Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Estatu Batuak: berrasmatzearen herrialdea

Norman Foster

Izenburua:
Estatu Batuak: berrasmatzearen herrialdea
Egilea:
Norman Foster
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Artea | Argazkigintza | Arkitektura | Artea eta gizartea | Eragin artistikoa | Sormena | Diseinua | Diseinu industriala | Erakusketak | Eskulturagintza | Ikonoa | Gizarte-kronika | Automobila | Bigarren Mundu Gerra | Kirola | AEB | Musika | Bizi-kalitatea | Herri-kultura | Zinema
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander | Caro, Anthony | Earl, Harley J. | Erwitt, Elliott | Fuller, Richard Buckminster | Gehry, Frank | Indiana, Robert | Link, O. Winston | Moore, Henry

Askotan pentsatu izan dut AEB berrasmatzearen herrialdea dela. Azken batean, XVI. mendean Ameriketako bidea hartzen hasi zen exodoak Europa idealizatu zuen eta, hortik abiatuz, amerikartzat identifika daitekeen zerbait sortu zuen, jatorrizkotik oso urruna. Esperimentu ausarta izan zen, eta bilakaera-prozesuan jarraitzen du, segur aski. Beharbada egokiagoa da «amerikartzea» hitza erabiltzea «eraldaketa» baino.

Amerikartze-prozesuan, handinahirik gabeko eskuzabaltasuna eta adorea antzeman daitezke, batez ere diseinuaren arloan, Europarekin konparatuz gero. Adibidez, De Havilland Comet britainiarrak bidaiari-hegazkinen xenda ireki zuen 1949an, baina komertzialki porrot egin zuen hegaldian metal-nekeak eragindako matxuren ondorioz. AEBko Boeing enpresak, orduan, arazo hori bere alde erabili zuen, baina sortu zuen bidaiari-hegazkina desberdina zen bai itxuraz, baita funtzionalki ere. Comet hegazkinak modu dotore askoan zeuzkan erreakzio-motorrak hegaletan integratuta; Boeing hegazkinetako motor-konpartimenduak, ordea, zakarki zeuden torlojutuak.

Beste idazle batzuek AEBren eta Britainia Handiaren Bigarren Mundu Gerrako armamentua konparatu izan dute, bereziki borroka-hegazkinen eraikuntza eta tolerantzia. Britainiar Spitfire hegazkinaren hegalen kurba oparoak esteta baten ametsa dira Estatu Batuetako Mustang ehiza-hegazkinaren angelu-joera arrazionalistarekin konparatuz gero, baina azken horrek abantailak zituen eraikuntzari eta mantentze-lanetarako denborari dagokienez.

Beharbada jeep estatubatuarra da desberdintasun horien adierazlerik agerikoena. Lehen lurrun-lokomotorrekin gertatzen zen bezala, haren oinarrizko osagaiak zeharo funtzionalak dira. Berariazko ad hoc planteamendu horren espirituari zintzo, izarraren sinbolo nazionala —herrialdeko banderako «barra eta izarretan» agertzen dena— pintura zuriz margotuta dago kapotean, txantiloiz margotuta egon ere, ibilgailuaren neurrien eta pisuaren aldamenean. Horrek guztiak ikonografia bat taxutu zuen, eta Robert Indiana-ren pop-arteak ikonografia horixe hartu zuen inspirazio-iturritzat. Artista horren obra, hain zuzen, erakusketa honetan dago ikusgai Ford Jeeparen aldamenean.

Behinola, Luis Fernández-Galiano espainiar kritikariak bitan banatu zituen nire arkitektura-proiektuetako maketak: «azala eta hezurrak». Arreta egiturara bideratzen duten lanak, esaterako Renault Banaketa Zentroa (1982), «hezurrak» kategorian sartzen dira, dudarik gabe. Eraikin horren horiz pintatutako gainazal deigarriek Estatu Batuetako pop artearen eta Anthony Caro-ren altzairuzko eskulturen eragina zuten.

Jeepera itzuliz, haren Estatu Batuetako aire-baliokidea Bell 47 helikopteroa izan zen (1945): altzairuzko hodi-fuselajea argi eta garbi adierazia zuen, eta motorra, erregai-andela eta transmisioa begi-bistan. Helikoptero hori «hezurrak» kategorian sailkatzen da baita ere; berriagoa den Bell Jet Ranger modeloa, ordea, bilgarri aerodinamiko bat da haren aldean, eta «azala» ematen du aditzera.

Azalaren eta hezurren analogia ez da bakarrik Americana aretoan agertzen, erakusketa guztian baizik; dena den, forma aerodinamikoa da nagusi. Eskulturak deitutako aretoa da horren apoteosia; bertan, auto klasikoek Henry Moore-ren irudi erdi-etzan baten kurba leun eta jariakorrak dituzte aldamenean. Irudi horren gainean, Frank Gehry-ren areto itzelaren goiko aldea betez, mugimenduaren arte gorena dago, Alexander Calder artista estatubatuarraren artelan monumental batek gorpuztua.

AEBren metafora bisual bakar bat existituko balitz, errepide zabal eta luze bat izango litzateke. Yale unibertsitatean masterra egin nuenean liluratuta geratu nintzen Vincent Scully historialariarekin. Scullyk literatura eta zinemarekin lotzen zuen arkitektura, eta arte-forma horietan, hain zuzen, behin eta berriz errepikatzen dira errepideak, baita horietan inspiratutako kontinente arteko bidaiak ere, hitzez zein kilometrotan eginak. Horixe erakusten dute, adibidez, Jack Kerouacen Errepidean (1957) eleberriak, Easy Rider (1969) filmak eta Bonnie and Clyde (1967) pelikulako gehiegikeriak.

Urrutian desagertzen den trenbidearen perspektiba amaiezinak autobideak bezainbeste dakar gogora mugimenduan den AEBren irudia.

O. Winston Link argazkilariak lurrun-lokomotorren azken egunak dokumentatu zituen Mendebaldeko Virginian. Zama-garraiorako trena ekialderantz, Iaeger, Mendebaldeko Virginia (Hot Shot Eastbound, Iaeger, West Virginia, 1957) lanak autoaren urrezko aroa, auto-zinema, erreakzio-hegazkinen garai berria eta lurrun-lokomotorraren burrunba fotograma bakarrean islatzea lortu zuen. Elliott Erwitt dut kameraren beste maisu gogokoenetako bat; izan ere, Wyoming (1954) lanean errepidea eta trenbidea uztartzen ditu, biak ere paisaiako ihespuntu batean bateratuz, Ipar Amerikan beste inon gerta zitekeen bezala.

Nire ikasle-egunetan eta 1960ko hamarkadan arkitekto ibilitako lehen urteetan AEBn barrena egin nituen bidaiak lehen-minez gogoratzen ditut, iraganeko estatubatuar esperientziaren oroiminez. Garai hartan, etorkizunak orainaldia baino zerbait hobearen promesa esan nahi zuen; futurista izateak baikorra izatea esan nahi zuen. Uneren batean, baina, arrosa koloreko aurreikuspen haiek etortzeke ziren egunen ikuspegi distopikoago bihurtu ziren.

Ukigarria ez bada ere, izugarri eraginkorra da, baita ere, estatubatuar mentalitateko «egin daiteke» ideiaren zintzotasuna. Aldamio-gisako egituradun etxea orain teknologia disruptibo deituko litzatekeenaren adibide borobila da. XIX. mende amaieran, masa-fabrikazioari eta, ondorioz, burdinazko iltzeen kostu txikiari esker, posible zen egur arinezko piezak azkar eta egituraren segurtasuna arriskuan jarri gabe jostea eskulan ez-espezializatua baliatuz. Emaitzako estetikari efizientzia dotorea dario eta, portxeekin eta zuriz pintatutako listoiekin konbinaturik, hiri-paisaia gogoangarriak sortu izan dira, batez ere AEBko ekialdeko kostaldean.

«Gutxiagorekin gehiago egitearen» tradizio horrek defendatzaile ugari ditu. Richard Buckminster Fuller ezinbesteko adibidea da, eta haren 1934ko Dymaxion autoaren errendimendua garai hartako Ford sedanarekin pareka daiteke, txasis eta motor berdina baitzuten biek. Dymaxionen estalki aerodinamikoari esker, bidaiari kopuru bikoitza garraia zitekeen erregaiaren erdiaz. Gainera, Forda baino azkarragoa zen, baina segur aski ez «Bucky»k gogotsu adierazten zuen bezainbeste.

Hala ere, badago estatubatuar tradizio paralelo eta aurkako bat, tamainaren eta indar zakarraren erakusgarria. Joera hori bereziki nabarmena da AEBko autoetan: ezin estatubatuarragoa den norabidea markatzen du, eta ez du baliokiderik Europan ez Asian.

1940ko hamarkadan, hot rodding deitutako fenomeno bat sortu zen ibilgailuen munduan: autoak —gehienetan, hogeita hamarreko hamarkadako ohiko coupé autoak— goitik behera kustomizatzen zituzten eta, ondoren, probatu Kaliforniako laku lehorren hondoetan. Surfarekin batera, hirurogeiko hamarkadako Kaliforniako modernitatea gorpuzten zuen joera hark. Beach Boysen garai hartako 409 kantuak Chevroleten 409 hazbete kubiko eta zortzi balbulako bloke-motor handiaz hitz egiten zuen; aldiz, Little Deuce Coupe 1932ko Ford Model 18 Coupeari buruzko oda da. Kantu hori turbo motorra dirudien eztarri-orro batez hasten da eta, esaten duenez, «Laztana, ez nabil harropuzkeriatan; beraz, ez nazazu kritikatu, / baina hiriko gurpil azkarrenak ditut».

Hot rod delakoaren adibide bikainenetako bat Bob eta Dick Pierson anaien sorkaria da, suhiltzaile bati 25 dolarren truke erosi zioten 1934ko Ford Coupe batean oinarritua. Base-geruza baten gainean aplikatutako pintura gorri eta zuri transluzidoa guztiz erradikala zen garai hartarako, eta zale amorratuak erakarri zituen; gainera, horri buruzko artikulu bat argitaratu zuten Hot Rod Magazine aldizkarian 1950ean.

Piersondarren ibilgailuari «2D» deitzen zioten, albo batean pintatua zeraman intsignia zela-eta; bada, 150 mi/h-ra (240 km/h-ra) heltzen zen El Mirage laku lehorrean egindako proba kronometratuetan; are, geroago, 220 mi/h-ko (350 km/h-ko) markak ere egin zituen. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, pilotu ibili nintzen handik gertu zegoen El Mirageko aerodromotik ateratzen ziren planeatzeko hegazkinetan, eta miresmenez ikusten nituen land yacht eta hot rod auto haiek. Autobideetan, argazkiak ateratzen nizkien Greyhound autobusei, haien altzairu herdoilgaitzezko karrozeria ildaskatuei, baita kamioi kromatu erraldoien arrandiari ere. 2Daren tutu-formako ardatza zortzi balbulako eta hirurogei zaldiko motorra zuen tona erdiko kamioi batetik kopiatu zuten, eta kromatua zen hura ere. 2Daren xehetasun bakoitza txera handiz egina izan da Bruce Meyerrek —autoaren egungo jabeak— agindutako zaharberritzean. Hot rod autoetan ohikoa zen gehigarri militarrekin hibridazioa egitea; kasu honetan, Bigarren Mundu Gerrako B-29 hegazkin bonbaketari baten eserlekuak berrerabili dira.

Hegazkin historiko horrek Harley Earl diseinatzaile entzutetsuarengana garamatza. 1939an, P-38 Lightning erakutsi zioten Earli, Lockheed etxearen ehiza-hegazkin bonbaketari berria. Lerro luze eta jariakorrak zituen muturretik isatseraino, hegats aerodinamiko batzuetan amaitzen zirenak; bada, lerro horiek berriz agertu ziren 1959an Earlek diseinatutako Cadillac Eldorado Biarritz Convertible modeloan.

Hirurogeiko urteen erdialdetik hirurogeita hamarreko urteen hasierara, Estatu Batuetako muscle car delakoa nabarmendu zen, segur aski estiloari gehiago erreparatzen ziona errendimenduari baino, eskueran potentzia handia bazuen ere. Detroitek europar kirol-autoen aurreko boladari eman zion erantzuna izan zen. Ford Mustang autoa New Yorkeko Munduko Erakustazokan aurkeztu zuten 1964an; bere belaunaldiko popular eta enblematikoena izan zen eta, lehen urtean soilik, 400.000 aletik gora saltzera heldu ziren. Modelo berri asko bezala, aurreko garaietako osagaiak konbinatzen zituen: zortzi albo-balbulako motorra zuen elikadura-iturri, hot rod autoen lobbyak hain gogokoa zuena, eta AEBko lehen auto konpaktua izandako Ford Falconaren txasisa zeraman.

Mustanga zinemaren eta musikaren bidez joan zen sartzen kultura herrikoian: ezin ahaztu Bullitt (1968) filmean Steve McQueenek San Frantziskon barrena egin zuen auto-jazarpena eta Wilson Picketten Mustang Sally (1965) abesti ospetsua. Geldirik egonda ere aurreraka egitearen itxura ematen zuen diseinuaren eta Mustang izenaren arteko uztarketa izan zen, ziurrenik, auto haren arrakastaren erantzulea. Estatubatuar peto-petotzat hartzen ziren ideiekin lotzen zen: Mendebalde erromantikoa, espazio irekiak, cowboyen epika eta askatasun asegaitza.