Thomas Struth
Akuarioa, Atlanta 2013
Disekzio-gela, Leibniz IZW, Berlin 2017
Iruzkinak
Pergamo Museoa 1, Berlin 2001
- Izenburua:
- Pergamo Museoa 1, Berlin 2001
- Erakusketa:
- Thomas Struth
- Gaiak:
- Gizakia | Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Historia-margoa | Museoak | Pergamo Museoa
- Artelan motak:
- Argazkia
- Aipatutako artistak:
- Struth, Thomas
Erretratuaren inguruko lehenengo esplorazioek bultzatuta, Struth-ek erretratuen pintura historikoan jarri zuen arreta. Eta, lan horren ondorioz, museoak aztertu zituen, bereziki museoetan begiratzen baitiegu koadroei. 1989an, museo barneko eszenei argazkiak ateratzen hasi zen. Bertan museoko bisitarien eta haiek artelan handien aurrean zituzten erreakzioen arteko interakzio desinhibituak erregistratzen zituen, izan erreberentzia eta behaketa isila, izan asperdura adierazpenak. Museoen lehenengo argazkiak Pariseko Louvre eta Musée d’Orsay museoetan, Vienako Artearen Historiaren Museoan, Londresko National Gallery-n, Amsterdameko Rijksmuseum-en eta Chicagoko Art Institute-n egin zituen.
1996 eta 2001 urteen bitartean, Struthek zabaldu egin zuen aurreko azterketa hura, eta sailean Berlingo Pergamo Museoa sartu zuen, Ekialde Ertainean lanean jardundako arkeologo alemanek bildutako altxorrak jasotzen dituen museoa, hain zuzen. Argazki izugarri honetan ikusten den Pergamoko Aldare Handia da bilduma hartako pieza nagusia. XIX. mendean egindako indusketa-lanetan aurkitu zuten tenplua, antzinako Greziako Pergamo hirian, gaur egungo Turkian.
Goi-erliebean osatutako friso deigarridun tenplu ikaragarriari begira dauden talde txiki zein irudi bakartien sekuentzia erakusten du argazki honek. Giroa lasaia dela dirudi, eta bisitariek jarrera eta adierazpen estatikoak dituzte, galeriako hormetako eskulturen antzera. Pertsona batzuk artelanei buruz hizketan ari direla ematen du, eta beste batzuk, aldiz, inguruan dituzten objektu bikainei inolako arretarik egin gabe daude.
1990eko hamarkadan, Struth hainbat aldiz saiatu zen Pergamo Museoan bisitariekin lan egiten, baina ez zuen arrakastarik izan. Museoetan atera dituen argazki guztien artetik, bitan bakarrik ageri dira bisitariak artistak berak antolatutako jarreran, eta hau da horietako bat. Struthek arreta handiz kokatu zituen pertsonak aretoaren barruan, horietako bakoitza eskultura klasikoekin harremanean kokatuz, iraganarekin interakzioan dauden ikusle garaikideen abesbatza idealizatu baten modura.