ArkiEskultura
[Herzog eta de Meuron: Jinhua ii-Bertikal egitura]
Iruzkinak
Guggenheim Bilbao Museoa
- Izenburua:
- Guggenheim Bilbao Museoa
- Erakusketa:
- ArkiEskultura
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Arkitektura | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Diseinua | Hirigintza | Guggenheim Bilbao Museoa | Ingurunea | Bilbo | Zientzia eta Teknologia | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea | Dekonstruktibismoa
- Artelan motak:
- Arkitektura
- Aipatutako artistak:
- Gehry, Frank
Erakusketako azken sekzio hau Frank Gehryren Guggenheim Bilbao Museoari eskainia dago, XX. mendeko eraikin ospetsuenetarikoa baita. Jatorrizko ideia hiriaren erdialdetik gertu lehendik dagoen industria egitura bat birmoldatzea zen. Azkenean, zubi handi baten ondoan dagoen ibai bazterreko lur sail bat aukeratu zen, indar dramatiko askoz handiagoa zuelako. Beraz, museo berria lurretik hasita diseinatu zen.
Museoak CATIA izeneko sistema informatikoari zor dio izatea. Sistema informatiko hori Frantziako hegazkin militarrak diseinatzeko garatu zen, eta, gero, arkitektura sortzen laguntzeko egokitu zuten. Gehryk eta haren diseinu taldeak, bitarteko digitalen bidez forma eta itxura arras berriekin esperimentatu ahal izateaz gain, gai izan ziren diseinu konplexu horiek guztiak osagaiak fabrikatu eta muntatzeaz arduratuko ziren enpresa kontratistei argi eta zehatz helarazteko.
Emaitza, egitura konplexu bat da. Haren teilatuak eta hormak bata bestearengana isurtzen eta kiribiltzen dira, olatu barrokoak, gailurdunak eratuz. Bulegogunearen kanpoaldea iztuku urdin bizi batekin estalita dago. Eskulturazkoenak diren elementuen titanio azala hain da fina, haizearekin taupaka mugitzen dela. Argi eta egurats aldakorrean, museo osoak etengabeko mugimenduan dirudi.
Eraikinaren silueta itzela hobetzeko, Gehryk ibaiertzeko ibilbidea instalatu zuen, ibaiaren bihurgunearen formarekin. Lehendik zegoen zubia bere diseinuan sartuz, bestaldean dagoen XIX. mendeko euskal hiriaren ate moderno bihurtu zuen museoa.
FRANK GEHRY:
Kontestualismoa da hori. Hori da nik auzokide ontzat hartzen dudana: ingurura egokitzen saiatzen dena, auzokideari goitik begiratu gabe; eskala horretara egokitzen den eraikina eginez, adiskidetasunezko keinu gisa; keinu menperatzailerik egin gabe.
Uste dut jendeak Bilboko argazkiak ikusten dituela Bilbora etorri gabe, eta ikusten dute nolabait ere hotsandiko irudia duela. Hemen lur hartu duen martetarra. Baina hona etortzen zarenean, konturatzen zara nola egokitzen den eta zeinen ondo bat egiten duen paisaiarekin eta inguruko eraikinekin.
Museoaren kanpoaldea Gehryk barruan sortu zuenaren atarikoa da. Sortu nahi zuen inguruneak desafio egin behar zien egungo artistei, irtenbide bat izan behar zuen, ohiko galeria zuri eta itxietatik atera zitezen. Aldi berean, Bilbok lan bilduma iraunkorra izan nahi zuen erakusgai, hogeigarren mendearen hasierako lan asko zituen bilduma bat. Horretarako, erakustoki konbentzionalagoak behar ziren.
Hala, bada, Gehryk bi espazio mota diseinatu zituen, oso desberdinak. Lan moderno klasikoetarako, galeria zuzenak sortu zituen. Erdialdean argizuloak dituzte, eta formaz dotoreak eta konbentzionalak dira. Lan berriagoak eta aldi baterako erakusketak izateko diren espazioak dramatikoagoak dira, eta forma organikoagoak dituzte. Eta Gehryren atari ikusgarri eta argitsuak batzen du Guggenheim Bilbao osoa. Berrogeita hamar metroko garaiera du, eta bisitariak orientatzeko gunea da. Instalazio monumentalak erakusteko espazioa da. Eta barruan ibiltzeko moduko eskultura eskerga.
Philip Johnson arkitektoa:
Negarrari eman nion espazio zabal hori lehenengoz ikusi nuenean. Eta museo bat zela ahaztu zitzaidan. Geroago esan zidaten bazirela margolanak hor nonbait. Zertarako, ordea? Ez zuten margolanik jartzen Chartresko katedralean, ezta? Gaur egungo zenbat arkitektok esan dezakete arkitektura handiko joera oso bat hasi dutela? Bada, horixe egin du hark.