Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Daniel Buren

Marta Blàvia

Izenburua:
Daniel Buren
Egilea:
Marta Blàvia
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Espazio publikoa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Lerroa | Sinbologia | Eskulturagintza | Guggenheim Bilbao Museoa | Hiria | Euskal Herria | Bilbo | Frank Gehry | Hizkuntza
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Buren, Daniel

1965ean, Daniel Buren artista frantsesak zabalera bereko marrak zeuzkan kolore biko olana bat aurkitu zuen Parisko Saint-Pierre ehun-merkatuan. Burenek, garai hartan, gutxieneko espresiora araztu nahi zuen pintura —lerroa eta kolorea soilik, keinu eta espresio oro saihestuta— eta oihal hartan gauzatu ahal izan zuen gurari hura. Aurkikuntza horren ondorioz, mihisetzat hartu zuen hiria: margotu beharrean, publizitate-paneletan eta eraikinetan paper edo ehun marradunak esekitzen hasi zen, kartelak balira legez. Marren izaera neutralak eta esanahirik gabeak berehala desbideratzen zuen arreta paper eta oihal haiek kokatuta zeuden hormara eta ingurunera. Burenek laster ulertu zuen bere jardun artistikoaren ezinbesteko eta berezko elementu bihurtu zela arkitektura. Hala, betiko baztertu zuen pintura, eta in situ esapidea erabiltzen hasi zen bere interbentzioen eta haiek kokatzen zituen testuinguruaren artean sortzen zen erlazioa definitzeko. Hirurogeita hamarreko hamarkadan zehar, interbentzio ugari egin zituen Parisko hiri-ingurunean, eta aurreratu egin zuen hurrengo hamarkadan zehar zenbait artistak eskuarki baliatu zuten praktika bat: espazio publikoaren apropiazioa, publizitatearen ordez eduki politikoa edo aldarrikapenak jasotzen zituzten mezuak helarazteko. Nolanahi ere, Burenen helburuak oso bestelakoak ziren, eta hala izaten jarraitzen dute, landuko duen lekua aztertu ondoren bertako berezitasunez elikatzen baita bere proiektuak itxuratzeko. Horrexegatik, hain zuzen, artistaren sorkuntza-lanak tresna bikaina dira interbentziogai dituen espazioen izaera fisikoa eta soziala agerian uzteko. Gainera, bere esku-hartzeek zalantzan jartzen dituzte espazio horien berezitasunak eta esanahiak eta, era berean, ikusarazi egiten dute nola erabili, norbereganatu eta, batez ere, nola eraldatu daitezkeen. Burenen obrak oso testuinguru desberdinetan garatzen dira: museo-erakundeetan, artearen historiako leku enblematikoetan eta arkitektura edo ingurune historiko zein modernoetan. Bilboko Salbeko zubian gauzatu zuen Arcos rojos / Arku gorriak (2007) proiektua azken kategoria horri dagokio.

Salbeko zubiak (1972) marinelek egin ohi zuten otoitz bati zor dio bere izena, itsasoratzean nahiz itsas zabaletik itzultzean itsasadarreko puntu horretantxe Begoñako Amaren basilika ikustearekin bat abesten zuten errezoari, alegia. Itsasontzien eta automobilen joan-etorria bateragarri egiteko xedearekin eraikia da zubia, baita hirigunea auzo periferikoekin lotzeko ere. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Guggenheim Bilbao Museoa non eraiki erabaki zutenean, zubia Museoak osatutako multzoan sartzea lortu zuen Frank Gehry arkitektoak, aukeratutako lursailaren erpinetako batean baitzegoen kokatuta; hala, eraikinaren bolumen eskultorikoetako batek zubia besarkatzen du, eta bada konposizio horretan ontzi baten bela ikusten duenik ere. Museoa inauguratu zenetik planteatu izan zen azpiegitura hori eraldatzeko aukera, baina hamarkada batez zubiaren zorroztasun formalak biziki kontrastatu zuen Gehryk diseinatutako titaniozko bolumenen jariakortasunarekin.

2006an, ordea, hurrengo urtean Museoaren hamargarren urteurrena izango zela baliatuta, zubia ingurunean erabat integratzeko nahia adierazi zuen Museoak. Helburu horrekin, nazioarteko hainbat artistari gonbidapena luzatu zien zubiari betiko atxikitzeko moduko obra bat egiteko proposamenak aurkez zitzaten; Liam Gillick, Jenny Holzer eta Daniel Buren izan ziren lehiatu zirenak. Batzorde batek1 ebaluatu zituen hiru proiektuak eta, deialdia publikoa zenez gero, Museoko bisitarien gehiengoaren iritzia ere hartu zen kontuan. Denak etorri ziren bat epaia ematerakoan, eta Burenen proposamena izan zen aukeratua; 1997an, Museoaren inaugurazio-ekitaldira bertaratu zenean eta ingurunearen ezaugarriak behatu zituenean, artistak irudikatua zuen dagoeneko zubian interbentzio bat egiteko aukera2.

Bere proiektua asmatu eta garatzeko orduan, eta Frank Gehryrekin horretaz sekula hitz egin ez bazuen ere, Buren konbentzituta zegoen zubiaren posizioa eta, batez ere, haren itxura gogorra oztopo izan zirela arkitektoarentzat. Gehryk ez bezala —hark saihestu egin zuen zuzeneko interbentzio oro—, Burenek ahalegin guztiak egin zituen zubiaren forma aldatzeko: agerikotasun handiagoa eman nahi izan zion, baina Museoaren diseinu bihurgunetsuarekin hainbeste kontrastatu gabe.

Zubiaren egitura ezin zenez aldatu, formikazko “larruazal” batez estaltzea erabaki zuen, egituraren jatorrizko funtzioa mantentze aldera. Eskultura itxura hartzen duen geruza hori zulorik eta aingurarik gabe dago bermatuta jatorrizko eraikuntzaren H formadun konfigurazioaren gainean; hala, kolore gorriko ate erraldoi bihurtzen da egitura. Eta, hain zuzen ere, ate horren alboetan nabarmentzen da, Daniel Burenek berak dioen bezala, bere “tresna bisuala”: zerrenda bertikalak (8,7 cm-koak, artistaren lanean ohi denez), kasu honetan zuriak eta beltzak, txandakatuta. Gauez, marra horiek argi-jokoak proiektatzen dituzte etengabe, eta haien dinamismoak kontrastatu egiten du ilunpetan gorriaren bizitasuna nabarmentzen duen argi estatikoarekin.

Bilborako prestatutako proiektua gauzatzeko, Daniel Burenek bere ohiko baliabideetako batzuk elkartu zituen: argia, kolorea, arkuak, isla-jokoak, koloretako zerrendak eta, nola ez, lekuaren berezitasunak; bere interbentzio guztien ardatz egituratzaileak, alegia. Artistak behin baino gehiagotan adierazi duenez, bere obrak ez dira autonomoak; norako eta zertarako sortu ziren kontuan hartuta baino ez dira existitzen. Bilbon, zehazki, “ate” kontzeptua utzi nahi izan zuen agerian, aintzat hartuta zubiaren izaera bera, baita hirirako sarbide nagusietako bat izateak ematen dion eginkizuna ere. Halaber, interbentzioaren forma kurbatuek eta bertikalek Museoaren bihurguneak eta bertikaltasuna ekartzen dituzte gogora. Estaldurari kolorea emateko 1997an irudikatu zituen zenbait aukera baztertuak zituen jada Burenek —besteak beste, horia, urdina edo ohikoak zituen kolore biko zerrendak soilik erabiltzeko aukera— eta, azkenean, gorria aukeratu zuen, kolore horrek titanioak iluntzean hartzen dituen zilar- eta urre-tonuekin konbinatuta sortzen duen efektu kromatikoagatik. Gorriak zubiaren eta mendien berdearekin ere kontrastatzen du, baita erakundearen administrazio-eraikinaren Bilbo-urdin kolorearekin ere. Arkuek eta argiek oihartzuna dute ingurunean eta Museoan bertan, titanioaren eta uraren gainazalean islatzen baitira. Gainera, obraren argiteria bertikalaren dinamismoak eta iheskortasunak jolas egiten dute zubitik igarotzen diren autoek igortzen dituzten distira horizontalekin.

Azkenik, interbentzioak testuinguru soziokulturala eta linguistikoa ere jartzen ditu agerian bere izenburu elebidunaren bitartez: Arcos rojos/Arku gorriak. Izenak aditzera ematen du Euskadin bi hizkuntza ofizial daudela, euskara eta gaztelania. Beraz, Burenen interbentzioek ohi dutenez, obrak hartu-emana sortzen du bere inguruarekin, kasu honetan Museoarenarekin, hura nabarmentzeko eta, azkenik, birdefinitzeko helburuz. Horrela, beste behin ere, eskultura publikoaren mugak zabaltzea eta gainditzea lortzen du Burenek bere proposamenaren bidez.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. Hauek izan ziren ebaluazio-batzordeko kideak: Miren Azkarate Villar, Eusko Jaurlaritza ordezkatuz; Belén Greaves Badillo, Bizkaiko Foru Aldundia ordezkatuz; Norman Rosenthal, Londresko Royal Academy of Artsen Erakusketa Idazkaria; Thomas Krens, Solomon R. Guggenheim Foundationen Zuzendaria; eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia.
  2. Annick Boisnard eta Daniel Buren, Catalogue raisonné chronologique, XIII. liburukia, Éditions 11/28/48, Le Bourget, eta Centre national d’art et de culture Georges Pompidou, Paris, 2002, 60–61. or.