilaren sistema/produktu arteko harreman berri batekin konektatuko «hurbileko» hiriaren nolabaiteko ideiak osatutako etorkizunen zantzuak aurkezten dizkigu.
Ibilbideetan abiapuntu desberdinak daude, eta horiek baldintzatzen dute bizi-kalitate hobea lortzea mugikortasunaren zeharkako motor gisa. Ibilbideak eskualdean (hegoaldetik iparralderako migrazioak), metropolian (periferietatik erdigunerako ibilbideak) nahiz auzoan gertatzen dira, eta hiriegitura amaitu gabeen eraginpean daude. Aukera-berdintasunerako berdintasunik eza agerian uzten duen mugikortasun bat da. Hiria ibilgailuak arin mugitzeko egituratu dela onartuta, ulertu daiteke nola gelditu den horren ondorioz osatugabe hiriko bizitzaren esperientzia eta kalitatea.
Itzulerako bidaiak giza eskalako automobilgintza ekitatiboa, kontzientea eta ingurunearekiko koherentea lortzeko hartu beharreko erabakien gainean galdetzen du. Zer rol izan behar dute eraginkortasun energetikoak, iraultza digitalak, multipolaritateak eta gizarte-egitura berriek mugikortasun modu berrien sorreran? Zer jarrera hartu behar da klima-aldaketari, baliabideen gaineko presioari eta trantsizio energetikoari begira? Nola txerta daitezke era askotako begiradak, jatorriak eta ibilbideak automobilgintzarako etorkizun hobesgarrien sorreran? Askotariko helmugak piezak onartzen du etorkizuneko mugikortasunak erronka handia duela galdera horietan, baina baita aukera onena ere.
Oharra
1 Octavio Paz, El laberinto de la soledad (Ciudad de México: Fondo de Cultura Económica, 1950).
Mentoreak
Alfredo Hidalgo Rasmussen, Xóchitl Arias González, Rossana Valdivia Pallares (koordinatzaileak), Juan José Ramos Álvarez, Lucas Néstor Hoops, Agustín Solórzano Gil, Matías Peraza Reyes; Juan Pablo Murra, Roberto Íñiguez Flores, Jorge Blando Martínez, Carla Díez de Marina (erakunde-babesleak)
Taldekideak
Daniela Cruz Naranjo, Edgar Egurrola Hernández, Sebastián Fajardo Turner, Luis Natera Orozco, Axel Martínez Avendaño, Luisa Medina Martínez, Itzel Zacnicté Molina Ramírez, Alejandro Pineda Cortés, Cristina Preisser Roca, Sandra Solís Florido, Frida Sofía Suárez, Naoto Kobayashi (diseinu- eta ekoizpen-taldea), Andrés Santín Godoy (mapping); Daniel Savedra Olivo (diseinu grafikoa), Luis Córdova (maketa topografikoa), José Manuel Serranía Prieto (automobil-maketak), José de la O Campos, Ramiro Estrada Sainz, Nélida Escobedo Ruiz (aholkularia)
Babeslea
Iberdrola, Espainia
Tsinghua Shenzhen Graduondoko Nazioarteko Eskola, Txina
Shenzhengo Etorkizuneko Mugikortasun-zentroa
Tsinghua Unibertsitateko Etorkizuneko Giza Habitat Ikasketen Institutua (iFHHs, ingelesezko laburduraren arabera) 2020. urtean sortu zen mugarik gabeko pentsamena garatzeko eta digitalizazioak ingurune eraikiari buruzko heziketa eta ikerketarako duen potentziala besarkatzeko xedez. Tsinghua Shenzhen Graduondoko Nazioarteko Eskola Pekinen dago kokatuta, Txinaren erdigune teknologikoan alegia, eta ikastegiaren zazpi gai-eremuetako bat da iFHHs. Datozen hamarkadetan bai arkitekturak bai hirigintzaren plangintzak aurrez aurre edukiko dituzten erronketan eta arazoetan oinarritzen dira institutuko ikerketak, eta teknologia berritzaileenak baliatzen ditu biharko gizartearen premiak —izan banakakoak, taldekakoak edo espazialak— jorratzeko.
Mugikortasuna da, hain zuzen, etorkizuneko giza habitatak izango duen arazoetako bat. Hirietako biztanleen, energia-sistemen eta gure gizarteen eskakizunak aldakorrak direnez, pertsonen, artikuluen eta zerbitzuen hiri-mugikortasuna modu zirkularrean gauza daitekeela bermatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da arazo zailei irtenbide burutsuak bilatzea. Arkitektura Masterreko programan egindako ikerketen bitartez, denborari, erosotasunari edo kontzientziari uko egin gabe mugikortasun arduratsua lortzeko moduak aztertzen ari dira elkarrekin hezitzaileak, ikerlariak eta ikasleak. iFHHs institutuaren proiektuak askotarikoak dira, hala nola pertsonen eta produktuen hiri-garraiogune intermodalak nahiz etorkizunean Marten egon daitezkeen habitatak. Diziplinarteko era guztietako eduki-iturri emankorrak bateratuz irtenbideak bilatzeko lehen saiakeretako bat izan da Motion. Autos, Art, Architecture erakusketarako sortutako lana. Eta horixe da, hain zuzen, Tsinghua Shenzhen Graduondoko Nazioarteko Eskolaren eta iFHHs institutuaren helburua.
Mentoreak
Louise Holloway, Peter Russell, Gao Yan, Tom Verebes
Taldekideak
Abdullah Almohaisen, Shefali Chari, Gao Mengrong, Chester Goh, Manpreet Hanspal, Hong Yuhan, Li Yingyue, Mo Sifeng, Siddhi Rathi, Akshita Rathore, Rithik Reddy, Shreya Shahane, Tang Hao, Shukwan Tung (Ken), Thivya Velusamy, Chen Wei, Wei Tianxi, Xu Zhiwei
Kideak
BYD Auto Co., Ltd, Txina
New York Institute of Technology, AEB
Umeåko Diseinu Institutua, Suedia
Mugikortasun espekulatiboa
Umeåko Diseinu Institutuak graduazio-proiektu berrien hautaketa bat ekarri du Motion. Autos, Art, Architecture erakusketara. Suedian dago kokatuta institutua, eta diseinu industrialeko eskola aitzindaritzat hartzen da mundu osoan. Aurkeztutako proiektu-multzoak etorkizuneko mugikortasunerako kontzeptuak proposatzen ditu, hasi automobil aurreratuetatik eta aireko zein itsasoko garraioaren alorreko irtenbideetaraino. Arte Ederretako Masterreko Garraio Diseinuaren espezializazioa osatzen duten bi ikasturteetako azken seihilekoan eginak dira egitasmoak. Tesi-proiektuak banakakoak izaten dira, eta hogei astez luzatzen dira hasieratik azken azterketara bitartean. Industriarekin lankidetzan aritzea borondatezkoa da, eta azken prestakuntza-aldi horretan heltzen diote ikasleek zeregin horri. Ikerketa- eta diseinu-faseetan, garraioaren inguruan jakin-mina eragiten dieten edo bereziki gogoko dituzten gaietan jartzen dute arreta ikasleek, eta gai horiekin lotura duten adituekin harremanetan jartzen dira. Prozesu gainbegiratua da, baina banaka gauzatzekoa, beraz, ikasleek garrantzizko diseinu-aukerak identifikatzeko duten gaitasuna erakustea da helburua, eta orobat lortu nahi da ikasle horiek sormenez eta modu kritiko, independente eta profesionalean betetzea beren lana.
Honako proiektuak daude ikusgai erakusketan: etorkizuneko ibilgailu autonomoen adierazpen artistikoaren azterketa bat; etorkizunean ur gainean bizitzeko aukera emango duen anezka-zerbitzu bat; aireko mugikortasun-sistema bat, basamortu bihurtutako eremuak birsortzeko; eta erraz mugitzeko aireko taxi bat, garapen bidean dauden megahirien mugikortasun bertikalerako eskaeran oinarritua.
Proiektu horien emaitzek agerian uzten dute lotura anitz daudela etengabeko bilakaeran dagoen garraioaren diseinuaren eta munduan garapen jasangarriari dagozkion helburuak lortze aldera elkarrekin bat egiteko beharraren artean. Proiektuen izaera estrategikoaren, espekulatiboaren eta kontzeptualaren asmoa da eztabaida publikoa eragitea mugikortasunaren etorkizuneko testuinguruei buruz, horri esker lankidetza eraginkorragoa lortuko baita horiek baztertzeko edo gauzatzeko beharrezkoak diren ekintzetan.
Mentoreak
Demian Horst, Jonas Sandström
Taldekideak
Wanyi Du, Max Troicher, Lars Welten, David Wolter
Kideak
Geely Auto, Txina BMW AG, Alemania
Lurmutur Hiriko Unibertsitatea, Hegoafrika
U+, US+
Mugikortasunaren artea Lurmutur Hiriko Unibertsitateako Arkitektura, Plangintza eta Hirigintza sailetako ikasleek garatutako proiektu bat da. Hego-hemisferioko testuinguruan kokatutako ekimena da, eta hainbat kontzeptu eta objektu plazaratu zituen egunero lantokira joan-etorria egiten duten erabiltzaileentzako Lurmutur Hiriko garraio publikoak dituen erronka iraunkorrei erantzuteko abiarazitako sorkuntza-prozesu batean oinarrituta. Garraioaren, hirigintza-plangintzaren eta diseinuaren esparruetako aditu ospetsuek planteatutako zenbait agertokitan oinarritu zuten ikasleek beren lana. Unibertsitateko akademikoek definitutako funtsezko irizpideekin uztartuta, mugikortasunarekin loturiko agertoki haiek zalantza ugari eragin zituzten hainbat eta hainbat gairen inguruan: garraioaren justizia, irisgarritasun-berdintasuna, ugaritasuna eta aniztasuna, mekanismo intermodalak eta transmodalak, erabiltzaileetan oinarrituriko diseinua, itxaronaldiak, faktore soziopolitikoak, etorkizuneko joerak, lehen eta azken kilometroko zerbitzuak, garraio publikoaren moldagarritasuna, askotariko lurzoruak, ibilgailuen hierarkiak, segurtasuna, berrikuntza, gizarte-xedeko enpresak, eta, berrikiago, pandemia ondoko garaiko auzien kudeaketa pragmatikoa.
Elkarri loturiko agertoki errealen konbinazio bati erantzuteko diseinatu zuten ekimena, inolako mugarik gabeko ideia-jasa batean oinarriturik, datorren belaunaldiko pentsalarien esku-hartzeak eta planteamenduak dokumentatzeko proposamen sorta bat lantzeko xedez. Kontzeptu haiek nolabaiteko materialtasun ukigarria eskaini zuten, ausardiari eta erradikaltasunari tartea egiten zioten potentzialtasun digitalez hornitua.
Kontzeptualki, proiektuak U+ eta US+ ideiak azaleratu zituen (ZU+ eta GU+ gisa itzul litezke euskarara). Testuinguru horretan, praxi garaikidearen nozioak irudimen espekulatiboarekin lotzen dituen ideia gisa proposatu zuten U+ delakoa. Ikasleentzat, teknologiarekin esperimentatzeko modu bat izan zen, zeinaren bidez optimizatu eta hobetu baitzitekeen mugikortasun indibiduala, garraio publiko irisgarri eta praktikoa sustatze aldera. Esku-hartze horretarako funtsezkoak dira irisgarritasun-berdintasuna, hainbat mailatako sistema modalak, atetik aterako zerbitzuak eta espazioaren, denboraren eta energiaren optimizazioa. U+ ideia US+ bihurtuko litzateke eskala ezberdinetan malgutasun-maila handia emango lukeen mugikortasun publikoari dagozkion errealitateei erantzuteko. U+ kontzeptuak lehen maila barne hartzen du, eta norbanakoaren mugikortasuna jorratzen du zerotik hamar kilometrora bitarteko tartean; US+ kontzeptuak, berriz, bigarren eta hirugarren mailak hartzen ditu, eta hamarretik berrogeita hamar kilometrora bitarteko distantzian erabiltzaileak modu kolektiboan garraiatzearekin du lotura.
Mentoreak
Edgar Pieterse, Philippa Tumubweinee dk.
Taldekideak
Heeten Bhagat, Emma Bracher, Tankiso Hantsi, Divine Masako, Dineo Mogotsi, Paul Richardson, Nico van Loggerenberg, Daniel Xu
Tokioko Unibertsitatea, Japonia
Hiri-diseinu ekosistemikoa
Funtsezko eskubidea da mugimendua, giza askatasunaren oinarria. XX. mendean abiadura handia hartu eta askatasun hori bilatzen zuten masak mugitzeko moduko ibilgailuak garatu ziren. Horrek guztiak egitura espazial berri bat sortu zuen bai hirietan bai aldirietan, eta baita garraiobide berritzaileak ere. Ildo horretatik, bizi garen hiri asko eta asko aurreko mendearen emaitza dira. Gaur egun, ordea, aldaketa handi bati aurre egin behar dio mugikortasunak. Ugaritu egin dira hirietan teknologia berriagoak, adimen artifiziala esaterako, gidatze autonomoa eta ibilgailu pertsonal txikiagoak —bizikletaz gainera, zeinak dagoeneko ohiko irudia baitiren herrialde gehienetan—, eta horiek guztiek hainbat garraiobide motaren zabalkundeari laguntzen diote.
Tokioko Unibertsitatean era honetara irudikatzen dugu eraldaketa horretatik abiatuta sortutako etorkizuneko hiria: natura eta gizakiak sortutako oro inolako oztoporik gabe lotzen dituen ekosistema bat, non hainbat mugikortasun-modu optimizatzen baitiren, mugatu egiten direlako horietako bakoitzari dagozkien inpaktu ekologikoko esparruak. Oreka dinamiko baten lorpena irudikatzen dugu, non, hazkundea aurresuposatzen duen XX. mendeko eraikuntza-teknologiara jo beharrean, sormena lantzen baiten hiri-ingurunean dagoeneko erabilita dauden zoko guztiak berrinterpretatzeko eta horiei ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Optimizazio horretatik abiatuta, giza nahiak bultzatutako mugikortasuna balio handi baten modura berpiztuko da, desagertu beharrean. Hiri-diseinu ekosistemikoak aukera ematen du ikuspegi hori Tokion gauzatzeko.
Buil.climbek lursail hutsen sekuentzia baten modura berrinterpretatzen du Tokioko autobiaren gainetik (KK línea) dagoen eremua —1950eko hamarkadako amaieran Japoniako mirari ekonomikoaren garaian eraikitako bide jasoa—, eta, era horretara, bi kilometroko goranzko ibilbide bat sortzen du, kalearen mailan hasi eta berrehun metro bitartera goratzen dena. Ondoriozko garapen linealak modu organikoan lotuko ditu aurretik dauden errepideak eta instalazioak, eta hirian ohikoak diren teilatuetako batzuk dronentzako portu bihurtuko dira, erabat eraldatuz logistika. Bestalde, gure gorputzak eta bizikleta batek bultzatuta malda igotzearen eta eraikin bailara batetik behera jaistearen plazerra Tokioren berezitasun berriak izango dira, mugikortasun optimizatuaren aldaera bat. Kaleak eta aparkalekuak ere berrinterpretatu egingo dira. Lehenenak parke linealak izango dira, eta hainbat solairutako aparkaleku automatizatuak, berriz, hiriguneko baratzeak; era horretara, ekoizpen-eremu bat sortuko da kontsumoaren erdigunean bertan. Ekoizpena eta kontsumoa gero eta lotuago dauden gizartean, gure begien aurrean prestatzen ari dena jatearen plazerra sentituko dugu.
COVID-19aren pandemiaren ondorioz hainbat muga jarri zaizkio mugimenduari, eta, ildo horretatik, mugikortasunaren eraldaketa aukera handia da XX. mendetik oinordetzan jasotako balioak birpentsatu eta mugitzeko askatasuna eta poza berreskuratzeko.
Mentorea
Manabu Chiba
Taldekideak
Yoshiyuki Tanaka, Satoshi Hirono, Shizuka Nishida, Soichiro Osaki, Takahide Nakagawa, Tatsuya Niwa, Yuki Minami, Kosuke Nakamura, Kei Ando, Tan Juntao, Hiroki Kaneko, Arjan Schoneveld, Cosmo Takahashi
Kidea
Chiba Manabu Architects
Mondragon Unibertsitatea, Espainia
Ethos
Kontsumo-joera berriek zalantzan jartzen al dute bidaiatzeko dugun modua? Zer bilakaera izango ote dute burdinbide-industriari buru eginez datozen joerek? Gure egunerokotasunean normaltasunez erakutsi nahi dugu teknologia; nola txerta liteke normaltasun hori tren batean? Mondragon Unibertsitatea eta CAF etorkizun teoriko bat eraikitzen ari gara, etorkizuneko burdinbidearen eraikuntza-erronkei erantzuteko eta hark eskaintzen dituen balizko aukerak ikertzeko bidea ematen duten kontzeptu potentzialez betea. Ikaskuntza automatikoaren bidez esperientzia pertsonalizatuak eskainiz erabiltzaileen gogobetetasuna areagotu eta haien esperientzia hobetuko duen tren adimendunaren kontzeptua landu dugu. Bidaiariek garraio-aldaketarik egin behar ez izateko moduko mugikortasun-eskema bat proposatzen dugu, «atetik atera» kontzeptuaren bidez bidaiarien joan-etorri eraginkorra bermatzeko aukera emango diguna. Eskema anbibalentea da: hiri-ingurunean erabilgarri dauden modulu edo ibilgailu hibrido autonomoek distantzia luzeko trenera (ontzi inudera) eramango dituzte bidaiariak; tren hori izango da joan-etorri luzeetarako ardatza, eta bertan integratuko dira ibilgailu hibridoak. Distantzia luzeko trenaren kontzeptu berriak katamaranaren geometrian oinarritutako topagune bat izango du egitura nagusian, gizarte-harremanetarako eta kultura zein aisiarako gune bat, hain zuzen. Balio handiko proposamena da gurea, burdinbidearen sektorera joera berriak biltzen dituena.
Mentorea
Maitane Mazmela
Taldekideak
Mikel Del Rio, Danel Iriarte, Nagore Lauroba, Kepa Mendikute, Nerea Murillo, Xabier Pérez
Kidea
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF taldea), Espainia
Tecnun. Nafarroako Unibertsitatea, Espainia
Landa-eremuetarako mugikortasun-ekosistema autonomo, partekatu eta jasangarri baten diseinua
Gustukoa dugu autoan ibiltzea. Iruditzen zaigu askatasuna ematen digula. Noranahi joan gaitezkeela. Esan liteke «mugikortasuna» oinarrizko askatasuna dela: atea zabaltzen die lanari, hezkuntzari, zerbitzuei, gizarteari eta pertsonaren bizitza osatzen duen guztiari; komunitate ororen egunerokoa errazten duen faktoreetako bat da. Asko da autoak eskaintzen diguna: «atetik aterako» zerbitzua, erosotasuna, berehalakotasuna, ibilbidea aukeratzeko askatasuna… Baina orobat ikusten dugu landa-eremuan urrun xamar egon ohi direla oinarrizko ondasun eta zerbitzu asko, eta bertako biztanleen bizi-kalitatea mugikortasun-aukerek baldintzatzen dutela. Badira, adibidez, landa-inguruan bizi diren adineko pertsonak hirietara modu autonomoan bidaiatu nahi direnak osasun-zerbitzuetara edo banketxera joateko, lagunak eta senideak bisitatzeko, kultura-eskaintzaz gozatzeko, eta abar; badira, halaber, eremu horietan sortutako enpresak eta negozioak, baita beren produktuak erraz iristekoak ez diren tokietara helarazi nahi dituzten on line salmentako ekimenak ere.
Hortik dator mugitzeko modu berriei egokituriko mugikortasun-ekosistema bat diseinatzeko aukera: guztiek eskuragarri duten ekosistema partekatua, biztanleria barreiatuaren lekualdatzeak ingurumen- parametrotan optimizatzeko xedea duena. Ekosistema hori ibilbideak planifikatzen laguntzen duten plataformen bidez kudeatzen da; segurtasunez erabiltzeko modukoa da ibilgailuaren barneko nahiz kanpoko gidaritza-sistemari esker; energia erabiltzen du ibilgailuetan nahiz azpiegituretan; eta behar adinako autonomia du landa-eremua jasangarria eta ingurumenaren ikuspegitik zirkularra izan dadin.
Ekosistema hori abian jartzeak berebiziko eragina izango du gaur egun ezagutzen dugun landa-ingurunean. Hari esker, jendeak prestutasun handiagoa izango du herrietara itzultzeko eta, bide horretatik, hirien saturazioa arindu eta haien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du; aukera emango du bere bizi-estiloari eutsi nahi dion biztanleria landatar gero eta zaharkituagoaren gizarte-harremanak hobetzeko; ahalbidetu egingo du landa-ingurua berregituratzea eta hango biztanleek modu seguru eta erosoan eskuragarri izatea ondasunak bai zerbitzuak; eta ekarpen esanguratsua egin ahal izango du landa-eremuak hustu ez daitezen.
Mentoreak
Javier Antón Sancho, Paz Morer Camo
Taldekideak
Aitor Cazón Martín, Fernando Manuel Alonso Pedrero, Romualdo Bertomeu Cubells, Álvaro Fernández Gil, Alaya Galán Ormazabal, Leire Gómez Olagüe, Iñigo Gutierrez, Jorge Izaguirre Goñi, Maria Isabel Rodríguez Ferradas, Lucía Ruiz Ullate, Juan Sola Belloso, María Fernanda Suazo Espinoza, Irene Ugidos Arias, Warren Dave Santiago Reyes
Kideak
Grupo Antolin, Espainia
CEIT-BRTA teknologia-zentroa, Espainia Parklex, Espainia
SQAdrones, Espainia Ecomagnet, Espainia
Yaleko Arkitektura Eskola, New Haven, AEB
FutureNOMAD: 2086
FutureNOMAD: 2086 lanak kultura nomaden eta jaialdi-egituraren iragankortasunean oinarrituriko dinamika arkitektonikoei buruzko ikerketa du ardatz. Hain zuzen ere, gaur egungo fenomeno horiek estrapolatuz, ildo horretatik imajinatzen du FutureNOMAD: 2086 lanak karbono ondoko aroko ekologietarako eta ekonomietarako trantsizio bat, hiriko bizimoduaren eta bizimodu nomadaren intentsitatea sendotuko duena; eta, horrekin batera, aditzera emango duena aldiriko bizimodua gasolinaren eta eguneroko lekualdatzeen garaiko iraganeko erlikia eutsiezina dela.
Imajinatutako etorkizun hori —2086an kokatua— nabarmen da pluralista, tokikoa, mugikorra eta ziurgabea, bizitzan darabiltzagun era guztietako teknologiei buruzko ikuspegiari dagokionez. Ikerketak arreta berezia ematen die fluxuaren baitako destilazio-uneei: autoak, ontziak, kapsulak eta zeldak, zeinek bat egiten baitute gorputz edo gertaera agregatu gisa, bereziki aldi baterako komunitate edo are hiri iraungikor gisa.
FutureNOMAD: 2086 lanerako ikerketak iradokitzen du XXI. mendeak aurrera egin ahala autoak automobil gisa ez baizik sozio-mobil gisa hartuko lituzkeen ideia batera jo beharko genukeela, eta azpimarratu beharko genukeela nola ahalbidetzen dituzten ekintza konektiboak eta kolektiboak, antolaera autonomo eta berekoien ordez. Berriki, proiekturako ikerketak Nomadland hartu du inspirazio-iturri: furgonetak bizitoki dituztela AEBetan barrena dabiltzan komunitateei buruzko kontakizun literario eta zinematografikoa. Komunitate horiek Arizonako Quartzsite basamortuko goi-eremuetan elkartzen dira, urtero, urtarrilean, Rubber Tramp Rendezvous (RTR) topaketan. Bilkura tribal baten eta udalekuen arteko halako uztarketa moduko bat da RTR, eta 10.000 lagun inguru elkartzen dira bertan, jakintza praktikoak partekatzeko eta bizimodu nomadaren nortasun espiritual eta kolektiboa sendotzeko xedez.
Urtez urte, abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran, beste bilkura tribal bat egin ohi da Black Rock basamortuan, Renotik hurbil (Nevada), Quartzsitetik ez urrun: Burning Man. Urtero 70.000 «burner» inguru elkartzen dira basamortuan, bi astez, performance artistikoak ikustera, hauts artean eta ekaitz elektrikoen pean; ekitaldi nagusi modura, Gizona erretzen dute, han bertan eraikitzen duten egurrezko irudi bat. Burning Manen arau urraezina da urteko ekitaldi bakoitza amaitutakoan ez gelditzea ekimenaren inolako arrastorik.
RTR eta Burning Man aldi baterako hiriak dira, mugikortasunaren bizitasunak ezaugarrituak eta iragankortasunak definituak. Biek ala biek goratzen dituzte une ireki, ezegonkor eta iragankor bat espazioan eta denboran partekatzera elkartutako gizabanakoen adierazpen-ahalmena eta esku-hartzeko gaitasuna. Biek ala biek goratzen dute mugimenduak gorputza pizteko eta mundua erakusteko duen boterea eta gaitasuna. Eta biek ala biek goratzen dute automobila arte-molde aldakor eta adierazgarri gisa, errotik kitzikatzen gaituena haren ordezko piezen eta hot rod modelo tuneatuen kulturagatik, lorpen handiengatik eta erabilgarritasunagatik; mugitze hutsetik hunkitze handi batera eramaten baikaitu.
Proiektu horiek eskaintzen ditugu 2086ko mugikortasunaren irudiok Rubber Trampen eta Burning Manen espiritura eramango gaituzten itxaropenez, adimenak dioena eta bihotzak dakiena uztartuta.
Mentoreak
Helen Evenden, Steven Harris, Gavin Hogben, Wesley Evans
Taldekideak
Bo Cai, Lauren Carmona, Rosa Congdon, Quincy Ding, Jia Ying Guan, Jeeu Kim, Roy Kim, Aleksa Milojevic, Jahaan Scipio, Matthew Wilde
Kidea
Volkswagen, Germany