Thomas Struth
Artxiboa
Pergamo Museoa 1, Berlin 2001
Iruzkinak
Akuarioa, Atlanta 2013
- Izenburua:
- Akuarioa, Atlanta 2013
- Erakusketa:
- Thomas Struth
- Gaiak:
- Gizakia | Artea eta politika | Artea eta zientzia | Sorkuntza artistikoa | Tamaina | Gogoeta | Ingurunea eta natura | Zientzia eta Teknologia
- Artelan motak:
- Argazkia
- Aipatutako artistak:
- Struth, Thomas
Natura & Politika sailean, Struth-ek abangoardiako ikerketa zientifikoko eta industrialeko guneak aztertzen ditu, esaterako, zentro aeronautikoak eta robotikako laborategiak. Gai horiek bestelako ingurune artifizialen irudiekin tartekatzen ditu, esaterako Disneyland eta Kennedy Zentro Espazialaren bisitarientzako gunearen argazkiekin. Batera ikustean, gero eta artifizialagoa den mundu honetan naturaren eta gizadiaren artean dagoen harremanaz gogoeta egitera bultzatzen ditu ikusleak. Argazkiok, era berean, hausnarrarazi egiten digute eskala handiko garapen teknologikoak kontrolatzen dituzten asmo finantzario eta politikoei buruz, eta baita etorkizunera begira eragin ditzaketen aldaketa bizkorrei buruz ere.
Atlanta hiriko Akuarioaren eskala handiko argazki honetan, begiratzeko ekintzan sartuta dauden pertsonengan jartzen du arreta Struthek. Haur- eta guraso-talde bat ikusten da, zutik batzuk, eserita beste batzuk, koralezko arrezife artifizialaren inguruan igerian dabiltzan koloretako arrainez beteriko akuario ikaragarriaren aurrean. Artista akuariora lehen aldiz joan zenean, harrituta gelditu zen, ur-tanga izugarri hartan sartutako koralezko arrezife artifizialak museoko objektu gisa funtzionatzen zuelako. «Etorkizunean pentsatu nuen», adierazi zuen, «koralezko arreziferik egongo ez den garaian, zerbait irreala bihurtuko diren garaian, jendeak arrezifea tresna baten antzera ikusiko duen garaian». Gizakiak bultzatutako klima-aldaketa koralezko arrezife naturalen heriotza eragiten doan heinean, baliteke era honetako irudiak izatea gizakiek izaki haiek ezagutzeko edukiko duten modu bakarra: erreprodukzioak, erlikia historikoak.
Struthek etengabe aztertzen du naturala denaren eta artifiziala denaren arteko tentsioa, gizatiarra eta gizakiak egindakoa denaren artean dagoena. Berak esan bezala: «Ikusten duguna ulergaitza izango litzateke naturarik gabe; baina ikusten dugun orotan dago osagai politikoren bat, modu subkontzientean eragiten diguten estrategia politikoak daudelako».