katalogoa
Gerhard Richter
Lucía Agirre
- Izenburua:
- Gerhard Richter
- Egilea:
- Lucía Agirre
- Argitalpena:
- Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
- Neurriak:
- 24,5 x 30,4 zm
- Orrialdeak:
- 99
- ISBN:
- 978-84-95216-95-3
- Lege gordailua:
- BI-1271-2022
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Argazkigintza | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Forma | Kolorea | Konposizioa | Lerroa | Perspektiba | Paisaia | Itsas paisaia | Guggenheim Bilbao Museoa | Bigarren Mundu Gerra | Natura | Itsasoa | Alemania | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea | Arte Kontzeptuala | Errealismo Garaikidea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Richter, Gerhard
“Paisaiak eta natura hilak nire irrikaren isla dira. Gauzak adierazteko oso modu murriztailea eta desorekatua da hori, badakit; baina irudi horiek ordena klasiko baten eta jatorrizko mundu baten ametsak —hau da, nostalgiak— sorrarazi baditu ere, anakronismoak izaera subertsiboa eta garaikidea hartzen du haien baitan”1.—Gerhard Richter
Gerhard Richter artista alemanaren itsas pintura horietako bati begira jartzean, ikuslea ideiaz beteriko ozeano amaigabe batean galtzen da, zeinetan nahasten baitira paisaiaren epikotasuna, irudikapenaren ezaugarri engainagarriak zein antzemangarriak, pintura-tradizioarekiko loturak eta harekiko haustura. Richterren itsas paisaietako bakoitza paisaia hutsa baino askoz gehiago da: ilusio bati behatzeko gonbidapena da, zeinak naturaren arauak hausten baititu hura bihurtzeko ederrago, dotoreago eta, batez ere, perfektuago. Hori anakronismo bat da, berez; izan ere, gaurko mundu honetan, irudia nahi beste aldiz har daiteke perfekziora iritsi arte —musu-truk, teknologia berriei esker—. Richterren margolanak, berriz, argazki ez-perfektuak dira, gaizki fokuratuak, gure zentzumenak engainatzen dituztenak, esnatzen dituzten arte.
Gerhard Richter Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik jaio zen, Dresdenen. Gerra amaitzean, hiria Ekialdeko Alemaniaren parte bihurtu zen. Laster, Berlingo hesiaz bestaldean lantzen ziren informalismoarekiko eta espresionismoarekiko jakin-mina piztu zitzaion, eta interes horrek bultzaturik, 1961ean Dresden utzi eta Düsseldorfen finkatu zen; han, Sigmar Polke, Blinky Palermo eta Konrad Fischer ezagutu zituen, beste zenbait sortzaileren artean. Richterrek bazituen argazkietan oinarritutako pintura batzuk eginak lehendik ere, baina 1962tik aurrera egindakoak hartzen ditu artistak bere lehen argazki-pinturatzat. Artista “hasiera berri” baten bila abiatu zen, eta horregatik esaten zuen 1962. urtea baino lehenagoko bere argazki-pinturak iraganeko kontua zirela. Hori dela-eta, lan berri horiek inflexio-puntu bat izan ziren haren ibilbidean. Itsasoa, familia-album bateko argazkietan betikotua, pintura-erretratuen atze-oihal gisa baliatu zuen hasieran Richterrek. Lan horien artean hondartzako hainbat eszena daude, hala nola Renate eta Marianne (Renate und Marianne, 1964), emaztea eta koinata harea gainean paratuta erakusten dituena, edo Familia kostaldean (Familie am Meer, 1964), Heinrich Eufinger aitaginarrebaren irudia gailentzen den familia-eszena lauso bat. Beranduago, Etzaulkia (Liegestuhl, 1964) lanean, giza gorputza ozta-ozta sumatzen da, jada; eta, aurreko mihiseetan ez bezala, ez dago protagonista identifikatzerik.
1965ean, paisaia txiki bat egin zuen, bere lehen itsas paisaietako bat agian —artistak irekita uzten du aukera, ikusle bakoitzak bere interpretazioa egin dezan—, figurazioa eta abstrakzioa tonu grisetan batuta. Richterren obrak hain berezkoak dituen kolore grisak, ibilbide osoan zehar lagun dituenak eta berak “iritzirik gabeak” bezala definitzen dituenak, orobat ageri dira Itsas paisaia (Seestück) izeneko lanen artean lehena duen 1968ko horretan ere. Tamaina txikiko mihise bat da, eta oso formatu horizontala du, ikusleari zinemaskopeko lente anamorfikoen bidez begira balego bezalako irudipena sorrarazten diona. Apar zuria itxuratzen duten zurrunbilo txiki batzuek besterik ez dute eteten zerumugaren lerro amaigabea; zurrunbilo horietan, pinturaren materialtasunak loditasuna hartzen du, eta agerian uzten ditu artistaren pintzelkadak.
Hiru hamarkada eta mihise gaineko hogeita bi olio-pintura daude itsas paisaia horren eta artistak 1998an margotutako azkenaren artean (Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumaren parte da orain azken hori). Urte horietan, tamaina, formatu, kolore eta estilo desberdinetan aurkeztu zituen Richterrek paisaia horiek. Hala, Richterrek itsas paisaia abstraktuak sortzen ditu batzuetan, non zerumugaren lerroa apenas sumatzen den; eta bestetan fotoerrealismoz margotutako zeruak, nahasmena eragiten digun argitasun anbiguo batek lausotuak. Zeru erraldoiek —zirruz, kumuluz edo estratuz beterik, edo erabat bare— mihisearen parte handi bat betetzen dute itsas paisaiotan. Hogeita hamar urtean zehar egindako lanotan, bitan baino ez zaio gailendu itsasoa zeruari.
Itsas paisaia horietako batzuk bi argazki desberdin —bata zeruarena, bestea itsasoarena— oinarri hartuta moldatzen ditu Richterrek, Gustave Le Grey ikerlari eta argazkilari frantsesak XIX. mendean egin ohi zuen bezala, zeinak bi negatibo erabiltzen baitzituen bere itsas argazkiak egiteko. Richterrek, Le Greyk bezala, irudi perfektua, jatorrizko mundu baten anakronismoa sortzen du hala: garai desberdinetako itsaso bat eta zeru bat baliatuz, ametsezko konposizio bat osatzen du, non perspektibak eta argiak ikuslea harrapatzen duen zerbait baitaukate. Richterren itsas paisaia batzuetan, argia teofania baten moduan agertzen da hodeien artetik, edo, beharbada, Caspar David Friedrichen argi-tratamenduari erreferentzia egin nahiz bezala. Ez da hori inondik ere artistaren asmoa: “Inoiz ez zait argia interesatu. Argia hor dago eta piztu edo itzali egiten duzu, eguzki izan edo ez izan”2, esan zuen. Orduan, zergatik saiatzen gara Gerhard Richterren lanotan argiari ezaugarri berezi bat ematen? Agian geu garelako, ikusleok, argia naturaren fenomeno gisa ikusten dugunok, nahiz eta, berez, naturaren beste elementu bat gehiago besterik ez izan (Richterrek berak ere hala jasotzen du); edo, agian, batzuetan, lan honetan bezala, zeruko argia eta haren proiekzioa (argiak itsasoan duen proiekzioa) ez datozelako elkarrekin bat.
Richterrenak eta John Constablerenak dira inoiz margotu diren hodei edo zeru ederrenak, eta Caspar David Friedrichenak eta Richterrenak gizakiari buruzko ikuspegi askotarikoenak; baina ezin gara, hainbat argitalpenek egiten duten bezala, artista horiek parekatzeko tentazioan erori. “Hodeien estudioak” egiterakoan, Constablek pintzelkadari nabarmentasuna ematea zuen helburu, eta, espatularen eta pintzelen laguntzarekin, mihisera aldatzen zituen margotzen ari zen paisaiaren testura adierazkorrenak. Richterrek, bere itsas paisaietan, zirriborratze-teknika berezi bat erabili zuen, pigmentua oso diluitua aplikatuz gomazko eskuila batzuen bidez, argazkiena bezalako gainalde leuna lortzeko; eta, argazki batzuetan gertatzen den bezala, irudia gaizki fokuratu zuen, argazki-lan edo pintura-lan baten aurrean ote gauden jakitea zailtzeko. Kritikari askok Friedrichen lanekin lotzen dituzte Richterren paisaia horiek, naturari aurre egiteko moduan bi artistek antzekotasunak dituztela planteatuta. Richterrek berak hauxe adierazi zuen elkarrizketa batean: “Erromantizismoa oso interesgarria iruditzen zait. Nire paisaiek lotura dute erromantizismoarekin; batzuetan, benetako desira sentitzen dut, benetako erakarpena garai horrekiko, eta nire margolan batzuk Caspar David Friedrichi egindako omenaldia dira”3. Aurrez aurre ipintzen baditugu Richterren itsas paisaiak eta Friedrichen lanak —Monjea itsas ondoan (1809), bereziki— berehala ohartuko gara, biek naturaren handitasuna begietaratzen diguten arren, Friedrichen pinturaren eskala monumentala agerian geratzen dela monje txikia mihisean kokatzen duenean eta Richterren itsas paisaiek, berriz, ez dutela paisaiaren eskalaren zantzurik eman diezagukeen giza irudikapenik, eta euskarriaren tamainak mugatzen duela gure sentsazioaren neurria. Geu gara monjea, itsas paisaiaren neurria zehazteko erreferentzia.
1998ko Itsas paisaia da Gerhard Richterrek bere ibilbidean egindako itsas paisaietan azkena. Lan horrek ixten du artistak gai —edo azpigai— horren inguruan, berarentzat hain garrantzitsua den paisaia-pinturaren generoaren barruan, egindako ibilbidea. Ederrak eta aldi berean beldurgarriak iruditzen zaizkion paisaiak sortu ditu Richterrek, haren hitzen arabera bere nahi bizienak adierazteko bidea eman diotenak.
[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]
OHARRAK
- Gerhard Richter, hemen: Hans Ulrich Obrist (ed.), Gerhard Richter, The Daily Practice of Painting: Writings 1962–1993, Thames & Hudson, Londres, 1995, 98. or.
- Robert Storr, Gerhard Richter: Forty Years of Painting, Museum of Modern Art, New York, 2002, 292. or.
- Gerhard Richter, Dietmar Elger, Hans Ulrich Obrist, Gerhard Richter - Text: Writings, Interviews and Letters 1961–2007, Thames & Hudson, Londres, 2009, 348. or.