ArkiEskultura
Sarrera
[Aristide Maillol: Mediterraneoa]
Iruzkinak
Hasierako historia
- Izenburua:
- Hasierako historia
- Erakusketa:
- ArkiEskultura
- Gaiak:
- Artearen historia | Arkitektura | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa | Modernismoa | Neoklasizismoa
- Aipatutako artistak:
- Borromini, Francesco | Matisse, Henri | Obrist, Hermann
Aretora sartzean honetaz ohartuko zara lehenengo eta behin: gurutze bat osatzen duten lau sekziotan banatuta dagoela. Sekzio bakoitza arkitekturako estilo nagusiei eskainita dago: Klasikoa, Erromanikoa, Gotikoa eta Barrokoa. Lau garai horiek Aro Modernoa baino lehen gertatu ziren.
Has gaitezen Barrokoarekin. Ikusten duzu ezkontzako pastelaren forma duen dorre handia? Egitura ikusgarri horren diseinatzailea Francesco Borromini izan zen, bizi zela ospea lortu zuen arkitekto bat. Erromako Sant’Ivo alla Sapienza elizako dorrea da, esan ohi denez zerurantz espiralean igotzen dena. Barroko garaian, eta Borromini garai hartakoa da bete‑betean, eraikinek dinamismo itzela zuten, eta eraikinaren zati nagusia eskultura integratua izango balitz bezala modelatzen zen.
Orain, konpara ezazu Borrominiren 1660ko dorrea Henri Matissek 1909an egin zuen Serpentina izeneko eskultura txiki honekin. Eskultura hori ere espazioan eratutako espirala da, eta forma linealak ditu. Eskultura modernoko lan aitzindarietako bat da; izan ere, bere baitan gordeta dagoen eskultura blokea zatituko dela iragartzen da, eta energia dinamikoa gehitzen zaio bolumenari, espazio‑denbora continuuma deritzon horretara proiektatuz. Era berean, beste era batera ikusarazten digu Borrominiren dorre egitura, bai eta haren alboan den Hermann Obristen 1898ko monumentu baten espiral diseinua ere. Matisse‑en brontzezko eskultura txikiak Borrominiren zuzeneko eraginik ez duen arren, atzera begiratuta, arkitektura historikoak eskultura modernoei formaren aldetik zenbateraino eragin zien erakusten du.
Eta horrekin, iritsi gara erakusketa honen oinarria den lehen tesira. Honako tesi hau da:
orain arte, eskultura modernoko formak azaltzeko, esaten zen pinturako kubismoa hiru dimentsiotara ekartzea zela. Picasso izan zen horren aitzindari. Baina, egia esan, hastapenetan, modernoez aurreko arkitekturako forma tradizionalei ere jarraitzen die.
ArkiEskultura gaikako erakusketa da, eta eskultura modernoaren eta arkitektura modernoaren historiari ikuspegi berri batetik begiratzea da asmoa. Asmo handiko ekintza da. Baina ekin diezaiogun demari, eta esplora ditzagun hiru sekzioak, lehen tesi hori egiazkoa den egiaztatzeko.