Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Georg Baselitz

Geaninne Gutiérrez-Guimarães

Izenburua:
Georg Baselitz
Egilea:
Geaninne Gutiérrez-Guimarães
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Gizakia | Artea eta historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Konposizioa | Erakusketak | Gizarte-kronika | Guggenheim Bilbao Museoa | Bigarren Mundu Gerra | Alemania | Satira | Umorea | Josef Stalin | Vladimir Ilich Lenin | Sentimenduak
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Baselitz, Georg

Georg Baselitz (1938an jaioa Deutschbaselitzen, Alemanian, Hans-Georg Kern izenez) Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Alemaniako artista garaikide gailenetako bat da, eta bere obrak garrantzizko erreferente izaten jarraitzen du sortzaile- belaunaldi gazteenentzat. 1960ko hamarkadaren hasieran ekin zion bere ibilbideari, bere herrialdean gerrak ekarritako ondorio espiritual, kultural eta sozialei erantzuten dieten obrekin. Bere prestakuntzan estilo sozialista errealista landu zuen ekialdeko Berlin komunistako Arte Eder eta Arte Aplikatuetako Akademian, eta 1958an ezagutu zuen lehenengo aldiz abstrakzioa, Berlingo mendebaldeko sektorera bizitzera joan eta bertako Arte Ederretako Akademian sartu zenean. Harrezkero hartu zuen Georg Baselitz izena, bere jaioterriaren omenez.

1960ko hamarkadako bere pinturek figuraziora itzulera dute bereizgarri, hain zuzen ere espresionismo alemaniarrarekin lotuta. XX. mendearen hasieran sortutako arte-mugimendu horrek artistaren sentimenduei eta ideiei ematen die protagonismoa, eta forma sinplifikatuak, kolore distiratsuak eta keinu bidezko pintzelkadak ditu ezaugarri. Hamarkada horren amaieran, Baselitz buruz behera jarritako irudiak margotzen hasi zen. Bere gaiek beste norabide bat hartu zuten horrela, konposizio-arau tradizionalak iraultzeko asmotan. Artistaren beraren hitzetan: “Alderantziz margotutako objektu bat pinturarako egokia da, objektu gisa egokia ez delako. Ez dakit ezer errepresentazioaren sendotasunari buruz. Ez dut zuzentzen errepresentazioaren doitasuna. Objektuarekin dudan erlazioa arbitrarioa da. Pintura apainduraren alderantzikapen oldarkor eta disonante batek antolatzen du metodikoki”1.

Hala, figura alderantzikatuak erakusten dituzten irudien bitartez egin zuen ikerketa artistikoa estrategia bat zen behatzailea urrunarazteko eta gaia, Baselitzek zioenez, esanahi- geruza ugari eta trinkoetatik “askatzeko”, figurazioa mantenduz abstrakzioa lortzeko helburuarekin. 1970eko hamarkadan, Baselitzek esperimentatzen jarraitu zuen; eskuekin margotzen zuen eta, geroago, oinekin; ekintza horien bitartez agerian uzten zuen margotutako irudia gorputzaren ekintza fisikoaren eta mihisearekiko interakzioaren emaitza zela.

Lenin andrea eta urretxindorra (Mrs Lenin and the Nightingale, 2008) formatu handiko hamasei pinturak osatutako multzo bat da. Guggenheim Bilbao Museoak 2010ean eskuratu zuen eta 2012an jarri zuen lehenengo aldiz ikusgai Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II izeneko erakusketan. Saila konposizio-egitura beraren errepikapenean oinarritzen da: gizonezko bi irudi buruz behera, bata bestearen ondoan eserita, zakilak agerian dituztela eta eskuak hanken gainetan. Motibo horrek Otto Dix artista alemaniarraren Artistaren gurasoak II (Die Eltern des Künstlers II, 1924, Sprengel Museum, Hannover) erretratu ezagunean du jatorria. Erretratu horretan agerikoa da protagonistak langile-klasekoak direla; esku zabal-zabalak dituzte eta azazkalak lohituta. Baselitzen mihise-multzoaz gain, Bildumak baditu Alemaniako arte garaikidearen beste pieza garrantzitsu batzuk ere, besteak beste, Joseph Beuys, Anselm Kiefer, Sigmar Polke eta Gerhard Richter artistenak.

Bere lan askotan bezala, Baselitzek artearen historiako aurrekari zehatz bati egin zion aipamen, eta bere erara berrinterpretatu zuen, kasu honetan jatorrizko konposizioko gurasoen irudi eserien ordez bi diktadore sobietar irudikatuz, Vladimir Lenin eta Joseph Stalin. Umore subertsiboz blaitua, Baselitzen obra totalitarismoaren aurkako satira bat da, bi subjektu horietan oinarritua, kontuan hartuta XX. mendearen lehenengo erdian gertatutako milioika giza heriotzaren erantzule izan zirela. Guztiz fikziozkoa den elkarraldi batean, Lenin, munduko aurreneko estatu komunistaren sortzailea, “Lenin andrea” gisa ageri da, gonaz jantzita eta takoi altuko zapatekin, Europan izan zuen erbestealdian polizia saihesteko mozorrotu  egin zela aditzera emanez. Bestetik, Stalin, haren kantari ahotsagatik eta poesia zalea izateagatik ezagun, “urretxindorra” da. Saila osatzen duten hamasei mihiseetako bakoitzak titulu original bat du, hitz-joko batean edo esaldi enigmatiko batean datzana. Dena den, titulu horiek ez dituzte zuzenean aipatzen irudikatutako diktadoreak, Baselitzek kidekotzat zituen artista modernoak eta garaikideak baizik, haien artean, Frank Auerbach, Lucien Freud eta Jeff Koons. Nolabait ere, gauak egunari jarraitzen dion bezala, lehenengo zortzi mihiseek pintzelkada koloretsuak erakusten dituzte hondo zuri baten gainean, eta gainerako zortziak, berriz, hondo idor eta beltzago baten gainean margotu zituen, tonu hitsagoetan, arintasunez aplikatuak pintzelkada beltz-urdin leunekin eta kolore-ukitu txikiekin. Aldi berean, Leninek sortu eta aurrekaririk gabeko bortiztasunez Stalinek geroago gobernatutako Sobietar Batasuna izandakoaren hamabost estatuei egiten diete aipamen pinturek.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRA

1. Georg Baselitz, “The Upside-Down Object” (1981), hemen: Detlev Gretenkort (ed.), Georg Baselitz: Collected Writings and Interviews, Ridinghouse, Londres, 2010, 60. or.; lehenbiziko aldiz ingelesez eta nederlanderaz argitaratua hemen: ’60–’80: Attitudes/Concepts/Images, Stedelijk Museum eta Van Gennep, Amsterdam, 1982, 88. eta 234. or.