Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Modernitatea, automobilak eta arkitektoak

Ivan Margolius

Izenburua:
Modernitatea, automobilak eta arkitektoak
Egilea:
Ivan Margolius
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Artea | Arkitektura | Artea eta gizarte iraultza | Artea eta teknologia | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Mugimendua | Diseinua | Diseinu industriala | Automobila | Industria | AEB | Europa | Emozioa | Zientzia eta Teknologia
Aipatutako artistak:
Foster, Norman | Fuller, Richard Buckminster | Gropius, Walter | Le Corbusier, | Lloyd Wright, Frank | Loos, Adolf

Automobilak modernitatearen produktuetako bat dira. Karrozerien eskulturazko bolumen eta lerroek, mugimenduak eta 1920ko hamarkada hasieran ezarritako aerodinamika-arauek indartuta, artearen eta diseinuaren ikuspegi moderno bat islatzen dute. Garai hartan, automobilak aurrerabidearen ikur bilakatu ziren, eta haiengan jarri ziren etortzear zeuden diseinu-berrikuntzen gaineko itxaropenak. Artearen arloko zirkuluetan, gurpila forma estetiko egokienetako bat zela uste zuten, haren funtzionaltasunaren perfekzioa eta izaera poetikoa tarteko. Makinarekin erlazionatzen zuten, eta ahalik eta ahalegin txikiena eginda efektu maximoa lortzearen ideiarekin. 1921ean, Jacobus Johannes Pieter Oud holandar arkitektoak hauxe idatzi zuen:

Beren garaiko adierazpen garbienak izaki, automobilek, lurrunontziek, yateek […] beren baitan dituzte forma estetikoaren hizkuntza berri baten elementuak, eta arte berri baten abiapuntutzat har daitezke, forma neurritsuari esker, apaingarririk ezari eta kolore lauei esker, materialen perfekzio konparatiboari esker eta proportzioen garbitasunari esker.1

Modernitatearekin batera, sorkuntzari lotutako ideia eta printzipio sorta zabal bat garatu zen; XX. mendean zehar, artistek eta arkitektoek partekatu egin zituzten ideia eta printzipio horiek, eta berrikuntza eta arte guztien batasuna lortu nahi izan zituzten horien bitartez. Uste osoa zuten garapen artistikoan gero eta eragin handiagoa zutela zientzia, industria, ingeniaritza eta teknologiako aurrerapenek, baita gizarte modernoaren zerbitzura material berriak erabiltzeak ere. Sormen modernoa gizakiak eboluzioa eta adierazpen modu berriak bilatu izanaren ondorioa izan zen. Hura defendatzen zutenek iraganeko elementuak berrikusi edo baztertu nahi zituzten, eta mundu hobea sortu, historiari uko eginez eta tradizioarekin apurtuz.

Diseinuaren munduko forma modernoak behatzaileei mezu indartsuak transmitituko zizkien mugimendu dinamiko batean adierazitako lerro garbi horizontal, perpendikular, diagonal eta makurren harmonian oinarritzen ziren. Hori guztia diseinu zientifiko, teknologiko eta industrialaren eta garraio eta ingeniaritzaren ideiek zehaztu zuten, eta diseinu artistikoan aplikatu ziren. Horrek, garaiko baikortasunaz gain, eremu emankorra eman zien artistei, ikuspegi eta forma berriak garatzeko.

Automobilgintzako ingeniariekin, eraikitzaileekin, ibilgailu fabrikatzaileekin eta estilistekin gertatzen den moduan, arkitekto askori izugarri gustatzen zaizkie autoak eta horien eskulturazko bolumenak, eta haiek diseinatzea eskala txikiko sormen-ariketa ona da, diseinurako dituzten gaitasunak probatzeko modua. Arkitektoentzat, artearen, diseinuaren eta puntako teknologiaren sintesia hobetzeko aukera bat da. Kontraesankorra izan daiteke arkitektoek, objektu estatikoen diseinatzaile izanik, automobilen diseinuarekiko interesa izatea, baina autoek haien irudimena eta pasioa piztu dituzte luzaroan; askok etxe gurpilduntzat edo ostatu mugikortzat dute autoa. Beti teknologia berrienaren erritmoan etengabe etorkizunerantz begiratzen duelako ere liluratzen ditu arkitektoak automobilen diseinuak.

Arkitekturako estudioek diseinatzaile gisa prestatzen dituzte arkitektoak, beren ingurunearekiko jarrera praktiko eta emozionalen alderdi guztiak bateratzeko. Horrek pertsonen asmoak, nahiak, bizi-estiloak, kulturak eta joerak ulertzeko behar sakona garatzen du haiengan, giza izatearen agertoki beti aldakorra osatzen duten eraikinak sortzeko.

Automobilen diseinuan parte hartzeak ikasteko aukera eta eraikuntzaren artisautzarako inspirazioa eman zizkien arkitektoei, eta, horren ondorioz, ideia arkitektoniko berritzaileak atera zituzten ezagutu berri zuten esperientzia horretatik. Konturatu ziren autoen karrozeriak eta barnealdeak inspirazio-iturri izan zitezkeela beren eraikinen eraikuntzarako, proportzioetarako, lerro arinetarako, material eta akaberetarako, koloreetarako eta erosotasun irizpideetarako, eta forma ederretan enfasia jarriz ase zuten modernitatearen espiritua. Le Corbusierren ustez, arkitektoek automobilen moduko makinak aztertu behar zituzten, printzipio arkitektoniko modernoen oinarrizko irizpideak aurkitzeko.

Autoen barnealdeek etxeko egongelaren erosotasuna islatzen dute sarri, eta interiorismo-ariketa bikaina bihurtu dira, etxe gehienetan lortzen dituzten emaitzak baino hobeak lortuta, gainera. 1940an, Walter Dorwin Teague estatubatuar diseinatzaileak hori aipatu zuen, honako hau esanez: «Aulki fabrikatzaileek historia osoan baino ekarpen handiagoa egin diote azken urteetan automobil fabrikatzaileek eserleku erosoen arteari».2

Itxuraz, automobilen diseinuak eta diseinu arkitektonikoak ez dute batere antzik. Bigarrenaren abiapuntua mihise zuri bat izaten da ia beti, eraikin baten diseinuak faktore espezifiko batzuk izaten baititu normalean, hala nola bezeroaren jarraibideak, lekua, helburua eta egoera. Nahiz eta badiren bete beharreko eraikuntza-araudiak, suteen aurkako prebentzio-neurriak eta segurtasunekoak, materialei lotutako irizpideak eta kodeak, aurrekontuak nahiz zerbitzuak, eta egiturari, ergonomiari zein ingurumenari lotutako baldintzak, arkitekto bakoitzak erantzun pertsonal eta originala eman nahi die bezeroaren eskakizunei, eta horrexegatik ez daude berdin-berdinak diren bi eraikin-diseinu.

Automobilgintzaren sektoreak alderantziz funtzionatzen du. Badira segurtasun-irizpideak eta zenbait baldintza konplexu mekanikari, egiturari, motorraren tamainari, errendimenduari, itsaspenari, erregai-kontsumoari, ekoizpen-parametroei, eskuragarritasunari, erosotasunari eta estetikari lotuak, eta gutxi gorabehera berdinak dira modelo guztietarako. Diseinu berri bat izanez gero, aurreko modeloaren osagaien eta diseinuen garapenean oinarrituko da, ekoizpen-katea birmoldatzeak dakartzan kostu izugarriak murrizteko. Behin prototipo bat sortu denean, eta horren atzean zenbait ikerketa- eta garapen-urte egon daitezke —arkitekturan ez bezala, non hilabete edo aste gutxi batzuk baino ez dituzten izaten eraikuntzarako marrazkiak prestatzeko—, autoa ekoizpen masiboko fasean sartzen da.

Automobilen diseinua eta adierazpen arkitektonikoa desberdintzen dituen alderdi garrantzitsu bat azaleko argi-jokoaren bidez autoaren formak nabarmendu nahi izatea da. Automobilaren metal leunduak edo pintura distiratsuko akaberak nahita islatzen dituzte argi-itzalak, eta lerroen, ingeraden, koloreen, zirrikituen eta irtenguneen arteko kontrastea indartu edo sortzen dute.

Izen handiko arkitekto moderno batzuek automobil berritzaileak diseinatu zituzten, honako hauek, besteak beste: Frank Lloyd Wright, Adolf Loos, Walter Gropius, Le Corbusier eta Richard Buckminster Fuller.

Wrightek automobil ugari erosi zituen, hala nola Packard bat, Cord bat, Lincoln Continental bat eta Mercedes-Benz 300 SL bat; izan ere, merkaturatzen zituzten modelo berri gehienak bereganatzen saiatzen zen. Makina horiek izan ziren bere diseinuen inspirazio-iturri. 1920an, sabai irtena, erradiadore inklinatua eta leiho itzalkindunak zeuzkan karrozeria baten bozetoa egin zuen. Berrogeita hamarreko hamarkadan, hiru eserlekuko taxi urbano bat diseinatu zuen, bi gurpil eragile handi eta pneumatiko txikiagoak zituena aurrealdean eta atzealdean, maniobrak errazago egiteko.1923an, Loosek Lancia Lambda baten txasis kroskobakarrean oinarritutako auto baten diseinua proposatu zuen, eta Raumplan zeritzonaren kontzeptua erabili zuen —eraikinak diseinatzen zituenean erabilitako ideia bat—, autoaren atzealdea altxatu zuenean atzeko eserlekuetatik errepidea eragozpenik gabe ikusi ahal izateko.

Favorit eta Standar luxuzko kabriolet eta limusinak diseinatu zituen Gropiusek Adler enpresa alemanarentzat; 1930eko hamarkadaren hasieran fabrikatu zituzten. Autoek erradiadore kromatuak zeuzkaten, eta, ukitu arkitektoniko erantsi batekin, eserlekuak ohatze bihur zitezkeen.

Le Corbusier zenbait Voisin Lumineuse modeloren jabe zen; auto haiek haren irizpide arkitektonikoak betetzen zituzten, eta arkitekturarako ezarrita zituen bost oinarriak irudikatzen zituzten: Voisin autoak lurretik gora altxatzen ziren gurpilen gainean (pilotis modukoak balituzte bezala, hau da, oinarri edo euskarriak), eta oinplano sinplea zuten, leiho-ilara horizontala inguruan, aurrealde librea eta sabai laua. Ez zen harritzekoa, txasisa André «Noël-Noël» Telmont arkitektoak diseinatu baitzuen. Le Corbusierrek arretaz txertatu zuen Voisin autoa bere eraikin amaituen zenbait argazkitan, autoaren eta bere arkitekturaren artean hautemandako kidetasuna azpimarratzeko. Orduz geroztik, argazkilariek ere automobilak jarri izan dituzte arkitektura modernoko lanen ondoan, horien arteko interakzioa erakusteko. 1935etik 1936ra bitarte, Société des Ingénieurs de l’Automobile elkarteak antolatutako lehiaketa baten parte gisa, Le Corbusierrek eta haren lehengusu Pierre Jeanneretek Voiture Minimum diseinatu zuten, hiru eserlekuko auto txiki eta eskuragarria, motorra atzeko aldean zuena. Arkitekto gisa heldu zioten proposamenari. Lehenengo, plano bat sortu zuten; gero, bistak eta sekzioak zirriborratu zituzten, eta, ondoren, zenbait irudi sortu zituzten perspektiban. Berretsi zutenez, bidaiariak ahalik eta erosoen joan zitezen bermatzea zuten helburu nagusitzat.

1932an, forma nautikoak eta hegaztien hegaldia oinarritzat hartuta, Buckminster Fullerrek eta Isamu Noguchi eskultoreak maketa bat sortu zuten 4D Transport ibilgailu aerodinamikoarentzat. Ibilgailu hura, Dymaxion etxeko proiektuarekin eta 4D Auto-Airplane ibilgailuarekin batera, Dymaxion autoaren aitzindari izan zen; hiru gurpil eta motorra atzealdean zeuzkan, eta Starling Burgess yate diseinatzailearekin ekoitzi zuten urte batzuk geroago, Dymaxion 1, 2 eta 3 autoak fabrikatu zituztenean karrozeria aerodinamiko aurreratuekin.

Arkitektoek egindako diseinu horietako batzuek ekarpena egin zieten automobilaren hurrengo garapen-faseei: zenbait fabrikatzailek Adler enpresaren ohatzeen ideia hartu zuten; Voiture Minimum proiektuak bidea erakutsi zien gerora egindako automobil urbano txikien proposamenei, eta Dymaxion autoek Estatu Batuetan automobilen diseinuan aerodinamika erabiltzea sustatu zuten, 1934ko Chrysler Airflow modelotik hasita.

Arkitektoek automobilen diseinuei edertasuna eransteko egindako saioek goragoko estatusa eman zioten ibilgailuen fabrikazio-prozesuari. 1934an, honako hau zioen Herbert Read artearen historialari ingelesak: «Espero ez diren objektuek edertasun abstraktua lor dezakete. Ibilgailu motorduna horren adibide nabaria da»3. Arkitekto modernoek makinen munduko eta industriako objektuak txertatu nahi zituzten eskultura-artearen munduan. Haien proposamenak giza arimaz eta poesiaz beteta zeuden, emozioa eta enpatia eragiteko, eta horrek diseinu industrial hutsetik harago kokatzen zituen. Norman Fosterrek arkitektura modernoaren elementu hori nabarmendu du, Buckminster Fullerren lanaren «dimentsio poetikoa, sentimentala eta sakonki espirituala» aipatuta.4

Oharrak

  1. Jacobus Johannes Pieter Oud, «Über die zukünftige Baukunst und ihre architektonischen Möglichkeiten», hemen: Holländische Architektur, Bauhausbücher 10, 2. argitaraldia. (Munich: Albert Langen Verlag, 1926), 13. or.
  2. Walter Dorwin Teague, Design This Day (Londres: The Studio, 1946), 66. or.
  3. Herbert Read, Art and Industry (Londres: Faber and Faber, 1934), 54. or.
  4. Norman Foster, «Insights That Last Forever», The Architects’ Journal, Londres, 1995eko abenduaren 14a.