Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Amaiera

Norman Foster

Izenburua:
Amaiera
Egilea:
Norman Foster
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Gizakia | Artea | Arkitektura | Artea eta historia | Eragin artistikoa | Sinbologia | Diseinua | Diseinu industriala | Erakusketak | Ikonoa | Automobila | Guggenheim Bilbao Museoa | Etorkizuna | Kirola | Euskal Herria | Zientzia eta Teknologia

1960ko hamarkadan, NASAko astronautek zenbait objektu utzi zituzten Ilargiaren gainazalean, etorkizuneko belaunaldietako bisitariei laguntzeko gure zibilizazioaren funtsa ulertzen; objektu haietako bat film bat zen, lehiaketa olinpiar batean parte hartzen ari ziren lasterkari batzuk ageri zirena. Beraz, giza mugimendua aukeratu zuten, gaitasun fisikoen muga atletikoetaraino eramana, gure gizarte globalaren ezaugarri oinarrizkotzat. Eta, hala, ez da harritzekoa Motion. Autos, Art, Architecture erakusketako lehen aretoaren abiapuntua XIX. mendea izatea, Eadweard Muybridgek lasterka doan gizakiari buruz egindako ikerketekin, zeinetan atzeman baitzituen kirolariaren mugimendu arinak garai hartako puntako teknologia baliatuz, kamera asmatu berria erabiliz hain zuzen. Gizakiaren oinarrizko jarduera hori baliabide mekanikoak erabiliz zabaltzea da, zalantzarik gabe, Homo sapiensaren zibilizazio honen bereizgarri nagusietakoa. Arkitektoaren ikuspegitik, tentagarria da esatea bizitokiak eraikitzeko dugun ahalmenak bereizten gaituela beste espezie batzuetatik. Baina animalien habitatei buruzko azterlanek argi erakusten dute ez dela hala. Bizitoki sendoak eraikitzen dituzte inurri, erle eta armiarmek, beste askoren artean, teknologia oso sofistikatuak baliatuz. Amarauneko hari bakoitza, esaterako, altzairua baino bost aldiz sendoagoa da, neurriaren proportzioa kontuan hartuta. Gizakiok gainerako espezieetatik bereizten gaituena mugimendua da, abiadurarako eta mugitzeko dugun gaitasuna, gure urrats naturala makinak fabrikatuz handitu ahal izatea. Gure DNAn oso sakon errotuta dugu hori guztia.

2.000 urte baino gehiago atzera eginez Erromara jotzen badugu, eta zirkuetako zirkuitu itxiei eta ikusleentzako harmailei erreparatu, konturatuko gara antzekotasun harrigarria dutela gaur egungo zaldi-lasterketetako eremuekin eta 1 Formulako ibilgailu motordunen kirolarekin. Adibidez, Zirku Nagusian —K.a. VI. mendean Erroman eraikia—, zazpi birako lasterketak egiten zituzten; hau da, 3,6 kilometro edo 2,2 miliakoak. Zaldiek tiratutako koadrigek, taldeek eta gidariek, lotura estua dute automobilen Grand Prix lehiaketaren historiarekin: bietan zegoen abiadura eta arrisku handia, eta heriotza asko gertatzen ziren. 1 Formulan lehian jardun zituen urteak gogoratzean, pistan berrogeita hamar kidetik gora galdu zituela deitoratzen du Jackie Stewart txapeldun ohiak, Erromako txapeldunek beren garaian egingo zuketen bezalaxe. Bi garaietan koloreen eta taldearen iruditeriaren arabera bereizi ohi ziren taldeak, eta, gaur bezalaxe, pilotuak glamour handiko pertsonaiak ziren eta sari eskuzabala jasotzen zuten beren jardunagatik. Kaio Apuleio Diokles gidari guztiz ospetsua, gaur egungo Espainiako Extremadura probintziarekin bat datorren erromatar probintzian sortua, 1.400 lasterketa baino gehiagotan irten zen garaile, eta Erromara deitu zuten, non kirolari heroi gisa hartu baitzuten. Lewis Hamilton gidaria, 1 Formulako txapeldun absolutua, har liteke gaur egun haren baliokide gisa, eta haren antzeko ospea eta aitortza du. Zirkuitu batean lauhazka bizian orduko 50 kilometroko abiaduran zihoazten lau zaldiren potentzia orduko ia 400 kilometroko abiadura iristen duten 1.000 zaldiko makinekin erreproduzitzen da, gaur egun. Eta zaldizko tradizioak presente jarraitzen du ibilgailu motordunen kiroletako hizkuntzan; lasterketa-autoak, esaterako, paddock deritzon eremu ireki batean biltzen dira, zaldi-lasterketetan zaldiak bezala.

Automobilaren jatorriaren erakusgarri da, halaber, erakusketaren hasierako aretoan ikus daitekeenez, haren hastapeneko deskribapena, zeinetan esaten baitzen autoa dela «zaldirik gabeko gurdia». Guggenheim Bilbao Museoko aretoak zabalak eta handiak izan arren, erabakiak hartzeko garaian diziplina zorrotza ezarri zuen automobilen, artearen eta arkitekturaren arteko uztarketa egin nahi izateko asmoak. Kanpoan utzi behar izan genituen gure pieza kutunetako asko. Adibidez, eskolan nenbilela, institutura sartzeko azterketa gainditzeko bidea eman zidan idazlanean, Auto Unionen eta Mercedes-Benzen «zilar koloreko zaldunen» arteko norgehiagoka latz bat deskribatu nuen, Nürburgringen kokatua, 1930eko hamarkadako Alemanian. Diseinu klasikoaren ikonoaren oroigarri gisa, Auto Unionen autoen bi maketa bikain dauzkagu Norman Foster Foundationen: amaierako autoa erakusten du maketa horietako batek, eta bestean, berriz, karrozeria kendu zaio, txasisa, motorra eta transmisioa agerian uzteko. 1:18 eskalan bada ere, xehetasun guztiak leialtasun harrigarriaz erreproduzitu dituzte hungariar ingeniari aeronautikoek.

Auto Union auto batek eta 1927ko Bugatti Type 35 batek erakusketan leku bat irabazteko elkarren kontra izandako lehia gordinean, Bugattia atera da garaile. Eta ez da izan estetikari dagokionez nagusitzat hartu delako, baizik eta Euskal Herriarekin eta Donostiako Sari Nagusiko lasterketekin duen loturagatik, zeinaren erakusgarri baitira ibilgailuarekin batera erakusgai jarritako garai hartako kartelen grafismo dotore eta indartsuak.

Irizpide estetikoak eta espazioaren mugara egokitu beharrak bultzatuta, beste hainbat ale ere gelditu dira kanpoan eta orainera baino iraganera gehiago lerratzen den oreka bat sortu da, azken belaunaldiko 1 Formulako auto bat dela oreka horretan salbuespen aipagarria. Hain zuzen ere, mende erditik gorako aurrerapausoa egiten du erakusketak, 1960ko hamarkadari buruzko Americana ataletik azken aretoraino, Etorkizuna izenburukora, zeinetan hurrengo belaunaldiko diseinatzaileek XXI. mendearen amaierako mugikortasunari buruzko beren ikuspegiak aditzera ematen baitituzte.

Senak esaten dit erakusketa honek garrantzi handiko mugarria jar lezakeela automobilaren historian: barne-errekuntzako motorraren aroaren amaiera eta gidaririk gabeko autoaren hedapena. Denboran aurrera eginez hamarkada batzuetako jauzia egiten badut etorkizunerantz, hauxe imajinatzen dut: familia bat arratsaldeko txango bat egitera doa eta haien robotika bidez kontrolatutako ibilgailuak, isilik eta inolako gorabeherarik gabe, hiritik kanpo dagoen museo bateko areto handira daramatza, non antolatu baitute automobilen erakusketa bat, Guggenheim Bilbao Museoak mende horretan bertan baina zenbait hamarkada lehenago antolatu zuen erakusketa baten oso antzekoa. Baina oraindik iristeke dago bisitaren goreneko unea.

Aitak zirkuitu batera darama semea, «bazen behin» esanez, eta erakusten dio hamarkada batzuk lehenagoko ibilgailuen ilara bat. Ibilgailuek ez dute inolako antzik mutikoak inoiz ikusitako ezerekin; beste planeta batekoak dirudite. Halako batean, harri eta zur utzi du aitak semea, erakutsiz 2020ko hamarkadako ibilgailu zahar horren barnealdean nola koordina zitekeen eskuen mugimendua, «bolante» deritzon tramankulu baten bidez, eta oinena, pedal batzuk erabiliz, automobila pistan modu kontrolatuan propultsatzeko. Jakina, modeloa egokitu egin dute, hesiak jo ez ditzan eta talkarik egin ez dezan «gidatzeko» kirol zaharrean duten trebetasun gero eta ezohikoagoa erakutsi nahian dabiltzan beste haur eta guraso batzuen kontra.

Museoaren barruan, haurra harrituta gelditu da berriro, antzinako irudietan ikusiz nola gal zezakeen jendeak bizitza ibilgailu haietan, eta, are sinesgaitzagoa dirudiena, nola makina haiek isurtzen zuten substantzia bat, «ke» zeritzona. Istorio horretako aitonak, adin handiko gizona baita, gogoan ditu arriskuak bizitzaren osagai izateari utzi aurreko arrisku handiko garai haietako espiritua, asmamena eta trebetasuna. Are gehiago: makina haietako batzuk orduko eskulturekin alderatu ditu, haien ezaugarri estetikoak gogoan.

Etorkizuneko agertoki horri aurrea hartuz, erakusketa honek aukera paregabea eskaintzen du automobilari loturiko eromenaz, kontraesanez, maisutasunaz, sormenaz, edertasunaz, xelebrekeriez, arriskuez eta, jakina, berebiziko pozez gozatzeko, baita ibilgailu horiei loturiko arte- eta arkitektura-obrez gozatzeko ere, betiere historiaren pasarte adierazgarri batean kokatuta.