Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Barruko edertasuna eta Josef Ganz-en historia

Paul Schilperoord

Izenburua:
Barruko edertasuna eta Josef Ganz-en historia
Egilea:
Paul Schilperoord
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Diseinu industriala | Automobila | Industria | Bigarren Mundu Gerra | Lehen Mundu Gerra | Nazismoa | Europa | Alemania | Adolf Hitler
Aipatutako artistak:
Fuller, Richard Buckminster | Markowitsch, Rémy

«Herritartzearen» gaiaren benetako ikurretako bat Volkswagen Kakalardoa da. Gerra-garaiko erlikia bat da. Adolf Hitlerren ikuskeran oinarritu zen, The New York Times egunkariak 1938. urtean idatzi zuen bezalaxe, «bere autopista-sare itzela milaka eta milaka kakalardo txiki dirdiratsuz bete nahi baitzuen»1. Volkswagen autoa Rémy Markowitsch artista kontzeptual suitzarraren Barne-edertasuna (The Inner Beauty, 2016) lanaren berezko osagai bat da. Lanak Volkswagen Kakalardoaren sorreran ezinbesteko papera izan zuen Josef Ganz (1898-1967) ingeniari judutarraren bizitzaren funtsezko une bat irudikatzen du.

Barne edertasuna lana Nudnik: Forgetting Josef Ganz izeneko instalazio handirako sortu zuen Markowitschek. Instalazio hori, bere aldetik, Ralf Beilek 2016. urtean Kunstmuseum Wolfsburg museoarentzat antolatu zuen Wolfsburg Unlimited: A City as World Laboratory erakusketaren parte izan zen. Arte museoa Wolfsburgo hiri erdi-erdian dago. Aipatu hiria 1930eko hamarkadaren amaieran sortu zen Volkswagen etxearen lantoki berriko milaka langileak hartzeko helburuarekin. Volkswagenek gerra-garaian izan zuen ibilbide iluna ikertzen ari zela, Markowitschek nire The Extraordinary Life of Josef Ganz: The Jewish Engineer Behind Hitler’s Volkswagen («Josef Ganzen aparteko bizitza: Hitlerren Volkswagenaren arduraduna izen zen ingeniari judutarra»; 2012) liburua aurkitu zuen. Denborak aurrera egin ahala, gu bion arteko konexioa adiskidetasun estua eta Ganzen historia elkarrekin azaltzeko gogo bizia bilakatu zen. Ganzen lana, hein handi batean, automobilaren benetako herritartzearen abiapuntua izan baita.

Josef Ganz Budapesten jaio zen 1898. urtean, baina Vienan hazi zen gehienbat. Garai hartan, Ferdinand Porsche automobilgintzaren arloan izango zuen ibilbidearen hastapenetan zegoen eta Hitler margolari gisa ari zen, arrakasta lortu ezinik. Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren Alemaniara joan zen Ganz, ingeniaritza mekanikoa ikastera. 1928. urtean, Motor-Kritik aldizkariko erredakzio-buru bilakatu zen. Gogo, indar eta pasio handiz bete zuen bere lana, froga-autoak muturreraino eramanaz Suitzako Alpeetako bihurgune estuetan. Ganzek eta bere lankideek ideia berritzaileak sustatzen zituzten eta, aldi berean, garai hartako kutxa itxurako auto diseinu angeluzuzen gehienak —beren ardatz zurrun eta maneiatze hilgarriekin— ironia garratzaz eta satira handiaz kritikatzen zituzten. Motor-Kritik Alemaniako automobilgintzaren aldizkari nagusiena bilakatu zen; baina oso gogaikarria zen fabrikatzaile batzurentzat. Horren ondorioz, gatazkak eta salaketak etorri ziren, bai eta iraintze-kanpainak ere Die Nationale Front aldizkari naziaren eskutik. Horrek, esaterako, 1931. urtean idatzi zuen Ganz «piztia judutar» bat zela eta amaiera eman behar zitzaiela bere «jarduera ahalkegarriei»2. Horrexegatik aukeratu du Markowitschek «nudnik» yiddish hitza («kontentagaitz», «gatazkatsu» edo «gogaikarri» den pertsona), hain zuzen ere, Ganzi erreferentzia egiteko.

Ganzek oso harreman ona zuen garai hartako automobilgintzaren ingeniari ospetsuenekin (Porsche, Edmund Rumpler eta Hans Ledwinka, esaterako), bai eta hurrengo belaunaldikoekin ere, azken horientzat Ganzen idatziak inspirazio-iturri izan baitziren. Daimler-Benz eta BMW bezalako zenbait fabrikatzailek hasiera-hasieratik barneratu zituzten Motor-Kritik aldizkarian zabalduriko ideia berritzaileak. BMW etxeak, esaterako, ingeniari aholkulari gisara kontratatu zuen Ganz. Askotan, ingeniari progresisten ibilgailu esperimentalak aurkeztu zituen aldizkariak. Aipatu ingeniariek atzealdean muntaturiko motore, aurreko trakzio, suspentsio independente, aerodinamika, eraikuntza arinak edo estabilizazio giroskopikoa bezalako osagai berritzaileekin lan egin zuten. Ganzek gustukoen zituen autoak Richard Buckminster Fullerren Dymaxion delakoa eta John Tjaardaren Sterkenburg prototipoa ziren, biak ere 1933koak. Automobilgintza azoketan, Ganzek auto berrien berritasun tekniko guztien argazkiak ateratzen zituen, ilusio eta gogo handiz. Psikomotorra (Psychomotor, 2016) izeneko lanean, Markowitschek Ganzen artxibategiko jatorrizko argazki-negatiboak animatu zituen «gizaki» tekniko amorfoak sortuz irudi bat eta haren isla parean jarriz, Rorschach-en testa imitatuz.

Ganzek, berritzeko eta teknikoki progresista eta merkea izango zen «auto herrikoi» bat (Volkswagen bat) garatzeko erronka egin zion industriari eta landu gabeko prototipo bat sortu zuen bere ideiak baliozkotzeko. Aipatu autoa 1930. urtean ekoiztu zen, Nurenbergeko Ardie motozikleta lantegian: tunel zentraleko txasisa, grabitate-zentro baxua eta, atzealdean, ardatz-erdi oszilatzaileak zeramatzan; horrez gain, erabat independentea zen suspentsioa, motor zentrala eta intsektu-formadun karrozeria irekia zituen. Zenbait proba baikor gauzatu ostean, Ganzek bigarren prototipo bat diseinatu zuen, landuagoa, Frankfurteko Adler ibilgailu-lantokian, ingeniari aholkulari gisara kontratatua baitzegoen bertan. Bere sorkuntzari «Maikäfer» (maiatzeko kakalardoa) txerazko ezizena jarri zion, 1931ko maiatzean bukatu baitzuen, intsektu horien loraldia ikusten ohi duen hilean, hain zuzen ere. 1932. urtean, Ludwigsburgeko Standard motozikleta-lantokiak lizentzia bat erosi zion Ganzi, Standard Superior izeneko auto txiki bat Maikäferraren patenteetan eta diseinuan oinarrituta garatzeko. Standard Superior autoaren txasisa, ederra bere sinpletasunean, Motor-Kritik aldizkariko azalean agertu zen 1933ko otsailaren erdialdera. Markowitschek lehen modelo horretatik oraindik onik dauden hiru txasisetako bat erabili zuen Barne-edertasuna lana sortzeko. Aipatu txasisa Motor-Kritikeko azala erreproduzitzen duen panel handi baten gainean muntatu zuen.

Barne-edertasuna lanak historian bizitako une kritiko bat irudikatzen du. Standard Superior autoa 1933ko otsailean egindako Berlingo Nazioarteko Automobil Azokan aurkeztu zen ofizialki. Hitlerrek, Alemaniako kantziler urte hartako urtarrilaren 30etik, hitzaldi bat eman zuen Azoka irekitzeko ekitaldi ofizialean. Kazetari eta ingeniari judutarra bazen ere, Ganzek oraindik askatasun osoz jarrai zitzakeen Hitler eta bere kideak, azoka bisitatzen zuten bitartean. Une zehatz batean, Standard Superior autoaren aurrean gelditu ziren eta Hitlerrek bere diseinuari buruzko interesa agertu zuen. Henry Forden inspiratuta, Ganzek zein Hitlerrek mobilizatutako Alemania baten ikuspegia partekatzen zuten, non langileek merkea, segurua eta teknikoki aurreratua izango zen «auto herrikoi» bat erosteko aukera izango baitzuten. Ganzek, Hitlerrek bezalaxe, Ford miresten zuen kate-produkzioan ezarri zituen aurrerapenengatik. Hitlerrek, halaber, Fordek hogeiko hamarkadan babestu zituen ideia antisemitak ere partekatzen zituen (Fordek barkamena eskatu behar izan zuen 1927. urtean, ofizialki, horren harira).

1933ko Berlingo Nazioarteko Automobil Azoka amaitu eta gutxira, Volkswagen autoa egia bihurtzeko ahalegina obsesio bilakatu zen Hitlerrentzat. Orduko fabrikatzaile ospetsuenek proiektuan parte hartzeko inolako interesik agertu ez zutenez, era independentean diseinatzea eta Wolfsburgoko lantoki berrian ekoiztea erabaki zuen. Volkswagen autoaren ideia Alemaniako automobil azoka guztietan defendatzen zuen Hitlerrek: autoa fabrikatzeko oinarrizko printzipioak azaldu zituen, lehen zirriborro batzuk sortu zituen eta maiatzeko kakalardo baten antza izan behar zuela aldarrikatu zuen. Judutarra izateagatik, baina, Ganzek ezin izan zuen Motor-Kritik aldizkarian lehen aldiz aurkeztu zuen proiektu horretan parte hartu. Handik gutxira, bere bizitza jasanezina bihurtu zen Alemanian. 1933ko maiatzean Gestapok atxilotu eta kartzelara bidali zuen, salaketa faltsuetan oinarritua. Aske geratu ondoren bere kontratu guztiak galdu zituen, Motor-Kritik aldizkariko erredakzio-buruarena barne. Artikuluak argitaratzea debekatu zioten eta 1934ko erdialdean, hilketa-ahalegin batetik gutxigatik hanka egin ondoren, Suitzara egin zuen ihes. Hilabete bat lehenago, Porscheko ingeniaritza independenteko bulegoak Alemaniako Volkswagen autoa garatzeko estatu-mailako kontratua lortua zuen, bere proiektua Ganzek urte luzez sustatu zuen diseinu kontzeptualean oinarrituz. Volkswagen KdF edo Kraft durch Freude (Indarra poztasunaren eskutik) autoaren lehen prototipoak 1936. urtean probatu ziren eta ekoizpena 1938n hasi zen lantoki berrian. Ganz, bitartean, «auto herrikoi» berri bat diseinatzen hasi zen, Suitzako Gobernuaren finantza-babesarekin. Prototipoetako bat aerodinamikoa zen, aluminiozko karrozeria eta atzeko motorra zituen eta «Silberfisch» (zilarrezko arraintxoa) ezizena jarri zion. Bigarren Mundu Gerrak diseinu hori ekoizteko planak eten zituen eta Ganz Suitzatik kanporatua izateko etengabeko mehatxuaren pean bizi izan zen. Epaileengana jo zuen hainbatetan 1944a eta 1950a bitartean, horietako zenbait naziak laguntzeko salaketa jaso zuten Suitzako zenbait agintariren aurka. Azkenik, Suitzatik kanporatua izan zen «zaila eta gatazkatia» izateagatik. «Nudnik» bat zen, beste behin.

Volkswagen autoaren ekoizpena, erabilera zibilerako, ez zen 1946ra arte hasi, britainiarrek Wolfsburgoko lantokia konfiskatu zuten arte. «Kakalardo» deitzen zuten, murrikaz, itsusia baina bere xedeetarako aproposa zela uste baitzuten. Hitlerrek Volkswagen autoak 990 RM balioko zituela agindu bazuen ere, bere fabrikazioak bost aldiz gehiago kostatu zuen, azkenean. 1949. urtean, Das Auto aldizkariak ondokoa idatzi zuen: «Volkswagen izena bidegabea da, inork gutxik eros dezakeela aintzat hartzen badugu»3. Idazle berberaren ustez, Ganzen Zilarrezko Arraintxoa zen, egiazki, gerra osteko urte latz horietan jendeak behar zuen erabilera anitzeko ibilgailu merke hori. Nolanahi ere, ekonomiak berrogeita hamarreko hamarkadan bizi izan zuen hobakuntzaren eskutik, Volkswagen enpresako zuzendari Heinrich Nordhoffen gidaritzapean garatu ziren auto herrikoi guztien artetik, Kakalardoa izan zen gehien iraun zuena eta unitate gehien ekoitzi eta saldu zituena.

Nordhoffek eta Ganzek elkar ezagutzen zuten, Motor-Kritik aldizkariaren garaitik. 1958. urtean, garraioaren artea hobetzeagatik eman zioten Elmer Sperry saria jasotzerakoan, Volkswagen autoaren garapenean eragin handiena izan zuten pertsonak izendatu zituen Nordhoffek; bi baino ez, alegia: Ferdinand Porsche eta Josef Ganz4. Nordhoff, horrez gain, harremanetan jarri zen Ganzekin —Australian bizi zen garai hartan— eta Volkswagenen lan egitea eskaini zion. Ganzek laguntza handia eskaini zion enpresari patenteei loturiko gatazka erabakigarri batean baina, handik gutxira, zenbait bihotzeko pairatu zuen eta lan egiteari utzi behar izan zion. Harreman estua mantendu zuen Nordhoffekin 1967. urtean hil zen arte. Bien arteko gutunak Volkswagenen artxibategietan gordeta daude oraindik. Australiatik, Kakalardoaren eraldatze harrigarriaren lekuko izan zen Josef Ganz, nazien ikur bat izatetik benetako Volkswagen bat izatera pasa baitzen, askatasun, amodio eta bakearen ikur gerra osteko belaunaldientzat, berak urte dezente lehenago desiratzen zuena, hain zuzen ere. Bere ezizena ere, gutxiespen izan ordez, txerazko hitza bilakatu zen. Hil baino lehenxeago, Alemaniako Errepublika Federalaren Merituaren Ordena jasotzeko aukeratua izan zen Ganz, automobilgintzari egin zion ekarpenagatik, baina ez zuen merezimendua onartzeko aukerarik izan arazoren bat egon zelako atzerriko sarien hartzaileei dagokienez Australian indarrean zegoen legediarekin; eta, azkenean, ahaztua hil zen. Markowitsch gauzak beren onera bueltatzen saiatu zen Josef Ganzen omenezko monumenturako zirriborroa (2016) delakoarekin. Nordhoffen hilobi-monumentuan oinarritutako lan horretan, egileak lepoa okertua duen disekatutako antzara bat jarri zuen (Gans alemanieraz) lur-globo baten gainean, 1955. urtean lantokitik atera zen milioi bat zenbakidun VW Kakalardoak zeraman urre kolore berdinekoa; eta Australiari dagokion puntuan Merituaren Ordena erliebean erantsi zuen.

Oharrak

  1. «German Car for Masses», The New York Times, 1938ko uztailaren 6a, 6. or.
  2. «Motor-Kritik!» Die Nationale Front – Kampfblatt für Deutsche Politik und Deutsche Wirtschaft, 14. zk., 1931ko Eguberria, 12. or.
  3. Frank A. E. Martin, «Der GANZ-Kleinstwagen», Das Auto, 1. zk., 1949ko urtarrila, 6–7. eta 22. or.
  4. John Mulliken, «Volkswagen: A Revelation of a Secret Love», LIFE International, 1960ko urriaren 24a, 73–74. or.