Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Etorkizuna

Matthew Foreman

Izenburua:
Etorkizuna
Egilea:
Matthew Foreman
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Artea | Arkitektura | Hirigintza | Interpretazioa | Sormena | Perspektiba | Diseinua | Diseinu industriala | Lankidetza artistikoa | Automobila | Industria | Etorkizuna | Unibertsitateak | Hiria | Jasangarritasuna | Klima-aldaketa | Zientzia eta Teknologia | Garraiobideak
Aipatutako artistak:
Foster, Norman

Teknologia modernoaren eta ekoizpen kulturalaren funtsezko gailua den aldetik, autoak oso modu esanguratsuan taxutu du gure ingurune fisiko, ekonomiko nahiz kulturala. Baina, orain, XIX. eta XX. mendeetako autoak museoetarako, bildumari espezializatuentzako eta zaleentzako pieza bihurtu direlarik, zer etorkizun du garraio indibidualak? Zer gertatuko da errepide, aparkaleku, garaje, gasolindegi, drive-in eta paisaia modernoaren bereizgarri diren eta autoaren neurrira tankeratu diren aldirietako auzoekin? Ezabatu beharreko «izurri» bat ote da autoa, edo ondare zoragarri bat, birmoldatu eta berrasmatu beharrekoa?

Klimaren krisiak pertsonen garraiorako bide berriak garatzeko premia sortu du: ingurumena gehiago errespetatuko duten garraiobideak, erresistenteagoak eta erosoagoak garatzeko premia. Ibilgailu elektrikoen zabalkundeak eta garraio autonomoaren goraldi ezinbestekoak adierazten dutenez, datorren hamarkadan azken berrogeita hamar urteetan baino aldaketa gehiago izango ditu autoak.

Aldaketa horren eragina dagoeneko sumatzen hasita dago planeta osoko hiri-inguruneetan. Baina nolakoa izango da pertsonen garraioa, berrogeita hamar edo are ehun urte barru? Nolabaiteko simetria bat ikusten da erronka horretan: oraingo hirietako pilaketa, baliabide-urritasuna eta kutsadura bat datoz XIX. mendearen amaieran automobilen diseinuaren aitzindariek aurrez aurre topatutako arazoekin, haien helburua zelarik «zaldiaren potentziatik zaldi-potentziara» eramango gintuen teknologia bat garatzea1.

Norman Fosterrek erabaki zuen diseinu-arazo horiek etorkizunera proiektatzea eta arkitekto, artista eta hirigintzan diharduten profesionalen belaunaldi sortzaile berriari eskatzea arazo haiei erantzuteko. Hala, harremanetan jarri zen arkitektura eta garraio-diseinuko munduko eskola nagusiekin, eta eskatu zien partekatzeko mugikortasunaren etorkizunari buruz zuten ikuspegia. Eskolei eman zizkieten irizpideen artean, aukera zuten garraio pertsonalaren gaia —hiri-garraioa eta hiri artekoa— irudizko ibilgailu, eraikin edo hiri batean oinarriturik lantzeko edo interpretazio zabalagoak egiteko. Autogintzako industria-kide, diseinatzaile, artista eta arkitektoekin lankidetzan aritzera bultzatu zituzten eskolak, eta gonbita egin zitzaien beren proiektuak maketa, film, rendering, marrazki edo manifestu gisa aurkeztera.

Eskola bakoitzak egoera lokala eta globala kontuan hartuta garatu ditu bere proiektuak, eta haietan islatuta dago lau kontinentetako hamahiru herrialdetako ikasle-irakasleen aniztasun oparoa eta talentua. Erantzunak harrigarriak dira guztiz, eta ikusmira liluragarri bat erakusten dute errekuntza-motorrak propultsaturiko automobiletik askoz ere urrunago doan etorkizun bati begira. Ez dihardute soilik garraiobideei buruz; aitzitik, berrasmatu egiten dituzte haientzako azpiegitura lagungarriak eta oraindik idatzi gabe dagoen kontakizun urbano, suburbano eta estraurbano baten testuinguru teknologiko, sozial, arkitektoniko eta artistikoa.

Oharra

  1. Eric Morris, «From Horse Power to Horsepower», ACCESS Magazine, 30. zk., 2007ko udaberria, 2–9. or.