katalogoa
Orainak eta geroak bat egiten duten tokia: Eero Saarinen eta General Motors konpainiaren Zentro Teknikoa
Susan Skarsgard
- Izenburua:
- Orainak eta geroak bat egiten duten tokia: Eero Saarinen eta General Motors konpainiaren Zentro Teknikoa
- Egilea:
- Susan Skarsgard
- Argitalpena:
- Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
- ISBN:
- 978-54-122792-7-6
- Lege gordailua:
- M-6776-2022
- Erakusketa:
- Motion. Autos, Art, Architecture
- Gaiak:
- Artea | Arkitektura | Eragin artistikoa | Sormena | Espazioa | Forma | Geometria | Lan-prozesua | Sinbologia | Diseinua | Diseinu industriala | Erakusketak | Eskulturagintza | Automobila | AEB | Zientzia eta Teknologia | Teknika eta materialak
- Aipatutako artistak:
- Calder, Alexander | Grotell, Maija | Saarinen, Eero | Saarinen, Eliel
Erakusketa honetan, artea, arkitektura eta automobilak elkarren ondoan jarrita, oso ongi ulertzen da gerraostean etorkizunaren birkontzeptualizazioari bide eman zion mendearen erdialdeko idealismoaren eragina. Ikusmolde global horrek guzti-guztia berritik pentsatzeko, definitzeko, planteatzeko eta diseinatzeko plataforma bat eskaini zien artistei, arkitektoei eta diseinatzaileei. Prozesu horretan, iraultza kultural bat hasi zuten, oinarri estetiko berriak eta aurrerapen teknologikoak behar zituena.
XX. mendeko enkargu arkitektoniko handienetako bat General Motors konpainiak Warren hirian (Michigan) eraikitako Zentro Teknikoa (GMTC, ingelesezko siglak) izan zen, 1956koa. Zalantzarik gabe, garai hura definitu zuen proiektu hark. XX. mendearen erdialderako, General Motors (GM) munduko automobil-enpresa garrantzitsuena zen, fabrikazio- eta ekoizpen-sistema berritzaileak ezarri baitzituen, ikerketa- eta garapen-jarduera teknologikoki aurreratuez gain. GMk gerraosteko kontsumo-eskaria ase zezaketen produktuen garapen-prozesuan txertatu zuen diseinuaren diziplina, funtsezko elementu integral gisa. GMko industria arloko buruek, Alfred Sloanek eta Charles Ketteringek, funtsezkotzat jotzen zuten instalazio berrietan inbertitzea, horietan bildu ahal izateko produktua garatzeko jarduera guztiak eta sustatu ahal izateko sorkuntzak nahiz berrikuntzak eskatzen zuten pentsamendu-askatasuna.
Era berean, GMk ikusi zuen langileei bizitoki bat ere eman behar ziela, produktiboagoak izan zitezen eta bizimodu hobea izan zezaten. Eta Eero Saarinen arkitektoak ideia humanitario hori erabili zuen GMTCren campus osoa diseinatzeko irizpide inspiratzailetzat. Berez, kontratua haren aitari esleitu zioten, Eliel Saarineni, eta hark diseinatu zuen campusaren lehen bertsioa. Baina lurra hondeatzeko lehen fasetan proiektua zakarki eten zuten, lehengaien eskasiaren eta laneko greba ahulgarri baten ondorioz. GMk eraikuntzari berriro ekitea erabaki zuenean, Eliel oso gaixo zegoen, eta Eero Saarineni eskaini zioten aukera proiektu handi horren diseinu arloko buru izateko; onartu zuen erronka, eta aitaren itzaletik urrundu zen, nazioarteko estiloaren interpretazio berri bat definitzeko. Bezero eskuzabal baten bitarteko guztiak erabili zituen eraikuntza-metodo eta material berdingabeak garatzeko; horietako asko ohiko praktika bihurtu ziren sektorean harrezkero. Saarinenek diseinu-talde txiki eta berritzailea sortu zuen, Michigango Cranbrook Arte Akademiako lankideez osatua, neurri handi batean. Estrategia nabarmenki kooperatibo hark bidea eman zion diseinu-prozesu berdingabe eta eraginkor bati, eta, gainera, estetika berritzaile eta moderno bat sortu zuen, berehala laudorioak jaso zituena ia mundu osoan. «Orainak eta geroak bat egiten duten tokia» eslogana erabiliz, GMko publizitate-talde erraldoiak enpresaren etorkizuntzat definitu zuen GMTCren proiektua kanpaina askotan.
1949tik 1956ra bitartean eraiki zuten GMTC. Detroiteko Smith, Hinchman and Grylls (SH&G) enpresa kontratatu zuten ingeniaritza garatzeko eta arkitekturako lan bateratuak egiteko. Minoru Yamasaki zen SH&Gko diseinu-zuzendaria. Eraikuntza-planoak sortzen zituzten, eta kontratista orokorra gainbegiratzen zuten, Bryant and Detwiler, Detroitekoa. 1956ko maiatzaren 15ean eta 16an inaugurazio-ekitaldi formal bat egin zuten. Bertan izan ziren AEBko zientzia, ingeniaritza, hezkuntza eta industria arloetako bost milatik gora lider eta 250 kazetari. Etxe Zuritik, Dwight D. Eisenhower Estatu Batuetako presidenteak, emankizun bat egin zuen zirkuitu itxi bidez. Ekitaldiko hizlarien artean zegoen GMko presidentea, Harlow H. Curtice, zeinak honako hau esan baitzuen: «Hemengo eraikinetan imajina daitezkeen tresna, ekipamendu eta probako gailu guztiak daude, berrietan berrienak eta onenetan onenak. Era berean, lan-baldintzak ezin hobeak dira. Nahita sortu nahi izan dugu campus batean izatearen antzeko giroa; ez bisitariak txunditzeko, baizik eta uste dugulako ingurune honek pentsamendu sortzailea bultzatzen duela eta ongi lan egitea sustatzen duela» 1.
Saarinen arkitektoaren enpresak hiru dogma erabakigarri erabili zituen campusaren diseinu orokorrean: espazioen arteko arkitektura, kontrasteak eta alboratzeak, eta zehaztasuna eta berrikuntza, jarraian deskribatuak hirurak.
Espazioen arteko arkitektura
«Zerbait diseinatzean, irudikatu ezazu zerbait hori hurrengo testuinguru orokorragoan: aulki bat gela batean, gela bat etxe batean, etxe bat ingurune batean, ingurune bat hirigintza-plan batean».2 — Eliel Saarinen
Eliel Saarinenek diseinuaren xedeari buruz emandako azalpen sakon hori bere egin zuen Eerok, eta argi ikusten da GMTCren campuseko interkonexio zainduan.
130 hektareako lursail baten erdian langileen lau instalazio daude, aintzira errektangular baten inguruan geometrikoki antolatuak eta hasiera batean Mies van der Roheren Illinoiseko Teknologia Institutuan inspiratuak. GMTC, baina, tamaina askoz handiagoko proiektu bat zen, espazio ireki handiak eta bista zabalak zituena. Eero Saarinenek azaldu zuenez: «Jakina, zentroa automobilen eskalan diseinatuta zegoen, eta campusean barrena autoan ibiltzean ikusteko moduan pentsatuta zeuden bistak»3.
Saarinenek Thomas Church arkitekto paisajistarekin lan egin zuen, eta baliabide bisual sinpleak erabili zituen, eraikinen bilduma campuseko ingurune kohesionatu bakar batean bateratzeko. Diseinu orokor horretan patio txikiagoak daude, eraikinen alboetan konfiguratuak, eta horiek konektore bisualak sortzen dituzte kanpoaldearekin, eta, aldi berean, horizontaltasun-sentsazioari eusten diote une oro.
Kontrasteak eta alboratzeak
Eero Saarinenek «eraikin altu eta baxuen, kristalezko eta adreiluzko hormen, zuhaitz artean ageri ziren eraikinen eta plazara irekitako eraikinen erritmo kontrolatua» 4 sortu zuen. Eskalak, koloreak eta formak elkarren ondoan jarriz bat egiten dute elementu horiek.
Bederatzi hektareako aintzira Zentro Teknikoaren paisaiaren elementu nagusia da. Aintziraren gainetik altxatzen diren erreferente bertikalen artean nabarmen ageri dira altzairu herdoilgaitzez egindako ur-gordailu ikusgarria, 40 metroko altuera duena, eta iturri bat, 35 metroko luzera eta 15 metroko altuera duen ur-horma bat eratzen duena. Alexander Calder eskultoreak diseinatutako iturriak sortzen duen «urezko balleta», aintziraren ipar-mendebaldeko eremua animatzen du. Zenbait eskultura-lan abstraktuk kontrapuntu bisual bat ematen diete eremuan nagusi diren forma horizontal baxuei. Lan horien artean daude, besteak beste, Antoine Pevsner eskultorearen Txoria hegan (L’Envol de l’oiseau) izeneko brontzezko estatua, Styling eraikinaren parean kokatua, eta altzairu esmaltatuz estalitako pantaila metaliko dimentsionala, hamar metro luze eta hiru metro altu dena, Harry Bertoiak egina eta kafetegia nagusian kokatua. Aluminioz gaineztatutako Styling Auditorio ikonikoa hogei metroko kupula bat da, campus osoan nagusi diren lerro ortogonalen alboan jarria.
Barne-espazio ikusgarrienetako bat Ikerketa Eraikineko ataria da. Zorua marmol trabertinozko plano horizontal bat da, eta egurrezko panelen itsaso zirkular batek forma ematen dio sabaiari. Esmeralda-koloreko norvegiar granitozko bloke izugarri handiez eraikita dagoen eskailera kiribil handiari tentsio-barra finek osatutako kono batek eusten dio, eta dotoreziaz egiten du gora bigarren solairura doan irekidura zirkular handi batetik.
Eraikinen atzealdeko hormak adreilu distiratsu beiraztatuz eraikiak daude, eta kolore-kontraste ikusgarria eskaintzen dute, beirazko errezel-hormek osatutako sareta errepikakor eta monokromatikoekin alderatuta; gainera, elementu bateratzaile bat eransten dute, zehatz-mehatz antolatutako kokapenari esker. Barnealdean, tonu biziak dituen adreilu beiraztatua dekoraziozko elementu gisa erabiltzen da eremu berezietan, hala nola zuzendarien bulegoetan, jantokietan eta korridoreetan.
Zehaztasuna eta berrikuntza: automobilean inspiratua
Eero Saarinenek automobilgintzaren sektorea erabili zuen metafora gisa, eraikuntza modularreko teknikak garatzeko behar tekniko argietan oinarritutako estandar arkitektoniko malgu baterako. Haren hitzetan:
«General Motors industria metalurgiko bat da; zehaztasunezko industria bat da; masan ekoizten duen industria bat da. Ezaugarri horiek jasota geratu behar lukete, nolabait, Zentro Teknikoaren arkitekturan. Beraz, diseinuak oinarritzat du altzairua, automobilaren metala. Automobilaren beraren antzera, eraikinak mihiztatu egiten dira, muntaketa-kate batean bezala, masan ekoitzitako unitateetatik abiatuta. Eta, xehetasun txikiena ere kontuan hartuta, arkitekturari itxura zehatza eta zaindua ematen saiatzen gara, hori Ameriketako Estatu Batu industrialaren egundoko ezaugarria baita» 5.
Saarinen errezel-hormak erabiliz eraikin modernoak eraikitzen saiatu zen, arkitektura mota horren garapen-fase goiztiar batean. Erronka horri aurre egiteko, berrikuntza tekniko ugari behar ziren, eta Saarinenek GMrekin batera lan egin zuen, arazo horietako askorentzako irtenbide berritzaileak bilatzen. Lankidetza horri buruz honako hau esan zuen: «Gehien harrotzen gaituen gauzetako bat zera da: General Motors konpainiarekin lan eginez berrikuntza ugari garatzen ditugula eraikuntzaren sektorean» 6.
Zentro Teknikorako sortutako eraikuntza-teknika garrantzitsuenetako bat errezel-hormak zigilatzeko neoprenozko juntura hermetikoak dira, jatorrian automobiletan haizetakoak instalatzeko sortuak. Elementu modularrak erabiliz, malgutasun handiagoz antola zitekeen barneko espazioa; bertan, horma mugikorren sistemak zeuden, eta berogailu nahiz aireztapenerako 1,5 metroko modulu baten gainean esekitako sabaiak. Plastiko gardenez moldatutako panelak ipini zituzten, argia uniformeki heda zedin, itzalik egin gabe, diseinu-estudioetan eta bulegoetan. Sabairako egitura erabat argitsua erabiltzen zen lehen aldia zen. Maija Grotellek, Cranbrook Arte Akademiako Zeramika Saileko zuzendariak, fabrikazio-teknika berri bat garatu zuen, adreilu beiraztatua ekoizteko. Udazkeneko tonuak zeuzkaten hamaika kolore bizi sortu zituzten.
1956an GMTC inauguratu zutenetik, campusak produktuen garapenerako epizentroa izaten jarraitzen du GMn. Eero Saarinenen ikuspegiaren lekuko, haren diseinu arkitektonikoek oraindik ere berrikuntza, esplorazioa, sormena eta harrotasuna mesedetzen dituzte sormenez betetako hain leku ederrean lan egiteko pribilegioa dutenen artean. GMren espirituaren adierazpen biziduna da, eta General Motors konpainiaren Zentro Teknikoa «orainak eta geroak bat egiten duten» toki bilakatuko zelako ustearen gauzatzea.
Oharrak
- Harlow H. Curtice, «Accelerating the Pace of Technological Progress», hemen transkribatua: The Greatest Frontier: Remarks at the Dedication Program, General Motors Technical Center, General Motors konpainiako Harreman Publikoetako Taldea, 1956ko maiatzaren 16a.
- «Architect Eero Saarinen», TIME, 1956ko uztailaren 2a.
- Eero Saarinen, Eero Saarinen on His Work: A Selection of Buildings Dating from 1947 to 1964 with Statements by the Architect, ed. Aline B. Saarinen (New Haven, Connecticut eta Londres: Yale University Press, 1962), 32. or.
- Ibid., 24. or.
- Edward R. Ford, The Details of Modern Architecture, Volume 2: 1928–1988 (Boston: MIT Press, 2003), 267. or.
- Saarinen, Eero Saarinen on His Work, 32. or.