Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Yves Klein

Geaninne Gutiérrez-Guimarães

Izenburua:
Yves Klein
Egilea:
Geaninne Gutiérrez-Guimarães
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Emakumea artean | Giza gorputza | Mitologia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Lan-prozesua | Mugimendua | Sinbologia | Biluzia | Guggenheim Bilbao Museoa | Judoa | Japonia | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Klein, Yves

Bere karrera artistiko laburrean —zazpi urte baino ez, heriotza goiztiarrak eten baitzuen, 1962an, Parisen—, Yves Kleinek obra konplexua osatu zuen ikuspuntu kritikotik, eta gerora garrantzi handia izan zuten mugimendu batzuk iragarri zituen, hala nola performancea, gorputz-artea, Land Art delakoa eta arte kontzeptuala. Bere garairako aurreratua eta ikuspegi postmoderno baten jabe, artistek presentzia mitikoa bereganatzeko duten gaitasun horretan jarri zuen arreta Kleinek, genero guztietako obrak sortuz: “Margolari batek maisulan bakarra margotu behar du: bere burua, etengabe; bihurtuta bere burua pila atomiko moduko bat, erradiazio iraunkorreko sorgailu moduko bat, giroa bere presentzia piktoriko osoarekin beteko duena; eta presentzia horrek inguruan atxikita iraungo du bera joan ondorenean ere”1.

Espresionismo mota orotatik aldentzearekin tematuta, Kleinek uko egin zion pintzela erabiltzeari, eta arrabola aukeratu zuen haren ordez: tresna anonimoago bat, bere buruaren eta mihisearen artean distantzia jartzeko aukera ematen ziona2. Garrantzi berezia eman zion halaber kolore urdinari, irudikatzen zituelakoan natura ikusgaiaren eta ukigaiaren dimentsio abstraktuenak (zerua eta itsasoa, kasu). 1957an, “International Klein Blue” (IBK) kolorea patentatu zuen, urdin bizi-bizi bat, lagun kimikari baten laguntzarekin prestatu eta berehala bere identitate-marka bihurtu zuena.

Handik urte gutxira, 1960an, Kleinek Aldi urdineko Antropometriak (Anthropométries de l’Époque bleue) performance ospetsua aurkeztu zuen: modelo biluziak erabili zituen, “pintzel bizidunak” (pinceaux vivants) balira bezala, paper-orri handi batzuetan trazu eta inpresio abstraktuak sortzeko —ondoren mihise gainean muntatu zituzten—. Artistak Parisko Galerie Internationale d’Art Contemporain delakoan aurkeztu zuen ekintza artistiko hori, musikari talde batek haren Sinfonia Monotonoa Isilunea (Symphonie Monoton Silence, 1949) musika-konposizio bitxia jotzen zuen bitartean: hogei minutuko iraupeneko nota bat eta beste hainbesteko isilune bat. Performancean, greziar mitologiako Hiru Graziak gogorarazten zituzten hiru modelo biluziren ekintzak zuzendu zituen Kleinek: soina eta izterrak pintura urdinez blaitu ondoren, lurrean edo horman zabaldutako paper-orri zurien gainean estutzen edo herrestatzen zuten gorputza modeloek. Ekintza artistiko horretan sortutako obra abstraktuak inpresio estatiko hutsak ziren, gorputz malguen mugimenduak utzitako arrasto dinamikoak. Frantzian, biluzik mugitzen ziren pertsonekin ekitaldi bat antolatzea legez kanpokoa bazen ere —kartzelarekin eta isunekin zigortzeko modukoa—, Kleinek irudikapen piktoriko tradizionalaren mugak zabaltzea lortu zuen bihurrikeria-ekintza ausart baten bidez3.

Antropometria urdin handia (ANT 105) [La grande Anthropométrie bleue (ANT 105), ca. 1960] lau obraren multzo bateko zati da, eta Kleinen “pintzel bizidunak” teknikaren —giza gorputza pintzel antropomorfiko gisa erabiltzearen— apoteosia. Parisen egindako performance erradikal hartan jaiotako teknika horretan, modelo biluziak askatasunez eta aisetasunez mugitzen ziren. Aldez aurretik, baina, dantza bat entseatzen zuten, artistaren gidaritzapean: haietako bik hormaren kontra estutzen zuten gorputza, eta hirugarrenak, bitartean, lurrean herrestan erabiltzen zuen berea, denen artean dantza erritual moduko bat antzeztuz4. Horrela sortutako forma eta trazuetako batzuk beste batzuk baino abstraktuagoak ziren. Obra horretan, irudien silueta gorpuzdunak irakurtezinak dira ia, eta haien mugimenduak pintura urdinezko eztanda , zipriztin eta orban gisa islatuta geratzen dira paperean. Kleinek berak honela deskribatu zuen performancea: “Erakustaldi tekniko honen bidez, zera egin nahi nuen batez ere: estudioa tenplu gisa agerrarazten duen ikuspegi horren gaineko errezela urratu. Izan ere, estudio/tenpluko errezel hautsiaren piltzarrek hil-oihal miragarriak ematen dizkidate. Dena zait baliagarri”5.

Klein artisten familia batetik zetorren: aita, Fred Klein, pintore figuratiboa zen; eta ama, Marie Raymond, margolari abstraktua. Ez zuen arte-prestakuntza ofizialik jaso, baina txikitatik ikusi zuen bere gurasoen jarduna. 1948 eta 1953 artean, Italian, Ingalaterran, Irlandan, Espainian eta Japonian ibili zen, eta, besteak beste, judo gudu-antze asiarraren filosofia eta praktika aztertzen jardun zuen buru-belarri. Kleinek hamabost hilabete eman zituen Tokioko Ko-do-kan Judo Institute ospetsuan, eta 1952an gerriko beltza lortu zuen. Zen pentsamenduaren eraginpean, Ko-do-kan judo-estiloak gorputzaren eta buruaren batasuna aldarrikatzen zuen, harkortasun handiagoa, hustuketa- egoera baten bilaketa eta izatearekiko harmonia osoa. Era berean, Kleinek interes handia erakutsi zuen Rosenkreutz elkartearen irakaskuntza mistiko kristauetan, eta era guztietako erritualek bai eta immaterialtasunarekin zein hutsunearekin  lotutako gaiek eragiten zioten erakarpen sakonak  agerian uzten du espiritualtasun handiko gizona izan zela.

1954an Japoniatik itzuli zenean, Yves peintures (1954) argitaratu zuen Espainian, eta Les Fondements du judo (1954) Parisen, judoka eta artista gisa egindako ibilbide bikoitz haren erakusgarri. Hala ere, 1950eko hamarkadaren erdialdetik amaierara bitartean, erakusketak aurkezten hasi zen Milango, Parisko, Düsseldorfeko eta Londresko galerietan. 1960an, Errealismo Berriaren Manifestua sinatu zuen. Haren lagun Pierre Restany kritikari frantziarrak sortu zuen mugimendu hura, collagea, ensanblajea eta pintura erabiltzen zuten artistek osatua. Pariseko Antropometriak ospetsuekin debuta egin eta bi urtera, 1962an, 34 urte besterik ez zituela hil zen Yves Klein, ondare iraunkorra utzita. Guggenheim Bilbao Museoak atzera begirako erakusketa bat antolatu zuen 2005ean haren ibilbidearen omenez: Yves Klein. Erakusketa horretan, haren obra osoaren testuinguruan kokatuta aurkeztu ziren Antropometriak, artistaren eragin handiko lanaren ikuspegi berritua eskainiz.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. Yves Klein, “Quelques extraits de mon journal en 1957”, Le dépassement de la problématique de l’art, Éditions Montbliart, La Louvière, 1959, 43–44. or.
  2. Yves Klein, “Truth Becomes Reality”, Yves Klein, 1928–1962: A Retrospective, erak. kat., Institute for the Arts, Rice University, Houston, 1982, 229–32. or. Jatorrizko argitalpena: “Le vrai devient réalité”, Zero 3, Düsseldorf, 1961eko uztaila, 86. or.
  3. Ann Marie Perl, Succès de “Scandale” and Biblical Scandal: Yves Klein’s Debut Performance of Anthropometries in 1960, Thresholds 43, 2015, 366. or.
  4. Ibid., 368. or.
  5. Ibid., 370. or. Jatorrizko aipua: Yves Klein, “Truth Becomes Reality” (ikus 2. zk.), 187. or.