katalogoa
Hastapenak
Matthew Foreman
- Izenburua:
- Hastapenak
- Egilea:
- Matthew Foreman
- Argitalpena:
- Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
- ISBN:
- 978-84-122792-7-6
- Lege gordailua:
- M-6776-2022
- Erakusketa:
- Motion. Autos, Art, Architecture
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea | Argazkigintza | Arkitektura | Hirigintza | Artea eta gizartea | Artea eta gizarte iraultza | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Diseinua | Diseinu industriala | Jantzi-diseinua | Automobila | Industrializazioa | Lehen Mundu Gerra | Kirola | Bizi-kalitatea | Zinema | Teknika eta materialak
- Aipatutako artistak:
- Bourke-White, Margaret | Casas Carbó, Ramón | Marey, Étienne-Jules | Muybridge, Eadweard
Autoa giza esperientzia aldatu duen makina da, XX. mendeko beste edozein berrikuntza teknologikok baino sakonago. Zaldiak eta zalgurdiak hiriguneetan pilatzearen eta kutsadura eragitearen ondorioz sortu zen autoa; izan ere, hiriguneak laster hazten ari ziren Industria Iraultzaren amaieran. Zaldia eta zalgurdia zaldirik gabeko gurdira aldatu zirenean, goitik behera aldatu zen hiriko eta hiriarteko esperientzia.
Autoaren bilakaera teknologikoa eta estetikoa, sortu zenetik masan ekoitzi eta zabaldu zen arte, zenbait aurrerapen artistikorekin batera interpreta daitezke. Modernitatearen sinbolo ahaltsu bihurtu zen aldetik, artistek eta arkitektoek hasieratik bere egin zuten autoa. Erakusketa honetarako egin den pintura, eskultura eta marrazki aukeraketak garai guztietako diseinurik adierazgarrienak artistengandik jasotako eragina, eta alderantziz, autoen diseinuak artisten lanean izandakoa azpimarratzen du, elkarrekintza hori nabarmentzeko xedez.
XIX. mende amaieran, argazkilaritzako eta zinemako aurrerapenek irauli egin zuten gauzek mugitzeko duten moduaren ordurarteko ideia. Eadweard Muybridge argazkilari ingelesak mugimenduaren mekanika argitu zuen, 1877an egindako fotogramaz fotogramako lehen animazio-irudien bidez. Hamar urte geroago, Animal Locomotion azterlan sakona argitaratu zuen. Erakusketa honetan, azterlan horretako argazkiak aurkituko dituzu, baita bideo-animazio bat ere. Muybridgeren garai bereko Etienne-Jules Marey argazkilari frantsesaren irudiak ere ikusgai daude. Mareyk animaliei, gizakiei eta aireari ere aplikatu zizkien bere teknika kronofotografikoak; era horretan, betiko aldatu zen denbora eta mugimendua atzemateko genuen era, eta aldaketak ekarri zituen horrek artean zein zientzian.
Benz Patent-Motorwagen-ek —munduko lehen autoa, 1886an sortua— guztiz aldatu zuen mugimendua ulertzeko era, eta industrializatzeko bidean zegoen munduan garraio pertsonal mekanizatuaren tipologia berri bat ezarri zuen. Motorwagenen kanpoko itxura, gehienean egurrezkoa, zaldiek tiratutako gurdietan oinarritzen zen, baina motor iraultzailea zuen. Garai berean, Gottlieb Daimler-ek eta Wilhelm Maybach-ek motor bat diseinatu zuten aurreko guztiak baino askoz txiki, arin eta kementsuagoa, —geroago seriean ekoitzitako lehendabiziko autoa izan zen Benz Velo autoan baliatuko zutena 1893an—; motor hori «pendulu erlojua» ezizenez ezaguna izan zen eta esan daiteke makina-artearen lehenengo adibideetako bat dela.
Gasolina, lurruna eta energia elektrikoa sutsu lehiatzen ziren ea zein gailendu autoaren lehendabiziko garaian. 1900eko Parisko Erakusketa Unibertsalean, Ferdinand Porsche-k, hogeita bost urteko austriar ingeniari batek, ekarpen berezi bat aurkeztu zuen, ibilgailuen historiari egin zizkion askotatik lehendabizikoa: gurpileko motor elektrikoa. Bere garaian, gurpilean zuzenean propultsio-sistema sartzea ez zuten denek onartu, baina hirurogeita hamar urte geroago berriz agertu zen, Apoloren espazio-misioetako ilargiko roverrean. Lehendabiziko auto estralurtar horrek zaldi laurdeneko gurpileko lau motor erabiltzen zituen, Porscheren diseinu ameslariak zuen konfigurazioaren moldekoak.
Denbora horretan guztian, autoa aberatsen jabetza izan zen esklusiban, eta autoan elikadura mota desberdinak erabili ziren, elkarrekin lehia estuan. Pierre Bonnarden bozetoek erakusten dute autoak gogo zoro samar bat pizten zuela hura eros zezaketenen artean, abenturara eta gozamenera lerratua. Bozeto horiek Octave Mirbeau-ren La 628-E8 idazlanean erreproduzitu ziren lehen aldiz: bere Charron auto kuttunean 1907tik 1908ra Mirbeauk egindako bidaien kronika bat. Oraindik ere, ibilgailuei buruz artista ospetsu batek osorik ilustratu duen liburu bakarra da hori.
Autoaren arkitektura jada existitzen ziren egituretara egokitu zen: farmaziak gasolindegi bihurtu ziren, bizikleta-tailerrak ibilgailuak konpontzera pasa ziren, eta ukuiluak garaje bihurtu ziren; Ramón Casas-ek 1907ko Kotxetegia (La cochera) izenburuko koadroan errealismoz gogora ekarri zuen prozesu hura. Rolls-Royce autoetan, agerian geratzen da Lehen Mundu Gerra aurreko ibilgailuen fabrikazioa erabat esklusiboa zela. Charles Rolls eta Henry Royce automobilismoaren eta abiazioaren aitzindariek britainiar aristokraziarentzat sortzen zituzten esklusiban auto horiek, eta aurreko garaietako sinbolismoa izan zuten inspirazio-iturri, leinu- eta legatu-sentsazioa emateko. Charles Sykes-ek diseinatu zituen aldizkarietako azaletarako ilustrazioek eta autoen kapoteko apaingarriek, hala nola Rolls-Royce autoetan erabilitako Estasiaren espiritua (Spirit of Ecstasy), emakumezkoen edertasunaren kontzeptu klasikoetatik edaten zuten askatasunez, batez ere Samotraziako garaipen hegoduna eskultura greziarretik.
Ekoizpen-kateen eraginak, aire-sektoreko teknologiak sartzeak eta estiloko zein modako ideia nagusiek bat egin zutenean, autoen diseinua urrundu egin zen hasierako zaldirik gabeko gurdi kontzeptutik. Era horretan, autoa asmatu eta berrogeita hamar urte geroago, diseinuko objektu bihurtu ziren, benetan modernoak.
Lehen auto eroserraza 1908ko Ford Model T izan zen. Ekoitzi zuten hogei urteetan ia aldaketarik egin ez zioten arren, izugarri hazten joan zen haren salmenta kopurua. Hamar milioigarren autoa fabrikatu zenean, munduko autoen erdiak tin lizzies ziren (hori baitzen lehendabiziko Ford modelo haren goitizena). Eskariari aurre egin ahal izateko, Henry Ford-ek soldatak nabarmen igo zituen behar zuen langile-kopuru izugarria mantentzeko helburuarekin —1914an, adibidez, soldata bikoiztu egin zien 5 dolar eguneko ordainduz—. Autoaren prezioak, gainera, egundoko jaitsiera izan zuen; 1925eko turismo-auto batek 1908ko Model T baten seiren bat baino gutxiago kostatzen zuen. Kate-ekoizpen prozesuaren azterketa zientifikoen bidez, eskalako ekonomia handiak lortu ziren, eta eredu bihurtu ziren ekonomia eta gizarteko ekoizpen-sistema modernoetarako eta masa-kontsumo estandarizatuetarako. Ironikoki, estandarizazio horretarako salbuespen bakan bat Henry Forden Model T izan zen, zeina aldian behin osagai berriekin birmoldatzen baitzuten. Ezaugarri berezien artean, kristal berdez egindako eurirako bisore bat zuen, baita marra gris eta berdeko belusezko tapizatze-ehuna ere, eta konpartimentu bat autoaren atzeko erretiluan tresnetarako eta ekipajerako.
Albert Kahn-en industria-arkitektura berriak «fordismo» deritzonaren lan-prozesuak hartu zituen bere baitan, Diego Rivera-k Forden beraren mandatuz Detroit Institute of Artseko horma-irudietan irudikatu zituen horiek berak. Eskala heroikoko arkitektura-espazio arrazional, modular eta malgu horiek turismo-atrakzio bihurtu ziren erabat. Charles Sheeler-ek 1927ko argazki-serie ospetsu batean erakutsi zituen espazio horiek, eta lagungarria izan zen haiek makinaren aroko artearen eta diseinuaren arketipo bihurtzen.
Kahnek ibilgailuen sektorerako fabrikazio-espazioak sortzen zituen bitartean, Le Corbusier autoa erabiltzen hasi zen konposiziorako unitate gisa, arkitektura- eta hiri-tipologia berriak garatzeko. Le Corbusierrek 1926 eta 1929 artean gidatu zuen Voisin C7 Lumineuse modeloa. Gabriel Voisin autoen eta abiazioaren aitzindariak garatu zuen auto modelo hori, eta hark erabilitako ekoizpen metodoak eta materialen gaineko ikerketak aeronautika-industriatik eratorritakoak ziren. Le Corbusierrek ikusten zuen autoa modernitatearen sinbolo nagusia zela, eta sarritan erabiltzen zuen bere marrazki, liburu eta argazkietan. Modulu bidezko eraikuntza-metodoak, kristalezko azalera zabalek eta, are, Voisin modelo hartako tartanezko tapizatuko lerro horizontal eta bertikalen aldaera matematiko ugariek aztarna utzi zuten Le Corbusierrek garai hartan sortu zituen etxe-arkitekturan eta hirigintza-planetan. 1925ean, Le Corbusierren laguna zen Voisinek Pariseko hirirako «Voisin Plan» berria eta erradikala finantzatu zuen, autoan oinarritua. Bada, mandatu horri esker, Le Corbusierrek bere C7 hori erosi ahal izan zuen.
Lumineuse modeloaren estiloa garai hartako artista ospetsu batzuen gogokoena zen, horien artean zirela Rodolfo Valentino, Maurice Chevalier eta Josephine Baker. Autoen diseinuak eta modak, bereziki emakumezkoenak, guztiz bat egin zuten 1920ko hamarkadan, emakumeak gidari jartzeko (metaforikoki eta literalki) ahalmena handitu ahala. Orrazkerak, sonbreiruak, jantzigintza eta gonen zein takoien luzera egokitzen hasi ziren moda funtzional eta arinak sortzeko; era horretan, aiseago mugitu zitekeen gidatzeko eta dantzatzeko orduan, mugikorrago bihurtzen ari zen gizarte baten adierazgarri. Mugikortasun berri horren adierazgarri dira: Sonia Delaunay-ren simultané arropa-diseinuak («aldi berekoak»), hegazkinetan inspirazioa hartuta sortu zituen mihiseak eta hark diseinatutako oihal bat —haren artea aplikatzeko erabili zuenetako bat— inspirazio-iturritzat hartuz pintatutako Citroën C4 modeloak.
Modak autoari gehitutako mistika abiaduraren dohain liluragarrietan ere oinarritzen zen. Asmatu zirenetik, autoek kirol-lehiaketetan parte hartu dute. Errendimendu, erresistentzia eta abiadura handiagoa bilatuz, aurrerapen teknologikoak hauspotu dira, eta auto-lasterketak kirol ezaguna egin dira, mundu osoko zaleak dituena. Espainiako Grand Prix lasterketen historiak Donostian 1923tik 1929ra egin ziren lehiaketetan du jatorria. Bugatti T35 modeloa jaun eta jabe izan zen hogeiko hamarkadako lehiaketetan, eta haietako batek 1925eko lasterketan parte hartu zuen, bolantean Pierre de Vizcaya zuela. Vizcaya familiatik Bugatti lasterketetako bi pilotu-belaunaldi atera ziren; izan ere, 1909an, Pierreren aitak, Augustinek, Bugattiren fabrikaren sorrera finantzatu zuen Molsheimen. Erakusketa honetako jatorrizko kartel, argazki eta pelikulek Donostiako Sari Nagusiko eta Europako auto-lasterketen lehendabiziko urteetako pasio eta ikuskizunaren ospea ematen dute aditzera.
Chrysler Airflow da lehen urte horietako azken bilakaera ikusgarriaren eredua. 1934an atera eta honela deskribatu zuten: «Autoa asmatu zenetik, benetako motordun autoa den lehendabizikoa». Haize-tunel batean diseinatutako lehen ekoizpen-modeloa izan zen. Kendu egin zizkioten ohiko ointokiak, lohi-babesak eta argi independenteak. Atzeko eserlekuak apaldu zituzten, aurreko eta atzeko gurpilen arteko tartean kokatuz. Motorra aurreko gurpilen aurrean zegoen muntatuta; horrek aurrean eserleku luzea jartzeko modua eman zuen. Barnealdean deigarria zen eserlekuak inguratzen zituen altzairu tubularrezko egitura, ibilgailuen sektorerako asmatua. Tatra T16k bazuen Marcel Breuer eta Mies van der Roherenei aurrea hartu zien adibide bat, eta inspirazioa eman zion Mart Stam-i bere bertsiorako. Airflowan erabilitako marmol moduko gomak, formikak eta bakelitak ere lagundu egin zuten modernotzat identifika daitekeen lehendabiziko autoa itxuratzen.
Airflowaren forma aerodinamikoa eta materialaren modernotasuna New Yorkeko Walter Chrysler dorre enblematikoko arkitekturan ere aurki daitezke, baita garai hartako lokomotore eta hegazkinen forma jariakorretan ere. Autoen, artearen eta arkitekturaren arteko antzekotasun horiek nagusitu egiten dira, halaber, Margaret Bourke-White-ren argazkietan eta New Yorkeko hiri-paisaia berriari buruz ikatz-ziriz Hugh Ferrisek egindako bozetoetan.
Diseinu aerodinamikoa aurrerabidearen eta teknologian oinarritutako gizartearen goraldiaren metafora nagusi bihurtu zen. Horren guztiaren Europako erakusgarri gorena Tatra T87 ederra da, 1936an aurkeztua. Tatra ibilgailu aerodinamikoen prototipoak Paul Jaray ingeniariak garatu zituen, zeinak auto-karrozeriarako forma aerodinamiko perfektua sortu baitzuen zepelinak lurrean zeudenean nola mugitzen ziren ikertzen ari zela. Huts-hutsean zientifikoa zen forma aerodinamikoari buruzko ikerketa horrek antz harrigarria du arrainen uretako mugimenduari buruzko Brancusiren abstrakzio artistikoekin. Antzekotasunak are ageriago geratzen dira bi objektuak Tatraren aleroiarekin batera begiratzen direnean. Autoak bultzatuta, modernitatea heldu zen, Bertha Benze-k 1888an auto bidezko lehen bidaia egin eta bakarrik bost hamarkada geroago.