Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Kirol-autoa

Matthew Foreman

Izenburua:
Kirol-autoa
Egilea:
Matthew Foreman
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Artea | Arkitektura | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Lan-prozesua | Lerroa | Diseinua | Diseinu industriala | Erakusketak | Automobila | Industria | Solomon R. Guggenheim Museoa | Bigarren Mundu Gerra | Kirola | AEB | Europa | Zientzia eta Teknologia | Zinema | Teknika eta materialak
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander | Fuller, Richard Buckminster | Lloyd Wright, Frank | Stoller, Ezra

1950eko eta 1960ko hamarkadetan, kirol-lehiaketen —1 Formularenak gehienbat— eskakizun teknikoek errepiderako eta lehiaketetarako autoen diseinua bereizitako bi diziplina egitera behartu zuten. Jendeak kirol-auto azkarrak nahi zituen oraindik eta lehiaketarako beren homologoen teknologian eta diseinuan oinarritutako errepiderako autoen merkatua garatu zen. Adibiderik ospetsu eta ezagunenak zine izarrak ere bilakatu ziren, eta beren giza-kideekin norgehiagoka arituko ziren filmetan protagonismoa lortzearren.

Zirkuituko eta errepideko estetiken uztartzeak, bai eta errepideko estetikaren eta beste diziplina batzuetako tematikaren eta diseinuaren artekoak ere, gerra osteko garaiko diseinatzaile grafikoen, arkitektoen eta artisten sorkuntza-prozesuen inguruko ikuspegi liluragarria eskaintzen du. Guztiak ere, lehiaketa-modalitate ezberdinetan (zentzurik askeenean) inspiratu ziren, asmamen handiko lanak sortuz lasterketak gustuko ez zituzten ikusleentzat, garai hartako autorik entzutetsuenetan ikus daitezkeen diseinu-kontzeptuak sendotuz eta zabalduz horrela.

Mercedes-Benz 300 SLa (1954) bere eskultura-formagatik da goratua eta, askoren ustez, inoiz diseinatu den serie-produkzioko autorik ederrena da. Mercedesen W194 autoaren —garaile 1952ko Le Mansko 24 Orduetan— berrikuntzez baliatu zen; esaterako, aleazio-tutuko sistema bat darama lasterketa-auto batek behar duen sendotasuna eta gogortasuna bermatzeko. Espazio-egitura horri, artelana izatez, hiruki forma ematen zaio karga esanguratsu guztiei eraginkortasun handienarekin eutsi ahal izateko. Bere diseinuak antzekotasun bisuala agertzen du Richard Buckminster Fullerren kupula geodesikoekiko, zeinak «gutxiagorekin gehiago egiteko» diseinatuak izan baitziren. W194 autoaren espazio-egitura pisua murrizteko diseinatua izan zen —hortik datoz jasoko dituen SL siglak (super arina)—, baina horretarako beharrezkoak ziren estribu sakonek ohiko ateak erabiltzea galarazten zuten. Mercedes etxeko diseinu-buru Rudy Uhlenhaut-en konponbidea antxeta hegaleko forma zuten ate ospetsu eta dotoreak instalatzea izan zen. Gontzak goialdean zeuzkaten ate horiek ez ziren estilismo-apaindura arbitrario bat, diseinuari loturiko erronka bati emandako erantzun erraz eta praktiko bat baino. Lasterketak xede zituen autoaren lehen bertsioak zuen espazio-egitura berritzailea galdu gabe bidaiarientzako ateak instalatzeko beharraren ondoriozko osagai ikoniko bat izan ziren.

300 SL autoa ekoizteko proposamena Max Hoffmanek egin zion Mercedesi. Luxuzko autoak inportatzen zituen austriar-estatubatuar bat zen Hoffman eta Frank Lloyd Wright-i agindu zion Park Avenueko bere kontzesionarioa diseinatzea. Wrighten diseinuaren ezaugarri deigarriena kiribil formako arrapala izan zen. 1925. urtean Gordon Strong Automobile Objective delakorako garatu zituen formetan inspiratua zegoen arrapala hori eta 1959. urtean alderantzikatua berragertu zen, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museorako artistak sortu zuen diseinuan. Ezra Stollerrek 1955. urtean egin zuen Hoffmanen kontzesionarioaren argazkian, arrapalaren goialdean ikus daitekeen Porsche 356 autoa luxuaren eta esklusibotasunaren ikur bilakatu da hain zuzen ere, nahiz eta bere jatorria gerra osteko austeritatean egon. 356aren lehen modeloak egiteko oso aerodinamikoa zen VW Type 64 lasterketa-autoaren osagaiak eta diseinuak birziklatu zituzten eta egokitutako zerrategi batean inprobisatutako lantoki batean muntatu. Kasu honetan, paralelismoak aurki daitezke 1945. urtean Kaliforniako kostaldean abiatutako Case Study Houses izeneko programarekin. Etxebizitza enblematiko horien printzipioak ondokoak ziren: «ordena, egokitasuna eta sinpletasuna». Erreproduzi zitezkeen diseinuak ziren, erraz eskura zitezkeen material modernoekin eraikiak (aluminio, altzairu edo zementua, adibidez). Bion arteko antzekotasuna Case Study House No. 8 edo Eames etxea delakoan ikus daiteke. 1949an eraiki zuten etxe hori, Porschek lehen 356 autoa egin eta urtebete geroago. Auto eta etxe horien planteamenduan dagoen elkarrekikotasun orokorra ezin hobeki islatzen da Julius Shulman-ek 2006. urtean atera zuen argazki eder batean: 356 Kabriolet zuri bat ikusten da Case Study House No. 21 etxeko kotxe-toki irekian. Etxe hori Pierre Koenig-ek eraiki zuen eta gardena da ia-ia.

Arkitektura eta autoen munduaren artean kirol kutsuko elkarrekintza hori gertatzen ari zen bitartean, hainbat artistak autoen diseinuan zuzenean parte hartzeko aukera izan zuten BMW Art Car izeneko seriean. Proiektu hori 1975. urtean abiatu zen, Alexander Calder-ek Hervé Poulain gidariak Le Mansen gidatu zuen BMW 3.0 CSL autoa margotzeko agindua jaso zuenean. Eta automobil serie oso bat osatu arte garatu zen. Auto horietako askok kirol-leinu izugarria zuten eta XX. eta XXI. mendeetako artista ospetsuenen lanak hartu zituzten. Erakusketan, jatorrizko bederatzi artista-maketak lankidetza-ekimen paregabe hori islatzen dute.

Auto herrikoiak bezalaxe, kirol-autoek ere ezaugarri nazionalak adieraz ditzakete, Ferrari 250 GTO (1962) ikonikoak ezin hobeto erakusten duenez. GTOaren aluminiozko karrozeria ikusgarriak —Pisako Unibertsitateko haize-tunelean eginiko proben laguntzaz hobetua— mutur luze, baxu eta kurbatua agertzen du, bai eta oso estilizatuta dauden aire-sarrera batzuk ere. Autoa eskuz soldaturiko tutu-txasis baten gainean muntatua dago eta barnealde minimalista bere lehiaketa-ondareari eginiko omenaldia da.

Zentzu horretan, GTO autoak 1958n Milanen eraikitako Pirelli Dorrearekiko paralelismoak agertzen ditu. Eraikinaren diseinua Gio Ponti-k zuzendu zuen eta Pier Luigi Nervi-k izan zuen ingeniaritzaren ardura. Autoan bezalaxe, kurbak eta egituran asmamen handiko konponbideak baliatu zituzten bere forma lortzeko. Izan ere, dorreak ardatz-forma dauka, garai hartan Ameriketako Estatu Batuetan eraikitzen ziren etxe orratz handietako bolumen lerrozuzenekiko kontrajarria. Goialdera gerturatu ahala estuago egiten diren zementuzko habeak ditu. Goialdeko habeen zabaltasuna oinarriko habeen neurriaren laurdena dute. Bere diseinua aerodinamika eta espazio- eta egitura-eraginkortasuna bezalako printzipioetan oinarritzen da: pragmatismoaren bitartez edertasuna sortzea da gogoa.

Berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan, bere buruaz harro eta teknologikoki aurreratua zegoen nazio berri bat Bigarren Mundu Gerraren errautsetatik sortzea ahalbidetuko zuen indar eragilea bilakatu zen Italiako automobilgintza. Pirelli pneumatiko fabrikatzailea prozesu horren buru izan zen: hainbat arkitektura-proiektu bultzatzea agindu zuen eta enpresaren baitan banatzeko aldizkaria sortu zuen, eta horri esker artista grafiko berriei plataforma berri bat eskaini zien. Estrategia horren eragina industria, kontsumo-produktu eta altzarigintzarako eginiko diseinu italiar ugaritan ikus daiteke. Horien artean nabarmentzekoa da 2004. urtean Jan Kaplickýk Modenako Enzo Ferrari Museorako egin zuen diseinua.

Jaguar E-Type autoa «inoiz eginiko autorik ederrena» zela aitortu zuen behin Enzo Ferrarik. Zine izar bilakatu zen lehen autoetako bat izan zen, ezbairik gabe. Sir Malcolm Sayer-en diseinurik hoberenak kapot erdian daraman konkorrak, argien integrazio trinkoak eta saretarik gabeko aire-hartuneraino aurrealdean egiten den estutzeak lortzen duten jariakortasun-sentsazioa hain da handia ezen autoa mugitzen dagoela baitirudien, baita geldirik dagoenean ere, Chrysler Airflow modeloarekin gertatzen den antzera. E-type autoaren siluetak, bere kurben igoaldi leun eta beherakadarekin, autoaren, errepidearen eta haizearen arteko elkarrekintza ezin hobeki dakarkigu gogora.

Zine izarraren estatusa lortu duen autorik egon bada, James Bond-ek gidatzen zuen Aston Martin DB5 modeloa izan da ezbairik gabe. Ken Adam-ek Goldfinger (1964) filmerako diseinatu zuen tramankuluz beteriko bertsio hori banaezina da, egun, Sean Connery-k egin zuen super espioi britainiar sofistikatuaren interpretazioarengandik. Adamen eszenografiek argiak eta itzalak maisuki erabiltzen zituzten eta arkitektura modernoaren eragin handia agertu zuten. Norman Fosterrek garai hartan garatu zuen lanak interes berdintsuak agertu zituen eta, Adamen antzera, RAF Britaniako aireko armadan zeudenean biek ezagutu zuten diseinu aeronautikoaren ikonografian inspiratu zen.

Auto herrikoiak ezinbestekoak izan baziren ere autoa XX. mendeko bizitzaren funtsezko osagai bilakatzeko, kirol-auto ospetsuek zirraraz, estiloz eta zinemaren gloriaz jantzi zuten autoa, eta ordura arte ezezaguna zen eta gerora ere inoiz errepikatu ez den tokian kokatu zuen kultura herrikoiaren barruan.