Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Andy Warhol

Marta Blàvia

Izenburua:
Andy Warhol
Egilea:
Marta Blàvia
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta kultura | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Sinbologia | Gizarte-kronika | Guggenheim Bilbao Museoa | AEB | Marilyn Monroe | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Pop Artea
Artelan motak:
Pintura | Serigrafia
Aipatutako artistak:
Warhol, Andy

1962ko abuztuaren 6an, Estatu Batuetako egunkari nagusien azalek Marilyn Monroe aktorearen hil-berria eman zuten. “Marilyn hil zen hilabete horretan […], haren aurpegi politaren serigrafia batzuk egitea otu zitzaidan: lehen Marilyn-ak”1. Eta halaxe, bururatu eta egin: Andy Warholek antzezlearen argazki original bat erosi zuen New Yorkeko zinema-oroigarrien denda batean2, Marilyn izar bihurtu zuen Niagara (1953) filmaren publizitaterako Gene Kormanek egindako argazki bat, hain zuzen ere. Warholek irudia moztu zuen, protagonistaren soina, bizkarra eta besoak kendu eta aurpegia eta lepoa bakarrik utzita. Ondoren, mihisera eraman zuen irudia serigrafia teknikaren bidez. Kolore lauak eta biziak aplikatu zituen hondoan eta aurpegian, Marilyn mito erotiko gisa definitu zuten ezaugarriak nabarmentzeko: begi erdi irekiak, ezpain haragitsuak, ile hori platinoa. Denbora gutxi lehenago, Warholek arte-objektu bihurtu zituen eguneroko zenbait kontsumo-ondasun, hala nola Campbell zopa-potoak eta Coca-Cola botilak. Oraingoan, ikono publiko baten irudia bere egin eta sorkuntzarako material gisa baliatu zuen, baita produktu artistiko bihurtu ere, haren truke ordaintzeko prest zegoen edozeinen eskueran jarrita.

Ez ziren izan Marilynen erretratu haiek Warholek egindako lehenak, baina haiek sortuz geroztik genero horrek gero eta protagonismo handiagoa hartu zuen haren praktika artistikoan, kategoria garrantzitsuena bihurtzeraino. Warholek ezin konta ahala pertsonaren erretratuak egin zituen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Hasiera batean, Hollywoodeko ospetsuak jo zituen begiz: Marlon Brando, Elvis Presley, Natalie Wood, Elizabeth Taylor edo Marilyn Monroe bera. Aurrerago, ospearekin obsesionatuta, era guztietako socialiteak jarri zituen jomugan: moda-diseinatzaileak, artistak, bildumagile dirudunak, modeloak, aktoreak, abeslariak, enpresaburu handiak eta are goi-gizarteko kideak ere. Warholek erakargarri zitzaizkion guztiak erretratatzen zituen, hala eskatzen zioten guztiak, eta Estatu Batuetako eta nazioarteko jet seteko pertsonaien kronika eraiki zuen hala. Obra horiek oso erraz saltzen zirenez, Bruno Bischofberger galeristak (harreman pertsonal eta profesional estua izan zuten elkarrekin) enkargu bidezko erretratuak egiteko ideia iradoki zion3, tamaina eta prezio jakinekoak, diru-iturri egonkor bat izateko eta, batez ere, arte-ekoizpenerako Factory estudioaren gastuak ordaindu ahal izateko. Warholek asko gozatzen zuen pertsona ospetsuz inguratuta egonda, eta, gainera, diru asko irabazten zuen. Bere nahietako bat betetzea lortu zuen horrela: “Arte Enpresaria izan nahi nuen, edo Enpresari Artista”4.

Bere ibilbidean, Marilynen erretratu ugari sortu zituen Warholek, Niagara filmaren publizitate-irudi bera oinarritzat hartuta beti. Hirurogeiko hamarkadan, bere benetako izar paperean eta edertasun-ikono gisa betikotu zuen aktorea, haren irudia kolore-aldaketen bidez behin eta berriro eraldatuz eta aura intenporal xarmagarri batez inguratuz. Hala ere, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, antzezlariak haurtzarotik hasi eta bere heriotza goiztiarrera arte bizi izan zuen zorigaitza garrantzia hartuz joan zen Warholen ekoizpenean; horren erakusle da, bereziki, Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu (One Hundred and Fifty Multicolored Marilyns, 1979), Alderantzikatzeak (Reversals, 1979–86) sailekoa. Denboraldi luze batez bere Interview aldizkarian eta pertsona ospetsuen erretratuetan buru-belarri lanean jardun ondoren, 1960ko hamarkadan egin zituen irudi enblematikoenetako batzuk berreskuratu zituen Warholek bere ondare artistikoari buruz hausnartzeko ahalegin nostalgiko batean. Aulki elektrikoaren, behiaren eta Mao, Mona Lisa eta Marilyn Monroeren aurpegien ikonografia berriro eraman zuen mihisera, baina beste era batean oraingoan; indar kontzeptual berri batez hornitu zuen hala bere praktika artistikoa.

Pinturaren ezaugarri formaletan arreta handiagoa jartzen hasi zen Warhol, aurreko bere sorkuntza-lanen itxura guztiz lau eta matetik urruntzen, ikus- eta ukimen-aberastasun berrien bila. Horretarako, aldatu egin zuen bere ohiko serigrafia-prozesua, hau da, irudia hautatu, ebaki, handitu, mihise edo zetazko oinarri baten gainean itsatsi eta hainbat koloretako tinta aplikatzea. Horren ordez, eta Itzalak (Shadows, 1978–79) sailean egin zuen bezalaxe, belakizko mopa batez estali zuen Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu obraren gainazal osoa, hirurogeiko hamarkadan baliatu zituen tonu alai eta bizi berberak erabiliz egin ere. Ondoren, negatiboan serigrafiatu zituen, banan-banan, antzezlearen aurpegiak, halako moldez non koloreek barik itzalek osa zezaten irudia. Warholek Bruno Bischofbergerren beste proposamen bat gauzatu zuen horrela: margolan alderantzikatuak egitea5; hortik Alderantzikatzeak sailaren izenburua. Hollywooden idolatriak bizitzaren iheskortasunari buruzko gogoetari eman zion bide orduan.

Aurpegien itxura espektralak eta tonu ilunen nagusitasunak Monroeren zorigaitzeko amaiera ekartzen zuten gogora, eta agerian uzten, baita ere, artistak berak heriotzarekin zuen obsesioa, 1968an Valerie Solanasek eraso egin zionetik areagotua. Halabeharraren halabeharrez, ekintzaile feministak Warholi jaurti zizkion tiroek artistak Marilyni eskainitako lehen erretratuetako batzuk ere urratu zituzten. Nolabait ere haurtzaroko traumek, arrakastak, ospeak eta tragediak markatutako bizitza izan zuten biek ala biek.

Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu obrak ongi erakusten du nola irauli zuen Andy Warholek arteari buruzko orduko ikuskera produktu eta pertsonaia herrikoiak objektu artistiko bihurtuta. Warhol izan zen Bigarren Mundu Gerraren ondoko Estatu Batuetako gizartean indarrean zeuden balioak (masa-ekoizpena, masa-kontsumoa eta ospearen gurtza) ulertu zituen lehena. Hala, jendearen eskaerei aurrea hartzen jakin zuen, eta ez zuen zalantzarik egin hedabideen unibertsoan murgiltzeko eta marketinaren eta publizitatearen metodoak erabiltzeko, artearen merkatuan bere karisma eta lana sustatze aldera. Eta garrantzitsuena dena: Warhol ez zetorren bat arte ona artistaren barne-adierazpenaren emaitza dela defendatzen duen ideiarekin —hots, espresionismo abstraktuak hain sutsuki gurtutako ideia harekin—; aitzitik, mekanizatua, estetika industrialekoa eta hirugarrenek egina zen artea sortzearen alde egin zuen. Ildo horretan, Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu obra, Warholen azken etapako beste batzuk bezala, hondoko trazuek eta gainazaleko zenbait eremutan aplikatu zituen ukituek islatzen duten aktibitate eta energiagatik da nabarmengarria. Keinu-pinturak eta eskuz serigrafiatutako aurpegiek zalantzan jartzen dute Warholen lanen izaera itxuraz uniformea eta mekanikoa, eta masan ekoiztutakoaren eta bakarra eta berdingabea denaren artean nahiz errepikapenaren eta zoriaren artean nabigatzeko aukera ematen zioten artistari. Nolanahi ere, Warholek inguruan zuen kultura mihisera eraman besterik ez zuen egin, eta, horrekin, materialismoarekiko, kontsumoarekiko eta irudiaren ahalguztiduntasunarekiko menpekotasun obsesiboaren aurrez aurre jartzera behartzen gaitu ezinbestean. Obsesio horrek, Warhol ez ezik, gure gizarte osoa definitzen du; gaur inoiz baino gehiago, gainera. Aski da sare sozialetara begiratzea edo produktu bat, ideia bat edo pertsonaia bat sustatzeko erabiltzen den makineriari erreparatzea, haren modus operandiak indar-indarrean dirauela egiaztatzeko. Azkenean, ezin ziur jakin Andy Warholen estrategiek etorkizunari aurrea hartu ote zioten edo ez ote zuten, besterik gabe, urratzen hasiak ginen bide hori zelaitzen lagundu.

 

OHARRAK

  1. Andy Warhol eta Pat Hackett, Popism. The Warhol Sixties, Harcourt Brace & Company, San Diego, Londres, New York, 1990, 22. or.
  2. Tony Shafrazi, “Andy Warhol: Portraits”, Andy Warhol. Portraits, Phaidon, Londres, New York, 2007, 14. or.
  3. Andy Warhol – Big Retrospective Painting, Bruno Bischofberger, Zurich, 2009, 7–9. or.
  4. Andy Warhol, Mi filosofía de A a B y de B a A, Tusquets Editores, Bartzelona, 1993, 100. or.
  5. Donna Di Salvo, “Andy Warhol: I Work Seven Days a Week”, Andy Warhol: from A to B and Back Again, Whitney Museum of American Art, New York, 2018, 29. or.