Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

El Anatsui

Lekha Hileman Waitoller

Izenburua:
El Anatsui
Azpititulua:
Guggenheim Bibao Museoaren bildumako zertzeladak / 25
Egilea:
Lekha Hileman Waitoller
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Sinbologia | Tamaina | Eskala | Testura | Kolonialismoa | Tradizioa | Birziklatzea | Klima-aldaketa | Ondare kulturala | Afrika | Herri-kultura | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
El Anatsui,

El Anatsui artista garaikideak (Anyako, Ghana, 1944) sei hamarkada daramatza kulturaren eta baliabideen arteko zatiketa gainditzen duen lengoaia plastiko bat lantzen. Anatsui metalezko eskultura bereizgarriengatik da ezaguna, batez ere. Afrikar molde artistikoetan sustraitutako eskulturak dira, baina, aldi berean, estetika garaikide globala abiapuntu hartuta hark eskultura ulertzeko duen berezko ikuspuntuaren emaitza dira. Artistak prozesu tekniko harrigarri bat baliatzen du, Afrikaren kolonizazioaz aurreko eta ondorengo historiarekin loturiko kontzeptuak ardatz harturik. Haren lanaren erdigunean, indar global kolonizatzaileek eta postkolonialek afrikar kulturetan izan duten inpaktuari buruzko eta pertsonen nahiz naturaren erresilientziaren eta hauskortasunaren arteko dualtasunari buruzko gogoeta dago.

Anatsuiren jarduera berritzailearen jatorria hobeto ulertzeko, komeni da erreparatzea haren formazio intelektualari, Afrikaren deskolonizazioaren une erabakigarri batean gauzatu baitzen. Haren sorterriak, Ghanak, 1957an eskuratu zuen independentzia, beste hogeita hamabost nazio afrikarrek hurrengo hamaika urteetan egin bezala. Afrikan, bada, itxaropenak eta aukerak markatu zuten 1960ko hamarkada, eta, autogobernurako eta autodeterminaziorako joera orokorrak bultzatuta, proiektu handinahi ugari sustatu ziren kontinente osoan. Anatsuik gogoan du une hartan jendeak zuen euforia, zeinak ekarri baitzuen emaitza gisa erregimen kolonialak ordura arte zapalduta edukitako zenbait erlijio, kultura eta bestelako tradizioen biziberritzea1.

Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, Kwame Nkrumah Zientzia eta Teknologia unibertsitatean ikasle zela Kumasin (Ghana), hainbat eskultura molde formal ezagutu zituen Anatsuik, hasi errealismo akademizistatik eta abstrakzio modernora bitartekoak, ikasketa-programa taxutzen zuten irakasleei esker —europarrak gehienak—. Bere formazioa Mendebaldeko irakaspenetatik haratago hedatzearren eta abagune politikoa islatuz artea sortzeko modu alternatiboak bilatzearren, Ghanako arte tradizionalak ikertzeari ekin zion Kumasiko Unibertsitateko National Cultural Centerren. Kente eta adinkra oihalen ikur grafikoak eta ehunen diseinuak inspirazio-iturri harturik, Anatsuik eskulturara aplikatu zituen ondare horren ezaugarriak, oihal horietan erabiltzen diren formak, lerroak, testurak eta koloreak modu berri batean antolatuz eta sintetizatuz.

Artistak tokiko tradizio artistikoen ikerketa lantzen jarraitu zuen bere praktika artistikoaren oinarritzat hartuta Nsukkara (Nigeria) aldatu zenean, eta han bizi da gaur egun. 1975 eta 2011 bitartean, eskolak eman zituen Nigeriako Unibertsitateko Arte Ederren eta Arte Aplikatuen sailean, deskolonizazioaren erretorikarekin bat egiten zuten hainbat diziplinatako artistek osatutako sormen ingurune dinamiko batean. Uli horma-irudietako lerro bihurriak eta igbo emakumeen gorputz-pintura funtsezko baliabideak bihurtu ziren Anatsuirentzat. Estetika abstraktuko hiztegi horren erakusgarri dira hirurogeita hamarreko hamarkadan landu zituen marrazki eta eskulturak, forma geometriko eta linealdunak, lerroek edo markek etendako espazio piktoriko irekien erabilerak ezaugarritzen dituztenak.

El Anatsuik berak adierazi duenez: “Modu kontzientean nahiz inkontzientean, artistak beti bilatzen ditu ideia zaharrak aurkezteko modu berriak […] ingurune berri bat, edo prozesu berri bat, edo modu organikoan sortzen den ideia berri bat”2. 1998an, botatako likore-botilen tapoi pila bat topatu zituen artistak halabeharrez. Material hark biziki erakarri zuen, anizkoitza delako —milaka lor baitaitezke tapoiak— eta esanahi kontzeptuala duen objektu bat delako. Alkohola izan zen europarrek Afrikara esklaboengatik trukatzeko eramandako salgaietako bat3. Hala, material horrek halako sinbolismo historiko sotil bezain ahaltsu bat atxikitzen dio obrari, Anatsuiren obraren parte handi batean gertatzen den moduan. Material hori lautzeko, bihurritzeko, zapaltzeko eta, gero, aluminiozko elementuak kobre hariz elkarri josteko lan neketsua estudioko laguntzaile talde batekin egin zuen. 2002an erakutsi zituen lehenengoz likore-botiletatik ateratako aluminioz egindako eskulturak. Harrezkero, bere jarduna zabaltzeko asmoz, bere praktikan erabiltzen dituen materialak ugaritzen jarraitu du Anatsuik, poskontsumoko beste material batzuk erabiliz, hala nola botilak zigilatzeko erabilitako metalezko tirak, esne lurrunduaren ontziak edo inprimatzeko xaflak.

Metalezko zatiak eta panelak elkarri lotzeak eskaintzen zizkion aukera ia mugagabeei esker, ordura arteko erliebe eskultorikoena baino askoz ere eskala handiagoan lan egiten hasi zen. Izan ere, keinu handien gisara jaiotzen dira obra horiek, eta kontu handiz konbinatutako atalek askotariko koloreak, gaiak, testurak eta opakutasun-mailak dituzten eremuak sortzen dituzte. Edozein tamaina eta forma izan lezakete obrek, aukera baitago haietan elementuak ad infinitum gehitzeko. Ildo horretatik, metalezko obrek aldaketa nabarmen bat markatu dute Anatsuiren ibilbidean, eskala etxetiarretik eskultura monumentalaren edo, are, arkitekturaren esparrurako jauzia egin baitu haren arteak. Tamaina izugarria eduki arren, elementu indibidualak merkataritza-objektu gisa nabarmentzen dira eta historiaren eta memoriaren lekukotasuna dira. Material horietan gordetako kontakizunak berezkoak zaizkio obraren amaierako formari.

Anatsuiren bilaketa estetikoak bide eman dio ekoizpen-eredu berezi bati, zeinaren arabera metalezko erliebeen lanketa pertsona talde baten esku uzten baita. Hala, Itsaso gorakorra  (Rising Sea, 2019) obrarako, Anatsuik Nsukka osoko jendea erabili zuen likore-botilen estalkiak kobre-hariz josteko, eta, hala, ia urtebetez luzatu zen prozesu kolektibo bat osatu zen. Lan horren emaitza gisa sortutako hiru panel handiak elkarri lotu zitzaizkion, gainazal hedakor bat eratzeko, zeinetan argia turrustan isurtzen baita.

Itsaso gorakorra artistaren azken piezetako bat da, handienetakoa. Are gehiago, orain arte sortu dituen zazpi metalezko eskultura monokromoetako bat da eta kolorearen erabilera murritz horrek ezaugarri hetereo bat atxikitzen dio obra honi Anatsuiren metalezko lanen multzoaren baitan.

Goiko aldean, zerrenda zilarkara distiratsu bat ageri da, zerua gogorarazten duena; zerrenda hori uhin zuri mate batzuek eteten dute, gero eta handiagoak, behealdeko kolore-ukitu bakarrak —zeinak iradokitzen baitute hiri baten silueta— irensteraino ia. Harmonia bisual bareak kontrastea egiten du izenburuarekin, Itsaso gorakorra, zeinak zerbait mehatxagarria baitakar gogora, Higadura (Erosion, 1992) egurrezko piezak bezalaxe. Itsaso gorakorra gogorarazpen edo, agian, ohartarazpen moduko bat da, aditzera ematen baitu nola eralda litezkeen natura eta zibilizazioak istant batean. Obraren eskala kolosala klima-aldaketaren hedaduraren metafora da.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. El Anatsui, “Artist Talk with El Anatsui”, https://hausderkunst.de/en/blog/5- kuenstlergespraeche-aus-dem-archiv (2022ko maiatzaren 2an kontsultatua).
  2. Ibid.
  3. José C. Curto, “Alcohol under the Context of the Atlantic Slave Trade: The Case of Benguela and Its Hinterland (Angola) [L’alcool Dans Le Contexte de La Traite Altlantique d’esclaves. Le Cas de Benguela et de Son Arrière-Pays (Angola)]”, Cahiers d’Études Africaines 51, 201. zk., 2011, 51–85. or. [http://www.jstor.org/ stable/41445418].