Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Etorkizuneko motilitatea

Manuel Cirauqui

Izenburua:
Etorkizuneko motilitatea
Egilea:
Manuel Cirauqui
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Artea eta historia | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Mugimendua | Etorkizuna | Leonardo da Vinci | Robotak

«Gizakiak muskuluak astindu gabe ibiliko dira; aurrez aurre ez dituztenekin hitz egingo dute; hitzik egiten ez dutenak entzungo dituzte» zioen Leonardo da Vincik Profeziak izenez ezagutzen den ohar-bilduma enigmatikoan1.

«Elementu guztiak nahasi egingo dira, eta masa burrunbari ikaragarri handi batean egingo dute aurrera, izan munduaren erdigunerantz, izan zerurantz»2. Badirudi gizakien arteko, gizakien eta beste espezie batzuen arteko eta fenomeno naturalen arteko hartu-eman gehientsuenen aldaketa duela leitmotiv Leonardoren testuak. Bertan bildutako zantzuek iragarri egiten dituzte, nolabait, aro post-digitala, klima-aldaketa, baita «sindemia» ere, hau da, hainbat aldaketa biologiko, ingurumen-aldaketa eta aldaketa sozial kaltegarrik elkar areagotzen duten egoera. Leonardoren paragrafo bakoitzak komunikazioari buruzko gaietatik garraioarekin eta migrazioarekin lotutako muturreko gertaeretara egiten du jauzi, continuum baten baitan elkarren artean lotura duten elementuak balira bezala. Continuum hori ingurune dinamiko bat da, zeinetan mugitzen baikara eta mugitzen baikaituzte, zeinetan lekualdatzen baikara eta lekualdatzen baikaituzte, zeinetan seinaleak igortzen eta jasotzen baititugu.

Leonardok etorkizunaren gainean egindako iragarpen bortitzak Codex Atlanticus3 (1478) lanaren parte dira, non ageri baita, halaber, ibilgailu autopropultsatu eta potentzialki autonomo baten diseinua: historian egindako automobilaren lehenengo adierazpena. Makina hura programatu egin zitekeen, baita soka bati eta ardatz luze bati esker urrutitik kontrolatu ere, beraz, robot modernoen arbasoa ere izan zen4. Hiru gurpileko gurdi hura antzerkian erabiltzeko pentsatu zuen berez Leonardok, Borrokarako ibilgailu (1478) ezaguna eta Helikopteroa (1493) sortu zituen garai bertsuan ziurrenik; azken lan horietan, baina, gizaki batek motorraren lanak egin behar zituen makinaren barruan. Aitzitik, malguki-sistemari esker, energia edo animalia-trakzio gehigarririk gabe funtziona zezakeen gurdi autopropultsatuak.

Programagarritasunak —Leonardoren asmakizunak iragarri eta aro garaikidean garatuak—, «auto-mugikor» ez ezik, gailu erdi-motil ere bihurtu du autoa, eta berezko energia metabolikoari esker higitzera irits liteke hemendik gutxira. Biologian, motilitate deritzo sistema biziek «energia metabolikoa erabilita mugimenduak eta lan mekanikoak» egiteko duten gaitasunari5. Motilitatea eta mugikortasuna ez dira gauza bera, mugikortasunak objektu bat mugitua, martxan jarria edo garraiatua izateko aukeren multzoari baino ez baitie egiten erreferentzia. Nolanahi ere, aztertu behar genuke ea izaki guztiak dauden mugitzeko eta mugituak izateko paradoxa horretan harrapatuta, izan polen-partikulak, marmokak, hirietako biztanleak edo robotak.

XXI. mendean barneratzen garen heinean, mugikortasunetik motilitaterako jauzitzat har dezakegu ibilgailuen autonomiaren garapena, eta, era berean, mikromugikortasunerako luzapenek —patinete elektronikoek, bizikleta tolesgarriek, aeropatinek eta monozikloek, besteak beste— gero eta gehiago hurbiltzen dute giza gorputza autopropultsio modu batera.

Zaila da jakitea Leonardok profetatzat ote zuen bere burua, baina haren idazkiek argi erakusten dute giza lanen etorkizunari begira dauzkagun kezkek garapen teknologikorako ezohiko potentziala eta presio eko-sozial eskerga bateratzen dituztela. Leonardoren marrazki teknikoak ere profeziak ziren, teknologoen hizkuntza bisualean adieraziak eta gerora gauzatzeko egokituak. Izan ere, 2004an, Florentziako Zientziaren Historiaren Museoko ikertzaileek arrakastaz eraiki eta jarri zuten martxan haren automobila, eta, horrez gainera, inspirazio-iturri zuzena izan zen 2011n Martera bidalitako Curiosity esplorazio-ibilgailua diseinatzeko orduan6. 2012ko abuztuaren 6an, ibilgailu horrek Aeolis Palusen lur hartu zuen, Gale kraterrean, Leonardoren saiakera eta marrazkien bilduma bat gordailututa zuen mikrotxip bat barruan zeramala7. Pentsa dezakegu bi ibilgailuek —Errenazimentuko gurdiak eta Marteko astromobilak— antzeko funtzioa betetzen dutela, bien artean bost mendeko aldea badago ere. Denboran zehar mugitzeko diseinatuta daude, eta ez soilik batetik bestera joateko edo sareta espazial batean bidalketak egiteko. Mugikortasuna berrasmatzeko ahalegin etengabea funtsezko alderdia da denbora errendimenduaren sinonimotzat duen eta errendimendurik gabe etorkizunik ez dagoela uste duen ekonomia baten parte gisa aldi luze samar batez etorkizunerantz «mugitzen» aritu den gizarte global batean.

Mugikortasunaren etorkizuna berrasmatzeko premia garaikidea maila kolektiboko erantzukizun profetikotzat har dezakegu8 termometroak egunez egun aurrekaririk gabeko mailetara iristen ari diren honetan9. 2006an, Lausanako Giza Soziologiako Laborategiko Michael Flamm eta Vincent Kaufmann ikertzaileek motilitatearen ideia proposatu zuten «mugikortasunaren ideologia» zeritzotenaren testuinguruan, zeina baita, haien ustez, gizarte-integraziorako faktore premiazkoenetako bat10. Haien arabera, «motilitatea honela [bir]defini daiteke: norbanako edo talde batek mugikortasun-aukera ugariak bereganatzeko eta aukera horiek proiektu pertsonalak garatzeko baliatzeko duen modua […] Ildo horretan, eragile batek espazioarekin erlazionatzeko duen moduan jartzen du arreta, eta ez hainbeste lurralde jakin batek eskaintzen dituen aukeretan»11. Motilitatearen eta mugikortasunaren gaineko eztabaida gizakion askotariko esku-hartze eta mendekotasun mailak aztertzeko testuinguru bat da, askoz haratago doana garraioaren mekanikaren eta modu autonomoan hobetzen diren teknologien arlo industrialetik. Determinismoari, autonomiari, inertziari eta askatasunari buruzko eztabaida da. Motilitatea ulertzeak premietan, aukeretan eta mugetan oinarritutako jokaera-mapa bihurtzen du paisaia. Publizitate-panelak, albistegiak, telefono-deiak, gailu adimendunen jakinarazpenak eta are zurrumurruak ere trafiko-seinaleak bezain bortizki lehiatzen dira gure ibilbideak bideratzeko espazio-denbora garaikidean bidaiatzen dugunean. Baina, Flammek eta Kaufmannek beren tesia adierazi zutenetik, gero eta gutxiago gabiltza noraezean: motilitatearen bilakaera iragargarritasun algoritmikoetatik bereizezina da orain.

Gaur egungotik ez oso urrun, italiar Errenazimentuan zegoen sortzeko grina interpretatzeko kontuan har daiteke Europan izurri bubonikoaren pandemiaren garaian gertatutako eraldaketa ekonomiko, geopolitiko eta kulturala. Peter Sloterdijk-en ustez, eraldaketa hori —eta haren protagonista nagusia, garraioaren sektorea— globalizazioaren jatorria izan zen, «zurrunbilo ozeaniko» bat, itsas bidaien gorakadak markatu zuena, baina baita itsasontziak huts egiteko balizko arriskuari aurre egiteko bezain sofistikatua zen kreditu-sistema baten asmakuntzak ere, hots, aseguruenak12. Sloterdijken hitzetan, «ozeanoa [izan zen] lehen Internet», eta itsasontzien eraikuntza, aldiz, «pentsamenduan asimilatutako garaia»13. Izurriak mugikortasun fisikoa sustatu zuen, eta migrazio etsia eragin zuen Europako lurraldean, baita aberastasunak zerumugaz haratago aurkitzeko bilaketa harrapakaria ere. Aitzitik, konfinamendu garaian, kontakizun laburren arte suspergarria «etsipenaren sabotaje» errenazentista izan zen Sloterdijken hitzetan; Giovanni Boccaccio-ren Dekameron (1348–1353) lanak hezurmamitzen duen ben vivere delakoaren berrasmatzea, hain zuzen, haren protagonista gazteak etxe bakartu batera joaten baitira Florentziako izurritik ihesi14.

Errenazimentuan, finantza-arloko beste espekulazio-ofizio futurista baten kontrapuntua ere izan zen fikzioaren artea. Aseguru-konpainien eta kredituetan oinarritutako bankuaren hedapenak elikatuta, espekulazioak estatistiken eta denbora errealean egindako iragarpenen doikuntzen fluxu etengabearen bidez funtzionatu du orduz geroztik. Boccaccioren garaian bezala, beste sabotaje modu bati egin behar diogu aurre, klima-mutazio sumingarrien eta baliabide berriztaezinen desagerpen ia erabatekoaren lekuko baikara15. Greta Thunberg-en belaunaldiko kideek beste misio batean guztiok bete behar dugun funtzioa aipatzen dute, non ez baitira nahikoak fikzio antropozentrikoak, etxekoak edo indibidualistak. «Apokalipsiaren sabotaje» izendatu dezakegu misio hori.

Etorkizuna oso bizkor mugitzen da; hatzen artetik ihes egiten digu geure buruari norantz goazen galdetzen diogun bitartean. Elena Esposito-k dioen moduan: «Arriskuaren gizarteak dagoeneko hasi omen den etorkizunaren presioa sentitzen du, baina etorkizun hori ezagutu ezin duen orainaren gatibu izaten jarraitzen du»16. Hala, bada, oraina hedatuz doan heinean aieruaren paralaxi-efektura etengabe egokitzen diren ispiluirudien multzotzat har daiteke etorkizuneko mugikortasuna. Kontua ez da bihar edo hamarkada batzuk barru nola mugituko garen eta nola mugituko gaituzten, baizik eta, bere berezko energiak irudimen gogoetatsuan zehar bultzatuta, etorkizunak zer-nolako bilakaera izango duen.

Oharrak

  1. Leonardo da Vinci, Notebooks (Londres: Oxford University Press, 2008), 238.
  2. Ibid., 233. or.
  3. Eskuizkribua Milango Liburutegi Anbrosianoan dago. Bertsio digitalizatua eskuragarri dago hemen: //www.codex-atlanticus.it, 2021eko uztailaren 24an kontsultatua.
  4. Ernesto Cerveró-Meliá, Salvador F. Capuz-Rizo eta Pablo Ferrer-Gisbert, «Leonardo da Vinci’s Contributions from a Design Perspective», Designs, 4. zk. (2020): 38. or.
  5. Robert Day Allen, «Motility», Journal of Cell Biology, 91. lib., 3. zk. (1981eko abendua): 148. or. eta hurr.
  6. Cerveró-Meliá, Capuz-Rizo eta Ferrer-Gisbert, «Leonardo da Vinci’s Contributions», 17. or.
  7. NASA Science, «Leonardo da Vinci’s Self-Portrait», 2012ko uztailaren 24a, https://mars.nasa.gov/resources/4062/leonardo-da-vincis-self-portrait, 2021eko uztailaren 13an kontsultatua.
  8. Federico Campagna, Prophetic Culture: A Recreation for Adolescents (Londres eta New York: Bloomsbury, 2021).
  9. Tom Yun, «Western Canada Could Set New Record for Highest Temperature Ever Recorded in this Country», CTV News, 2021eko ekainaren 27a, https://www. ctvnews.ca/climate-and-environment/western-canada-could-set-new-record-for-highest-temperature-ever-recorded-in-this-country-1.5487662, 2021eko uztailaren 25ean kontsultatua.
  10. Michael Flamm eta Vincent Kaufmann, «Operationalising the Concept of Motility: A Qualitative Study», Mobilities, 1. lib., 2. zk. (2006ko uztaila): 167–89. or.
  11. Ibid., 169. or.
  12. Peter Sloterdijk, In the World Interior of Capital: For a Philosophical Theory of Globalization (Cambridge: Polity Press, 2013).
  13. Peter Sloterdijk, What Happened in the Twentieth Century? (Cambridge: Polity Press, 2018), 313. or.
  14. Ibid., 309. or.
  15. Amitav Gosh, The Great Derangement: Climate Change and the Unthinkable (Londres eta Chicago: University of Chicago Press, 2016).
  16. Elena Esposito, The Future of Futures: The Time of Money in Financing and Society (Cheltenham: Edward Elgar Publishing, 2011), 4. or.