Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Joseph Beuys

Marta Blàvia

Izenburua:
Joseph Beuys
Egilea:
Marta Blàvia
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Gizakia | Mitologia | Artea eta gizartea | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Konposizioa | Sinbologia | Gizarte-kronika | Guggenheim Bilbao Museoa | Espiritualtasuna | Animaliak artean | Ekologia | Natura | Alemania
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Beuys, Joseph

Joseph Beuysentzat indar iraultzaile eta eraldatzailea zen artea. Hala, estetikaren mugak zabaltzen ahalegindu zen hedadura sozial eta politikoa hartuko zuen praktika bat garatzearren. “Artearen beste kontzeptu bat sortu beharra dago, mundu osoari dagokion bat, eta ez dadila izan artistena soilik den zerbait… Hau da, gizaki oro da artista zerbait eratzeko gai den heinean…”1. Konbentzituta zegoen, artista batek bere obrei forma ematen dien bezala, edozeinek molda zezakeela gizartea. Hala, bere obrek elementu sinbolikoz osatutako sistemak eratzen dituzte eta, horiek, batera dezifratuta, hain zuzen, sendabidera, eraldaketara eta berpizkundera bidea erakusten dute. Nolanahi ere, bere metodoak eta bere unibertso mitikoak enigmatikoak izan daitezke behatzen dituenarentzat, baita kriptikoak ere.

Konplexutasun hori bereziki nabarmena da Tximista oreina argituz (Blitzschlag mit Lichtschein auf Hirsch, 1958–85) obran; izan ere, bere interpretazioak eta instalazioak zalantza ugari sortu ohi dituzte Beuysen obran aditu direnen artean.

Tximista oreina argituz lanaren sorburua Oreinaren oroitarriak (Hirschdenkmäler) instalazioan dago; Beuysek 1982aren amaiera aldera garatu zuen Berlingo Martin-Gropius-Bau arte-gunean, Zeitgeist erakusketa zela bide2. Beuysek bere lantegi bihurtu zuen eraikineko erdiko patioa, aspaldi batez lantzen ziharduen hainbat obra hara eramanda; Düsseldorfeko bere estudiotik hartutako tresnak ere eraman zituen, besteak beste, lan-mahaiak eta erremintak. Ohi zuen bezala, leku eta denbora jakin baterako —erakusketarako— sortu zuen Beuysek multzo eskultorikoa. Obra hura, buztinezko meta handi bat nabarmentzen zuena, 1983aren hasieran desagertu zen erakusketa itxi ondoren. Hala ere, artistak, instalazio haren osagaietako batzuetan inspiratuta, eskultura bat sortu zuen: Tximista oreina argituz3, metalean galdatua, eta aurrenekoa eta bakarra izango zena. Horretarako, molde bat egin zuen, metatutako buztinaren forma triangeluarra birsortzen zuena, bere pieza berriaren elementu nagusia eratzeko: tximista itzel bat alegia, orein bat, ahuntz bat eta animalia primigenio ugari argi zitzan asmatua. Animalia horiek, triangeluak bezala, Beuysen hiztegi sinbolikoaren irudi errepikariak dira. Eta guztiak galdatu ziren brontzean, oreina izan ezik; bere aluminiozko larruazala gainerakoenetik nabarmentzen da, eta horrela protagonismo handiagoa hartu eta obraren izenburuarekin egiten du bat. Beuysek eguneroko materialak erabili zituen animalia haien gorputzak eraikitzeko: lisatzeko taula bat eta lau bloke oreinarentzat; burdinazko gurdi bat eta aitzur bat (gizakiak baliabide naturalak lurretik erauzteko erabiltzen dituen erremintak) ahuntzarentzat; eta lanabesak, nola diren zizelak, eztenak eta bihurkinak, animalia primigenioen gorputz itxuragabetuetan iltzatzeko, lehendik ere Berlinen egin zuen bezala jatorriz buztinaz baliatuz sortu zituenean. Tximista azken elementu batera heltzen da, Boothia Felix izenekora; azken horrek Kanadako eremu artikoko penintsula bati egiten dio aipamen.

Izan ere, iradokitzen duen hotz polarrak kontrastatu egiten du tximistaren inpaktuari darion beroarekin; Joseph Beuysen obran konstante bat da kontraposizio hori. Azken elementu horrek, gainera, brontzez birsortzen du artistak 1964an Manresan egin zuen egonaldian bildutako landare ihartuen egurrezko kutxa.

Kataluniako udalerri horretantxe hasi zituen, hain zuzen ere, Ignazio Loiolakoak bere gogo-jardunak, eta Boothia Felix lanak ere egiten dio erreferentzia eliz-gizonari, alemaniarrak inspirazio-iturri handi izan baitzituen haren bizitza eta idazkiak.

Kritikariak, komisarioak eta ikertzaileak bat datoz adieraztean Beuysen narratiba zeharkatzen duten gai eta sinbolo ugari elkartzen direla Tximista oreina argituz lanean: geometria; animaliak, izaki espiritual eta mitologiko gisa; hotzaren eta beroaren polaritateak; naturako indarrak; gizakiaren eta ingurune naturalaren arteko harremana; materiaren transformazioa; eguneroko elementuen erabilera, oraingoan galdatuta; edo zauria. Nolanahi ere, ez dago adostasunik obra nola interpretatu behar den zehazterakoan. Batzuentzat, bere obra gizakiaren gainbeheraren, hondamenaren eta galbidearen errepresentazio bat da. Hala, tximista opaku batek argitutako irudi horietan adierazia ageri da gizakia, eta heriotzaren eta garai guztien akaberaren sinboloa da tximista. Hori da, hain zuzen, Heiner Bastianen irakurketa4; artistaren laguntzailea eta bere ibilbidearen jakitun handienetakoa bera, horrela interpretatzen du multzo eskultorikoa, Joseph Beuysen pentsamendu politikoaren eta ekologikoaren ildotik, hain zuzen. Dena den, artistaren semeak5 kontrakoa esaten du, uste osoa baitu tximistaren itzal ilunak, berez, bizitza primigenioa kolpatu eta, argiaren eta beroaren bidez, bere biziraupenari eta eboluzioari ematen diela bidea. Bere aitak animaliei ematen zien esanahi espiritualaren jakitun, Wenzel Beuysek, gainera, sorkuntzarekin eta bizitzarekin lotzen du oreinaren eta ahuntzaren irudia, era horretan irakurketa positibo bat eratuz. Baliteke biek arrazoi izatea, kontuan hartuta zauria, eraldaketa eta berpizkundea direla Beuysen pentsamendua eta interbentzio artistikoak egituratzen dituzten ardatzak. Hala, behinola hauxe adierazi zuen artistak: “Gauzak dauden moduan, nik zauritik hasi nahiko nuke. Demagun ni neu ere eror naitekeela, demagun dagoeneko erorita egonda hilobian sartu behar izango nukeela; hala ere, hilobi horren piztuera bat egongo litzateke dagoeneko”6.

Era berean, obraren elementuen antolaerak berak ere zalantza ugari sortzen ditu; hala, 2001ean kongresu bat antolatu zuten jakinkizun zegoena argitzen eta hilondoko konfigurazio posible bat eztabaidatzen saiatzeko7. Joseph Beuysek jarraibide zehatzak eman zituen elementuetako bakoitzaren galdaketa-lanerako, eta, gaixo zegoela ere, prozesuaren jarraipena egin zuen Noack galdategian. Dena den, ez zen enkargatutako bost edizioak galdatuta ikustera iritsi8, eta behin bakarrik instalatu zuen tximista, 1985ean Londresko Royal Academyn egindako German Art in the 20th Century. Painting and Sculpture 1905–1985 erakusketan. Tximista ganga-formako aretoa zeharkatzen zuen habe batetik zegoen esekia, eta Beuysek obra batzuk kokatu zituen bere inguruan, bisitariak han tartean ibil zitezkeen elementuen konstelazio bat eratuta. Horregatik iradokitzen du Joseph Beuysen ikasle izandako Johannes Stüttgenek Londresko instalazioak baduela bere garrantzia Tximista oreina argituz kokatu daitekeen moduari dagokionez9. Eta, izan ere, pieza osatzen duten elementu guztiak aurkeztu izan dira tximistaren inguruan, nahiz eta, kongresuan agerian utzi bezala, piezaren edizioren bat jabetzan duten erakundeen hurbilketak bestelakoak izan obraren instalazioari dagokionez, bereziki honako kontuen inguruan: argiztapena, kokapena, osagaien arteko distantzia, erakustaretoen neurri eta ezaugarriak eta, azkenik, obran barrena ibiltzeko aukera.

Nork jakin Beuysen nahia ez ote zen obraren jarraibiderik ez uztea. Beharbada horixe izan zen, hain zuzen ere, bere azken ekintza: berak egin beharrean, beste norbaiti uztea obrari azken zentzua eta forma ematen. Edizio bat baino gehiago egotean ezinbestean agertzen dira interpretazio eta konfigurazio ugari eta horrela lortzen da, azken batean, bere helbururik handiena: gogoeta eragitea, artearen bidez gizakiaren eztabaida eta eraldaketa bultzatzearren. Orain, inoiz baino gehiago, beharrezkotzat ikusten da eraldaketa hori ikuspegi sozial, demokratiko eta ekologiko batetik, Beuysek berak aurreratu bezala. Izan ere, horregatik dago hain indarrean haren legatua.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. Emilio Tuñón Álvarez, “Algunos círculos de tiza: (elogio del engaño)”, Arquitectos, 134. zk., 1994, 50. or.
  2. Christos M. Joachimides eta Norman Rosenthal (arg.), Zeitgeist, Martin-Gropius- Bau, Verlag Frolich & Kaufmann, Berlin, 1982.
  3. Johannes Stüttgen, “Zu der Skulptur Blitzschlag von Joseph Beuys – ein Erlebnis am 13. November 1985”, Joseph Beuys: Parallel prozesse, Quadriennale, Düsseldorf, 2010, 379. or.
  4. Documenta 8 Kassel 1987, Hatje Cantz, Ostfildern-Ruit, 1987, 2. lib., 24–25. or.
  5. Wenzel Beuys, Blitzschlag mit Lichtschein auf Hirsch, 1958–1985 von Joseph Beuys, Edition Staeck, Heidelberg, 1987.
  6. Fernando Castro Flórez, “Joseph Beuys: el concepto ampliado del arte”, Arquitectos, ibid., 56. or.
  7. Guggenheim Bilbao Museoaren artxiboak.
  8. Edizio batek familiarentzat izan behar zuen eta beste laurak, aldiz, merkaturatzeko ziren. Orain, bost edizio horietako lau honako museoen bildumetan daude: Guggenheim Bilbao Museoa (familiarena izandako edizioa); Londresko Tate Modern, bilduma pribatu baten epe luzerako maileguan; Massachusetts Museum of Contemporary Art (MASS MoCA), Philadelphia Museum of Art-en epe luzerako maileguan; eta Frankfurteko Museum für Moderne Kunst.
  9. Johannes Stüttgen, ibid., 379. or.