Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Anselm Kiefer

Geaninne Gutiérrez-Guimarães

Izenburua:
Anselm Kiefer
Egilea:
Geaninne Gutiérrez-Guimarães
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta kultura | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Sinbologia | Tamaina | Eskala | Guggenheim Bilbao Museoa | Bigarren Mundu Gerra | Mesopotamia | Europa | Alemania | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Neoespresionismoa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Kiefer, Anselm

“Artea, nire aburuz, zentzurik ez duten gauzen eta zentzua duten gauzen arteko konexioa ezartzeko aukera bakarra da. Historia sinkronia moduan ulertzen dut, bai sumerioei buruz ari bada, bai Alemaniako mitologiari buruz ari bada. Nire ustez, antzinako sagak ez dira antzinakoak inondik inora. Ezta Biblia ere. Biblia irakurtzean, gauza gehienak jada azalduta daude”1. —Anselm Kiefer, 1986

Bigarren Mundu Gerran Europan izandako azken bataila baino hilabete batzuk lehenago jaio zen Alemanian Anselm Kiefer (Donaueschingen, Alemania, 1945) eta, hortaz, gatazka belikoak eta bere herrialdearen banaketak ekarritako ondorioen lekuko zela hazi zen. Nazio zatikatu baten berreraikuntza-prozesua eta berritzeko egin zuen borroka ere bizi izan zituen. Horrek guztiak Alemaniako mitologia eta historiaren arteko loturak eta horiek faxismoaren gorakadan nola lagundu zuten ikertzera eraman zuten Kiefer. Gai horiei tabu estetikoak apurtuta eta ikono loriatuak berpiztuta egin zien aurre. Bere aurrenetako sailetako batean, Okupazioak (Besetzungen, 1969) izenekoan, artistak hainbat lekutan argazkiak atera zizkion bere buruari agur nazia egiten, Suitza, Frantzia eta Italia zeharkatu zituen bidaldi batean. Testuinguru horretan, Kieferren artea hainbat iturritatik sortzen da, nola diren hirurogeiko hamarkadako kultura inkonformista, Alemaniako zinema berria eta pintura berria, ikasleen erreboltak, baita Alemaniako historiaren “normalizazioari” buruzko debatea ere2. 1970eko hamarkadan bere herrialdeko eszena artistikoaren parte izan zen. Horren parte ziren Georg Baselitz, Markus Lüpertz, A. R. Penck, Gerhard Richter eta Sigmar Polke autoreak, eta haiek ere nazioaren historiaren gaiari heldu zioten beren lanean, kultura aleman alienatu batekin borrokan ari ziren bitartean. Kieferren aldi horretako pinturak —berealdiko paisaiak eta barnealde arkitektonikoak, sarritan lasto eta hareazko inkrustazioak gehitu ohi zizkienak— Alemaniako literaturaren eta politikaren herentzia gogoratzen jarraitzen du. 1980ko hamarkadaren erdialdera, eta batez ere 1990ekoaren hasieran Frantziako hegoaldera lekualdatu eta gero, Kieferren ikonografiak hedadura handiagoa hartu zuen gai unibertsalagoak (zibilizazioa, kultura eta espiritualtasuna, besteak beste) barnean hartzeko. Hala, Kabala, alkimia eta Antzinateko mitoak izan ziren bere inspirazio-iturrietako batzuk, memoria historikoa eta kulturala etengabe kuestionatzen jarraitzeko balio izan ziotenak.

Kiefer neoespresionismoaren ordezkari nagusietako bat bilakatu zen; keinu bidezko pintzelkada ausartengatik ezaugarritzen den mugimendua, zeina gordin, bortitz, espontaneo eta emozionaltzat hartzen baita. Kieferrek eskala handiko obrak sortzen ditu, eta horietan uztartu egiten ditu paleta ia monokromoa eta era askotako elementuak —material ezegonkorrak dira sarritan, besteak beste, errautsa, igeltsua, goma laka, haziak, lurra, lastoa eta beruna—. Izan ere, materialekin esperimentatzea garrantzizko alderdia da Kieferren sortze-prozesuan. Historia ikertzen duen pintorea denez gero, artea berriz ere materiazkoa bihurtzea da bere nahia. Horretarako, kategoria tradizionalak berrasmatzen ditu, esate baterako, paisaia edo historia-pintura, materialismora itzuli eta prozesu piktorikoa gaiarekin berriz lotzeko; artistaren iritziz abstrakzioak eten zuen lotura, alegia3. Kieferrek bere obretarako aukeratzen dituen baliabideak gainditu egiten dute haien identitate fisikoa, eta ahots propioa dute, metamorfosiak artistari eragiten dion lilura agerian utzita. Beruna, esaterako, funtsezko materiala da haren lanean, bere ezaugarri fisikoengatik eta transmutatzeko duen gaitasun ikaragarriagatik. Kieferrek 1974an erabili zuen lehen aldiz eta, une hartan Joseph Beuysekin batera ikasten ari bazen ere Düsseldorfeko Akademian, ez zuen bere maisuak bezala aukeratu eta erabili beruna. Kieferrek, beruna berotzen eta urtzen ari zen bitartean, transformazio- eta korrosio-prozesuetan sortzen diren kolore ugari bereizi zituen. Gainera, artistarentzat antzinako material bat da beruna, tradizioz alkimiarekin eta jakintza horren zenbaki magikoen nozioarekin lotua4.

Bi ibaien lurra (Zweistromland, 1995) tituluak Tigris eta Eufrates ibaiak albo banatan dituen zerrenda geografikoari egiten dio aipamen: antzinako Babilonia, Gilgameshen lurra, eta garrantzi handiko eskualdea judaismoarentzat eta kristandadearentzat. K.a. laugarren milurtekoan bertan asmatu zuten sumertarrek idazketa. Obra monumental honetan, Kieferrek lurrari, zibilizazioei eta kultura idatziaren sorrerari buruzko ideiak ere gogora ekartzen ditu. Titulua, mihisean eskuz idatzitako Tigris eta Euphrat hitzekin batera, idatzizko hitzaren aipamen bat da baita ere. Horrez gain, Mesopotamiako zibilizazioa aditzera ematen du, ibaiertz haietan ezarri baitziren gizadiaren herri zaharrenetako batzuk. Eskala handiko pintura honen aurretik eskultura homonimo bat egin zuen, Zweistromland (1985–89, Astrup Fearnley Museet, Oslo); bi apalategik osatzen dute, berunezko berrehun bat ale biltzen dituztenak, eta goiko apaletan Tigris eta Eufrates ibai bien izenak agertzen dira. Kieferrentzat zibilizazioaren eta historiaren ezagutzaren sinbolo dira liburuak, eta bere artista-liburuak ere —pieza bereziak, eskuz eginak, eta liburuak baino gehiago pinturak edo eskulturak direnak— funtsezko adierazpide izan dira berarentzat 1968az geroztik. Guggenheim Bilbao Museoak Kieferren hamaika obra ditu bere funtsetan, artista-liburuak, pinturak eta eskultura bat, 1982 eta 1997 urte bitartekoak, eta aldi horretako haren sortze-lan adierazgarriaren funtsezko dimentsio bat jasotzen du beraz.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. Anselm Kiefer, hemen aipatua: Jacqueline Burckhardt (ed.), Gespräch: Joseph Beuys, Jannis Kounellis, Anselm Kiefer, Enzo Cucchi, Parkett-Verlag, Zurich, 1986, 40. or.
  2. Gai honi buruzko informazio gehiago hemen: Daglind Sonolet, “Reflections on the Work of Anselm Kiefer”, Cultural Values, 3. lib., 1. zk., 1999, 28–53. or.
  3. Ibid., 34. or.
  4. Albert P. Albano, “Reflections on Painting, Alchemy, Nazism: Visiting with Anselm Kiefer”, Journal of the American Institute for Conservation, 37. lib., 3. zk., 1998ko udazkena–negua, 352. or.