Edukira zuzenean joan

Motion. Autos, Art, Architecture

katalogoa

Futuristak eta automobila

Marta Braun

Izenburua:
Futuristak eta automobila
Egilea:
Marta Braun
Argitalpena:
Madril: Ivorypress eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
ISBN:
978-54-122792-7-6
Lege gordailua:
M-6776-2022
Erakusketa:
Motion. Autos, Art, Architecture
Gaiak:
Argazkigintza | Artea eta gizarte iraultza | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Sinbologia | Diseinu industriala | Futurismoa | Automobila | Industria | AEB | Europa
Aipatutako artistak:
Balla, Giacomo | Boccioni, Umberto | Carrà, Carlo | Marinetti, Filippo Tommaso | Muybridge, Eadweard | Russolo, Luigi | Severini, Gino

Auto-istripu bat izan zen guztiaren abiapuntua, zeina baitzen gertaera arruntetan arruntena automobilismoaren hastapenetan. 1908ko urriaren 15ean Milango Corriere della Sera egunkariak iragarri zuenez, Filippo Tommaso Marinetti poeta gazte aberatsa saiatu zen bere Isotta Fraschini auto berriaren (BN 30/40 HP tipoa, Double Phaeton modeloa) bidean bat-batean gurutzatu zen txirrindularia saihesten1. Autoa irauli, eta autoaren azpian harrapatuta gelditu ziren Marinetti (une hartan gidari zihoan) eta haren txoferra (gidariaren alboko eserlekuan zihoan). Ez beraiek ez autoak ez zuten izan kalte larririk. Baina handik hilabete batzuetara Marinettik istripu txiki hura berregin zuen, eta gertaera elezaharretakoa bihurtu zen, hark markatu baitzuen Futurismoaren sorrera, zeinaren helburua baitzen Italia bere konplazentziatik ateratzea, iraganeko loria gero eta apalduagoaz atsegin hartzeari uztea eta ziztu bizian etorkizunera eramatea.

«Futurismoaren fundazioa eta manifestua» 1909ko otsailaren 20an agertu zen, Parisko Le Figaro egunkariaren azalean2. Testuaren hasieran, luxuzko apartamentu batean lagunekin igarotako gau bat deskribatzen du Marinettik. Egunsentian, bat-batean entzun zituzten beren «automobil gosetuak leihopean burrunbaka». Poetak adoreturik («Tira», esan nien, «Goazen, lagunak! Atera gaitezen hemendik!»), hurbildu ziren «bafaka ari ziren hiru piztietara, eta txeraz laztandu zituzten haien bular puztuak». Marinetti bere autoan etzan zen, «hilotza bere hilkutxan nola»: «Baina istantean biziberritu nintzen bolantearen azpian, nire sabelari mehatxu egiten ari zitzaion gillotina ahoa». Abiatu, eta bi txirrindulari topatu zituzten bidean. Haiek saihestean, Marinetti irauli egin zen, eta gelditu zen «bide bazterrean, gurpilak airean […]». Eta jarraitzen du: «Autoaren azpitik irten nintzenean, zarpail uger eta kirastsu bihurturik, sentitu nuen nola alaitasunaren burdina goriak urratzen zidan —zoragarriki— bihotza!». Autoa, «marrazo bat bezala hondoa jota», garabiak erreskatatu zuen. «Uste zuten hila zela nire marrazo ederra, baina nire laztan bat aski izan zen hura suspertzeko, eta hara non agertu zen berriro bizirik, bere kasa moldatzeko moduan. Eta, halaxe, aurpegia fabrika-lohi ederraz estalirik, […] besoak ubelduta eta bendaturik, baina artean trebe, aditzera eman dizkiegu gure lehen asmoak Lurreko gizon bizi guztiei»3.

Marinettiren «asmoak» hamaika adierazpenetan gauzatu ziren, zeinetan dei egiten baitzien irakurleei askatzera iraganeko eskuburdinetatik, suntsitzera akademiak, museoak eta liburutegiak, gorestera gerra eta «loriatzera gidari doan gizona»4. Aldarrikatzen du historiaren amaiera eta aro berri baten hasiera, zeinaren estetika gorpuzten baitu lasterketa-autoak: «Berresten dugu munduaren handitasuna aberastu dela edertasun berri batez: abiaduraren edertasunaz. Lasterketa-auto bat, hats lehergarrizko sugeen moduko hodi handiez apaindutako atzealdea duena, metrailaz dabilela dirudien auto zaratatsu bat, ederragoa da Samotraziako Garaipena bera baino»5.

Marinettiren deiak eta ondorengo panfleto, bilera nahasi eta performanceek (serate) —ozen oihuka aritzen ziren eta maiz muturka borrokan hasten ziren ikuslez beteak– erakarritako italiar gazte nazionalisten artean, hiru pintore milandar hasiberri zeuden: Umberto Boccioni, Carlo Carrà eta Luigi Russolo. Marinettiren adibideari jarraituz, beren adierazpenak argitaratu zituzten haiek ere 1910ean: Pintura futuristaren manifestua otsailean eta Pintura futurista: Manifestu teknikoa apirilean, beste bi sinatzaile gehiagorekin: Gino Severini, Boccioniren lagun bat, Parisen bizi zena, eta Giacomo Balla, artista erromatarra, haiek baino zaharragoa eta Severini eta Boccioniren irakaslea.

Testu horietan, pintoreek solidaritatea adierazi zioten Marinettiri eta hark arte bisualak kausa futuristan txertatzeko zuen asmoari, baina ez zuten aipatu autorik. Beste garraiobide ezagunago batzuen abiadura eta dinamismoa goretsi zituzten: zaldiarena eta tranbiarena. Diruduna zen poeta, baina ez, aldiz, pintoreak, eta ez zuten dirurik ez autoa erosteko —une hartan, Italian bost mila bat auto besterik ez zeuden— ez mende hasieratik autoen zale zen elitearentzat hain garrantzizkoak izan ziren bolidoen topaketetan parte hartzeko6. Artista haiek aldarrikatzen zuten bizimodu modernoaren dinamismo unibertsalaren adierazpena, indar ikusezinen unibertso baten energia amorruzkoa eta gorputz gardenen interpretazioa —espiritualtasunetik, zientz_ iatik eta Henri Bergson-en filosofiatik eratorritako ideien batura—; baina ez zuten oraindik egin gai horiekin bat etorriko zen hizkuntza bisual baten aldeko apustua. 1911. urtea ongi aurrera arte, sinbolismo eta Art Nouveau mugimenduen ezaugarriak uztartzen jarraitu zuten beren koadroetan dibisionismoaren ezaugarriak ere gehituz—inpresionismoaren aldaera bat, kolore puruzko pintzelkaden bidez materia bereizteko aukera ematen ziena—.

1911ko udazkenean, pintore futuristen manifestuetan deskribatutako efektu dinamiko batzuk behintzat ageri zituen estilo baterantz lerratzen hasi zen haien obra: espazio lautu eta zatikatuak, forma paralelo gainjarriekin edo pinturaren planoan mugitzen ziren lerro zeihar edo diagonal errepikatuekin7. Zaldiak eta bizikletak marrazten jarraitu zuten, baina Russolok sortutako autoen adierazpenetan, eta, haien ondotik, Ballak 1913an sortutako bolidoen pintura-sortan hasi zen benetan nabarmentzen poeta eta pintoreek aldarrikatutako dinamismoa.

Estilo-aldaketa hura futuristek Parisko kubistekin izandako harremanari egotzi zaio, arrazoiz egotzi ere8, baina eraldaketa haiek azaltzeko iturri halaber garrantzizkoa da Étienne-Jules Marey-ren kronofotografia, erakusketa honen lehen atalean ikus daitekeena. Marey frantses fisiologoa ospetsua egin zen gizakien eta animalien mugimenduak argazkitan islatzeko zuen moduagatik, eta metodo bat ere asmatu zuen mugimendu horren faseak elkarri gainjarritako lerroetara murrizteko. Eadweard Muybridgeren garaikidea zen —haren irudiak ere ageri dira erakusketan— eta, hain zuzen ere, Muybridgek lasterka zebilen zaldi bati atera eta 1878an La Nature aldizkari zientifiko frantsesean argitaratutako argazkiak ikusi ondoren ekin zion argazkilaritzari. Nolanahi ere, nahiko metodo eta emaitza desberdinak zituzten Mareyren argazkilaritzak eta Muybridgerenak. Muybridgek kamera-sail bat erabiltzen zuen —hamabi kamerarainokoa, hasieran, eta, gerora, hogeita laura artekoa—, kamerak subjektuaren mugimenduaren ibilbidean lerrokaturik; Mareyk, berriz, kamera bakar bat erabiltzen zuen, disko birakariko obturadorea zuena, eta plaka bakarrean gainjartzen zituen mugimenduaren faseak. Oinarri zientifikoa zutenez, Mareyren analisi fotografikoetatik datu zenbakarriak atera ahal izan ziren funtzionamenduan dagoen gorputzari buruz, eta gerora Europan erabili ziren datu haiek gizakiaren energiari eta lanari buruzko ikerketetarako abiapuntu modura. XX. mendearen hasieran, Frederick Taylor-ek Mareyren metodoak egokitu zituen, AEBn, eta, gerora, aplikatu egin zituen Henry Fordek; haietan oinarritu zen haren automobil-enpresako lerroko ekoizpena, zeinari esker bihurtu baitziren autoak herrialde hartako elementu arrunt eta ohikoa9.

Sortzaile futuristek Mareyren irudiak baliatu zituzten —ez, ordea, metodoak— beren subjektuen dimentsio zinetiko eta emozionalak adierazteko. Mareyren argazkiak Italiako hainbat zientzia- eta argazkilaritza-aldizkarietan eman zituzten argitara; orobat jarri zituzten erakusgai Milango Nazioarteko Erakusketako sail zientifikoan, 1906an, eta Argazkilaritzako Nazioarteko Erakusketan, zeina antolatu baitzuten 1911n, Italiaren batasunaren berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizunen baitan. Era berean, inspirazio-iturri izan ziren «fotodinamikarentzat». Arturo eta Anton Giulio Bragaglia anaiak izan ziren fotodinamikaren aitzindari; bi gazte erromatar haiek plazaratu zuten, hain zuzen, Fotodinamismo futurista manifestua 1913an, zeinean leialtasuna aldarrikatu baitzuten futurismoarekiko eta argazkilaritzarekiko —molde artistiko futurista gisa harturik—. Bragaglia anaiak Ballaren lagunak ziren, eta haiek erakutsi bide zioten Ballari kronofotografia, baita eskatu ere beren fotodinamika baterako paratzea. Artista futuristetan zaharrena izan arren, Balla izan zen teknologia berriak konbinatzen —fotografia eta automobila— eta bere artean txertatzen lehena. Boccioni ez zen hain irrikatsua, eta gorroto zituen argazkilaritza nahiz arlo hark Ballarengan izandako eragina. Bere artean txertatutako argazki-elementuengatik kritika egin zion Ballari, baita gidatu ere Bragaglia anaiak mugimendu futuristatik egozteko ekinaldia —Lacerba aldizkariak 1913an argitaratu zuen ekinaldi horren berri—.

Ballak ehun marrazki eta margolanetik gora osatu zituen bolidoa ardatz harturik, haietan islatuz abiaduraren eta modernitateko dinamismoaren izua eta edertasuna. 1913ko udan, autoaren ezaugarriak lausotu zituen: zirkulu gainjarri errepikakorren eta bektore xaflatuen eredu batek xurgatu zituen. Koadro horiek abstrakzioaren muga-mugan daude: ez dute irudikatzen lasterketa-autoa objektu gisa; aitzitik, ibilgailu ketsu eta burrunbariak ziztu bizian igarotzean sortzen duen sentsazioa transmititzen dute, hark sortutako zaratak, hautsak eta bizkortasunak zentzuei eragiten dien txundimena. Ballaren obrako kiribil eta diagonalek ezin hobeki adierazten dute abiadurari darion edertasuna eta esentzia lehergarri eta txundigarri gisa agertzen dute mugimendu bizkorra.

Marinettik Futurismoaren jatorrizko ideal estetikotzat zuen automobila, eta funtsezkoa izaten jarraitu zuen estetika futuristarentzat; koadro eta poema askoren gaia izan zen, hain zuzen ere, harik eta Lehen Mundu Gerraren ondoren hegazkinak gaina hartu zion arte. Azken batean, automobila Futurismoaren sintoma eta sinbolo izan zen, aldi berean. Bigarren Industria Iraultzaren sintoma izan zen Italian, hark ekarri baitzuen makina berriak ezartzea, eta, ikuspegi negatiboago batetik, nekazaritzarako lurretan fabrika berriak ezartzea, baita jendetza anonimoaren iritsierak eragindako urbanizazio gero eta hedatuagoa ere. Eta izan zen modernitatearen sinboloa, etorkizun itxaropentsu batena, zeinak ikusia baitzuen jada elektrizitatearen eraldaketa-ahalmena eta Italiar iragan estatiko, katoliko, monarkikotik aterako zuen bizitza metropolitanoaren askapena eta eramango baitzuen makinaren aroan aurrerapen infinituaren amets handira. Futuristek automobilarekin izandako maitasun-harremana automobilak ekarritako autonomiarekiko eta askatasunarekiko maitasun-harremana izan zen, automobilak adierazten zuen etorkizunerako itxaropenarekiko euforiarekikoa. Eta harrezkero arte modernoan automobilaren ikonografian egindako aurrerapen gehienek, Europan nahiz Amerikan, Futurismoa izan zuten jatorri; baina, aurrerapen haiek aukera infinituak ekarri bazituzten ere, orobat ekarri zuten maitasun-harremanaren amaiera.

Oharrak

  1. Anon., «F.T. Marinetti colla sua automobile in un fossato», Corriere della Sera, Milan, 1908ko urriak 15.
  2. Filippo Tommaso Marinetti, «Le manifeste du Futurisme», Le Figaro, 1909ko otsailak 20. Marinetti Alexandrian jaio zen (Egipto), eta Paris eta Milan artean bizi zen manifestua idatzi zuen garaian. 1908an, manifestuaren zenbait bertsio agertu ziren Italiako egunkarietan, baina Marinettik italieraz argitaratu zuen behin betiko bertsioa: Poesia, 1–2 lib. (1909ko otsaila-martxoa).
  3. Marinetti, «Le manifeste du Futurisme», 1909. Lan honetarako itzulia.
  4. Ibid. Samotraziako Garaipena antzinateko Greziako eskultura ospetsu bat da; gaur egun, Parisko Louvreko bildumaren parte da.
  5. Ibid.
  6. Giovanni Lista, «Futurismo Velocità e Fotografia», hemen: Filippo Bacci di Capaci eta Daniela Fonti, arg., Tutti in Moto (Pontedera: Bandecchi & Vivaldi, 2017), 227–249 or.. Hala ere, Listak aipatzen duenez, Marinettik eta Boccionik parte hartu zuten Bresciako Prima Coppa della Velocità proban, 1907an. Siziliako hirugarren Targa Florio probaren irabazleak (1908) orduko 59 kilometroko abiadura iristea lortu zuen Isotta Fraschini auto batekin, eta gertaera hark bultzatuta erosi zuen Marinettik halako bat.
  7. Obra horien artean daude Galli anarkistaren hileta (1911), Carràrena; Dantzari baten dinamismoa (1912), Severinirena; Elastizitatea, Boccionirena (1912); eta Gau bateko oroitzapenak (1911), Russolorena.
  8. 1911ko urrian, Boccioni eta Carràk Severiniri bisita egin zioten Parisen.
  9. Ikus Marta Braun, Eadweard Muybridge (Londres: Reaktion Books, 2010); Marta Braun, Picturing Time: The Work of Étienne-Jules Marey 1830–1904 (Chicago: University of Chicago Press, 1992); eta Anson Rabinbach, The Human Motor: Energy, Fatigue, and the Origins of Modernity (New York: Basic Books, 1990).